Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Igandea2019ko iralak 15

Hernani

2019/08/24, larunbata

«Independentzia Gerra deiturikoak sortutako mitoek diote erresuma guztian erantzun berdina eman zela, eta ez da egia»

Pedro Pablo Garciak okupazio napoleonikoa aztertu du, Gipuzkoari dagokionean.
Pedro Pablo Garciak okupazio napoleonikoa aztertu du, Gipuzkoari dagokionean.

Azkuek Goizuetan jaso omen zuen bertsoa: 'Nik ez dut inorentzat gauza gatzik esanen, frantsesaren menean umil gaude hemen, hark jesus dioenean guk erantzun amen, baina ez dakit gero zer etorriko den'. Horixe defendatu du Pedro Pablo Garcia hernaniarrak tesian; gipuzkoarrek, hasieran, ez ziotela kontra egin okupazio frantses napoleonikoari, 1808tik 1810era, baina hori ez dela 'kolaborazionista' izatea.

Bikain cum laudea lortu du Pedro Pablo Garcia hernaniarrak, tesian: Gipuzkoako gizartearen parte-hartzea eta erresistentzia okupazio napoleonikoaren lehenengo erdian (1808-1810). Foru Aldundian, beste arlo batean lan egiten badu ere, gustokoa du historia, eta lehendik ere egin zuen Master Ama­ie­rako Lana ildo beretsukoa izan zen: Okupazio na­po­leoni­ko­aren era­gi­na etapako herrietan: Herna­ni­ko kasua. Tesian, or­dea, urrunago joan da. «Su­ma­tu nuen in­terpretazioak ez zi­rela oso onak. Bazegoela he­men 'kolaborazioa', baina hori ez zela 'kolaborazionista' izatea». Za­lantzan jartzen di­­tu orain arteko teoriak (ikusgai, dialnet.unirioja.es webgunean). 

«Euskal Herriarentzat oso erabakiorra izan zen okupazio napoleonikoa eta hortik aurrera sortu zen egoera, XIX. mendean»

«Konklusioak berritzaileak dira», azaltzen du. «Naziona­lis­mo espainola sortu zen 1813an; lortu zen frantsesen okupazioa gainditu eta gerra irabaztea. Inperioa gainditu zen! Orduan hasi zen sortzen kontakizuna, eta gauza batzuk errealak ziren, baina beste batzuk ez. Esate baterako, hasi zen kontatzen erresuma osoan eran­tzun unitarioa izan zela, eta ez da egia».

«Sumatu nuen bazegoela 'kolaborazioa', baina hori ez zela 'kolaborazionista' izatea»

Gipuzkoako egoera, desberdina

Kontu hauek, askorentzat, «za­har­kituak» geratu direla dio Gar­ciak, «historiaurrea dira ia». Baina daukan garrantzia az­pimarratu du. «Euskal He­rri­a­rentzat oso erabakiorra izan zen okupazio napoleonikoa eta hortik aurrera sortu zen egoera, XIX. mendean. Hor hasi zen foruen galera, eta bukatu zen foruak abolitu zituen 1876ko legearekin. Okupazioa hasi zen 1808an, eta 1809an frantsesek di­ote hemengo Batzorde N­agu­siak kentzeko. Gero, aliatuak etorri ziren: Espainia, In­ga­la­te­rra eta Portugal. Eta ekarri zuten 1812ko Konstituzioa, La Pepa deiturikoa. Horrekin ere kendu ziren foruak tarte baterako, nahiz eta gero berriro ezarri ziren. Kontua da, hor hasi zirela sortzen hainbat interpretazio, gure testuinguruarekin loturarik ez zutenak».

«Gipuzkoako eliteek ikuspuntu neutrala hartu zuten, eta hori ukatu egiten da»
«Hernanirentzat oso garrantzitsua izan da okupazio napoleonikoa, lur komunal gehienak galdu baitzuen»

Eta horixe da tesian aztertu duena, erakusteko, Gipuzkoa desberdina zela. «Esaten da Gi­puz­koan, baita Bizkaian, Araban eta Nafarroan ere, frantsesen aur­kako erantzuna erresumako beste lurraldeetan bezalakoa izan zela, baina ez zen izan. Az­ken batean, egin zena izan zen itun bat, hemengo elitearen eta frantsesen artean, eta sortu zen sistema fiskal oso gogorra, he­rri­tarrentzat. Hemen, erresumako beste lurraldeetan ez bezala, ez zegoen ?gabatxoarekiko? gorrotoa. Erlazio ona zegoen Iparraldearekin, kultura, hiz­kun­­tza eta komertzioa zela eta. Aduanak ez zeuden Bidasoan edo Kantaurin, baizik eta Ebron, eta familia, klan komer­tzial asko sortu zen. Era berean, ilustrazioa oso inportantea izan zen Gipuzkoan; Azkoitian 15 entziklopedia ale zeudelako harrituta agertzen dira egile ba­tzuk, eta Bergarako Errege Seminarioa aitzindaria izan zen penintsulan. Beraz, giroa ez zen berdina, eta hemengo eliteek erabaki zuten ez zutela is­kan­biletan sartu nahi. Ikus­pun­tu neutrala hartu zuten, eta hori ukatu egiten da normalean. Inde­pen­den­tzia Gerra deiturikoak sortutako mitoek diote erresuma guz­tian eran­tzun ber­dina eman zela, eta ez da egia. Eli­te­ek zerga sistema sortu zuten fran­tsesekin harreman onak man­tenduta, ejerzitoaren ge­hie­gikeriak saihesteko. Gipuz­ko­an bost atseden puntu egon zi­ren: Hernanin, Tolosan, Urre­txun, Arrasaten eta Irunen. Ara­ban, adibidez, bakarra, Gas­teizen. Eragoz­pe­nak haundiak ziren, baina, agian, beste modu batera egin izan balitz, okerragoa izango zen. Gero, aztertu beharko da elite horiek horrela egin ote zuten beren probetxuz, edo herriaren hobebeharrez».


«Distortsioak», nahita

Garai hartako kontakizunetan, beraz, «distortsioak» topatu di­tu Garciak. «Esaten da espaini­ar nazio sentimendua 1492an, Errege-Erregina Katolikoekin sor­tu zela, baina ez da egia, XIX. mendean sortu zen. Mende horretan liberal batek esan zuen Espainia nazio bila ari zen estatua zela. Frantsesen kontrako garaipenak sortu zuen nazionalismo berria, eta historiografia liberala irudi unitarioa ematen hasi zen XIX. mendean. Beraz, Indepen­den­tzia Ge­rra­ deiturikoaren interpretazio hau lotuta dago estatuaren lurralde artikulazioarekin».

Horrela, Garciaren esanetan, «historiografia liberala hasi zen edozein bidelapurrek egindako lapurretari kategoria politikoa ematen, esateko Gi­puz­koan ere bazela erresisten­tzia. Adibidez, emakume bati tiro egiten diote lapurreta egiteko, eta soldadu frantses bizkarzainarekin dijoa. Baina liburuetan jasotzen da bakarrik soldadua hil zutela, eta arrazoia politikoa zela». 


Hernanik galdutakoak

Dena den, «distortsio» horiek guztiak okupazioaren aurreneko erdian topatu ditu Garciak. «Bigarren erdian, 1811-1813, nire ikerketa eta bibliografian ager­tzen dena hurbildu egiten dira. Eliteen jarrera aldatu egin zen Gipuzkoan».

1809an ingelesak kostaldea erasotzen hasi ziren, eta herritarrak armatu egin ziren haiei kontra egiteko. Era berean, la­pu­rren kontra ere sortu ziren taldeak. Izan ere, soldadu fran­tsesak kaltetuz gero, herriko 12 aberatsenak espetxera bidaltzeko arriskua zegoen. Bestalde, korso terrestrea sor­tzen da, fran­tsesak edo frantsestuak era­sotzeko eta kolaborazioa eteteko. «He­men­go alkateak bahi­tzeko agin­du zuten. Adibidez, gure inguruan, Astigarraga, Ur­nie­ta eta Andoaingoa bahitu zituzten, eta Amezketakoa Va­len­tzia aldera eraman zuten».

Hori guztiaz gain, gosetea etorri zen, eta frantsesen eta eliteen arteko harremana aldatu egin zen. «Ordura arte egon zen Pierre Thouvnot generala. Izaera administratzailea zuen. Ordena berria inolako trabarik gabe onartu zuen probintzia bakarra Gipuzkoa zenez, beti esaten zuen bertakoak kontuan hartu behar zirela. Baina 1810earen bukaeran jarri zuten haren gainetik nagusi bat, ?militarragoa?». Gauzak horrela, frantsesei or­dain­du beharreko zergak arazo larri bihurtu ziren. «Az­ken bo­la­da horretan zergak ziren izugarriak, eta herriak hasi ziren lurralde komunalak saltzen». 

Her­nanik lur komunal asko saldu zituela dio Garciak. Ho­­ri­en artean, bitxikeria mo­duan ai­pa­tzen du egun Santa Bar­­ba­ra­ko jatetxea dagoen baserrian ze­goela lehen ermita. Komunala zenez, sal­du egin zen, eta ermita, mugitu. «Oso ga­rra­ntzitsua izan da Hernani­ren­tzat okupazio napoleonikoa, lur ko­mu­na­len galera ekarri zuelako. Her­na­niko azalera osoaren %10 pasa zen esku pribatuetara». Hain zuzen, de­nera 319 hektarea saldu zi­ren, eta salmenta batzuk «oso garrantzitsuak izan ziren». Esa­­te baterako, Fagollagan saldutako zatia. «Burdinolaren etxe­bizitzak, pa­ti­oa eta lurrak saldu ziren; burdinola ez, bestea». Baina salmenta garrantzi­tsuena Portu inguruan egin zen. Cristo del Humilladero edo Gurutze San­tuaren otoitz lekuko etxebizitzatxoa saldu zen, eta Portun zegoen Franko errota. «Sonatuena, hala ere, Portuko lonjaren salmenta izan zen. Erriberako lurrak ere saldu ziren horrekin batera, eta nekazaritzarako oso lur onak ziren».

Garciaren esanetan, «baserri asko sortu ziren salmenta horien ondorioz, baina, aldi berean, hernaniar xume askok galdu zuten lur komunalak aprobetxatzeko aukera». Hori ho­rrela, «aztertu beharreko bes­te kontu bat da batzuk gerraren ondoren aberastu ziren edo ez». Hori, hurrengo baterako.