Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Igandea2019ko iralak 15

Hernani

2019/08/24, larunbata

«Askotan sentizen naiz zenbait kanturen gatibu»

Benito Lertxundik, irailean kontzertua emango du Hernanin
Benito Lertxundik, irailean kontzertua emango du Hernanin

Ospakizun Gauean diskoa 2018 bukaeran aurkeztu zuen Benito Lertxundik (Orio, 1942). Irailaren 6an Hernanin kantatuko du, eta sarrerak salgai daude Biterin eta 'entradium.com' webgunean. Ez du aurreneko aldia herrian. Aldatu dela dio. Bera ere bai. Bizitza bera bezala.

Irailaren 6an Hernanin izango zara. Zer espero duzu?

Ez dakit. Badakizu zer pasa­tzen zaigun? Kontzertu batean ba­du­zu horrelako pertzepzioa, ez dakizula garbi non zauden. Az­ke­nean, publikoak gauza baten aurrean halako erreakzio be­re­tsua izaten du. Izaten dira, gu­txiena pentsatzen du­zu­nean, horrelako esperien­tzia bereziak, jendeak halako burutapen bitxiak izaten di­tu­e­lako, eta horrekin etortzen zara etxe­ra. Baina nik ez dut ondo jakiten zer berezitasun izaten duen publikoak. Espero dut jen­dea joatea, eta gustora ge­ratzea. Lehenik, gustora ge­ra­tzea ni neu, horrekin izaten ditut komeriak. Oso asekaitza naizelako, oso nekez etortzen naiz etxera gustora. 


Lehenago ere ezagutzen duzu Hernani. Zein oroitzapen duzu?

Hasteko, emaztea hangoa dut, beraz, erdi hernaniarra naiz! Sarritan izaten naiz bertan. Ezagutu egiten dut. Garai batean, San Joanak ere pasatzen nituen. Gainera, Urumea Ikas­to­lan ibili nintzen!


Egia da! Baina belaunaldi  gazteagoek Fernando Ederrarekin ezagutu zaituzte eskoletan, txirularekin...

Aste honetan bertan, batek esan zidan: ?Fernando Ederra­re­kin ibili nintzen eta? Asko eza­gu­tzen nuen. Badakit zurekin ibi­li zela?. Bai, egia da. Ni, berriz, ibili nintzen Urumea Ikastolan.

«Asmamenik  gabeko herria bihurtu gara»

Eta hori, nola?

Bingen Zupiria, Olatz bera eta Elena Ortega eta... egin zuten taldetxo bat. Nerabeak ziren. Ez naiz ondo gogoratzen kontaktoa nola egin genuen. Agian San Joanetan. Esan zidaten talde bat egin zutela eta, hurbiltzea eskatu zidaten. Tartean zen Maritxu, zuzendaria, eta haren alaba; musikaria zen, trikitilaria, eta orain organo jolea. Pianoa ondo jotzen zuen. Eta, ?egin behar zenuke hona etorri eta euskal kantu zaharrak erakutsi?. Eta, tonto-tonto hasi, eta urte batzuk egin ni­tuen. Gero, ez nuen balio lanbide horretarako. Askotan kon­turatzen nintzen, arratsaldeko azken orduan egiten nuen, eta irrikitan egoten ziren baloiarekin aritzeko, frontoira joateko. Baloi hotsa entzuten nuen, eta igoal futbolean hasten ginen hantxe bertan. Andereñoetako bat sartu, eta ni baloia jotzen, eta beste batek buruarekin jo eta paretari eman eta... Ho­rre­la­koak. Pixkanaka, uzten joan nintzen. 


Noiz izan zen hori?

80eko hamarkada horretan egingo nituen urte batzuk, be­harbada, zazpi-zortzi. 


Ze giro zegoen orduan herrian? Eta kantagintzan edota kulturaren inguruan?

Hernani ezagutu dut herri euskaldun eta abertzale gisa. Bo­rro­ka gune ere bai. Beti bazen iskanbila. Garai hartan, gu hasi ginenean, hara, gurekin batera ikastola ari zen sortzen. Hasiera hartan ikastola eta gu eskutik joan ginen, egin genituen jaialdi pila bat ikastolen alde herri guztietan. Has­men­tako giro hori berdintsua izaten zen, joera aldetik; egin beharra, lortu beharra. Giro beretsua izaten zen toki guztietan; aldarrikapenak handik hemendik. Kultura aldetik, le­hen­dabiziko edo bigarrengo kon­tzertu modua, Hernanin eman nuen!

«Euskera erresistentzia baten estrategiari lotzen ez bazaio, folklorean bihurtzen da, eta horrek esan nahi du likidazioa»
«Letrak neretzako bizitza du, eta doinua da, neretzako, arropa. Kantu bat ez dut ikusten letrarik gabe»

Aitor zineman?

Hori da, igande eguerdi batean. Jokatzen zuten Buruz Bu­ru­ko txapelketa Atano X eta Azkaratek, eta gogoratzen naiz nola ibili nintzen ea noiz to­ka­tzen zitzaidan, eta ondoko ta­ber­nan sartu eta begira, txuri beltzeko telebistan pelota partiduari; ?honezkero nire txanda izango da? eta ez, eta berriro jaitsi tabernara. 


Ez Dok Amairu sortu aurrekoa zen, ezta? Joxan Goikoetxeak digitalizatu ditu hainbat grabazio Jesus Mari Olano Fondoan, eta hor dago 1966ko urtarrilaren 9ko kontzertua. Saizarbitoriak aipatu zuen, «izan ye-ye edo nahi duzuena, baina euskaldunak», eta zu agertzen zara, Cliff Richardena jotzen.

Bai bai, Ez Dok Amairu baino lehenagokoa. Halako erreklutatze bat egin zen aurrena. Be­llas Arteseko sariketara, orduko La Voz de España egunkariak antolatutakora aurkeztu nuen nire burua. Gero, La Voz de Guipuzcoa irratiarenean eta horietan ibili nintzen bueltaka. Nire errepertorio horretan beti egiten nituen modako kan­tak, eta denetarik; Cliff Ri­chard, Elvis... euskeratuta edo nik letra bat jarrita, euskeraz. Pot-pourri bat egiten nuen, eta, hain zuzen, hori zen arrakasta zuena. Gogoratzen naiz sariketa horietan nabarmendu egin nindutela La Voz de Españan, eta Laboak deitu zidan; ez nekien nor zen. Ikaslea zen. Bartzelonan ikasten ari zen, eta handik ekarri zuten ideia bat, eta deitu zidan telefonoz relojerian nengoela, bilera bat egingo zela, lehengo Kursaal zaharreko sotoetan, eta gon­bi­da­pe­na luzatu zidan. Hu­ra izan zen nire lehendabiziko esperientzia txalapartari ba­tzuk ikusi nituena, apaiz bat ikusi nuen cha-cha-cha batzuk kantatzen, gero olerkari ba­tzuk, magnetofoi batean Rai­mon kantatzen en­tzun nuen? horrela. Orduan hasi zen; bilera hark ekarri zuen beste bilera bat. Nik ez nuen, egia esan, oso ongi konprenitzen hura, baina beti sentitu nuen halako, ez dakit zer, sena kontua izango da. Bilera batek beste ba­tera eramaten ninduen eta hark beste batera, eta, pixka­na­ka, gero eta murri­tzagoa zen kopurua, jendearena. Ge­ra­tu gi­nen geratu ginenak. Tartean, Jorge Oteiza sartu zen, eta ho­rrek eman zion izena; Ez Dok Amairu. Horrela antolatu zen, eta beste joera bat sortu zen. Hernaniko hau horren aurrekoa da. 


Asko aldatu da ordutik, giroa? 

Bizitza ez da behin ere geldirik egoten. Bizitza mugimendua da. Bistan da, hark ez dauka zerikusirik gaurko egoerarekin. Onerako eta txarrerako, bietarako. Onerako, hura zela eta, errealitate bihurtu zela euskal kantagintza. Horrega­tik, ohitura dut esateko Ez Dok Amairu ez zela hura bakarrik, baizik eta hortik sortu den guztia. Azkenean ateak  ireki ziren eta hortik pasatu dira gero, belaunaldi ezberdinak. Euske­raz kantatzea errealitate egin da urte hauetan guztietan, eta hori guztia, nik Ez Dok Amairu kontsideratzen dut. Txarre­rako... Pentsaten dut or­du­an ba­­zegoela aldarrikapenerako gi­­­roa. Itxuraz, behintzat, bazegoen giro insurrekzional bat, herri honekiko konpromiso bat, askatasun behar bat, independentziaren nolabaiteko usain hori, nahi hori, behar hori. Baina gero gertatzen dena da, politikan estrategietan as­ma­tzen ez denean, edo joera horretarako dohainik edo gaitasunik ez denean, ahulezia horrek eramaten zaituela on­doren etortzen den liturgia de­kadente batera. Azken finean, dagoeneko ez dagoela izpiritu hori. Dena da jarraitzea, ea noiz arte gastatzen den asuntoa. Asmamenik gabeko herria bihurtu gara. Horrekin batera galtzen dira garai bateko nahi edo izpiritu edo? Nik behin­tzat, hala sumatzen dut. Garai hartan izaten ziren Aberri Egun batzuk; ezagutu nuen Donostian, korazatuak Kon­txako itsas gainean, eta ehiza-hegazkinak goian eta beheran tankeak. Estanpa horretatik pasa gara konformismo batera. Betiko gure menperatzaileak bere sarean hartu gaitu, eta errekuperatuak geratu gara. Espainiar inperialismoak errezeta ematen du, portaerena, marra gorriak zein diren, eta liturgia horri jarraitu besterik ez dio egiten herri honek. Beraz, ematen du gure herria bihurtu dela frantziar eta espainiar erregio bat. Horrekin nik jende asko ikusten dut oso konforme. Gero, egiten dira urtean behingo ospakizunak, eta, azkenean, egoera horretan, horrek guztiak hartzen du kontsolazio itxura. Beti esaten dut, kanta bat ere egin behar  izan dut hori adierazteko:  euskera erresistentzia baten estrategiari lotzen ez bazaio, folklorean bihurtzen da, eta horrek esan nahi du likidazioa. Hori ikusten dut kontra. Or­du­an ematen zuen ezetz. Garai har­tan pentsatzen genuen gu­re irrati edo telebista nazionala zer izango zen. Hor ditugu. Hor daude. Extremadu­ra­koak bezalaxe. Bestalde, onerako, baldintzak hobetu dira, nahiz eta badirudien hemengo erakundeek ez dutela interes ge­hie­girik euskal musika eta kulturarekin, itxurakeriagatik man­­tentzen dute? Guk Fran­co­ren garaian askoz errazago kanta­tzen genuen orain baino. Ga­larazi egiten gintuzten, zen­tsura zegoen, baina bazegoen herriaren izpiritua, gauza guztien gainetik egin egin behar ziren, eta hori, gaur egun, ez dago.

«Espero dut jen­dea joatea, eta gustora ge­ratzea. Lehenik, gustora ge­ra­tzea ni neu, horrekin izaten ditut komeriak»

Ez Dok Amairuko azkenetakoa zara. Nola bizi duzu? Ondorengorik bada, edo behar da? 

Ez dut iraganean begiratzen. Naturalki dudan joera da, eta gerora arrazoitu egin dut. Hura gauza bat zen, eta orain naizena beste bat da. Gehiago interesatzen zait oraingoa, igar­tzea zertan gauden edo zertan egon garen eta zer egin behar dudan. Batek bere duintasuna edo bere ez dakit zer aurkitu behar du, eta harekin fidela izan. Jakin behar du bakoitzak bizitzen, tokatzen zaionarekin. Horren kontra borroka eta in­dar­ka hasteak konfliktoa besterik ez dizu ekartzen. Orain kriterioak ditut, eta horietatik gauzak ikusten ditudanean gustatzen zaizkit edo ez, eta gustatzen ez bazaizkit, egin ezazue, baina ni gabe. Oso naturalki ateratzen zait hori. 


Zure kantagintza ere aldatu da. Cliff Richardetik aldarrikapen giroan murgildu... Eta orain? 

Buruan dudan horri ematen bal­­din badiot pisuren bat,  ho­ri­en inguruan dudan erantzuna da. Horrek eramaten nau gauza bat egitera. Gerta liteke, ikusten dituzula gauzak, baina konponbiderik ez dutenak; pe­re­za dut eta ez naiz sartzen erantzuten ere. Baina prentsa irakurtzen dugu, entzuten di­tu­gu gauzak kalean, hedabideetan... Eta ikusten duzu iritzi bat badagoela, horrelako olatu bat modari lotua, denok gauza beretsua esaten. Aspergarria eta dekadentea egiten zait hori, eta ba­tzuetan, oso masiboak direnean teoria horiek, nik behar dut, deskansatzeko nire burua, adierazi; erantzun bat eman behar izaten dut, eta nire bidea, horretarako, kantagintza da. Nire azken diskoa hortik joan da. Zenbait gauza nituen kanporatzeko eta kanpora ditzakezu horrela elkarrizketa batean, baina beharbada, kantak urrutirago eramaten du. Behar duzu kantaren moldean sartu, eta horretxek berak askotan ematen dio indar gehiago. Saiatzen zara hizkuntzari ematen edertasun bat edo goxotasun bat edo hitz egokiak. Hortan ari naiz, gutizi horiek egiten.


Ia urtebete da Ospakizun Gauean diskoa kaleratu zela. Gustora geratu zara?

Ni gustora, behin ere ez, egin denarekin. Gelditu denarekin. Ni beti ibili naiz estudioko la­ne­tan borrokan, lehenago ere bai, nire buruarekin. Asekaitza naiz. Beti deitu izan didate perfekzionista. Askotan egon naiz horri begira. Perfekzionismoa, zer da? Azkenean erantzuna bilatu dut. Perfekzionista deituak dira lotsatiak. Beti ikusten dute beren burua txarra dela, eta hobekuntzarako margen haundia ikusten dute.


Urtetako ibilbideak ez al dizu konfidantzarik eman?

Ez du balio. Hau da, personak asekaitzak direnean, kontura­tzen dira zerbait ondo egin dutela, jendeari gustatu zaionean. Baina hasi begira zer ote den eta, zer ote? Hasten zara galderak egiten. Ni inbiriatan egoten naiz, harro nago eta gustora geratu naiz diotenekin. Nik ez dut behin ere hori esperimentatzen, baina bakoitza den bezalakoa da, eta kitto.


Eragiten du, baldintzatzen du sorkuntzan, publikoari zer gustatuko zaion?

Kontziente askotan izan naiz; kantu hau ona da. Baina hobeagoa izan zitekeen, eta ez dut lortzen hobeagoa izatea. Berez ona da, baina gaizki emana da­go. Bazen Txikuri, zesta puntan jokatzen zuen, oso ona zen. Kantu eskola sortu zuen, eta adiskide mina zen Placido Do­mingo eta Pavarottirekin. Kon­tatzen zidan anekdota, bere ahotsa onartu ez duten kantariena. Asko dago. Oso famatuak dira, baina behin ere ez dira gustora, onartu ez dutelako beren tresna. Pentsatzen dute egiten dutena beste ahots edo tinbre batekin edo beste tonalidade batekin egiteko gauza zirela. Horrelako amets puntu bat duen jendea da. Ni horietakoa nauzu. Ez dut nire ahotsa onartu inoiz.


Ahotsa aldatu egiten da, baita zurea ere. 

Hara, ahotsa aldatzen da beti, denborarekin gauzak aldatzen dira. Baina nik, hasiera hartan, orduan erabiltzen nuen ahotsa baino, orain daukatena gehiago nuen. Baina, gustatzen ez zitzaidalako, egiten nuen desnaturalizatu. Beti nenbilen goiko noten bila. Hainbeste ariketa egiten nituen, azkenean desnaturalizatu egiten nu­e­la. Ez nuen natural kantatzen. Gaur egun ezin ditut entzun ere egin garai haiek. 


Dena den, letrari ematen diozu garrantzia. Normalean, musikaren aurretik djioa?

Beti ez da izan, baina bai. Baditut kantuak doinutik ibili naizenak, baina esperientzia ez zait gustatzen behin ere. Uste dut letra aurretik delarik, borobilagoak direla kantuak. Letrak asko eramaten zaitu bere eskutik. Esaten duzun horrek, aukeratu dituzun hitz horiek, espresioak dira, eta espresio musikalak dira. Sena kontua da. Igarri egiten duzu. Letrak neretzako bizitza du, eta doinua da, neretzako, arropa. Kantu bat ez dut ikusten letrarik gabe. Kantu herrikoi asko badira letra arina dutenak, eta doinua polita, baina berehala aspertzen naute. Kantatzen ari zarelarik sentitu behar duzu zerbait inportantea ari zarela kantatzen, pisua duela, kantatzeko arrazoia. Ni letratik hasten naiz, eta ematen dit tenpoa, zein musika mota behar duen adierazten dit, iluna edo grisa edo argia izan behar duen... Letrak gidatzen nau ni. Arima neretzako hor dago, letran. 


Gertatu zaizu kanturen batekin aspertzea? 

Askotan sentitzen naiz gatibu, zenbait kanturen gatibu. Na­hia­go nuke ez kantatu zenbait kanta, baina ez da posible. Jendea igoal joan da kontzertura kanta horrengatik bakarrik. Baldorbak, adibidez, as­pal­­di aspertu ninduen, baina ha­si eta jendeak berehala eran­tzuten du. Nola utziko dut jendeari eman gabe? Baina egia da kantuek, baita ere, esklabizatzen zaituztela, diren bezalakoak direlako jendearentzako. 


Badira kantu batzuk ikono. Espero izaten duzu kanturen batekin hori gertatzea? 

Hori nahi izaten dugu denok, nola ukatu hori. Baina uste dut badela kanta mota bat, tankera hatzen diozuna. Baldorba egin nuenean, [eta oso gutxi kosta izan zitzaidan egitea, eta lan gutxien eman didatenak, errazenen ateratzen direnak badakit urrutirago joaten direla] segituan esan nuen; kantu hau hor geldituko da. Antze­maten diozu kanta hori dela  subkontziente kolektibo horretan geratzen dena. Eta beste kanta batzuk badira, beste modu batera geratzen direnak. Nire gustoko artisten errepertorioak, generalean, jendeari ez zaizkio gustatzen. Disko ho­netatik segituan ez­tan­da egin zuena, hemengo umeak etorri eta kantuan hasten zaizkit, izan zen Kimu Bat Zu­hai­tzan. Jon Maiak opari moduan ekarri zidan Ternua­tik. Au­rre­na ez zitzaidan batere gusta­tzen, eta berari esan nion. Ikus­ten nuen horrelako bakerada bat, hau­tsa eta zikina eta rodeoak. Baina hasi nintzen ea Irlanda bihurtzen nuen, ea ber­detzen nuen, eta zer eta Pete Seeger geratu da diskoan. Seegerren arrasto hori, kantuan bidea egiteko modu hori. Bere azentua zuen. Ni­re­tzat kantari in­ponentea zen, bere kantatzeko modua... Aportatu ziz­kidan de­je batzuk bereak. Ba­ditut, nahi  gabe, gaur egun ere, eta Kimun dago. Oso maiteak izan ditut beti kantu he­rri­koiak, espontaneotasuna, fres­kura hori. Se­na. Kantuak ba­du zerbait gustukoa, eta kon­­forme geratu naiz. Gero, gus­­tatzen zait Pessoa, nire po­eta kuttuna da, eta haren olerki batekin hasten dut diskoa: Nahiago nuke. Hori ere gustatzen zait. Hobeto egin liteke baina...  


Hobetzeko margena ikusten duzu, hortaz. Hurrengo diskoan, agian? 

Ez daukat horretatik sendatzerik. Kondenatua nago horrekin bizitzen. Ez badut gainditu 55 urtetan, ez dut gaindituko. Beharbada hurrengo bizitzan. Igoal hainbeste gustatzen zaidan gerezi izatera iritsiko naiz, eta orduan jan egingo naute; jan nahi izatea, oso polita da komunio hori. Grinatsu, berdin. Beti nago zerbait hobeto egin nahian, eta ez dut lortzen!

Agian utziko banio nahi horri, konponduko litzateke. Gauzei begiratzeko nire moduarekin bat egiten duen esaldi bat irakurri nuen, ez dakit non: la solución pasa por comprender que uno no tiene solución. Hain da egia borobila. Soluzioa daukazula pentsatzen duzun bi­tar­tean, bilaketa hori bera da espetxea, kartzelan sartzen zara ahalegin horretan. Li­be­ratzen zarenean, agian orduan hasten zara egiazki zaren bezala ongi izaten. 


Sortzen jarraituko duzu, beraz? Beste lanik baduzu buruan?

Ez dut behin ere izan, disko bat egin dudanean, beste baterako proiektua. Eta halako batean etorri da hau. Behin izan nuen. Ez nuen aurkitzen kantu epikorik euskal kantutegian. Gure herria jipoitua izan da, borrokak egon dira hemen. Nola arraio ez dago kanturik? Eta egin nuen disko bat kantu epikoekin. Gainontzean, proiektuak niretzat dira bizi, bizi taupadetan ibili, eta bizi taupadek esango dizute. Gutxien espero duzunean, kantu baten hari muturra agertzen da, eta gero, tira egiten da. Badakit udazken hon­etan aterako ditudala bi dis­­ko. Bata, Olatzena, zuzeneko bat. Eta bestea... Duela 23 ur­te Madrilgo etxe batek pro­po­satu zidan oso famatua den ipuin bat, Jean Giono idazle frantsesaren Zuhaitzak landa­tzen zituen gizona, euskeraz egin­go ote nuen. Hizkuntza as­ko­tan dago. Musika Paul Win­ter jazz musikari estatu batuarrak jarri zion bertsio guztietan, eta disko polita atera zen. Alaba Gratxina gaztea zelarik gauero ipuinak konta­tzen nizkion, eta hau jartzen nion eta lo segituan geratzen zen. Baina diskoa ekarri eta geratu zen ez zerurako eta ez infernurako. Azkenean aurkitu dugu bat, eta akordioak egin eta eskubideak hartu ditugu. Nahi nuen disko hori eskura egotea. Oso polita da. Horiek udazkenean, eta gero, gerokoak.


Gertuago, kontzertua. Zuk Hernanitik bezala, zer espero dezake kontzertura joaten denak?

Dabilkidan errepertorioa da diskoa atera zenean egin nuen bira horretan erabili nuena. Bada zerbait lehenagotik hartu dudana eta jarri, baina... Orain­goz horrekin ibiliko naiz. Berehala hasiko naiz zerbait aldatzen. Baina, momentua ailegatu arte... 


Ospakizun Gauean - Kanturik kuttunenak

«Niri gehien gustatzen zaidana, berez, kantua bera, eta esaten dudanagatik, da Lehen Hazia. Nire per­tzepzioan ongien bereizi dudan zerbait lortu dudalako kantu batean esatea, eta kantu horrek, esaten ari naizen horrek eska­tzen zidalako erregistro bat grabea, patxadatsua, narratiboa. Inportantzia haundia ematen diot letrari. Pisua duen zerbait lortzen badut kanta egitura batean, esana gelditu da. Aipatzen dut bere laburtasunean, kantu bat laburra delako beti, izadiaren, garen horren nolabaiteko nire per­tzepzioa. Beti esaten dut nik ez ditudala gereziak jaten ekainean, baizik eta gerezia jaten dudala. Beti gerezi bera. Hori horrela esanda? Zer esan nahi du honek horrekin? Lehen Haziak hori dauka pixka bat, sena. Sena da inteligentzia. Pentsamendua da gure erreminta bat, ikusi duguna gordetzen dugu memoriaren kajoietan, eta ateratzen hasten gara erabiltzeko okasioa denean. Memoria da ofizio kontua. Oso praktikoa da lanbideetarako, baina ez du balio gauzak ulertzeko, egiazki, maila psikologiko edo espiritualean. Horrelako zerbait esateko gogoa nuen, eta hor lortu dut. Kantu hori badakit ez dela izango jendeak aukeratuena. Baina pisua duen hori, nire oka naturalena hor dago.
Ospakizun Gauean ere, ildo beretik doa. Oso gaztea nintzelarik esperimentatutako zerbaiten oroitzapena da. Horrekin batera, aipatzen dut desikastea. Gauza bat da informazioa hartzea. Erudizioak egiten dizuna da informatuta eduki, baina hori ez da jakitea. Jakin da, zure azala bezala, zure bizitzari errotu denean, ez duenean eskaporik. Ikasten da behatuz, aten­tzioa edukiz. Konturatzen naiz ezin dela ezer ikasi, lehenik desikasi gabe. Eta, hain xuxen, joera haundia dugu kontraesan horretan ibiltzeko, desikasi-ikasi; ?ikasi dugunak balio du nahiz eta okerra izan?, eta gero, nahi duzu ikasi, horrekin talka egiten duena, dena inkorporatu, eta ez da posible. Egon behar duzu garbi lehenik, zerbait sartuko baldin bada. 
Gero, nire gustura ez da atera, baina Isil isilik kantuak oso istorio bitxia du. Ametsetan entzun nuen doinua. Jaso nuen liburu bat korreoz, niretzako dedikazioa zuena, Jorge Bucayk bidalia. Ez nekien zein zen. Olatzek ere ez. Cuentos para pensar zuen izenburua. Sartu interneten eta hor ager­tzen da psikiatra argentinar bat. Hasi nintzen irakur­tzen eta parabola batzuk baziren, eta bi ipuinen artean horrelako olerki labur bat, eta irakurtzen hasi orduko konturatu nin­tzen kantu bat zela; hori ez da beti pasatzen! Bero-beroan, itzuli egin nuen euskerara eta oso polita geratu zen. Baina hor geratu zen paper artean. Azken diskorako kantuak egiten hasteko nengoen. Erregeen egunekoa naiz, eta pasa arte zain nengoen, urtarrileko negu beltz hori gustukoa dut etxean egoteko nire kontuetan. Eta Erregeak pasa eta bi egunetara elur giroa zegoen, eta gustora nintzen etxean. Oso ongi pasa nuen kantuak egiten, inoiz ez bezala. Eta egun horietako batean amets egin nuen: nengoen hileta batean, eliza atari zaharrenean, Goiko Kalean, horrelako elur giro ilun batean, ilunabarrean, gustatzen zaidan giroan, marinel batzuekin hizketan, eta gure artean zegoen ikaragarrizko maitasuna. Oso sentimendu loria. Hor ginen eliza jendez bete-betea zegoelako, ez zegoelako tokirik. Eta horrela gaudela, entzuten dut kantari bat, eta konturatzen naiz ni naizela kantari. Eta doinua entzuten dut, eta joaten naiz, irekitzen dut elizako atea eta ikusten dut jende guztia malkotan negarrez. Horrelaxe ari nintzen kontatzen Pako Aristiri telefonoz, eta galdetzen dit ea zeinena zen hileta. Ez zekiat!, esaten diot. Agian, neurea! Eta berak; merezi dik idaztea! Hilda hago, kantari ari haiz, eta entzuten ari haiz, gainera! Pentsatu nuen: Esaten badidate azken arnasa bo­tata, hau dela zerua, oraintxe firmatzen diat. Pasa nuen gau gozoa amets horrekin, eta esnatzean doinu hori kantatzen ari nintzen oharkabean. Gozo-gozo nengoen, eta jaiki nin­tzen. Gosaldu eta igo nintzen gelara. Han neuzkan paperak eta gitarra, eta hasi nintzen doinua pixka bat antolatzen. Hasi nintzen paperei begira, eta azken folioa, euskeratu nuen Jorge Bucayren olerkia, eta kantatu nuen goitik behera ezer mugitu gabe. Li­bu­rua urte eta erdi lehenago hartu nuen! Beti esaten dut: letra hori doinu horren zain zegoen, edo doinu hau etorri zen letra horrentzako, baina nik ez dut ezer egin kantu horretan. Berez etorri den zerbait da. Oso maitea dut kanta hori, istorio honengatik. Oso kuttuna dut. Egoera miresgarri bat, gozo bat ekartzen didalako. Mendibeltz mendixka gustatzen zait, negu beltzean, medebalarekin, euria zeharka ari denean. Etxetik ikusten dudanean, errioan, kantu hori kantatzen dut horri begira, eta daude uztartuta. Ordubetez egon naiz leihotik begira eta kantatzen, tonto-tonto, eta hunkitu egiten nau».