Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Larunbata2019ko uztailak 20

Hernani

2019/06/23, igandea

Animalien erabilera jaietan: Elkarrizketaren bidez konpondu beharreko auzi korapilatsua

Iazko ekainaren 25eko sokamuturra.
Iazko ekainaren 25eko sokamuturra.

Pil-pilean jarraitzen du, animaliak jaietan erabiltzeari buruzko eztabaidak, Askekintza eta Sokamuturra Bai alde banatan direla. Aurten, bi egunez izango da sokamuturra.

EGILEA: MIKEL AGINAGALDE UGARTEMENDIA

Sokamuturra Hernaniko San Joan ja­ie­tan urte luzetan zehar egin izan den tradizioa da. Azken boladan, aldiz, po­le­mika bizia piztu da, ekitaldi hori ospa­tzearen egokitasunaren inguruan. Izan ere, Askekintza kolektibo animalista eta antiespezistak ohitura hori salatu du, animalien eskubideak aldarrikatu ditu eta sokamuturra San Joanetako egita­rautik ezabatzeko exijitu dio bai Udalari eta baita Jai Batzordeari ere. Jarrera animalista horren antipodetan, ordea, due­la pare bat urte sortu zen Soka­mutu­rra Bai plataforma kokatzen da. Azken hauek eskatzen dutena zera da: Orain arte egon den tradizioari eustea; hots, bigantxak hiru egunetan zehar Hernaniko kaxkoko kaleetan ibiltzea, polemika sortu aurretik bezalaxe. Bi pos­tura kontrajarri horien aurrean eta egoera zail horri irtenbide baketsua ema­teko asmoz, Jai Batzordeak bi ko­lek­tiboen arteko eztabaida saioa propo­sa­tu eta antolatu zuen pasa den maiatza­ren 9an, Biteri kultur etxean, eta berta­tik ateratako emaitza positibo gisa balo­ra­tu dute, bai Jai Batzordeak, bai aipatu bi aldeek ere.

Aurrekariei so eginez, esan daiteke gai arantzatsu honek duela hiru urte egin zuela eztanda. Hainbat liskar izan ziren Hernaniko kaleetan zehar, soka­muturra zale eta abolizionisten artean. Egoera tamalgarri hori baretze aldera, Udaletik eta Jai Batzordetik elkarrizke­ta­rako deia luzatu zen, eta egoera bide­ratu nahian, bi kolektiboen arteko ezta­baida-mahaia abiatzea proposatu zen. Bestalde, trantsizio fase bat jarri da mar­txan; horren arabera, sokamuturra hiru egunetan egitetik bi egunetan egitera iga­rotzea erabaki da, baita bi­gan­txen alter­natiba izango diren beste ospa­ki­zun batzuk egitea ere. Aurtengo edi­zio­an, esaterako, ekainaren 26an, sokamu­turraren ordu berean eta Askekintzak antolatuta, zunba, twister erraldoia eta gosaria egingo dira Plaza Berrian. 27an, berriz, aulki jokoa eta bingo musikatua izango dira alternatiba.


Elkarrizketari bide

Sokamuturraren aldekoek zein kontra­ko­ek argi diote beste aldearen argu­men­tuek ez dituztela konbentzituko, eta bakoitzak bereari eutsiko diola. Ataka estu horretan behar bezalako irtenbide bat aurkitzea nekeza izango dela ere badiote, batzuek eta besteek. Julen Iraola Sokamuturra Bai plataformako kide da. Berak ordezkatzen duen ko­lek­tiboaren izenean dio, eurek aniztasuna aldarrikatzen dutela, modu horretan herriko festak erakargarriagoak izango direlako. Bestalde, bizikidetzaren alde­ko apustua egina dutela onartzen du, eta aurreko edizioetan gertatutako lis­kar pe­nagarriak ez errepikatzeko kon­pro­me­­zua hartua dutela ere bai. Ongi de­ritzo, bestalde, azken boladan aurka dau­den bi taldeen artean egindako ez­ta­­baida saiakerari. «Gu Askekintza ko­­lek­tiboa­re­kin mahai baten inguruan elkartu eta hitz egiteko prest gaude, eta baita be­ra­ien iritzia entzun eta erres­pe­tatzeko ere. Horregatik, eskatzen dugu gure ikus­puntua ere begirunez entzu­tea», dio.

Leire Moreno, berriz, animalien es­ku­bideak errepetatzearen alde dagoen Askekintza taldeko kolaboratzaile da. Berak ere positibotzat jotzen du, Jai Batzordetik abiatutako elkarrizketa sus­tatzeko ekimena. Bere esanetan, «bi aldeen argumentuak ezagutu, herrita­rrei jakinarazi eta azken hauen iritzia entzutea, onuragarria ikusten dugu».

Sokamuturra Bai: «guk ez dugu nahi animaliek minik hartzea, eta sokamuturran aldaketak egiteko guztiz prest gaude»

Argumentu talka

Borroka dialektiko sutsua dute bi alde­ek, gai korapilatsu horren inguruan. Alde batetik, bigantxek sokamuturran su­fritzen ote dutenaren inguruan gal­de­tuta, bi aldeek defendatzen dituzten ideiak erabat kontrajarriak dira. Irao­lak, esaterako, ez luke kasu horretan su­fri­mendu hitza erabiliko; hori bere ustez ez baitago demostratua. Morenok, aldiz, animaliek mina gizakiaren antzera sen­titzen dutela dio. Haren ustez, «gizakiok dauzkagun pribilegoak erabiltzen di­tugu gainontzeko animaliak zapaldu, umi­liatu eta min egiteko. Hori guztiz bidegabea da». Jaietan animalien era­bi­lera injustua dela kontsideratzen du, eta gizartearen islada dela dio. «Animaliak objektu gisa erabiltzen dira eta euren interesak eta eskubideak ez dira kon­tuan hartzen».

Beste alde batetik, sokamuturrak euskal kulturak iraganean izan duen eta gaur egun daukan garrantzia azpi­ma­rratu nahi izan du Iraolak. «Soka­mu­turra kulturaren parte da, zehazki euskal kulturaren parte, eta hori ezin da ukatu. Gainera, gizarte gero eta urba­nis­tago batean bizi gara, eta sokamutu­rra­ren bidez, abeltzaintza bezalako jar­duera ekonomikoak mantendu, sustatu eta ezagutarazten ditugu. Hori landa lu­rrarentzat eta herriarentzat onuraga­rria dela uste dugu». Morenok dio, ordea, animaliei tratu txarrak ematea ezin dai­tekeela inoiz kultura izan, eta zen­tzu horretan, galarazita egon beharko lukeela uste du.


Galdeketarik ez

Gauza batean, behintzat, bi aldeak ados jarri dira: Ez dute inolako erreferen­du­mik proposatzeko eta egiteko asmorik. Sokamuturra Bai taldekoen iritziz, kultura ezin da botoen bidez erabaki. «Jen­de asko biltzen duen ekitaldia da sokamuturra, eta jendeari gustatzen zaiolako du hain arrakasta handia. Hori da guretzat balio duena». Bestalde, Aske­kintzako kideak dio, ez dutela sinesten erreferendum batek arazoa kon­po dezakeenik. Izan ere, «gu ez ga­ren beste izaki baten ordez erabakitzen ari gara, eta hori bidegabea eta biderae­zi­na dela deritzogu».

Bestalde, esan beharra dago, jorra­tzen den gaia ez dela sokamuturraren auzia soilik, baizik eta animalien era­bilera San Joan jaietan eta urtean zehar egiten diren gainontzeko ospakizune­tan. Egoera konplikatua izateaz gaine­ra, ziurgabetasun handia dago etorkizu­ne­an gertatuko denaren inguruan. Zentzu horretan, Iraolak dio: «Ezjakintasun horrek kezkatu egiten gaitu; izan ere, tran­tsizio deitu dioten fase horretan, ani­malisten eskaerak kontuan hartu di­tuzte, bai, baina gure plan­tea­men­du­ak eta eskakizunak, oraingoz, ez dituzte haintzat hartu».

Moreno, berriz, pozik azaldu da orain arte Jai Batzordeak hartu dituen erabakiekin; baina urrats gehiago eman beharko liratekeela argitu du. «Ondo de­ritzogu sokamuturra bi egunetan soilik egiteari, eta espero dugu datorren edizioetan kopuru hori jaitsi eta ekin­tza krudel hori desagertzea».

Askekintza: «ondo deritzogu sokamuturra bi egunetan soilik egiteari, eta espero dugu datorren edizioetan kopuru hori jaistea

Irtenbiderik ba ote?

Aferak, esan bezala, ez du aterabide erra­zik, eta ez ditu ez batzuk ez besteak nolanahi kontent utziko. Sokamuturra Bai plataformako kideek, hala ere, akor­dio batera iristeko hainbat proposamen egin dituzte. Esate baterako, arazoa kon­pontzeko ondorengo alternatibak plan­tea­tu dituzte: Zezenak ez irristatzeko produktu bat botatzea, Plazan hondarra botatzea duela zenbait hamarkada egi­ten zen bezala, ekitaldia hasi baino lehen lurra lehortzea, sokamuturra beste leku batean egitea edota bigantxari lepoko soka kentzea. Iraolaren arabera, «gu al­ter­­­natibak eskaintzen ari gara, eta ja­rre­ra eraikitzailea daukagu. Gainera, guk ez dugu nahi animaliek minik hartzea, eta sokamuturran aldaketak egiteko guztiz prest gaude».

Askekintza kolektiboko Morenok, aldiz, konponbidea zaila ikusten dutela dio. «Gu abolizionistak gara, eta ikusten dugun soluzio bakarra ekintza hauek de­­bekatzea da. Uste dugu ekimen infor­matibo gehiago egin beharko genituz­ke­ela, arazoa herritarrei helarazteko; bai­na hortik haratago, ez dugu beste ate­rabiderik planteatzen. Animaliak gaizki tratatzen dituzten ekitaldiak galarazi egin behar dira», dio.