Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Osteguna2019ko iralak 19

Hernani

2019/06/08, larunbata

«Orain daudenek jakin behar dute, zenbat lan egin behar izan dugun honaino iristeko»

Gertutik jarraitu behar ditu Garbiñe Etxeberriak, emakumezkoen elite mailako taldea, eta oinarrizko futbolekoa.
Gertutik jarraitu behar ditu Garbiñe Etxeberriak, emakumezkoen elite mailako taldea, eta oinarrizko futbolekoa.

Indarra hartzen ari da emakumezkoen futbola, azkenaldian; eta Gipuzkoaren kasuan, bereziki, Realak Kopa irabaztearekin batera. Talde txuri-urdineko kirol zuzendaria da Garbiñe Etxeberria Aranburu hernaniarra. Aurretik, jokalari aritu zen Oiartzunen, dena hasi zen garaian: «80ko hamarkadan, zerotik hasi zen emakumeen futbola Gipuzkoan, eta uste dut belaunaldi horri asko zor diogula».

Bizitza osoa daramaki futbo­le­an, Garbiñe Etxeberria Aran­bu­ru hernaniarrak. Oiartzunen jo­kalari aritu zen 20 urtez, baita bi Kopa eta Liga bat irabazi ere; eta 2004an Realak ema­ku­mez­koen taldea sortu zuenetik ari da bertan, entrenatzaile aurre­na, eta kirol zuzendari orain. Kopa irabaztea «momentu oso oso gozoa» izan da berarentzat, baina «egindako bidearekin» da­go «harro». Hernaniko kale­e­tan, askok zoriondu dutela onar­tu du, eta horrek «ilusioa eta poza» eman diola.


Pasa dira aste batzuk, Kopako finala irabazi zenutenetik. Nola ikusten duzu lortutakoa, orain?

Gero eta gehiago baloratzen dut. Beharbada, momentuan, ba­rruko pozarekin eta ingu­ru­an sortu den guztiarekin, ez ginen konturatu, zer egin eta zer lor­tu genuen; baina denbora pasa ahala, gehiago baloratu dugu.


Zure kasuan, gainera, taldearen sorreratik egonda, oso berezia izango zen.

Lortu dugun titulua haundia da klubarentzat, emakumeon ki­rolarentzat, eta batez ere, fut­bolaren mundu honetan. Nik orain arteko prozesu guztia ba­loratzen dut. Urte asko dara­maz­kit honetan, funtzio des­ber­dinetan, jokalari, teknikari, koordinatzaile, teknifikazioan, delegatu lanetan? Momentu hau oso oso gozoa da nire­tza­ko, baina egindako bidearekin nago harro, eta denak merezi izan du.


Gipuzkoa osoan, gainera, sekulako mugimendua eta ilusioa sortu duzue.

Haundia izan da. Nik uste dut, jokalariak ere ez zirela kon­tu­ratu hasieran, zer lortu zuten. Igandean handik bueltatu gi­ne­nean, taldeak jaso zuen ha­rrera Donostian, Aldundian, udaletxean? Anoetan bertan ere bai, mutilen Ligako azke­ne­­ko partiduan. Eta hor egin zi­guten ha­rrera ere, jokala­ri­en­tzat haundia izan zen. Baina ge­ro, astean zehar Gipuzkoan barrena egin genu­en ibilbide ho­rretan, konturatu ziren zer mugitu zen, nola iri­tsi ginen zaleengana? Eta neska-mutil gaztetxoek, beraien ize­nak ze­kizkiten. Telebistan ikusi zi­tuz­ten, eta herri­e­tara joan gine­ne­an, izenez dei­tzen zieten. Joka­la­riak kontu­ratu ziren ho­rre­taz. Eta oso oso polita izan zen, herrietan sortu zen giroa.


Horretan geratuko da, edo segida izango du, mugimendu eta ilusio horrek?

Uste dut segida izango duela. Ez dakit zenbateraino izango den horrela hemendik aurrera, baina jende asko inguratuko zai­gula iruditzen zait. Real­za­lea dena, futbola gustatzen zaiona, emakumezkoen kirola gustuko duena, gure jokalariak gertu sentitu nahi dituen zale hori? Jende asko gerturatuko da. Gure erronka izango da zale hori mantentzea, eta horretan, jarri beharko dugu gure al­de­­tik ere. Ligan gauzak ondo egi­nez, hazten jarraituta, eta joko era­kargarria eginda. Baina uste dut beste pauso haundi bat eman dugula, eta lortuko du­gu­la za­le­ak geureganatzea.


Ez da zure aurreneko titulua izan. Bi Kopa (1987 eta 1988) eta Liga bat (1990) irabazi zenituen Oiartzunekin, jokalari bezala. Ezberdinak izango ziren haiek, ezta?

Bai. Hasteko, nire rola oso des­berdina zen. Orain dela 30 urte, jokalaria nintzen, eta zelaian ari­tzen nintzen buru-belarri, entrenatzaileak esaten zuena eginez, taldekideekin? Barrutik bizitzen. Orain, ardura desber­di­na da, beste perspektiba ba­tetik, gauza gehiago baloratuz eta kontutan hartuz. Baina bi alderdiak izan dira oso oso politak niretzat. 20 urte egin nitu­en Oiartzunen, eta oso eskertuta nago han egindako guztiarekin. Han egin nintzen eta egin ninduten jo­ka­lari, eta han izan nuen au­kera, futbola bere osotasunean bizitzeko. Eta horren ondorioz etorri zen Reala 2004an, eta Realean sar­tzeko aukera izan nuen. 15 urte hauek, beste fun­tzio batzuekin bizitu ditut, eta finala ardu­ra­rekin bizitzea be­re­zia izan da. Final hone­tan, go­goan izan ditut nire ingu­ru­an izan diren pertsona asko eta asko. Zu zara proiektu honen buru, norbaitek izan behar due­lako arduradun; baina sentitu dudana da, ingu­ru­koak zenbat poztu diren, zen­bat eskertu duten eta zenbat bizitu duten nirekin batera. Nire ondoan, ibilbide honetan, jende asko eduki dut; eta ho­rrek ere asko bete nau.

«Uste dut segida izango duela sortu den ilusio horrek. Ez dakit zenbateraino izango den horrela hemendik aurrera, baina jende asko inguratuko zaigu»

Garai haietan, nola zen emakume futbolaria izatea? Ezberdina izango zen?

Oso oso ezberdina. Garai haiek oso zailak izan ziren. Kopak ira­­bazi ziren, Ligak ere bai, Gipuz­koako futbolak maila haun­­dia zuen? Baina ez zen gauza erra­za. Konpetizioak orain­dik erregularizatu gabe zeuden, normaltasunez bizitu gabe. Egunerokoan bizi ginen, ez zegoen proiektu askorik. Emai­tzak iritsi ziren, eta ho­rre­kin, zen­tzu gehiago hartu zuen denak, kirolean emaitzekin bizi gara eta. Baina kirola ez zen eza­guna, gu ere ez ginen eza­gu­nak, eta egunerokoa oso zaila zen. Guk aurrera egin ge­nu­­en, belaunaldi bat suertatu zelako, inguruak ere lagundu zuelako, eta asko gustatzen zitzaigulako futbola. Baina ez zen erraza, ba­ginen pixka bat bereziak, nahiz eta esaten ziz­kiguten gau­zek ez ziguten asko­rik era­giten. Garai hartan sas­kibaloia edo eskubaloia zeuden norma­li­zatuago, Gipuzkoan. Neskak futbolean ikus­tea, ordea, ez zen oso naturala, nolabait esateko.

«Final honetan, gogoan izan ditut nire inguruan izan diren pertsona asko eta asko. Sentitu dut zenbat poztu diren eta bizitu duten nirekin batera»

Nola bizitu ziren Kopako eta Ligako garaipen haiek?

Haiek ere oso gogoan ditut. Ko­pako hiru final jokatu geni­tuen Oiartzunekin. Aurrenekoa ez genuen irabazi, baina finala jokatzea haundia izan zen klu­barentzat. Eta gero, bigarrena eta hirugarrena irabaztea­re­kin, herrian sortu zen gureganako jarraipen bat, klubaren izena za­baldu genuen estatu mai­lan? Herriak asko eskertu zuen, eta harrerak ere haundiak izan ziren. Herrian ezagunak ginen, nahiz eta herrikoak ez izan. Nik Oiartzun oso barruan dara­makit. Ilusioarekin bizitu ge­nuen garai hura, eta niri, oraindik ere, orduko irudi asko etortzen zaizkit gogora, 32 urte pasata ere. Uste dut denbora­re­kin gauzak askoz ere gehiago baloratzen ditugula.


Horiek izango ziren aurreneko urratsak, Gipuzkoan emakumeen futbolak orain bizi duen egoerara iristeko.

Bai, 80ko hamarkadan izan zen dena; zerotik hastea. Ez zegoen ezer araututa lehiaketa alde­tik, eta pixkanaka izan zen, taldeak sortzea, lehiaketak egitura­tzea? 80ko hamarkada horretatik izan da emakumezkoen fut­bo­la, Gipuzkoan. Badakit aurretik izan zirela talde batzuk, baina puntualki. Eta horiek ere, he­rri­etako festetan eta horrela­koe­tan antolatzen ziren partidue­tan jokatzen zuten. Hori dau­kat entzunda. Baina araututa, 80ko hamarkadan. Uste dut, be­launaldi hari asko zor dio­gu­la, eta asko hitz egiten dugula orain ere, garai hartako jende­ak. Orain daudenek jakin be­har dute, nondik gatozen, eta zen­bat lan egin behar izan den ho­naino iristeko. Gurea hori de­lako, lana eta lana. 

Izan ere, emakumezkoek ez daukagu erraza kirolean. Ez ge­neukan erraza lehen, eta orain ere ez. Garai hartako klubek lan haundia egin zuten, eta asko daude. Añorga eta Oiar­tzun ibili ginen goran ha­siera batean, baina gero etorri ziren beste batzuk, Gipuzkoan. Go­rai­patu behar da, klubetan egin den lan ixil hori; klubetako ar­du­radunena. Batzuek gehiago si­nes­ten zuten, beste batzuek gu­txiago. Baina gure kirolean, sines­tea da kontua. Jendea bal­din bazegoen benetan gurekin lan egin nahi zuena, aurrera egi­ten genuen; baina zuzen­da­ri­tza taldeetan ez bazegoen ho­rrelako jendea, klubak ez ziren aurrera ateratzen. Hori horrela izan da beti.

«80ko hamarkadako klubek lan haundia egin zuten. Sinestea da kontua. Jendea baldin bazegoen benetan gurekin lan egin nahi zuena, aurrera egiten genuen»

Orain ari da indarra hartzen, emakumezkoen futbola. Nola bizitu duzu barrutik?

Garrantzitsua izan zen, Gipuz­koan Realak lidertza hori har­tzea, duela 15 urte. Eta horre­tan, eskertu behar da klubak ados jarri zirela, ezinezkoa ze­la­ko Oiartzunek, Añorgak, Eibar­tarrak, Zarautzek, Anaita­su­nak edo besteren batek hau dena aurrera eramatea. Egitura haun­dia behar zen, eta ekono­mi­ko­ki asko eskatzen zuen. Beraz, eskertu behar da, batetik, Rea­lak lidertza hartu izana; eta bestetik, klubek jokalariak es­kaini egin zituztela. Horrekin pauso haundi bat eman zen, eta gero, 15 urte hauetan, Re­a­lak egin duen lana haundia izan da. Gainera, lehiaketa ere asko aberastu da. Li­ga­ri ikus­ga­rritasuna eman zaio, telebis­tan egotearekin. Gaur egungo gizartean, irudia da ga­rrantzi­tsuena, eta sare soziale­tan eta telebistan ikusten de­na­rekin ge­ratzen dira gazteak. Jokaldi ba­tzuk, izen batzuk? Zentzu ho­rretan, Ligaren haz­kundea haundia izan da urte hauetan. Horri guztiari, gehitzen badiozu titulu bat irabaztera iritsi iza­na, oraindik eta gehiago in­dar­tzen zaitu.


Denboraldi honek, suposatu du gailur batera iristea?

Titulu bat lortu dugulako bai, ba­dirudi izan dela urte boro­bi­lena. Baina ez dut atzean utzi nahi, izan direla urte onak. Ki­ro­lean batek irabazten du, eta batek barre egiteko, besteak ne­gar egin behar du, finaletan eta konpetizio haundi haue­tan. Baina azkeneko urteotan, mai­la ona eman du taldeak, joko aldetik, kontzeptu aldetik eta eduki aldetik. Behin etorri diren jarraitzaileek, errepikatu egin dute. Aurten, denboraldia Ligan oso polita izan da, joka­lariak asko hazi dira, eta gaz­teak izan arren, heldutasun haun­dia erakutsi dute zelaian. Eta Kopak izan duen oihartzu­narekin, bai izan dela urte borobilena. Baina aurre­ko­ak ez dira txarrak izan. Ger­ta­tzen de­­na da, sailkapenean go­ran ez baldin bazaude, lehe­nen­go edo bigarren, dirudiela ez du­zu­la ezer egin. Eta hori ere balo­ra­tzen ikasi behar dugu. 

Gaurko gizartean, dena da ona edo txarra, eta uste dut horrekin nahastuta gaudela. Txikienei erakutsi behar diegu, gauza batzuetan garaile izango zarela, baina merezi duena bes­te gauza bat dela. Eguneroko­ta­suna, kirola egiteak ematen dizkizun balore guztiak? 15 urte hauetan gutxi hitz egin da gu­taz, eta orain Kopa irabazita, badirudi orain arte ez garela bizi izan. Ibilbide osoa balora­tzen jakin behar da. Datorren urtean ez badugu titulurik ira­bazten, txarrak izango al gara? Kontuz ibili behar da, eta bere neurrian begiratu.


Arriskua ikusten duzu, titulu edo finalik ezean, aurtengo ilusioa berriro itzaltzeko?

Guk lanean jarraitu behar du­gu. Ligan aurten baino hobeto ibili behar dugu, Kopan txa­pel­dun gisa aterako gara lehia­ke­tara? Eta irabaztea oso zaila izango da. Denak ari dira in­dar­tzen, fitxaketak egiten? Titu­lu­rik ez badugu lortzen, garbi dau­kat ez dela urte txarra izan­go. Hortaz, oreka man­ten­du behar dugu, eta ez bururik galdu. Gora begira egin behar da lan, baina burua galdu gabe.


Badirudi, denboraldia bukatuta, garai lasaiagoa datorrela. Baina zure kasuan, lan gehieneko garaia izango da beharbada, ezta?

Hala da, bai. Garai konplikatua da. Denboraldi bat eta talde bat ixten duzu, eta hurrengora be­gira taldea osatu behar da. Eta horretan gabiltza. Fitxaketak, elkarrizketak?


Nolakoa da lan hori guztia?

Ba urtetik urtera konplikatua­goa. Lehen askoz ere errazagoa zen. Zuzenean hitz egiten ge­nu­en jokalariekin, dei bat egin­da, eta baiezkoa edo ezezkoa ematen zizuten. Eta gaur egun, agente eta ordezkariak daude, gero eta gehiago. Eta elka­rriz­ke­tak ere konplikatuagoak dira. Baldintza gehiago daude: kirol maila, proiektuak, ekonomi­ko­ki ere beste modu batera ne­go­ziatzen dira kon­tra­tuak? Bai­na horrela behar­ko du. Egune­tik egunera ikas­ten dugu, eta birzikla­tzea ezinbestekoa da.


Taldeko arduraduna izan arren, lan ezezaguna da zurea.

Postu honetan, gauza askoegiten dira. Batetik, lehenengo taldetik ger­tu egon behar dut, eta talde tek­nikoarekin infor­mazioa tru­katu egunerokoan.  Hitzartutako klubekin ere lan egiten dugu, jokalarien jarrai­pena egin oinarrizko futbo­le­an. Bigarren talde bat ere ba­dau­kagu, eta horren jarrai­pe­na ere egiten dut, entrena­tzai­le­e­kin. Instituzioekin ere, ni naiz harremanetarako pertsona, fe­derazio ezberdinekin? Pixka bat dena da, bulegoko lana eta zelaiko lana. Eta horrez gain, futbola ikustea gustatzen zait, eta fitxaketak egiteko ere, fut­bolaren jarraipena egin behar dut, noski. Atal ezberdin asko daude, gero eta gehiago, eta mu­gatzen joan beharko dugu. Izan ere, ezin da denera iritsi, eta ez da komeni denetan ego­tea ere.


Eguneko momenturen batean, uzten diozu kirol zuzendari izateari?

Lehen, irakasle lanetan ere ari­tzen nintzen, Haur Hezkun­tzan, 2 urteko umeekin. Eta oso ondo etortzen zitzaidan. Bi mundu ez­berdin ziren. Hemendik ate­ra­tzen nintzenean, umeekin bu­rua despejatzen nuen. Baina orain, lan honetan buru-be­la­rri nabilela, ikasi dut dena era­maten, eta nire burua neur­tzen. Zaila da, egia baita denbora asko eskaintzen diodala; baina neurtzen ikasten ari naiz, eta hala behar du. Bestela, etxera eramaten dituzu kezkak, mu­gi­korra ere martxan daukazu beti? Oreka bilatu behar da.


Zentzu horretan, desberdinak izango ziren, futbolean bizitu dituzun etapak, ezta?

Oso desberdina da. Kirolaria za­renean, modu batera bizi­tzen duzu ardura. Zelaiko jokalaria zara, baina aginduak jasotzen dituzu, eta norbaitek esaten dizkizu beti, egin beharrekoak. Gutxitan daukazu iniziatiba. Ez lukeela hala beharko, baina beti zaude norbaiten menpe. Eta niretzako polita izan zen hori, ez nuke ezertxo ere alda­tuko etapa horretatik, momen­tu zailak ere bizitu arren. Kiro­lak eman dizkit lagun asko, eta bizitzeko era bat. Orain, dau­ka­dan ardurarekin, pixkana­ka egokitu naiz. Desberdina da, baina gustura nago. Egia da lan karga haundia dela, eta be­re­ziki ardura. Baina ikasi behar da erlatibizatzen. Hasieran bu­ruari buelta asko ematen niz­ki­on, eta orain lasaiago bizi dut. Eta noski, inguruan lan talde bat daukat, gauzak konpar­ti­tzeko; laguntza haundia dira niretzat.


Nolakoa da Reala barrutik? Familia giroa eta gertutasuna aipatzen dira beti?

Eta horrela da. Realean, lana lasai egin de­za­kezu, erraztu egiten dizu dena, gertukoa da, eta asko eskertzen di­zu. Ni sar­tu nintzenetik, asko haunditu da langile al­de­tik, eta langi­le­ok barruan dau­kagun elkarbizitza oso abe­ra­tsa da. Kirolaren mun­duan bizi gara denok, baina beste gauza batzuk ere konpar­titzen ditu­gu. Gertuko talde bat da, eta per­tso­nengana oso erraz iristen zara. Bi eraikin nagusi daude, Zubieta eta Anoeta, bi pertso­nal desberdinekin. Zubie­tan gaude, baloitik gertuago bizi garenak; eta Anoetan, dena ku­deatzen duen taldea. Ni ero­so sentitzen naiz bietan, gertu­tasun haundia dago, eta jen­de­aren jarrera oso ona da.


Zenbateko indarra daukate emakumezkoen taldeek, klubaren organigraman?

Esango nuke, orain haundia de­la. Niri tokatu zait prozesu osoa bizitzea klubean, eta po­li­ta izan da. Ez da batere erraza izan, hasieran sartu ginelako gi­zonentzat egindako mun­­du batean, eta kluba horretarako zegoen egituratuta. Gauza ba­tzuk mugitu eta aldatu behar izan ziren, eguneratu. Eta de­taile txikiak dira, baina arropa berria egin behar zen, ema­ku­meentzako arropa alegia; alda­gelen kontua ere bai? Mo­men­tu honetan, beste edozein talde bezala dira emakumezkoenak. Noski, ez da berdina, elite mai­lako taldeak edo oinarrizko fut­­bolekoak daukan presen­tzia eta funtzioa.


Zein izan behar dira hurrengo urratsak, emakumezkoen futbolarentzat?

Daukaguna hobetzen jarraitu be­har dugu. Etxe barruan, kali­tate gehiagorekin entrenatu, dau­kagun pertsonala forma­tzen jarraitu? Baina lehiaketak ere gauza asko ditu aldatzeko. Fe­de­razioen aldetik begirada aldatu behar da. Gauzak sortu ahala egin dira, baina hobeto aztertu behar dira; garbi eduki, zer egin dugun orain arte eta nora joan nahi dugun. Hortaz, lehiake­ta­ri ere eman behar zaio ga­rran­tzia ge­hiago, ordutegiak zain­du be­har dira? Instalazioak ere ho­­betu behar dira. Guk insta­la­zio onak dauzkagu, baina toki guz­tietan ez da horrela. Antze­ko baldintzetan mugitu behar du­gu, Ligako taldeok. Bestalde, aztertu behar da, esaterako, te­lebista sartzen bada zein ordu­tegi izango ditu­gun. Zer izango gara, gizo­nez­koen ondorena? Maila berean jarriko gaituzte? Zaila izango da hori, baina gure tokia aur­ki­tu behar dugu. 

Asko dago orain­dik hobe­tze­­ko. Komunikabideetan pre­sen­tzia haunditzea, gure ize­nak eta funtzioak ezagutzea, ekin­tze­ta­­ra goazenean nor garen jaki­tea. Irakurtzen ditugu adibi­dez, «Realeko jokalari bat agertu zen» bezalakoak, izena aipatu gabe. Badaude horre­la­ko detai­le­ak, zaindu egin behar di­renak. Elkarrizketa batzue­tan egiten diren galderak ere, onar­tezinak dira, eta oraindik ger­tatzen da. Gure jokalarien elka­rrizketek, kirolari buruz izan behar dute.


Hernaniko emakumezkoen futbola jarraituko duzu? Nola ikusten duzu?

Beti jarraitu dut, eta CD Her­na­niko bazkide naiz. Ez Zubipeko garaitik bakarrik, baita Txan­txi­llan jokatzen zenean ere; ordu asko sartutakoa naiz. CD Hernaniko futbol saila asko ja­rraitzen dut. Emakumezkoena gehiago, eta ahal dudan guzti­e­tan Zubipera jaisten naiz. Lan ona egiten du klubak. Uste dut kanpotik ez dela ikusten, baina futbolean gabiltzanok bada­ki­gu zenbateko lana egin behar den jokalariak mugitzen, anto­laketan, logistikan, entrena­tzai­leak aurkitzen? Oso zaila da. Ba­dakit arazoak izaten dituz­te­la beti, entrenatzaileak lortze­ko. Eta hemendik animoak bidali nahiko nizkieke, bertan ardu­ra­dun egon direnei eta da­to­ze­nei. Lanean jarraitu dezatela, egiten dutenak balio haundia duela, eta jende asko mugitzen dutela. Neska txikientzat ondo egi­turatuta dagoen kluba da: eskola kirola ondo antola­tu­­­ta, infantiletan sartzeko au­ke­ra, ka­­deteetan? Euskal Liga­ra iris­­teko, eskailera polita egin­da daukate. Eskertu egin behar da, egiten duten lan ixila.

«Asko jarraitzen dut CD Hernani, eta ahal dudan guztietan jaisten naiz Zubipera. 
Lan ona egiten du klubak emakumezkoen futbolean, eta neska txikientzat ondo egituratuta dago. Eskertu behar da, egiten duen lan ixila, kanpotik ikusten ez dena»

Eta zer esango zenioke, futbolean hasi berri den neskatxa bati?

Disfrutatu dezala, urrutira be­gi­ratu gabe. Erreferenteak jarri ditugu emakumezkoen futbo­le­an, eta horiei begiratu diezaie­la, baina egunean disfrutatuz. Eta ikasi dezala. Ikastera ire­kita egon behar dute. Entre­na­tzaileei eta arduradunei kaso egin diezaiela.