Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Asteartea2019ko ekainak 25

Hernani

2019/05/21, asteartea

«Hiru txalapartariren artean egiten dugu dena; txalaparta jo eta bestelako musika»

Biterin estreinatuko du Hernaniko Bihotx taldeak, ostiralean, Norabide Guztiak emanaldia.
Biterin estreinatuko du Hernaniko Bihotx taldeak, ostiralean, Norabide Guztiak emanaldia.

Ostiralean hasiko da Hernaniko 33garren Txalaparta Festa, Biterin 19:30etan hasiko den emanaldiarekin. Joseba Zuaznabarren omenezko bideoaren ondoren, Hernaniko Bihotx txalaparta taldeak emanaldi berria estreinatuko du.

Aurrerapen bideoa: Bihotx - Norabide Guztiak.

Norabide guztietara egiteko proposamena egin du Bihotx tal­de hernaniarrak. Txalapar­ta­ri izateaz gain, Gema Inés, Ixiar Jauregi eta Lara Mi­txe­lena badira gitarra-jole, perkusio-jole eta akordoi-jole ere, eta guztiak na­hastuta, umoretik eta bestelako hots eta jolasekin elkartuta sortu dute ostiralean 19:30etan Biterin estreinatuko duten No­rabide Guztiak emanaldi dinamikoa.

Hernaniko 33garren Txala­par­ta Festari hasiera emango zaio horrela. Bertan, iaz zendu zen Joseba Zuaznabar txalapartari ezagunaren omenezko bideoa ere jarriko dute. Ttaku­ne­tik ateratzen zena ez omen zen txalaparta, harentzat. He­rre­­narekin erantzuten ikasi du­te Bihotx taldeko kideek, baina baita bestelako erritmo bizi eta doinuekin ere.

  

Txalaparta norabide guztietan zabaltzeko asmotan?
G.I.: Asko gustatzen zitzaidan izen hori?
I.J.: Uste dut nahigabe, erreflejatzen duela gure emanaldia. Baina Gema izan zen, hasiera-hasieratik garbi zeukana izen hori izan behar zuela abesti batek edo zerbaitek.
G.I.: Autopistan hainbestetan ikusitakoa da! Norabide guztiak. Azkenean hori da guk egiten duguna, pixka bat denetatik, fusionatu edo... Ez daukagu bide bakarra.


Hiru partaide zarete orain, baina Bihotx bikote ere izan zarete.
G.I.: Ni adoptatua naiz!
I.J.: Iruñeko topaketarako sor­tu genuen izena, 2015 inguruan. Lara eta biok bizi osoa daramagu elkarrekin jotzen, baina momentu batzuetan izen artistiko bat behar genuela ikusten genuen, beti baikinen 'Lara eta Ixi'. Inguruko txalapartariek bazeuzkaten izen artistikoak. Momentu horretan bi ginen, eta hortik atera zen pixka bat 'bi hots' edo 'bi hotx', txalapartaren tx-rekin, 'bihotz'. Eta gero, Gemaren be­harra izan genuen.
L.M.: Eboluzionatzeko, ge­hia­go egiteko aukera ematen zigun.
I.J.: Tokatu zen batzuetan La­rak Gemarekin jotzen zuela, bes­te batzuetan nik, batak edo bes­teak ezin genuelako, eta az­ke­nean, konturatu ginen hiru izatea ere ederra izango zela, etekin gehiago ateratzen ge­ni­ela saioei. Izena manten­tzea erabaki genuen, hala ere, erreferentzia ez galtzeko edo?
L.M.: Gustatzen zaigulako. Bi­ho­tzaren taupadaren hotsa...

 «Zuaznabarrek esan zigun: 'Tukutun. Hori ez da txalaparta'. Bere ustez, ttan-ttakun edo hutsunetik ateratzen ziren kolpeak ez ziren txalaparta»

Binaka eta hirunaka, zuen artean, eta beste talde batzuekin ere aritzen zarete...
L.M.: Juan Mari Beltranekin jo izan dut zerbait, Aitor Bel­tra­nekin ere bai Anne Etche­go­ye­nen proiektuan, Sonakay taldean Gemarekin nabil, Bitar­te­an folk taldean Ixiar eta biok txa­laparta sartzen genuen, Ku­kai dantza konpainiarekin ere bai, Zoo-rekin ere parte hartu dugu Gema eta biok, Bajo la piel del lobo pelikulako soinu bandarako jo genuen Ixi eta biok, Vetusta Morlarekin... Hi­rurok orain gutxi Gu Laboa do­ku­mentalean aritu gara...
I.J.: Milaka gauzatan, pikotea­tzen beti. Segurako dantza txapelketa bezalakoetan ere bai. Az­kenaldian, Juan Mari Bel­tran, Ander Barrenetxea eta Erre­ge Beldarekin ere banabil ni; tokatu zaigu gure artean, mu­sika eskolatik sortu zen tal­de horrekin saioak egitea. Zor­tea izan dut baita ere Oreka TXrekin Tosta proiektuan ari­tze­ko, nahiz eta txalaparta ez dudan jotzen!
G.I.: Zo-Zongo eta Oreka TXre­kin Txalaparta Birakan ere ibili gara, Juan Mari Beltra­ne­kin Hots Larretan emanaldian ibili naiz; Sonakay; Aske­kin­tzako dokumentalerako musikan... Mila gauzetan, bai!

 

Oso desberdinak dira proiektu horiek denak zuek egiten duzuenetik? 
G.I.: Juan Mari Beltranekin tradizionalagoa egin dugu agian, baina beste erritmo batzuk ere bai. Nire kasuan, Sonakay edo ijituekin, erritmikoki esperimentazioa handiagoa izan da. Beste kultura bat da, beste erritmo batzuk erabiltzen dira, eta ikasi dugu beste erritmoak sortzen edo bilatzen. Eta Biho­txen bai, esperimentaziorako au­kera dugu. Jolasten dugu beste material batzuekin?
I.J.: Egia esan, esperimentazio hitzak ez dakit zer esan nahi duen oso ondo. Nik esperimentazio baino gehiago, esango nukeena da Bihotx guk sortu dugun emanaldi bat dela. Ne­retzako desberdintasun handi­ena hor dago. Beste talde batean kolaboratzean, egokitu egin be­har dugu beraiek pentsatuta zeukaten horretara, eta publikoa desberdina izango da, nos­ki, segun eta zein estilotako mu­sika den, zenbateko oihar­tzuna duen egungo musika kul­turan? Baina Bihotxen proiektuak ematen diguna da elkartu garela aspaldiko hiru lagun gure ideiekin, gure gustuko sal­tsan, eta erritmo aldetik, seguru asko jotzen ditugula beste talde horietan ere jotzen ditugun erritmoak, baina jo­tzen ditugu gure gustura, gure ukituarekin.
G.I: Egia da. Hau bada gure proiektua. Bestela, beti ibiltzen gara mertzenarioak bezala!
L.M.: Batez ere, txalapartariak izan­da, txalaparta hutsezko emanaldiak oso gutxi baitaude. Talde batean jotzen dituzu bi abesti, beste batean beste hiru, ekitaldiren batean sarrera?
G.I.: Eta hau gurea da.

«Jotzen ditugun kolpeak ez dira inoiz berdinak. Inprobisatu egiten dugu»

Materialen aldetik ere, egin duzue aldaketarik? Bidoiak, botilak? erabiltzeko joera handitu da txalapartarien artean?
I.J.: Txalapartarekin eboluzionatzen urte asko daramazkite batzuek. Gaur egun ikusten du­gunean beirazko edo harrizko txalaparta bat, argi dago asmazio izugarriak daudela. Horrek esan nahi du askok buruari eragin diotela horretan.
L.M.: Materialari dagokionez ez dugu guk ezer asmatu. Errit­moari dagokionez, zer edo zer?
I.J.: Uste dut egin duguna izan dela, gutako bakoitzak, txalapartaz gain jotzen dituen beste tresna batzuk aprobetxatu. Hi­ru lagun izanik, saiatu gara txalaparta mantentzen, baina tres­na gehiagorekin. Agian bes­te talde batek bost lagunekin lortuko duena, guk hiruron artean egiten dugu.


Eta hori dena txalaparta da? Xilofonoaren antza ez ote duen notak bilatzen direnean...
I.J.: Luze eztabaidatu dezakegu horren inguruan, eta txalapartari guztiak ez ginateke ados jarriko!
G.I.: Iritzi asko daude. Txa­la­parta izan daiteke jotzeko era, ez instrumentua bera fisikoki. Zer da txalaparta, azkenean? Bi edo hiru pertsonen arteko el­karrizketa. Batek hitz egiten du eta besteak erantzun. Alter­nan­tzia erabiltzen da. Egin de­zakezu lurrean, botila batzuekin, banku batean? Hori da txalaparta.
L.M.: Hori da, guretzako!
I.J.: Beti gogoratzen gara anekdota berarekin. Aurten omen­tzen den Joseba Zuaznabarren etxean jotzen ari ginela, ttakun-ttan-ttakun, era zaharrean, tradizionalean, bere txalapartarekin bere etxean, hiru behatz erakutsi zizkidan esku batean, eta esan zidan: ?tukutun; hori ez da txalaparta?. Be­re­tzako, ttan-ttakun edo hutsunetik ateratzen ziren kolpeak ez ziren txalaparta. Pentsa, berari zer esplikatuko genion bi lagunen arteko alter­nan­­tziaz, zortzi oholez?? Beraz, zer da txalaparta? Ne­re­tzat ba­dauka inplizituki emozio puntu bat. Teknikoki txalaparta jotzeagatik agian ez zara txalapartari. Ezagutu behar duzu nondik da­torren, bakoitzak zer sentitzen duen jotzean... Instru­men­tu as­korekin bezala agian, baina, txalaparta, jotzeaz aparte, bada zerbait. Bere inguruan dagoen mun­du guztia da, garai batean baserrietan jotzen zena, beste belaunaldi batzuek bizitakoa?
L.M.: Neretzat, momentu ho­ne­tan da bi edo hiru edo lau pertsonen arteko alternantzia, jolasa eta inprobisazioa; elkarrizketa bat, baina inprobisatuta. Ez partitura jotzea. Eta badaude gaur egun txalapartariak, oso ezagunak eta onak, eta jotzen dituzte saioak itxita, partituran bezala, inprobisaziorik gabe.
G.I.: Baina hor agian bai gal­tzen dela esentzia? Txalaparta bada inprobisazioa edo elkarrizketa bat. Saio baten eskema egin dezakezu, baina ho­rren barru­an, inprobisatzea da.
I.J.: Txalapartarekin guri gertatzen zaigu fandango bat jo­tzean ez dugula beti fandango berdina joko. Joko dugu hiruko neurrian. Eta neretzako hori da jolasa. Inprobisatzen jakiteko entrenatu egin behar duzu eta ariketak egin behar dituzu. Baina jo dezakezu albokari ba­tekin batera, edo dultzainero ba­tekin, fandangoa, eta aldiro desberdin joko duzu. Nere­tza­ko hori da aberatsa, jolastu egit­en duzula, arau batzuen ba­rruan, baina jolastu. In­pro­bisazio hori bai da esentzia.
L.M.: Eta pertsona batek bakarrik ezin duela jo. Hori ez da txalaparta.

«Jolasa, inprobisazioa da txalapartaren esentzia»

Inprobisazioak bere garrantzia dauka, orduan. Entsaiatzen duzuenetik publikora iristen denera, asko aldatzen da ikuskizuna?
G.I.: Badaukagu eskema bat.L.M.: Abesti batzuk lotuta dau­de. Baina jotzen ditugun kolpeak ez dira inoiz berdinak. In­pro­bisatu egiten dugu.


Txalaparta festari lotuta, horrelako bilakaerarik ikusi duzue bertan ere?
L.M.: Badago beti norbait zerbait berria ateratzen duena. Momentu honetan agian geldiago dago. Eta ari da bidera­tzen gehiago harriparta eta melodiaruntz. Eta teknikara.
G.I.: Gu gehiago gara egur zaleak.
I.J.: Orain jarriz gero, adibidez, 16garren txalaparta festako bideoari begira, ikusten da or­duan nahastu zutela txalaparta dan­tza, beste instrumentu, bidoi eta abarrekin. Dena asmatuta dago zentzu horretan. Gaur egun aldaketa handiena agian looparen erabilera izan daiteke. Perkusio batzuk grabatu looparekin, eta horiek jarri eta horren gainean jo. Gaur egun ikusten da zenbat musikarik loop batekin egiten dituzten beraiek bakarrik kantak. Hori ere iritsi da txalapartari batzuetara. Eta beste ba­tzuk, 16 xaflako txalaparta jo­tzen. Ez du erreza izan behar.
L.M.: Melodia eta erritmo konposatuak direla uste dut, mo­dan daudenak.
G.I.: Txalaparta elektronikoak ere izan du bere indarra...
I.J.: Ardatz kronologiko batean jarriko bagenu txalapartaren eboluzioa, izango litzake ohol batetik ohol gehiagotara pasa izana; gero, ohol afinatuetara, beste instrumentuekin jotzeko, seguru asko; eta gero, material gehiago sartzea: harriak, bi­do­iak... Eta orain, musika estiloak nahastea. Txalaparta eta mu­sika elektronikoa aspaldi­da­nik uztartzen dira. Ni, zen­tzu horretan ez naiz sortzailea. Orain 10 urte egurrezko txalaparta daukat eta kieto. 


Zuek ere eboluzionatu duzue Juan Mari Beltranekin musika eskolan hasi zinetenik?
I.J.: Denok hasi ginen Juan Ma­rirekin. Gero Gemak tran­tsizioa egin zuen Aitorrekin (semea).
G.I.: Ezagutu genuen elkar unibertsitatean, eta Ixi eta Larak dagoeneko txalaparta jotzen zu­ten. Asko gustatu zitzaidan, eta hortik lau bat urtera hasi nin­tzen Juan Marirekin, baina ju­bi­latu zenean, Aitorrekin segi nuen.
I.J.: Konturatzen naiz uste baino tradizionalagoa naizela. Ez naiz asko atera Juan Ma­ri­ren eskolatik. Eta ez du esan nahi besteak ez zaizkitenik gus­tatzen, baina gero, nire saioak antolatzean edo jotzeko garaian izaten naiz nahiko karratua. Master classa eman genuen ostegunean Iruñean eta hor atera zen bakoitzaren irakasteko estiloa eta konturatu nintzen baietz, hala naizela. Gemak eta Larak badituzte beste teknika batzuk, edo beste askatasun bat. Eboluzionatuko nuen pertsona eta txalapartari bezala, baina oso Beltran eskolakoa naiz.


Hernanin bultzada handia eman zion Beltranek txalapartari; Txalaparta Festa ere erreferente da. Burbuja batean bizi gara? 
L.M.: Topaketa ezberdinak dau­­de. Momentu honetan esango nuke fuerteenak direla Iru­ñe­koa eta Hernanikoa. Iru­ña, Iruña da, eta hartu du indarra. Baina ba­daude gehiago: Gas­teizen, Ara­ian, Zarautzen aurten egin da aurrenekoz eta errepikatu nahi dute, Sestaon, Bilbon, Zuma­rra­gan lau urtean behin egiten da?
I.J.: Eskola, Hernanin dagoen bezala, oso leku gutxitan dago. Sesaton Eneko Abadek sortu zu­en. Iruñean Hutsunekoek ematen dituzte klaseak. Baina haiek ere Juan Marirengandik edan dute; etorri ziren nola irakasten zuen ikustera eta gero garatu dituzte beraien moduak. Baina garai bateko belaunaldi zahar haiengandik trantsizioa jaso zuten Beltran, Artze... Horien guz­tien artean txa­laparta mu­si­ka eskolan sartu zuena Juan Mari izan zen. Gero didaktikoki beste batzuk ere landu dute, eta ba­tzuk Artzerekin ikasi zuten jo­tzen, adibidez.
L.M.: Burbuja batean bizi garen hori? Jendeak Hernanin agian txalaparta oso ikusia dauka, eta aldiz, zabaltzen ari da pila bat hemendik kanpo, eta ez bakarrik Euskal Herrian. Ma­dri­len eta Katalunian ere pila bat. Pixkanaka enteratzen gara Bartzelonan ere badagoela es­ko­la eta sare sozialetan jarraituta, konturatzen zara txalaparta munduan gertu ikusi ez dituzunak ere ari direla.
I.J.: Hori da betikoa; kanpokoek ga­rrantzia handiagoa ematen diote gureari. Enteratzen di­re­nean ze historia daukan txa­la­par­tak, nondik datorren, zergatik... Oso interesgarria egi­ten zaie, baina hemengo jendea nazkatuta dago.
G.I.: Eta Madonnak, Kalaka­ne­kin boom handia eragin zuen! Eskerrik asko Madonna!


Hernanira bueltatua, zuen ikuskizunera, ?nazkatuta? dagoen hori nola erakarriko zenukete? Elementu desberdinen nahasketa, hiru emakume taularatzea...
L.M.: Ez da txalaparta bakarrik izango. Ez da kalean entzuten dena, txalaparta bakarrik. En­tretenitua izango da.
G.I.: Hiru neska izateak ere ba­du berea. Gehienak mutilak izaten dira eszenatoki gainean.
I.J.: Hernanin, hain justu, bes­te inon baino gehiago ikusten dira neskak txalaparta jotzen, Hernaniko musika eskolan ge­hie­nak neskak gara. Hori ez da berria. Baina berria izango da hiru txalapartariek egingo du­tela txalaparta eta beste musika. Etor daitezela!


Horrelakoak garatzeko, nola moldatzen zarete? Entsaiatzea arazo da? Eta ikastea?
L.M.: Arazoak dauzkagu, ez daukagulako toki finkorik, nahiz eta udaletxeak eskaini zigun toki bat, azkenean, ateratzen dugun soinuagatik, apro­­posa ez zena... Baina eskerrak udaletxeari! Ez dugu lokalik, eta ero moduan ibiltzen gara materialarekin bueltaka...
I.J.: Gure arazoa da Euskal Herriko talde gehienena. Edo dirutza uzten duzu lokal bat alokatzen, edo Hernanin zortea duzu eta scalextric-a aprobe­txatzen duzu. Baina uste dut udaletxeari eskerrak eman behar dizkiogula, proiektua aur­­keztu genuenetik eman diz­kigun erraztasunengatik. Ikas­teko, berriz, onena da egoerak berak behartzea, jo beharra. Baina beste instrumentu ba­tzuk baino zailagoa da ikasteko, beti behar duzulako bikotea.
L.M.: Eta etxean ezin da en­tsaiatu! 


HERNANIKO 33. TXALAPARTA FESTA 

Joseba Zuaznabarren omenez

Maiatzak 24 
19:30, Joseba Zuaznabarren oroimenez bideo proiekzioa Biteri kultur etxean.
Jarraian, Hernaniko BIHOTX taldearen estreinaldia: Norabide Guztiak.

Maiatzak 25
12:00, Txalaparta saio libreak, Tilosetan. ?Hernani? Musika Eskola Publikoko alboka, dultzaina, trikitixa eta txistu taldeak kale-bueltan.
14:30, Herri bazkaria. Txartela aurrez erreserbatzea komeni da: 16 euro.
17:00, Txalaparta Jaialdi Nagusia: Hernaniko Bertso Eskolako bertsolariak, Saustako Zuaznabaztarrak, Erbetegi-Etxeberriko Goikoetxeatarrak eta Joseba Zuaznabarren oroimenez bideo proiekzioa. Eta segidan, Gipuzkoatik, Errenteria Musikal txalaparta taldea; Bizkaitik, EKAI-TXA taldea; Arabatik, KOLPEZ?KOLPE txalaparta taldea; Nafarroatik, Iruñako TAKETAN taldea; Lapurditik, Txomin eta Ortzi; eta Hernaniko TTAKUN?TTAN?TTAKUN eskolako txalaparta taldea.
20:00, Txalapoteoa, Ander García Santestebanen eskutik.
23:00, Txalaparta Party Aparta, Hernaniko Gaztetxean. Poteo ondorengo pikoteoa eta festari amaiera emateko, M. FRAKTAL, DJ BARRU eta gonbidatu berezi gehiago.

*Izen-emateak: txalapartafesta@gmail.com