Erreportajeak

Andoni Amonarraiz (EAJ): «Akordioak, kudeaketa eta gardentasuna izango dira legegintzaldiko oinarriak»

Kronika - Erredakzioa 2019ko mai. 18a, 02:00

Bideoa: Andoni Amonarraiz Gomez, Hernaniko EAJ-PNVko alkategaia.

Hainbat legegintzalditako esperientzia duzu. Zein balorazio egiten duzu azken lau urte hauena?

Udaletxearen kudeaketa ezagutu dugu­ne­tan okerrena izan da. EH Bildu ez da gai izan 14.000.000 euro gastatzeko, eta kajoietan dauzka, beraz, ez dute balio izan hernaniarren bizitza hobetzeko. Udal teknikariekin obra publikoetara joatea debekatu digute; informazioa ez­kutatu digute; munduan barrena bi­daiatu dute Udalaren kontura Hernaniri onurarik ekarri gabe; ez dute teknikari postu bakar bat bete lehiaketa publiko bidez (%99 interinoak dira eta asko beste herrietako zerrendetatik etorri dira); aholkulariekin gobernatzen jarraitzen dute; gasoildun ibilgailuak erosi dituzte; ez dute Atez Atekoaren errealitatearen inguruan hitz egin nahi izan (kostua, birziklatze tasa, erreferenduma...). Hau da, desastre hutsa.


Aldaketak izango dira aurten: 17 zinegotzi izatetik 21era pasako da. Emaitzetan zein eragin izan dezake?

Hauteskundeetan garrantzitsuena da hernaniarrak ilusioarekin bozkatu deza­tela, eta ez daitezela etxean geratu. Uste dugu garaia dela herri honek ezagutu dezan kudeatzeko beste eredu bat, askoz ere irekiagoa, etorkizun-sena daukana, hernaniar guztien bizitza hobetuko duena eta Hernani gure inguruko betiko herri erreferente egingo duena. Herri ireki, plural, moderno eta gizarte desberdintasunik gabea nahi dugu, gizarte zerbitzu onekoa eta ingurugiroa errespetatzen duten enpresak dauzkana, haietan lan egiteko hernaniarrak kon­tuan hartzen dituztenak. Itxaropena dugu botoetan gora egiteko eta horrek alkatetzara iristea ahalbidetzeko.

«Uste dugu hasiera batean bi aparkaleku bertikal behar liratekeela: bat Mila­gro­san, [...]. Eta beste bat, Karabelen»

Gobernatzeko, gainontzeko alderdiekin balizko akordioak egiteko prest zaudete?

EAJ-PNVko zinegotzi guztiak gara, uste osoarekin, akordioen aldekoak, ez dugu besterik ezagutu. 2003-2007an koalizioan gobernatu genuen eta ez dugu besterik egin, EH Bildurekin akordioetara iristea saiatu besterik, baina gehiengo abso-lutuak, ?hemen nik agintzen dut? mo­duan ulertuta, akordioa galarazi du. Opo­sizio osoak, banaka edo blokean, kri­tikatu dugu publikoki bere politika egiteko modua. EAJ-PNVtik askotan jarri behar izan gara harremanetan Datuen Babeserako Euskal Agentziarekin babesa eskatzeko, udal gobernu taldea kon­tro­latzeko dagokigun lana egiteko be­ha­rrezkoa genuen dokumentaziora lor­tze­ko ezintasuna medio. Guk, printzi­pio­en­gatik, ez diogu aterik ixten edozein al­derdi politikorekin akordioak egiteari, baina legegintzaldi honetan ikusi­ta­ko­aren ondoren, errazagoa izango da ba­tzuekin egitea, besteekin baino. Her­naniarrek alkatetzara eramaten ba­gai­tuzte, akordioak, kudeaketa eta garden­tasuna izango dira legegintzaldiko oina­rriak.


Zein dira Hernaniren erronkak, zuen ustez? Zein proposamen zehatz dituzue?

Hernaniren erronka nagusia da, egun, udal gobernua aldatzea. Horrela ba­karrik hobetuko da udaletxeko lan giroa, beteko dira lanpostuak oposaketa bidez (egun, 18 udal teknikarietatik 15, ahol­kulariek edo oposaketarik egin ez du­tenek betetzen dituzte), bukatuko da nahierara esleitutako lanpostuekin, hobetuko da trafikoa, aparkalekua, gar­biketa, irisgarritasuna, ez da bi­daiarik egingo Udalaren kontura helbu­ru argirik gabe, konponduko dira auzoetako ara­zoak, hobetuko dira erakunde barneko harremanak, kultura eta herrien arteko lana, errespetatuko da desberdin pentsa­tzen duena... Herriko merkataritza, en­presekiko harremanak eta turismoa sustatzea gai ga­rran­tzitsuak dira gure­tzat, eta zinegotzi postu berria sortuko dugu gai hauek lantzeko.


Aurreikusitako inbertsioak ez direla gauzatu salatu duzue. Nola egin dakioke aurre egoerari?

2018an inbertsioen %26 bakarrik gauzatu izanak, eta 2017 eta 2018ko Hernani Erabaki prozesuetako proposamenen %9 gauzatu eta ordaindu izanak azaleratzen du EH Bilduren kudeaketa penagarria. Hernaniarren dirua haiek erabakitako proiektuetan gastatu besterik ez zuten egin behar. Zortzi urte daramazkite gehiengo absolutuan. EAJ-PNVk koali­zio­an gobernatu zuen lau urteetan zehar, kudeatzen genituen arloetan aurre­rapauso haundiak egin ziren: auzoen eraberritzea, igerileku irekiak, Atsegin­degiko plaza eta aparkalekuak, hilerri­rako sarrera, zaharren egoitza berriaren proiektua, jangela soziala, etxeetako laguntza haunditzea.... Eta hau guztia oraingoa baino askoz ere udal aurre­kontu txikiagoarekin. Konponbidea kude­aketa ona da, eta EAJ-PNVk gober­natzen badu, bermatuta egongo da.


Legegintzaldiko proiektu potoloetako bat kirol arlokoa izan da, eta horren barruan, igerilekua berritzea. Ez zarete emaitzarekin pozik agertu, ezta? Kirol arloan zer gehiago dago egiteko?

Igerileku berrien inguruan esan deza­keguna da zalantza asko dauzkagula proiektuaren, obra gau­za­tzearen, erai­kuntzaren kalitatearen, instalatutako elementuen inguruan, eta jakin nahi dugu, baita ere, zergatik kexatzen diren erabiltzaileak aldage­le­tan egiten duen hotzaz, igerileku txikiko tenperaturaz... Ikuskapena egingo dugu proiektu honetako hainbat eta hainbat alderdik sortzen dizkigun zalantzak ezagutzeko eta arazoei konponbideak bilatzeko. Errugbi eta futbol instalazioei dagokienez, esan beharra daukagu alderdi politiko guztiok bi klubekin izandako bileretan EAJ-PNVk bi proposamen egin zituela baloratu zitezen. Lehenengoa, zelaiak harrobira mugitzea (EH Bilduk ezetza eman zuen), eta bigarrena, kolektoreraino altxatzea, behekaldea libre utziz uholdeak izanez gero errekari irteera emateko (klubek onartutako proposamena). EAJ-PNV alkatetzara iritsita bakarrik baloratuko da. Horrez gain, uste dugu babesten segi behar direla aisialdiko eta eskola kirola, eta EAJ-PNVtik egingo duguna da lehiari bultzada eman. Errugbi elkartearekin egin nahi dugu lan ekitaldi bat sortzeko, futbolean DonostiCup dagoen moduan, gure herrira erakartzeko errugbi klubak, familiak eta zaleak. Kirola sustatuko genuke, gure merkataritzaren ekonomia hobetuko genuke eta Hernani bisitariei irekiko genieke. Kirol ekintzak eta in­bertsioak enpresa pribatuek finantzatu ditzaten eta mezenasgoaren legearen onurak izan ditzaten dauden aukerak aztertuko ditugu.


Berdintasun arloak garrantzia gero eta haundiagoa hartu du. Emakumeen Etxea errealitate izango dela dirudi. Zein dira zuen proposamenak?

Espero dugu espazio hau azkenean mar­txan jarri ahal izatea, eta bertan lan egi­tea gizon eta emakumeen eskubide ber­dintasunaren alde, gazte nahiz heldu, bertakoak zein kanpotarrak izan, eta orokorrean, desberdintasunak saihes­te­ko. Elkartzeko eta adiskidetasunerako es­­pazio izan dadin espero dugu, mu­turreko jarrerek tokirik izan ez duten espazioa, eta bertan egingo den lanak berdintasunean oinarritutako Hernani plural bat lortzea ahalbidetuko duena.


Hainbat parte-hartze prozesu egin dira legegintzaldi honetan, baina batzuetan kritikak izan dira. Zer dago aldatzeko?

EAJ-PNVrentzat herritarren parte-hartzea ezinbestekoa da. Beharrezkoa dena da herritarrak erakarriko dituen mekanismoak ezartzea, eta gaur egun ez da egiten. Hernani Erabaki prozesuan 16 urtetik gorako 1.000 lagun inguru ari dira botoa ematen, eta harrobiaren inguruko parte-hartze prozesuan 17k hartu zuten parte. Uste dugu sistema aldatu beharra dagoela, eta aztertu behar litzatekeen sistema berri bat izan daitekeela elkarte eta auzo elkarteekin lan egingo duena, herriaren beharrak antzeman, lehentasunak zein diren bozkatu eta gauzatzea planifikatuko duena. EAJ-PNVtik lan egingo dugu denon artean lortzeko ahalik eta herritar gehienek parte hartuko duten parte-hartze prozesuak martxan jartzea.


Herri osora iristeko ahaleginean, auzo batzuk ahaztuta daudela salatzen dute. Zer dago aurreikusita arlo horretan?

Hauteskundeetarako gure proposame­nek helburu argi bat daukate: urteetan hernaniarrek helarazi dizkiguten ara­zoak konpontzea. Alkatetzara iristen bagara, trafikoa hobetuko dugu; bi apar­kaleku bertikal egingo ditugu; Portu-Elizatxo Kaxkoarekin lotzeko igogailu bat egingo dugu, eta beste bat, Etxeberrin; Etxeberri parean, Floridako trenbidearen azpiko tunela egokituko dugu ibilgailu eta oinezkoak pasa ahal izateko; Lizeaga eta Gudarien plaza zaharberritzearekin hasiko gara, benetan, eta Zinkoeneako alde bat peatonala egingo dugu. Hau da auzoengan pentsatzea. EH Bilduk 14.000.000 euro gastatzen ez jakin izanaren alderdi positibo bakarra da, alkatetzara iristen bagara, egin diren proiektu guztiak berrikusiko ditugula eta auzoak lehenetsiko ditugula. Uste duzue EH Bilduren kudeaketa ona dela, 1.650.000 euro harrobian gastatzea pro­posatzen duenean, eta urtetan Lize­a­ga­rekin ahaztu ondoren, auzoan 300.000 euro gastatzea proposatzen duenean, hain justu, udal hauteskundeen au­rretik?


Txotx denboraldia onura zein kalte iturri izaten da, eta kalteei aurre egiteko hainbat neurri hartu izan dira azken urteetan. Zer egitea aurreikusten duzue?

Legegintzaldian zehar hainbat pro­po­sa­men egin ditugu hernaniarren gauetako bizi kalitatea hobetzeko eta mantentzeko Hernani sagardoaren kulturaren erdi­gunean, baina ez zen EAJ-PNV gober­nuan zegoena. Alkatetzara iritsiz gero, sagarra eta sagardoarekin lotutako egu­nean zeharreko ekintzak sustatuko ditugu (dastaketak, ikas­taroak, estatuko eta munduko ekoizpen guneekin anaitzeak, Hernanira ekarriko ditugu beste bertako produktu batzuk...). Eguneko ekintza horiek urte osoan zehar egin ahal izango dira. Gainera, gauetako segurtasuna areagotuko dugu udaltzain gehiagorekin, baita Oialumen kon­tzer­tu­ak daudenetan ere, eta ordenantzak betearaziko dira. Guztia pixkanaka, baina gelditu gabe egitea da asmoa. Sa­gardogileekin batera aztertuko dugu sagardotegietara datozenei zerga turis­ti­koa jartzeko aukera, txotx denboraldian sortzen diren gastuei aurre egiteko.


Aparkaleku falta ere arazoa da askorentzat. Konpontzeko proposamenik baduzue?

Uste dugu hasiera batean bi aparkaleku bertikal behar liratekeela: bat Mila­gro­san, hiru bat pisutakoa, azpialdean musika eskolako instalazioak hobetzeko gunea izango lukeena. Eta beste bat Karabelen, bi alturatakoa, egungo apar­kalekua dagoen tokian.


Euskararen erabilera omen da datozen urteetako erronka. Zein ildo jarraituko duzue euskerari dagokionean?

Azken Euskara Planaren alde bozkatu ge­nuen, eta ez dugu atzerapausorik eman­go euskeraren ezagutza eta erabilera ba­bes­teari dagokionean. Eredu gisa jartzen dugu gure inguruko herrien artean eus­kerarekin egiten ari den lan kolektibo ona. Lehentasunezko kontua izango da pausoak ematea hernaniarren arteko komunikazioa, merkataritzan eta enpre­setan euskeraz izan dadin. 


Garbiketa publifikatu da, eta orain, konposta egitea ere herriaren esku geratzeko ahalegina egin nahi izan du udal gobernuak. Zuek, ordea, kontra azaldu zarete. Hondakinen kudeaketari dagokionez, zer proposatzen duzue zuek?

Atez Atekoa gaizki hasi zen eta gezurren gainean mantentzen da. Hernanik ez du esaten digutena birziklatzen, urtean 2.000.000 kirol hondakin Hernanitik kanpora eramaten baitira. Urtero gero eta diru gehiago gastatzen dugu hon­dakinak jasotzen eta ez da beharrezkoa. Gainera, lotsagarria da hondakin bil­tzai­leei hernaniarren hondakin poltsak irekitzea baimentzea. Beasainen, Zega­man, Legazpin, Ormaiztegin... bosgarren edukiontziarekin, hondakinen %76 eta 89 artean birziklatzen da, Usurbilek Atez Atekoarekin lortzen duenaren antzera; Hernanikoak baino datu hobeak dira. Bilketa gastua 4 eta 5 aldiz txikiagoa da eta jasotako biohondakinaren kalitatea herri horietan %92 eta 99 artean dago. Atez Atekoa aldatu egin behar da, eta hernaniarrek erabaki egin ahal izango dute aldatu edo ez. Organikoa tratatzea ezinbestekoa dela uste dugu, eta konposta dela konponbidea, baina ez dugu sinesten herriaren erdian konpost etxolak jartzean. Apustu egiten dugu organikoa tratatzeko gune batera bidaltzearen alde, herri guztiei zerbitzua emateko eraikiko dena, eta hernaniar guztiei hondakin bilketaren gastua txikitzea eragingo diena.


Elkarbizitzaren alorrean, legegintzaldi hasieran sortu zen Bizikidetza Mahaia, baina azken hilabetean desadostasunak sortu izana kritikatu duzue. Horiek gainditu eta ildo horri jarraitzeko modurik ikusten duzu?

Apirileko Plenoan, EH Bilduk esan zigun haien «etsai» ginela. Elkarbizitzaren alde lanean aritu gara bost urtetan baino gehiagotan, eta horrekin dator orain. Zer egin daiteke horrela pentsatzen due­narekin? Gainera, uste dugu Hernanin EH Bildu ez dagoela prest ETAk gure herrian izandako eragina onartzeko, eta horrela, ezinezkoa da aurrera egitea. Edo autokritika modu argian egiteko gai gara, edo ez dugu aurrera egingo. EH Bilduk iraindu egin zituen EAJ-PNV eta oposizio osoa, eta gezurra esan zuen ETAk eta haren inguruak eragindako sufrimendua errekonozitzearen in­gu­ruan aurkeztu genuen mozioarekin erlazionatutako guztiari dagokionez. Bileretako aktekin erakutsi genuen. Hala ere, elkarbizitzaren aldeko lanean segiko dugu. EAJ-PNVrentzat elkarbizitza des­berdinen arteko konfidantzan oinarritu behar da, eta konfidantza hori be­rre­zar­tzeko, EH Bilduk publikoki esan behar luke hernaniar guztiei gezurra esan ziela mozioarekin lotutako guztiari dagokio­ne­an. 


Titularrak

1.    Andoni Amonarraiz Gomez.

2.    Jose Antonio Cuesta Sole.

3.    Maria Otaegui Velez.

4.    Blanca Alberro Aranzasti (Independiente).

5.    Felipe Etxe­berria Agirre­txe.

6.    Mikel Guru­tze­aga Zubillaga.

7.    Felix Etxe­berria Balerdi.

8.    Maria Jose Martinez Frade.

9.    Edurne Urkia Aldaregia (Independiente).

10.    Miriam Vazquez Vecino (Independiente).

11.    Isabel Zubillaga Huici.

12.    Jose Ramon Lasarte Elicegui.

13.    Genoveva Aguinaga Ortega (Independiente).

14.    Andoni Gortazar Peñil (Independiente).

15.    Maria Pilar Ugalde Aguirresarobe.

16.    Jose Antonio Rekondo Sanz (Independ.).

17.    Natalia Ugalde Aguirresarobe (Independ).

18.    Iñaki Arratibel Olaciregui (Independiente).

19.    Maria Concepcion Azkue Orayen.

20.    Domingo Gainza San Sebastian (Independiente).

21.    Silvana Bassetti Duranti.

Ordezkoak

1.    Aitor Eyheraguibel Bossert.

2.    Javier Sagastagoitia Monasterio.

3.    Ana Azpiazu Urrutia (Independiente).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!