Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Osteguna2019ko maiatzak 23

Hernani

2019/05/04, larunbata

Hernanin entzundako «herri bizitzaren musika eta hotsak», Jesus Mari Olano Fondoan bilduak

Joshean Olano, Jesus Mari Olanoren anaia, Joxan Goikoetxearekin, Olano familiak herriko artxiboa denen eskura jarri izanaren erakusgarri.
Joshean Olano, Jesus Mari Olanoren anaia, Joxan Goikoetxearekin, Olano familiak herriko artxiboa denen eskura jarri izanaren erakusgarri.

Ez Dok Amairuren sorrerako emanaldia, Gabriel Arestiren hitzaldi historikoa eta bestelako hainbat hots hernaniar digitalizatu eta herriari ematea da Jesus Mari Olano Fondoaren asmoa. Izura kultura elkarteak maiatzaren 12an aurkeztuko du, 13:00ean Udal Areto Nagusian.

Hernanin Entzuna diskoan 1999an argitaratutako doinuak «le­hendik grabatuta ez zeuden oi­narrizko doinuak» dira Her­na­nirentzat, Jo­xan Goikoetxea Maritxalar, Az­tar­na argitale­txe­ko sortzaile eta Izura kul­tu­ra elkarteko le­hen­da­kariaren esa­netan. «Bai­na aurreikusten ge­nu­en altxo­rra zabalagoa zela».

Altxor horren zati haundi bat, hain zuzen, iaz, maia­tza­ren 12an zendu zen Jesus Mari Olanok eman zion Goikoetxea­ri, eta horrexegatik, datorren maiatza­ren 12an Jesus Mari Ola­no Fon­doa aurkeztuko da Udal Areto Nagusian, 13:00ean egingo den ekitaldian. 

1960-70eko hamarkadetan Herna­nin antolatu ziren eus­ke­ra eta kul­turaren alorreko eki­tal­die­ta­ko soinu-erregistroek eta hain­bat dokumentaziok osa­tzen dute bilduma, eta or­du­bete inguru iraungo duen aur­kez­pen ho­ne­tan, zuzeneko mu­si­ka eta bil­dumako hainbat iru­di eta gra­baketa ere tartekatuko dira. Tartean daude Gabriel Ares­t­i edota Iñaki Beobidek Her­nanin emandako hitzaldien soinu-gra­bazi­o­ak, omenaldia egin zi­tzaiolako Xal­bador ber­tso­la­riak egindako saioarenak, Ez Dok Amai­ru­ren au­rre­neko emanaldikoak... 150 bat graba­zio ordu digitalizatu dituzte.


Ez Dok Amairuren soinu grabazioa, sortu aurrekoa

«Haren material asko nik dau­kat, lanean aritzen gine­la­ko. Jartzen ginen biok, entzuten genuen grabazioa eta esaten zidan zer zen gauza bakoitza. Datak ere ematen zizkidan». Horrela egin zuen topo Joxan Goikoetxeak Jesus Mari Olanok ondo zainduta zeukan altxo­rra­­rekin. 

«60-70eko hamarkadetan euskeraren alorrean susta­tu­ta­ko ekimenen dokumentazio eta soinu artxiboa zeukan gor­deta. Jesus Marik osaba­ren­tzat, Juan Olanorentzat egin zi­tuen gauza asko. Hasi zen de­na grabatzen. Baina de­na niri ematean, ez zekien oso ondo bobina bakoitzean zer zegoen, eta gauzak aurkitu ahala, guz­tiaz jabetu naiz pix­kanaka. Ez nekien hau dena. Garai hartan zerbait antolatzen zela Her­na­nin bai, baina en­tzun ahala konturatu naiz: Hau Ez Dok Amairu da! Beste hau, Benito Lertxundi, eta hu­ra, Xabier Lete! Joan nintzen Santa Bar­bara elkartera galde­tze­ra, eta hantxe zegoen Juan Olanok es­katutako baimena, Santa Bar­ba­raren izenean Her­na­niko Aitor antzokian Ja­ial­di Berezia antolatzekoa».

«Garai hartako baldintza eta debekuen gainetik egindako guztiek eredugarri eta gure kontzientziak pizteko balio behar lukete»

1966ko urtarrilaren 9an egin zen Jaialdi Berezi hartako programari begiratuta, lehen­dik ere bazuen ekitaldiko hain­bat atalen berri, Goikoetxeak. Adibidez, Ra­­mon Saizarbitoriak (Do­nos­tia, 1944), aur­kez­le la­netan ari­tuta, gazteei egin zien deiaren berri: «Gaz­te­ok, izan zai­tezte yeye edo nahi de­zutena, baina le­he­nen eta beti eus­kal­dunak». Ho­rrela, euskal kan­ta­gintza za­harra ahaztu gabe, Euskal Abes­ti Berriaren izen­bu­ru­pean egin­dako jaialdi haren hel­bu­ru­aren berri argitu zuen: eus­kal gazteriak erderaz kanta­tzen zuela-eta, hutsune hori be­tetzeko asmoa. Baina, era be­rean, programari begiratuta bak­arrik jakin ezin zitekeena jakin zuen  Goi­ko­e­txeak Ola­no­ren soinu-gra­ba­zioei esker; adibidez, progra­man agertu ez bazen ere,  Benito Lert­xundik ere parte hartu zuela. «Cliff Ri­charden kantua kantatzen du. Kantu era hori zegoen modan. Gero aldatu egin du kantaera, baina hasiera hori izan zen». Bes­­talde, Mikel Laboa entzu­tean, «hau baino grabazio zaha­rra­goak gutxi» izango direla azpimarratzen du Goikoe­txe­ak.

Altxorra, beraz, ez da no­la­nahi­koa, «Ez Dok Amairuren aurreneko grabazioa» baitago Olanoren Fondo honetan. Baina, horrez gain, Juan eta Jesus Mari Olano osaba-ilobek kantaldi, hitzaldi, antzerki-ikuskizun eta bestelako hainbat ekitaldi ere antolatu zituzten garai hartan, eta egindakoa ez zen nola­nahikoa izan. «Ez dut hori nik neurtu», dio Joxan Goikoetxeak; «entitate haun­di­ko jendeak eman dio garran­tzia». 


Goi-Alde antzerki taldearen bitartez, antzerki, hitzaldi eta kantaldien kultur-gurpila, Hernani

Eugenio Arocena Egimendia oiartzuarrak, hain zuzen, 2000 urteko Eus­kal Antzerki Topa­ke­ten harira Garbiel Aresti Se­gurola: euskal antzertian biola eta mai­lu­a­rekin liburuan ai­patzen du Olanotarren erre­fe­ren­­tziarik. 1969an Intxixu an­tzer­ki taldea sortu zuen Aro­cenak, oiar­tzu­a­rrez osatua, eta 1982 eta 1997 urteen artean Eus­ko Jaur­la­ri­tza­ren Antzerti pro­gra­maren zuzendari izan zen.  

Gaia gertutik ezagututa, beraz, liburuan aipatzen du Hernanik antzerkigintzan, eta oro har, euskal kulturgintzan zein garrantzia izan zuen, be­re­ziki, Olanotarren bultzadari esker: «50-60 hamarkadan To­losatik Hondarribiara, Za­rauz­tik Oiar­tzu­nera eta Lei­tza­tik Do­nos­tiara sortu zen kul­tur-gur­pi­laren ardatza Hernani izan zen, zirela an­tzer­ki ema­nal­diak, zi­rela hi­tzal­diak, kan­tal­­diak eta abar. 1966 urtean He­r­naniko Aitor an­tzokian kan­tu ema­nal­di bat eskaini zen eta emanaldi hau izan zen Ez Dok Amairu tal­de­aren so­rre­raren lehen urra­­tsa. Euskal kul­tur mugi­men­du guzti ho­nen ku­dea­tzailea Juanito Ola­no her­na­niarra izan zen bes­te adiskide batzuekin batera. Jua­nitoren akolitoa, bere iloba Je­sus Mari Olano izan zen». 

«Harribitxi moduan, Xalbador, Mattin eta Xanpunek egindako saioan, Tturko hernaniar gaztea goratzen dute bertsotan»

Era berean, liburu horretan Jesus Mari Olanori berari egindako elkarrizketa agertzen da, eta kontatzen du nola hasi zen Goi-Alde antzerki taldean, eta nola, horri esker ezagutu zuen Gabriel Aresti, eta nola ekarri zuten Hernanira hi­tzal­di bat ematera. Olanoren esa­ne­tan, Pello Sarriegi (Hernani, 1906-1968) Gerra Zibilaren au­rre­tik Hernanin arrakasta haun­dikoa izan zen Hernaniko Eusko Batzokia antzerki tal­de­aren bultzatizaleetakoa izan zen, eta 1960eko hamarkadan Juan Olano osabarengana jo zuen berriro ere antzerki talde bat sortzeko. Haren aholkuari jarraituz jarri zioten Goi-Alde izena, eta bertan antzezle aritu zen hasieratik Jesus Mari. Baina, «antzerkia izanik arda­tza, beste euskal ekintzetara zabaldu» izana aitortzen zuen Olano gazteak. Hain zuzen, «antzerki taldeekin harre­ma­nak estutzen» zebiltzala, Elo­rrion izandako batean, Gabriel Ares­ti ezagutu izana go­go­ratzen zuen, eta nola, ordutik haren hitzaldi guztietara ja­rrai­tu zion, 1967an Hernanira ekarri arte. Hura ere bere mag­ne­tofoiarekin grabatu zuen Jesus Mari Olanok, noski.


Gabriel Aresti, Xalbador eta Tturko, Artze edota Schola Cantorum

Antzerkirako zeukan zaleta­su­naz gain, musika eta hi­tzal­diak ere gertutik jarraitzen zi­tuen Olanok, osabarekin eki­tal­diak antolatuz eta grabatuz.

Gabriel Aresti 1967ko uz­tai­laren 29an ekarri zuten Udal Are­to Nagusira, Euskal litera­tu­rako izen poetikoak hi­tzaldia ema­tera. «Euskera batuaren in­guruko gatazkari buruz ari­tzen da», dio Goikoetxeak. «Hi­tzal­di his­torikoa da. Ares­tiren Euskal Herria poe­ma­rioak 50 urte bete zitueneko Eus­kal­tzain­diaren eki­­tal­dian Mikel Martinez ak­to­re­ak bertsio dramatizatua es­kai­ni zuen. Zinta di­gi­ta­lizatzea zai­la izan da. Beste al­dekoa sar­tzen da. Baina en­tzu­ten da Ra­mon Saizarbitoria ere, ekitaldia aur­kezten, eta ekitaldia sa­bo­te­a­tzera joan­da­ko jendea ere en­tzu­ten da». Je­sus Mari Olanok be­rak gogo­ra­tzen zuen ger­ta­tu­ta­koa, ai­pa­tutako liburuan: «Hi­tzal­di ho­ne­tan presente egon zi­ren PNVko zenbaitzuk eta baita ELADIOko kideak ere. Hau ELA sindikatutik kanpo gelditu zi­re­nen taldetxo bat besterik ez zen. Guzti hauen helburua izan zen Aresti españolistaz akusatzea. Alferrikakoa izan zen per­tso­naia hauen mal­tzur­keria, zeren hitzaldian entzule ginen her­na­nia­rren­tzat argi gelditu baitzen Ares­ti­ren zintzotasuna eta eus­kal­dun­tasuna».

Grabatutako hitzaldi gehia­go ere badira: Euskal­tzain­di­a­ko Patxi Altuna euskera ba­tua­ri buruz aritzera Ereñotzuko San Antonio elizara ekarri zu­te­nekoa, Iñaki Beobidek uda­le­tx­ean euskal antzerkiari buruz emandakoa, Joxan Artzek txa­lapartari buruz emandakoa...

Bestelako grabazioen arte­an, berriz, Xalbador bertso­la­ria omentzeko ekitaldikoa az­pi­ma­rratzen du Goikoetxeak; «harribitxia». 1967ko uztaila­ren 30ean Her­na­nin izan ziren Jose Mari Sa­trustegi, hitzaldia emateko, eta Xalbador, Mattin eta Xanpun ber­tsotan. «Gero, Santa Bar­ba­ra elkartean izan ziren baz­kaltzen, eta Her­na­niko ber­tso­larien liburuan (Ber­tsoaren haria Hernanin, 2014. Estitxu Eizagirre Kerejeta) agertzen ez bada ere, Ttur­ko­re­kin egiten dute topo, eta ber­tso­tan, Xal­ba­dorrek goratu egi­ten du Ttur­ko. Jarri nion gra­ba­zioa Ttur­kori, eta galdetu ni­on, ez ote zen gogoratzen, libu­rurako aipatu ez zuela eta!».

Musikaren atalean, berriz, aurrekoen artean, beste gra­ba­zio bat ere aipatzen du Goi­koe­txeak. Gabriel Olaizola Gaba­rai­nek (Hernani, 1891-1973) sor­tutako Schola Cantorum abes­batzak Francisco Escuderok (Zarautz, 1912-Donostia, 2002) konposatu berri zuen Illeta obra kantatu zuenekoa, Do­nos­­tiako Victoria Eugenian.


150 ordutk gorako soinu grabazioak eta gehiago, herritarren esku

Honekin guztiarekin, 1999an Aztarna argitaletxearekin Her­na­nin Entzuna izenpean aur­kez­tutako proiektuari tira­ka ja­rraitu nahi du Joxan Goi­ko­e­txeak. «Herri bizitzaren musi­ka eta hotsak daude hemen, baita hitzaren ar­txi­boa ere». 

Horren adibide da, hitzaldi, musika ekitaldi edo antzerki ikuskizunetako grabazioez gain aurkitutako bestelako soi­nu-erregistro mota bat: «Una carta sonora jartzen zuen. Familia ba­ten ahots gra­bazioak dira, bi­zi­lagunak Ka­nadara joan di­re­la-eta, hain­bat kontu grabatzen dituena haiei bidaltzeko. Lu­jan­bio­­ta­rren familia ager­tzen da ber­tan. Beraien ama eta Jesus Ma­riren aita anai-arrebak zi­ren, eta, beraz, eskura zuten, Ola­noren mag­ne­­tofoia. 1969 edo 70ekoa izan daitekeen igande goiz bateko grabazioa ere badago, txis­tularien diana entzuten dena». 

Guztia, edo gehientsuena, webgune batean eskura egon­go den artxibo batean bildu nahi luke Goikoetxeak. «Mu­sika, euskera, hitza, bertsoa, dan­tza, antzerkia irudia... Atal­­ka banatuta, Hernanirekin zerikusia duen guztia bildu nahi dugu. Beste atal batean, Juan Jose Iruretagoiena (Orio, 1919-Hernani, 1989) Fondoa ja­rri nahi genuke, adibidez, bes­te­ak bestek, musikarako le­he­nen­go metodoa, euskeraz, be­rak egin zuelako, Herna­nin». 

Eres­bi­le­kin, Euskaltzain­dia­rekin eta Foru Aldundia­re­kin ere jarri da ha­rremanetan, Fondoa bere oso­tasunean bil­tzeko modua­ren bila. Baina helburu na­gu­sia, hernaniarrei ematea da. «Hau da abia­pun­tua; hain­bes­te orduren on­doren, pentsa! De­na identifi­ka­tu, dokumen­ta­tu, behar den tokira eraman eta Hernanin ezagutarazi nahi dugu. Garai hartako baldintza eta debe­ku­en gainetik egindako guztiek ere­dugarri eta gure kontzien­tzi­ak pizteko balio behar lu­kete. Erreferentzia zen Herna­ni, baina, orain, kulturalki, galdu dugu hori. Non gaude? Iruditzen zait irakur­ke­ta hori ere egin behar dela. Gainon­tze­an, kariñoa da da­goe­na. Soinu-grabazioetan ager­­­tzen diren asko ezagutu di­­tut, haiekin lan egin dut, eta iru­di­tzen zait ezagutu behar dela jende hau. Badago chauvi­nis­mo pixka bat honetan denean, baina gu­re­tzat inportantea da! Honek bukatu behar du izaten datu-base haundi bat, eta Olano familiari eskerrak ema­teko modu bat». 


Olano osaba-ilobak, euskal kulturaren bultzatzaile nekaezinak

Juanito, osabak, euskal kultura eta kirola sustatu zituen Frankismo garaian, eta Jesus Mari, ilobak, lagundu zion guztia soinu-erregistroetan grabatzen eta lanari jarraipena ematen.
1918ko urtarrilaren 26an ja­ioa, Juanito Olano Garayar mallua herna­niarra herriko kultur, kirol eta bestelako jardueren bultza­tzaile haundia izan zen, gerra ondorenean.

Hernaniko Eskola Publi­ko­an ikasi zuen, Don Jose Gay Mur irakaslearekin, eta han­dik aterata, 1932an kon­ta­bi­li­ta­tea ikasi zuen. Gerra Zibi­le­an, 18 eta 22 urte artean zi­tue­ne­an, Ejertzitoaren Bulegoe­tan egotea egokitu zitzaion, eta hura bukatuta, «Jain­ko­a­re­kiko fede haundiarekin» itzu­li zela aipatzen du esko­lan haren kide izandako An­to­nio Idarreta Goñik, 1997ko Hernani aldizkarian argitara­tu­tako ar­ti­kuluan. «Haren beroaldiak bu­katu egin ziren, eta animo orekatuagoarekin itzuli zen. Asko hausnartzen zuen, kon­pon­bide desber­di­nen artean al­ternatiba baten al­de egin baino lehen. Jakin-min sozial haundia eta lasaia zuen. Bere usteei tinko eusten zien, baina gainontzekoen ideiak erres­petatzen zituen. Gi­zarte­a­rekiko eta eus­kal­du­na zen guztiarekiko interes haundia garatu zuen». 

Herriko hainbat ekimenen sustatzaile
1950eko hamarkadatik au­­rrera hainbat ekimen jarri zituen martxan, kirola, mu­sika, formazioa, kultura, ikus­kizunak eta euskal ohi­tu­rekin lotuak: Herriarteko Pe­lota Txapelketa sortu zuen; Mendi-Gain men­di taldea federatu zu­en; Inude eta Artzainen tal­dea osatu zuen; Musika Ban­dan parte hartu zuen; Coral Hernaniarra sortzeko la­gun­tza nahikoa lortu ez zuela eta, Pa­rrokiako Koroan parte har­tu zuen;  Karmelo Labaka pa­rro­koa­re­kin elkarlanean aritu zen eskola profesinal bat sor­tzeko; El Boletin aldizkaria sor­tu zuen, Hernaniko kirol gaiak eta bestelakoak lan­tzeko, luistarren bidez bana­tzen zena; Konpainia Artisti­koa antolatu zuen zarzuelak interpretatzeko...

Hori guztiaz gain, hainbat ekitaldi berezi ere antolatu zituen. Batzuk aipatzearren, nabarmendu daitezke 1966ko urtarrilaren 9an Aitor a­ntzo­ki­an egin zen Jaialdi Berezia,  Ez Dok Amairuren aurreneko emanaldia izan zena; edo 1967ko uztailean Gabriel Ares­tik udaletxean eman zuen hi­tzaldia, gerora historikotzat jo dena.

Osabaren pausuan jarraitzaile fina, Jesus Mari Olano iloba
Ekitaldi horien antola­ke­tan la­guntzaile fin izaten zuen or­durako Jesus Mari Olano Zu­biri, iloba. 1941eko otsailaren 15ean jaioa, Goi-Alde Herna­ni­ko antzerki tal­dea­ren sorre­ran ere osa­ba­rekin batera la­nerako prest azal­du zen iloba gaztea 1960eko hamarkadan, eta an­tzer­ki talde horretatik Do­nos­tian 1964an Iñaki Beo­bidek sortu eta ordutik zuzen­tzen zuen Jarrai antzerki tal­dera salto egin zuenean, garai har­tan euskal kultu­ra­ren al­deko lanean ari zen jende gehiago ezagutu zuen.

Horrela, 2016ko Hernani aldizkarirako Jon Odriozolak eta Joxan Goikoetxeak argita­ra­­tutako Garai berri baten hasiera artikuluan azaltzen de­naren arabera, Iñaki Beo­bidek «Jesus Marirengana (Olano) jo» zuen 1965 buka­e­ran, lehen aipatutako J­aial­di Berezi hura, 1966ko urtarrile­an egin zena, antolatzeko la­guntza bila. «Bere osaba, Juan Olano, San­ta Barbara elkar­te­ko presi­den­tea zen. Hantxe egiten genituen bilerak. Beti zeuden biak laguntzeko prest, guk, Hernaniko Aitor antzo­ki­an antzeztu genezan». 

Jaialdi hartan, ordea, ez zen Jarrai taldea izan, parte hartu zuen bakarra. Ordu­ra­ko, Jesus Mari Olanok magne­to­foiarekin grabatzen zituen hainbat ema­naldi eta bilkura, eta horietan entzuten da nola emanaldi hartan hartu zuten parte, baita ere, Josean Vi­lla­rrek, Mikel Laboak, Julen Le­ku­o­nak, Ke­men hirukoteak, Bi­u­rri­ak taldeak (Gurmendi anai-arrebek), edota ga­­raiko pro­grametan agertzen ez bada ere, baita Benito Ler­txundi gazteak ere, besteak beste.

Olanotarren ondarea, Juan Olano Fundazioan eta Jesus Mari Olano Fondoan bildua
Egindako lan hark guztiak erre­konozimendua eta jarrai­pena behar zuela jakitun, Juan Olano hil zenean (1972-05-13) Hernaniko Udalak Juan Olano Fundazio artistiko-kul­turala sortu zuen, Ignazio Iruin alkate zela. Hain zuzen, 1972ko ekainaren 6ko Plenoan aurkeztutako mozioa onartu­ta, azaroaren 22an egin zen Fundazioa sortzeko bilera, «herriko erakunde guztien parte-hartze masiboa eta adin eta pentsaera mota guztietako publiko jendetsuarekin bate­ra», aktan jasota agertzen denaren arabera. 

Gerora, 1978an Fundazioa desagertu egin bazen ere, martxan jarritako hainbat he­rri ekitaldi egiten dira gaur egun ere, herriko hainbat tal­deren gidaritzapean.

Jesus Mari Olano, iloba, berriz, pasa den urtean hil zen, 2018ko maiatzaren 12an. Baina lehendik makina bat aldiz elkartu izan zen Joxan Goi­koe­txea, Izura kultura elkarteko le­hendakariarekin, gutxi-go­ra­be­hera 1964tik 1972ra magne­to­fo­ia­rekin gra­ba­­tutako «mu­si­ka, hots eta hitzen artxiboa» haren eskura jarri eta entzuten zen guztia identifikatu ahal izateko. Artxibo hori guztia Jesus Mari Olano Fondoan biltzea da orain, asmoa. 

Jesus Mari Olano Fondoa 

Hernanin, 60 eta 70 hamarkadetan euskera eta kulturaren alorrean sustatu eta antolatutako hainbat ekitaldiren inguruko dokumentazioa eta soinu-erregistro nabarmenak gorde­tzen dituen fondoa. 
SOINU ERREGISTSROAK
150 ordu inguru, 1964tik 1972ra. Hainbat adibide:

Gabriel Aresti. 1967-07-29
Hitzaldia Udal Areto Nagusian: Euskal literaturako izen poetikoak.

Jose Mari Satrustegi, Xalbador, Mattin eta Xanpun. 1967-07-30
Hitzaldia eta omenaldia Xalbador bertsolariari Udal Areto Nagusian.

Iñaki Beobide. 1967-07-28
Hitzaldia Udal Areto Nagusian: Euskal antzerkiari buruz.

Patxi Altuna.
Hitzaldia Ereñotzuko elizan: Euskara batuari buruz.

Joxan Artze. 1967-07-26
Hitzaldia eta emanaldia Txalapartari buruz Udal Areto Nagusian.

Ez dok Amairu. 1966-01-09
Lehenengo emanaldia Aitor Antzokian. Benito Lertxundi, Biurriak, Kemen, Mikel Laboa, Julen Lekuona.

Euskal abestiaren jaialdia. 1968-05-19
Benito Lertxundi, Idoia Garmendia, Oskarbi, Biurriak, Estitxu. Aitor Antzokian.

Ez dok Amairu. 1972-10
Baga, Biga, Higa sentikaria Galarreta frontoian. Benito Lertxundi, Xabier Lete, Lurdes iriondo, Joxan Artze, Mikel Laboa.

Schola Cantorum.
Francisco Escuderoren Illeta obra Donostiako Victoria Eugenia Antzokian.

BESTELAKOAK
Argazkiak, artikuloak, eskutitzak, esku-programak, folletoak, antzerki-gidoiak...