Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Larunbata2019ko maiatzak 25

Hernani

2019/04/06, larunbata

«Lortu dut biolinarekin Neighb­or-en mundura, Maite Larbururen beste horretara, kantagintzara gerturatzea»

Nomada jarraitzen badu ere, Hernanin dago finkatuta orain, Maite Larburu.
Nomada jarraitzen badu ere, Hernanin dago finkatuta orain, Maite Larburu.

Ostegunean emango du kontzertua Maite Larburu hernaniarrak, 20:00etan Biterin, bakarkako aurreneko diskoa, ?Hezurren azpian?, aurkezteko. Aurreko bi lanak ?Neighbor? bikotean egin ditu. Salgai daude sarrerak.

Urak Urumea ibaian behera ko­rronteari jarraituz nola, horrela egin du Maite Larburu musikariak etxerako bidea ere. Josh Cheatham lagunarekin Neighbor bikotea osatu eta Ura patrikan eta Hau diskoak kaleratu ondoren, bakarkako au­rreneko lana sortu du orain: Hezurren azpian. Nomada izateari utzi ez badio ere, bueltako bidea egiten lagundu dio, eta etxeko eta berezko hainbat elementurekin «berriro topo» egiteko ere balio izan dio.

Hernani?n Musik zikloaren barruan, ostegunean, hilaren 11n emango du kontzertua Larburuk Biteri kultur etxean, 20:00etan. Salgai daude sarrerak, 7,5 euroan.


Bakarkako aurreneko diskoa duzu Hezurren azpian. Zer aldatu da aurrekoetatik?

Neighbor-en aurreneko diskoa Ams­terdamen sortu zen; he­men kaleratu zen zirkunstan­tziengatik, baina han sortu zen, (Josh Cheatham eta biok) bizilagunak ginelako. Bi­garren diska, erdi Amster­da­men, erdi hemen sortu zen, tran­tsi­zionala da diskoa. Eta Hezu­rren a­z­pian, hasieran uste nuen Neighbor-en hirugarrena izango zela, baina erabat he­men sortu da. Dagoeneko ez gara bizilagunak; fisikoki esan nahi dut, beti izango baikara. Dis­tan­tzia haunditu da bion artean. Bestalde, euskerarekin ere lotura haundia izan du disko honek he­men sortua delako, Harkaitz Canok ere hitz batzuk egin dituelako... Beraz, hemen sor­tu­tako diskoa da. Maite Lar­bu­ru jarri diot horregatik; Jo­she­kin distantzia gehiago edu­ki dudalako eta bueltako diskoa ere badelako. Neighbor lo­tu­ago dago hangoarekin, eta He­zu­rren azpian, hemengoarekin.


Sorkuntza prozesuan ere, izan da aldaketarik?

Aurreneko diskoa aurrez pen­tsatu gabea izan zen, sistemarik izan gabe gertatu zen. Kan­tuak sortzen nituen a capella, ahotsetik, bidaltzen nizkion Joshi eta berak gitarra hartzen zuen eta sartzen zion akonpainamendu  instrumentala. Bi­ga­rrenean aldatu egin zen prozesua, zuzenekoetan instrumentuak jotzen hasi nintzelako; orduan, kantuak sortzen zi­tzaizkidan instrumentu eta aho­tsetik, biak batera, eta Jo­shek sartzen zuen bere apain­garria. Eta hirugarrengoan, Josh ez da egon tartean. Ha­sierako kantu parea bidali niz­kion, oraindik pentsatzen nu­elako hirugarren diskoa izan­go zela. Baina prozesua sinplifikatzeko erabaki nuen bakarrik egitea, eta baita ere erronka sentitzen nuelako, jakiteko no­raino iristen nin­tzen bakarrik. Kontzertueta­rako ere, logisti­ko­ki, zailtasuna genuen; Josh behar nuen. Orain­goan pen­tsatu dut akaso dirurik ez ba­da­go bakarrik egin dezakedala, eta dirua badago, etor daiteke Josh. Baina Maite Larburu deituta lanari, askatasuna daukat.


Bakarka, betiko kidearen faltan, berdin atera dira kantuak?

Neregandik atera dira, lehen bezala. Joshen aportazioa ez da­go, baina Josh pila bat dago disko honetan ere, asko ikasi baitut beragandik. Gainera, diskoa entzun du, asko gustatu zaio, bere gitarrak erabili ditut grabatzeko...


Hau, bigarren diskoan, kantu asimetrikoagoak, herrenak egin nahi izan zenituen. Orain, zure tresnara, biolinera itzulita, bide horretan segi duzu, ala akademizismorako joera haundiagoa izan da?

Egon dira transformazio ezberdinak. Iruditzen zait Hezurren azpian dela Ura patrikan eta Hau-ren arteko zerbait. Kan­tuak herrenak ziren Hau-n; sa­ia­tu nintzen nere eskemak apur­tzen. Ahotsaren erabilerari dagokionez, adibidez, askoz erre­gistro agudoagoak erabili nitu­en, ahotsa deskubritzeko. Hezurren azpian-en aurkitu dut tarteko bide bat. Eta badago biolinarekin berriro topo egite bat. Asko kostatzen zi­tzaidan Neighbor eta nere biolin-jole lanbidea elkartzea. Neighbor izan zen hortik ihes egiteko modua, beste instrumentuak ikasi eta jo, akademizismoan erori gabe, gehiago pentsatu ga­be aritzeko, biolinarekin pauta pila bat baitauzkat barruan, utzi ezin ditudanak. Hezurren az­pian, alde horretatik izan da polita, biolinarekin lortu dudalako Neighb­or-en mundu horretara, Maite Lar­bururen beste mun­du horretara, kantagintzara gerturatzea.


Ekarri dizu etxearekin lotura berreskuratzea ere?

Inkontzientea izan da prozesua. Hau da bueltako diskoa, bueltan ekarri nauena. Bertako elementu asko oraindik nomadarenak dira, beste diskoetan ere badaudenak. Nere bizimodua oso nomada da, orain hemen eta orain beste leku batean nago. Hor daude horrelako elementu batzuk: maletak, distantziak... Baina bestetik, he­men­go elementuak ere badira: euskera bakarrik dago, ibaia azaltzen da elementu errepikakor bat bezala. Iru­di­tzen zait Hernanirekin harreman haundia daukala ibaiak, edo nik behintzat; ibaiak ekarri nau nolabait. Nagore Le­ga­rre­taren argazkiak ere hor dau­de. Dis-koa entzutean esan zidan ar­gazkiak egingo zizkidala ibaian, maletekin. Buel­tako elementuak daude. Ura patrikan han sortu zen. Hau izan zen haustura modukoa: urte askotan etxe komunitarioan bizi izan nin­tzen, 8 gi­nen, eta bat-batean hautsi egin zen, eta hortik sortu zen dis­koa, kili-kolo hango eta he­mengoaren artean. Hezurren azpian bueltako diskoa da.

«Kantatzen dudanean azentuak sortzeko errazagoa egiten zait nere hizkera erabiltzea»

Euskera aipatu duzula... Musika egiteko modua duzu etxeko euskera erabiltzea?

Hori ere nahiko inkontzientea da. Ura patrikaneko euskerazko kantuetan ere nere hizkera erabiltzen dut. Nerea edo hernaniarra edo etxekoa edo... Batua ez, behintzat! Horrela ateratzen zait. Kosta egiten zait batuan kantatzea. Beste batena balitz, agian joko nuke batura, baina nereak horrela ateratzen zaizkit. Inkontzien­tea izan da. Denborarekin ikusi dut euskalkietarako joera ere sortu duela Euskal Herrian batuak. Eta batua behar ge­nuen eta oraindik behar dugu, baina eman dio euskerari ofizialtasun eta seriotasun bat, euskalkiek ez daukatena. Niri horrela atera zait. Kantatzen dudanean azentuak sortzeko errazagoa egiten zait nere hizkera erabiltzea. Iruditzen zait ingelesez, adibidez, asko egiten dela. Ez dute erabiltzen Oxfrod edo Washingtongo ingeles ofiziala. Kaleko jergak erabiltzen dira. Euskeraz, zergatik ez?


Josh ez, baina izan dituzu hainbat kide lagun lan honetan ere; tartean, hernaniarrak. Nolatan?

Baneukan gogoa, eta diskoari Maite Larburu deitu diodanez, aukera eman dit hemengo jendearekin harremanak sortzeko. Neighbor proiektu martzianoa ere bazen; hemengoa naiz baina ez naiz hemen bizi, ez da­kit non bizi naizen ere, Joshek ez dauka honekin loturarik ni ez beste... Estra­tos­fe­rako pro­iek­tua zen, hemengo musika munduarekin lotura zailtzen zuena. Horregatik, baneukan beharra hemengo jendearekin gauzak egitekoa. Hor dago Harkaitz Cano, aspaldiko laguna. Aspaldian naiz bere fan, eta orain arte ez da suertatu aukerarik bion artean zerbait egiteko. Bidali izan dit zerbait, baina ez dut denborarik eduki diskoan sartzeko, eta orain gertatu da hemen egon naizelako. Aida Torres eta Be­ñat Iturrioz hernaniarrak, be­rriz, Nagore Lega­rretak aipatu zizkidan, argazkiak egiteko eskatu nionean, soinu banda bat egina baitzioten berari la­tak erabiliz. Ko­la­borazioak, de­ne­kin, oso po­litak izan dira. Car­los Taron­cher lehen ere ba­ze­goen, eta orain ere hemen dago.


Berezkoa duzun nomada ibilerak lana zabaltzen lagundu dezake. Hemen finkatzeak zailtasunak dakartza?

Neighbor egin genuenean ez genuen inolako asmorik. De­moa  grabatzeko asmoa izan ge­nuen, eta Ereñotzun grabatu genuen. Kontzertu guztiak he­men eman genituen. Amster­da­men gure auzoan ere jo ge­nuen, eta Japonian, baina bes­te gauza batzuen bitartez han ginela aprobetxatuta. Ez dugu eta ez dut lanik egin Neighbor kanpoan bultzatzeko. Maite Larburu eginda ere, berdin. Ez dut pentstau euskeraz egiteagatik edo dena delakoagatik kanpora ez dela aterako. Inge­le­sez eginda mugituko al zen ba? Gauza horietarako ez naiz abila. Gustatzen zait kreatibo izatea, gauzak sortzeko beharra senti­tzen dut eta hori egiten dut. Hortik kanpora, gauzak gertatu egiten zaizkit. Ez naiz fina nire burua promozionatzen, sare so­zialetan... Pentsatze hutsak bu­ruko mina jartzen dit.


Dena den, eman duzu kontzerturen bat dagoeneko. Nolakoa izan da harrera? Nola sentitu zara bakarka?

Gernikan eta Bergaran izan gara. Gernikako harrera oso ona izan zen. Publikoa oso irekia da, zoragarria da han jo­tzea; gertukoa da, hirugarren aldia baita han egon garela. Bergarakoa oso desberdina da. Askoz hotzagoa. Bestalde, oso di­ferente ikusten dut nire bu­rua. Carlosek jo zuen aurreko diskoan ere, eta, beraz, ohituta nago berarekin jotzera. Baina desberdintasun haundiena da Josh ez dagoela, eta neretzako beldurgarria da, orain arte bere babesa eduki baitut, eta orain ez daukat. Baina hori zen erron­ketako bat: gai izatea, bakarrik bada ere, egin ahal iza­teko, bidean ikastea. Eta Aida eta Beñatekin aritzea, adibidez, zoragarria da. Zoraga­rri­ak dira, gogoa daukate, eta opari ederra egin didate denbora eta gogoa eskainita. Ber­ga­ran laurok aritu ginen. Ger­ni­kan, Carlos eta biok. Hernanin laurok ariko gara.

«Kantagintzaren kontua jolas moduan sortu da, eta zorionez, ez daukat horretatik bizi beharrik»

Honek guztiak ez dauka zerikusirik zure formazioa eta lanbidearekin. Horrekin ere jarraitzen duzu?

Antzinako musikarekin aritzen naiz; klasikoaren barruko espezializazioa dela esan liteke. Zirkuitu moduko bat dago Europan antzinako musikaren inguruan; orkestra eta talde desberdinek ni kontratatzen naute haiekin (biolina) jotzeko. Horrela antolatzen dut agenda, eta beraz, indiferentea da non bizi naizen. Kantagintzaren kontua jolas moduan sortu da, eta zorionez, ez daukat horretatik bizi beharrik.?Hemen musikarien egoera oso prekarioa da. Denbora asko eskaintzen diot, ikaragarrizko lana baita, baina nire burua espresatzeko beste modu bat da. Nire ogibidea ere bai, eta asko maite dut. Dena den, kuriosoa da Euskal He­rrian arreta eman zaitela ho­nekin; inork ez daki kanpoan zer egiten dudan.


Prekarietatea nabaria da?

Holandan sozialki onartuagoa dago autonomo musikari izatea. Hemen prekarioagoa iru­di­­tzen zait sozialki, eta or­dain­tzeko momentuan beti delako ta­bu haundi bat. Kanpoan prezioa dago, galdetzen dizute eta hori da. Hemen askotan ez da galdetu ere egiten zenbat izango den, ez delako konsideratzen musikari baten lana lan; da hobby bat. Baina ez da ger­ta­tzen bakarrik musikagintzan; idazleak, ma­rraz­ki­la­ri­ak... artearen arlo guz­tiak nahik­o prekarioak dira.


Orduan, ez zara geratzeko bueltatu?

Beti bidaian nabil etengabe. Le­hen ere horrela bizi nintzen eta horrela bizi naiz. Hori ez da aldatu. Hemen nagoenean, ez daukadanez antzinako musikako kontzerturik, Maite Lar­bu­ru eta Neighbor izan dira hegazkina hartu beharrik gabe hemen kontzertuak emateko modu bat. Biterikora, oinez jo­an­go naiz! Etorkizunean be­rriz... Uste dut egindako lanaren ondorioz hain lur jota zaudenez, ezin dela jakin. Gus­ta­tuko litzaidakeena da musikagintzan jarraitzea; ariketa bat, ikasketa bat da neretzat kantuak sortzea.


Eta Hezurren azpian-etik zer espero duzu?

Bukatzea bera balentria modukoa da! Pozik nago horrekin. Hortik aurrera, kontzertuekin ari gara, eta polita da. En­tzu­le­ak hartzen duena zure ja­be­tzatik kanpo dago; ametsa li­tzateke entzuten duenak bere buruaren zerbait bertan aurki­tzea; ez nirea, baizik eta berea. Horrek esan nahi luke zerbaitek funtzionatu duela. Beste askok seguru asko ez, baina ez da ezer hasi eta ezta ezer bukatu ere, lan honetan. Prozesuan dago, bizitzan dena bezala!