Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Larunbata2019ko martxoak 23

Hernani
GAILURRA XTREME-perdido AINHITZE KALONJE

2018/01/27, larunbata

«Talde lanean aritzen, paper ona jokatu dut; ez nuen espero, baina horrek lagundu dit»

Ainhitze Kalonje arraunean segitzeko moduan itzuli da, Gailurra Xtremetik.
Ainhitze Kalonje arraunean segitzeko moduan itzuli da, Gailurra Xtremetik.

Pirinioak zeharkatzen dituen GR-11 bidean barrena, Irunen abiatu eta Monte Perdidoraino, 300 km egiteko erronkari egin behar diete aurre, ETB1ek ostegun gauetan botatzen duen Gailurra Xtreme-Perdido saioko 12 lehiakideek; tartean, Ainhitze Kalonje hernaniarrak.

Zortzi etapetatik bi egitea, behi­nik behin, lortu du Ainhi­tze Kalonje arraunlari hernaniarrak, ETB1eko Gailurra Xtreme-Perdido saioan: Irun­dik Etxa­la­rre­rako 35km-ak eta 1.451 me­troko desnibela, eta Etxa­lartik Sorogainerako 48,5km-ak, eta 2.300 metroko desnibela. Perdido­rai­no iritsiko ote den, saioz saio ikusi beharko da. Esperientzia gogorra izan den arren, etorkizu­ne­an itzuliko omen da paraje horietara, baina burua lurretik gehixeago altxata!

Lehiakideen artean gazteena. Nabari da? Edo adinak ez du zerikusirik sasoiarekin?
Adina ez da lehiakideen artean desberdintasuna markatzen duen faktorea. Bada bat, nire adinaren bikoitza daukana. Hor dagoena da, jende kirolaria, eta ez afizionatua, baizik eta orduak eskaintzen dizkiona. Desberdintasuna ez dago adinean, baizik eta egiten duzun kirol motan. Nire burua ikusten nuen okerrena!

Arraunak eta mendi lasterketek, zerikusi gutxi!  Nola prestatu zara, orduan?
Kastinga uztaila bukaeran egin nuen, arrauneko denbo­ral­di er­dia eginda. Baina saioan parte har­tuko nuela ja­kin nuen ha­mar bat egun le­he­nago. Arrau­ne­rako egindako prestaketa neu­kan, ez besterik. Azken egun horietan ibili nintzen mendian oinez zertxobait; Kontxa pasa eta aste horretan. Horixe izan nuen prestaketa. Hauspoz oso ondo nengoen, baina korrika ez gara askorik ibiltzen. Aurre­denboraldian pixka bat, baina bestela, apenas.

Lehengo asteko etapan zerorrek bota zenuen: «nork esan zidan hona etortzeko!?»
Ez nekien saioari buruz ezer. Arraun klubeko emailera iritsi zen mezua. Erronka bat proposatzen zuen, baina ez nekien planteamendua ere zein zen. Mendian, Monte Perdido­rai­noko etapak egin beharko zirela. Eta pentsatu nuen, mendian bada, gustora! Eta izena eman nuen. Gure artean zabaldu nuen me­zua baina ez zion inork kasu haundirik egin. Baten batek esan zidan nire estilokoa izan zitekeela saioa, eta ordurako kastinga egina neukan. Baina etxekoei bakarrik esan nien. Ez nuen gehiegi zabaldu nahi. Lagunek ere sorpresa hartu dute!

«Paraje ederrak dira, eta itzuliko naiz, baina lasaiago! Baina bigarren etapara ez! Gorrotoa hartu diot!»

Aurreneko etapak oso gogorrak egin zaizkizu. Ez zenuen horrelakorik espero?
Bilbora, produkziora joan ginenean galdetu zidaten, ea prest nengoela uste nuen. Eta nik, baietz. Baina gero, Honda­rri­bia­ra joan eta jendea ikusten hasi nintzen... Pentsatu nuen, hemen jendea prestatuta dator! Go­go­rra izan da fisikoki, eta psikologikoki. Prestakuntza haundiko jendeak hartu du parte, eta ni ez nago ohituta horrelako karrera luzeetara. Hasi zaitezke bizi-bizi eta topera jarri, eta gero, txakalaldia dator. Tele­bis­tan ordubeteko kontua dela ematen du, baina aurreneko egunean 5 ordu egin genituen, eta bigarrenean, 10-11 ordu. Burua ondo prestatuta eduki behar duzu, beherakada edozein momentutan sentitu baitezakezu. Ez nuen espero. Gainera, ahal denean, ahal den guztia egin behar da korrika. Eta bigarren etapan ikusi da medikuak esaten didana; kartilagoa ez da sendatzen, egunero okerrera egiten du...

Aurreneko taldeen banaketak ere eragiten du buruan? Erakutsi nahi izan zuten bazela talde indartsu bat, eta ahulena zen beste bat, nahiz eta gero, sorpresak izan...
Hasieran ez nuen espero. Ez genekien nola izango zen ezer. Baina saioan bertan esaten nuen, logikoa iruditzen zitzaidala: bat mendi lasterketetan ibil­tzen dena, bestea mendian, eta ni, arraunlaria. Kirolaria bai, baina bestelako prestakuntza bat daukana. Lo­gi­ko­ena zen, baina gero, saioko arduradunek ere galdera hori egiten dizute, eta pentsatzen duzu ahulena zarela. Hala ere, abiatu ginenean argi ge­neu­kan gure armak beste batzuk izango zirela. Tele­bis­tan ez zen ikusi, baina ba­tzuek walkie talkiea gal­du zuten, eta pentsatu ge­nu­en agian hortik penalizazioa iri­tsi zitekeela. Guk erabaki ge­nu­en gauzak ondo egitea, gure alde.

Dena ez da norberaren fisikoa. Talde lana da zure indargunea? Eta ahulgunea?
Beste taldeetan gertatutakoa ez dut ikusi, orain arte. Baina bai, gehienak kirol indibidualetakoak dira, eta nabari da. Hala ere, egokitu zaizkidan taldeetan, nahiz eta kirol indibidualetako jendea egon, jakin dugu taldean ari­tzen. Makalenaren erritmoan joan behar da, beti taldean eta elkartuta. Horrek ere eragiten du buruan. Ez dut uste lider izan naizenik inongo momentutan; beti lagundu di­da­te, ahulena nintzelako. Bai­na talde lanean aritzen, paper ona jokatu dut; ez nuen espero, baina lagundu dit. Gauzak bes­te ikuspuntu batekin, lasai eta ondo egiten asmatu dut. Dife­ren­tea da gure kirola, iraupen mo­tzekoa baita arrauna. Gu pres­ta­tzen gara 10-20 minututan gantxoarekin joateko. Bai­na hau oso iraupen luzekoa da, eta hor neukan galtzekoa; hor, eta hanketako muskuluetako minean!

«Makalenaren erritmora joan behar da, beti taldean eta elkartuta. Horrek ere eragiten du buruan»

Oraindik ere sufritzen ikusiko zaitugu, orduan?
Asko! Etxetik badirudi astebeteko deskantsua daukagula etapatik etapara, baina han, 6-7 ordu lo egin eta gora! Graba­zioek ere denbora hartzen dute. Aurreneko egunean bat gaizki ibili bazen, bigarrenean... Eta azkenean iristen da eguna, galdera egiten dela: gaurkoan, nor libratuko da? Nik sufritu dut, baina besteek ere bai!

Ikasitakotik ba al da ezer, arraunean aplikatzekoa?
Talde lana inportantea dela ba­nekien. Atera dudana da, lehiakortasun puntua. Eta ika­si dut bereizten karrerako denbora, eta ondorena. Karrera bu­katuta, ez ginen arerio. Arraunean ere saiatzen gara, eta esaten dugu uretan arerio eta lurrean lagun garela, baina askotan egoten dira pikeak. Horretan ikasi dut. 

Aurten trainerua Zumaiako neskekin ere osatu duzue. Elkarlan hori izango da giltza?
Iaz Tolosakoak genituen. Aur­ten trainerua atera dute, eta entrenatzaileek harremana zu­tenez, Zumaiakoekin osatu dugu Hernaniko trainerua. Horrelakoetan inportantea da elkarlana, noski, eta ikasi dugu ze garrantzia daukan elkar zaintzeak eta elkarrekin aritzeak. Bestela gauzak ez dira ateratzen! 

Denboraldia hasi behintzat, ondo egin duzue?
Hasiera polita eman diogu ba­telarekin. Baina oraindik lan asko dago egiteko! Eta orain neguan denak isilik egoten gara! Inork ez du ezer esaten, eta maiatzera arte ez da sumatzen, nola dabilen talde bakoitza. Ikusiko da!

Denboraldia bukatzean, berriro ere mendira joateko prest?
Paraje ederrak dira, eta itzuliko naiz, baina lasaiago! Baina bigarren etapara ez! Gorrotoa hartu diot! Tarteka hartzen genuen denbora, burua lurretik altxa eta gozatzeko, eta itzuliko naiz, seguru.