Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Larunbata2019ko martxoak 23

Hernani

2007/05/20, igandea

MARIAN BEITIALARRANGOITIA -EAE-ANVko zerrenda burua

Marian Beitialarrangoitia (Legazpi. 1968) da EAE-ANVko zerrenda burua udal hauteskundeetan. Hernaniko udalean Alderdi berria da EAE-ANV eta aspaldiko urteetan Hernanin bizi den legazpiarra ere hautagai berria da. Gobernatzeko helburuarekin aurkeztuko dira hauteskundeetara, Alkategaiak uste baitu zerrenda bozkatuena izango dela berena, ´ezker abertzalearen bueltan ibili den jende horren botoa eta harantzagoko hainbatena` jasoko dutelakoan baitago, ´gauzak beste modu batera egin nahi dituztenena`.


Zein helburu izango du EAE-ANVk datozen hauteskundeetan?
Gure abiapuntuko helburua da Euskal Herriaren baitan Hernani erreferente bat izatea, herri euskaldun modura, kultur sortzaile modura, gizarte solidarioa izango dena, garapen iraunkorraren alde egingo duena, oinarria herritarren bizi kalitatea izango duena eta horretarako zutabe herritarren parte hartzea izango duena. Parte hartze erreal baten alde egin nahi dugu, eta ikusi beharko dugu hori nola gauzatu, baina gure apustua da herria izan dadila herriaren etorkizuna erabakiko duena. Horretarako bi gauza oso garrantzitsu dira: bat, ondare publikoa, azken urte hauetan saltzeko bidea hartu duena, osatu eta hobetzea; eta bi, ondare horren jabego kolektiboa, alegia ez dadila interes elitista, partikular edo partidista batzuen mesedetan jestionatu, baizik eta herriak erabakitzen duen horren baitan.

Zuen alderdiko zerrenda batzuk legez kanpo utzi dituzte, eta gainerakoak legez kanpo uztearen inguruko ahotsak ere entzuten dira. Hernanin Ezker Abertzaleak legezko aukera bat izango du. Zer irakurketa egiten duzue?
Hernanin gauza asko ditugu jokoan eta Euskal Herri mailan ere bai. Batzuk bai eta besteak ez kontestu horretan, herri honi eta gehiengoa eskatzen ari denari ezetz esaten ari zaizkio, alegia, herri honek bizi duen auziak konponbide bat behar duela eta konponbidea denon artean bilatu behar dugula. Gure aukera da horri baietz esatea, instituzio demokratiko batzuei, gizartearen erabakitzeko eskubideari, prozesuari, eta ezkerrari.

Esaten dutenean: halakok eta halakok botoa ANVrentzat eskatu dute; zer beste aukera du ikuspegi ezkertiar eta abertzale batek herri honetan?
Noski ordezkatu nahi dugula ezker abertzalearen aldeko apustua egiten duen gizarte eremu hori, nork bestela? Beste aukerarik ba al dago? Zergatik batzuk bai zergatik batzuk ez joko horretan ez gara sartuko, hori gobernu espainiarrak eta hainbeste babesten duen EAJk jakingo dute, guk EAE-ANVren aldeko bozka eskatuko dugu Udalerako eta Batzar Nagusietarako.

Ezker Abertzaleko zerrendak izan dira bozkatuenak Hernanin Udal hauteskunde guztietan. Zuen helburua gobernatzea al da?
Bai, gure helburua gobernatzea da. Uste dugu ezker abertzalearen bueltan ibili den jende horren botoa erakarriko dugula eta espero dugu harantzagoko hainbat jenderen botoa ere baietz, gauzak beste modu batera egin nahi dituztenen botoa. Herri honek ez du behar betikoek aldaketak agintzea eta gauzak beti bezala egitea, behar du benetan gauzak beste era batera egitea. Gainera, ardatza izango denez herritarrok erabakitzea, hor kabida denok izango dugu eta gure ustez boto asko erakarri ditzakegu. Lehenengo indarra izateko itxaropenarekin ari gara lanean eta herriak dioena errespetatuko balute behingoz, gehiengoa eskuratzen duenak gobernatu beharko luke.

Gobernatzeko paktuetara iristeko prest al zaudete? Norekin? Ze kondiziotan?
Hasteko emaitzak itxaron behar dira. Irabaziz gero, edozein delarik ere gure gehiengoa, oso zabala izanda ere, guk besteekin elkarlana behar dugula ez dugu zalantzan jartzen eta herria denon artean egin behar dugula eta denon inplikazioa eskatzen duela ere ez dugu zalantzan jartzen. Horrek koalizioak ekarriko dituen edo ez dituen, hori ez dakigu, hori ez baitago gure esku bakarrik, besteen esku ere badago. Guk gauza bat bakarra dugu argi, maiatzaren 27a eta gero, beste alderdiekin hitz egiten dugunean, gure ardatza gure programa izango dela, gure ardatza gauzak egiteko dugun filosofia, asmoa eta gogoa izango dela.

2003-2007 legealdian Arau Subsidiarioen proiektua izan da Gobernuaren gai nagusietako bat eta Foru Aldundiak onartu faltan dago, behin betiko onarpenerako. Zer iritzi duzue? Datozen lau urteetan arau hauek garatzea izango al da hirigintza helburua?
Gu ez gaude batere ados arau subsidiario hauekin eta gure ahalegin guztia egingo dugu atzera botatzeko. Arrazoi nagusia da etxea teilatutik egin dela. Azken urteotan esan zaigu herri honek hazkundea behar duela. Gure galdera da ea nori galdetu dioten, eta noren desioei erantzunez erabaki duten hazkundea behar duela. Gure ustez lehenengo eztabaidatu egin behar da zer herri eredu nahi dugun, zer etorkizun nahi dugun herritarrok Hernanirentzat; horrek ekarriko luke hirigintza ikuspegitik zer arau subsidiario behar dituen Hernanik. Hernanik erabakiko du hazkundea behar duen, edo 18.000 biztanleko herri bat izanda gustura dagoen eta zer egin behar duen benetan ondo bizitzeko.

Etxebizitza arazoa da herritarrengan buruhauste asko sortzen dituenetako bat. Hernanirako zer proposamen egiten dituzue?
Proposamenak baditugu, bai berehalakoak eta bai denbora luzerakoak. Azken urteetako eraiki-eraiki-eraiki dinamikak erakutsi digu ez duela etxebizitzaren arazoa konpontzen. Gure ustez bi dira ardatzak: bat, etxebizitza parke publiko bat egitea, hirigintzako aprobetxamendua horretarako erabilita. Hau epe luzerakoa da eta etxebizitza beharrean dagoenari badakigu honek ez diola berehalako irtenbiderik ematen. Horregatik bigarren proposamena da orain eginda dagoenari, etxe hutsei eta lokalei, irtenbidea ematea. Ikusi beharko da hutsik dauden etxeak alokairuan jartzea nola lortzen dugun; lokalen inguruko ordenantza, berriz, ez dago ez ondo zehaztua eta ez onartua.

Arau Subsidiarioen proiektuak arazoari irtenbidea emango diola uste duzue?
Ezta inondik ere, ez baita oinarritzen aipatu berri ditugunetan.

Zaharren Egoitzaren zabaltzea martxan dagoen proiektua da. Zer gehiago aurreikusten duzue hirugarren adinari dagozkien zerbitzuei begira?
Martxan dagoen proiektua da, egin ez dutena, eta premiazkoa dena. Prebentzioaren bidea jorratu behar dela uste dugu, arazoei aurrea hartuz, eta lan sare bat sortzea ezinbestekoa da. Arazoa ez da adinduen arazo fisikoei bakarrik aurre egitea, psikologikoak hor daude, sozialak eta garapen pertsonalekoak. Adinduek adindu direlako ez dute gizarteko beren funtzioa bete, zer aportatu asko dute, hain zuzen ere bizi izan duten guztiagatik. Badaude gauza zehatz asko: itxaron zerrandak direla, etxez etxeko zerbitzuak direla... gure ustez egiten den politika ez da zuzena. Bonoen gaiarekin adibidez, oso kontra gaude: azpikontrataren azpikontrata iruditzeaz gain, kalitate minimoa ere ez duelako bermatzen. Lehentasunak beharko luke adinduek beren etxean bizitzeko aukera izatea; horretako etxeek egokitzapenak beharko lituzkete, eta lagunduko duen programa bat. Eta etxez etxeko zerbitzu bat ere behar da. Azkeneko pausoa beharko luke etxetik kanpora joateak.

Eta gainerako zerbitzu sozialei begira?

Gauza asko daude eta gure lehentasuna da egoerarik larriena bizi dutenei laguntza ematea: adinduak direla, pobrezian bizi direnak, inmigrazioa, emakumeak, gazteak... kolektibo asko daude laguntza sozialen beharra dutenak.

Gazte batzuek gune bat eta autogestioa eskatu dute eta lehengo udal jangela okupatua daukate kiroldegian. Zer iritzi du EAE-ANVk honen gainean?
Guk uste dugu gazteek politika integral bat eskatzen dutela eta Udalean orain arte gazteentzako gaiak arlo desberdinetan sakabanatuta egon dira eta ez zaie erantzun integral bat eman. Hori da lehendabizikoa, gazte batzorde bat sortu beharko da eta gazteen problematika bere osotasunean hartu. Gazteen parte hartzearekin noski. Eta erantzun horretan, autogestiorako guneak behar dituztela uste dugu.

Geroz eta arreta eta errekurtso gehiago eskatzen dituen gaietako bat inmigrazioarena da. Nola ikusten duzue gai hori?
Gai garrantzitsua eta zaila da, inmigrazioak bizi duen egoera dela-eta: batzuk paperekin, besteak paperik gabe, erroldatzeko beldur... gure ustez herri hau da bertan bizitzea erabaki dutenena eta hor kanpotik etorriak ere sartzen dira. Aztertu beharko dugu berekin harreman zuzena izanez, beraiek beste edozein herritarrek dituen eskubide berak izatera iristea, Udalaren esku dauden mailan behintzat. Badakigu edozein herritarrek dituen arazoak biderkatu egiten zaizkiela beraiei eta azterketa sakona eskatzen duen gaia da.

SagardoGunea eta Chillida Leku turismoa erakartzeko zutabeetako bi dira. Udalak sustatzaile izan behar du proiektu horietan? Ze mailatan?
Turismoan dena dago egiteko eta egia da sagardoa eta Chillida Leku ardatz nagusi direla, baina egia da baita ere Urumea bailara guztia, natur ondare guztia, Kaxkoa... hori guzti hori ere tartean sartzen dela. Baliabideak jarri beharko dira potentzialitate horri guztiari irtenbidea emateko, baina eskualde mailan zer egiten den ere begiratu beharko dugu: Hernani, Astigarraga edo Usurbilen sagardoaren inguruko antzeko hiru proiektu daude, eta indarrak neurtu egin behar dira. Hala ere, guk uste dugu Hernani hernaniarrentzat egin behar dugula, eta bide batez turistak ekartzen badizkigu, oso ondo.

Udalak badu euskera plan bat. Datuek diotenez, ordea, neurri haundi batean gazteleraz funtzionatzen du Udalak eta itzulpen zerbitzuari esker euskeratzen da lan hori guztia. Zer iritzi duzu?
Guretzat zerrendako kide izateko nahita nahiezko izan da euskaldun izatea, batipat guk gure taldean euskeraz lan egin nahi dugulako. Gure nahia da hori Udalean kutsatzea, beraz Udal funtzionamendua euskeraz izatea, eta herriari ere kutsatzea. Guk euskeraren alorrean ardatz nagusiak jarri ditugu normalkuntzaren alde, euskera erabilera bultzatzearen alde eta euskeraren aldeko herriko borroka aktibatzearen alde. Parte hartzea alderdi gehienen ahotan dabilen hitza da. Zuen programaren ardatza dela diozue. Gure ustez, alderdi guztiek ahotan parte hartzea ibiltzearen meritua ez da gurea, baina bai ezker abertzaleak izan dituen ordezkariena. Baina gaur egun gehiago eskatzen du herriak, eta azken lau urte hauetan izan diren adibideen kontrakoa. Guretzat parte hartzea ez da modua badela esan eta hain informazio eskuraezina, zaila eta teknikoa eskaintzea (parte hartzea ezinezko bilakatzen du honek) edota udal ordezkariak txalotzeko prozedura hutsa izatea. Guk ez daukagu formula erabat zehaztua, baina argi dugu parte hartzeak eskatuko duela arauak, erabaki ahalmenak, moduak... hori guztia oso ondo definitzea.

Beste zer azpimarratu nahiko zenuke?
Insistitu nahi nuke parte hartzearen garrantzian. Guk gauza asko ez ditugu aurretik definituta eraman nahi, ikusten ditugu ildo batzuk eta lana nondik egin behar den, eta nahi ditugu elkarlanean zehaztu.

Hernaniko zenbait gairi buruz galdezka

Kiroldegiko instalazioen egoera
´EAEk ez du promesa haundirik egingo, gauzagarriak direnak egin behar dira. Badugu adibide bat, Mendi Mendiyaneko ur parkea, izugarrizko proiektu bezala saldu dena eta hainbatek herrian oso gustora hartu duena. Baina atzean ezkutuan duena da gastu ikaragarria mantenimenduan, eta zenbateraino jartzen duen arriskuan eguneroko gure beharrak asetzeko Udalak egin beharrekoa. Kiroldegiak erreformak behar ditu, baina dirua beste zerbaitetan erabili da. Gehienez ere, 4 hilabeteko aprobetxamendua izango duen instalazio bati eman diote lehentasuna, 12 hilabetean jende askok erabiltzen duen baten kaltean. Ez dira gutxietsi behar kiroldegiak eskaintzen dituen zerbitzuak, baina egia da batzuk saturatuak daudela, bereziki igerilekua. Kirol esparruan dabiltzanekin aztertu beharko da gaia eta 4 urtean galdutako konfidantza berreskuratu `.

300 lagun baino gehiago hartuko dituen kultur aretorik eza
´Aztertu behar da nolako kultur politika nahi dugun: alegia, ikuskizun hutsekoa edo sortzailea izango dena. Kultur mugimenduarekin egin beharreko eztabaida da eta guztion artean erabaki beharko dugu politika horrek zer bitarteko behar dituen eta litekeena da areto berriak eta azpiegitura berriak izatea emaitza. Guk ez dugu esango egingo direnik, esaten dugu aztertuko direla. Denok dakigu Udal batek zer bitarteko dituen eta guk ez ditugu obra faraonikoak egingo, edo beteko ez diren promesak, eguneroko beharrak astetzeko behar ditugun bitartekoei kenduta. Osagarriak diren neurrian eta posible diren neurrian herri honen aldeko azpiegitura guztiak egingo ditugu`.

Herriko trafikoa eta aparkalekuak
´Gune integralak sortu behar dira, luzera begira hainbeste mugitu beharrik ez izateko, eta motzera begira erdi aldeko trafiko eta aparkamendu arazoa konpondu behar da. Oinarria garraio publikoa da bai herri barruan eta baita beste herri eta auzoekiko ere. Oinezkoen eta bizikletaren aldeko esparruak ere bai, ez baitaude nahikoa garatuta`.

Garraio publikoak
´Garraio publikoak eskuragarria behar du. Bonobusa saldu digute, baina gaur egun dirutza gastatu behar du maiz erabili behar duenak. Eman direnak baino pauso ausartagoak eman behar dira. Lasarterako lotura eta auzoetarakoa aztertu behar dira... garapen iraunkorrarekin lotua dagoen herri batean klabea da garraio publikoa, hondakinen gaia klabea den bezala`.

Auzoetako urbanizazioak
´Guk kanpainan auzoz-auzo ibiltzeko asmoa dugu, hainbat auzotan bide eman baitigute gure proposamena aurkezteko, baina horretara bakarrik ez goaz, entzutera ere bagoaz. Gu ez gaude Udalean eta azken 4 urteotan egindako zenbait gauza badakizkigu, baina beste asko ez. Badakigu proiektuak badaudela urbanizazioen inguruan, baina nahi dugu auzotarrek berek esatea. Gure lehentasuna auzoetan da urbanizazio behar larrienei aurre egitea`.

Baserriaren egoera, eta horrekin lotuta, mendi eta ingurumenaren egoera
´Uste dugu baldintza sozialak sortu behar direla nekazarien ekonomia mantentzeko: hezkuntzan baserritarren lanaren garrantzia azpimarratu edo bertako produktuak kontsumitzearen aldeko kanpainak egitea adibidez. Horrez gain, Udalak lur guztia industriarako kalifikatu beharrean, nekazaritzakoak babesteko neurriak hartu beharko lituzke. Denak ezin du kriterio ekonomikoa izan. Neurri zehatz gehiago ere badaude: Behemendirekin elkarlana, baserritik bizi direnentzat babes neurriak, lur publikoak abeltzantzarako egokitu... eta neurri berean, mendi eta basoen defentsan ere lan egin behar da`.

Arrisku haundiko enpresak.
´Gu ez gaude dagoen industria herritik botatzearen alde, baina argi daukagu jarraipen eta kontrol zehatza eskatzen dutela`.