Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Larunbata2019ko martxoak 23

Hernani

2007/05/19, larunbata

MARIA LUZ ANGLADA - PP-ko zerrenda burua

Maria Luz Anglada (Donostia. 1955) da PPko zerrenda burua. Legealdi honetan Lezoko Udaleko zinegotzi izan da eta Hernanin Pedro Gandasegiren ordez sartuko da zerrenda buru. Orain Udalean dituzten 2 zinegotziak mantentzeaz gain, ordezkaritza haundiagoa ere lortzeko helburua du Alderdi Popularrak, Anglada beraren hitzetan. Hernani ´krispazio gabeko ingurua` izateko lan egingo dutela azpimarratu du eta ´garapen hobearen eta herritarren ongizatearen alde` ariko direla.


Ze helburu ditu PPk datorren legealdirako?
Alderdi Popularraren helburua da Hernani krispazio gabeko ingurua izateko lanean jarraitzea, elkarbizitza gune izateko lan egitea, eta herriaren garapen hobearen eta herritarren ongizatearen alde lan egitea.

Gaur egun 2 ordezkari ditu PPk Hernaniko Udalean. Datorren legealdirako zer helburu jartzen duzue?
Gure helburuak ez dira oraingo 2 zinegotziak mantentzea bakarrik, hernaniarren babesa eta gure ordezkaritza haunditzeko aspirazioa dugu.

Alderdi Popularrak aurkeztu dituen zerrendetatik asko herritik kanpora bizi diren ordezkariz osatuak dira. Udal gestiorako arazo bat izan al liteke hori?
Argi dago gainerako alderdiekin berdintasunean biziko bagina, mehatxatuak izan gabe eta jarraipen politiko eta fisikorik jasan gabe, herritarrez osaturiko ordezkaritza izango genukeela Udaletan. Tamalez, gaur egungo egoeran hau ezinezkoa da. Baina esperientziak erakusten du, hemen Hernanin eta beste udalerri askotan, horrek ez duela inongo zailtasunik sortzen.

Zure hautagaitza aurkezpenean, azpimarratu zenuen indarrak elkarbizitzaren alde jarriko zenituela. Nola egin liteke lan elkarbizitzaren alde Hernani bezalako herri batean?
Alderdi Popularrak legealdi honetan Hernanin izan duen ordezkaria horren adibide ezin hobea izan da. Nik bide beretik jarraitzeko asmoa dut.

Ezker Abertzaleko EAE-ANV alderdia hauteskundeetan izango da. Alderdi Popularra oso kritiko azaldu izan da horrekin.
Alderdi Popularrak nahi duena da ETA-Batasuna egitura instituzio demokratiko batzuetan ez egotea, daramakien izen edo mozorroa edozein dela ere.

PP prest egongo litzateke alderdiren batekin paktatzeko? Zein alderdirekin eta zein baldintzetan?
Herritarrek beren aukera oraindik azaldu ez dutenean paktuetaz hitz egitea prezipitatua iruditzen zait eta errespetu faltakoa. Maiatzaren 27a pasako da eta orduan izango da aztertzeko garaia.

Etxebizitza arazoa da herritarrengan buruhauste asko sortzen dituenetako bat. Hernanirako zer proposamen egiten dituzue?
PP-k planteatzen du Udalak lurzoru publiko gehiago erostea, eta babes ofizialeko etxebizitza gehiago egitea. Eta babestutako etxe hauek alokairukoak izatearen aldeko apustua egiten dugu, gazteen beharretara ondoen egokitzen dena baita.

Arau Subsidiarioen proiektuak arazoari irtenbidea emango diola uste duzue?
Onarpen fasean dauden Arau Subsidiarioak ez dira Fierabrásen ukendua, dena sendatzen duen izaera magikoa duena, baina arazoari aurre egiteko aukeran dauden guztietan biderik onena da.

Zaharren Egoitzaren zabaltzea martxan dagoen proiektua da. Zer gehiago aurreikusten du PP-k hirugarren adinari dagozkien zerbitzuei begira?
Itxaron zerrendak desagertzeko ahalegin bat egitea beharrezkoa izango da. Bestalde, apartamendu tutelatuak sustatzea alor honetan eraginkorra izan den neurri bat dela uste dugu.

Eta gainerako zerbitzu sozialei begira?
Zerbitzu sozialen alorrean gestio eraginkorra aurrera eramateko eskumena duten administrazioekin elkarlana ezinbestekoa da: Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin. Jokaera protokoloak exigitu behar dira eta diru laguntzak, erantzunak azkar emateko, iritsi berri diren etorkinen asistentziari eta pobreziak eta dependentziak erasandako kolektiboei.

Gazte batzuek gune bat eta autogestioa eskatu dute eta lehengo Udal jangela okupatua daukate kiroldegian. Zer iritzi du PPk honen gainean?
Indar jarrerak, eta kasu hau hala da, ez dute inongo konponbidetara iristeko balio. Aldeen arteko akordio batera iristeko elkarrizketa beharrezkoa izango da, baina horretako ez da ez bidea eta ez konponbidea, Udal eraikin bat okupatzea.

Geroz eta arreta eta errekurtso gehiago eskatzen dituen gaietako bat inmigrazioarena da. Nola ikusten duzue gai hori?
Inmigrazioaren gaian demagogia gehiegi dago eta errealismo gutxiegi. Errekurtso gehiago behar izatea normala da, baina falta direna sakoneko azterketak dira, ondorioen eta sortzen dituen auzien inguruan. Benetan garrantzitsua gaiari errealismotik heltzea da, horrela zailtasunak sortu beharrean, garapen aukera berriak zabaltzeko.

SagardoGunea eta Chillida Leku turismoa erakartzeko zutabeetako bi dira. Udalak sustatzaile izan behar du proiektu horietan? Ze mailatan?
Hernaniko turismoari heldu diezaioketen bi aingura dira, eta Hernaniko udalak biak sustatu behar dituela uste dut.

Udalak badu euskera plan bat. Datuek diotenez, ordea, neurri haundi batean gazteleraz funtzionatzen du Udalak eta itzulpen zerbitzuari esker euskaratzen da lan hau guztia. Zer iritzi duzu?
Euskeraren erabilera bultzatzeko planen arazoa da erabilera kuotak jartzera mugatzen direla, guztia estatistika hutsa balitz bezala. Eta emaitzak direnak dira. Gu euskera bultzatzeko planen aldekoak gara, baina positiboan. Aztertu eta ikastea erraztuz ikasi nahi dutenei. Jendea erabiltzera animatzea, askatasunez hartutako erabaki bat izanda. Gauza bat dira hitz egitera animatzeko jendeari zuzendutako kanpainak, eta beste bat oso desberdina, orain arte egin dena, beharrak, kuotak eta portzentajeak jartzea. Eta batez ere, inork ez du baztertua izan behar erabiltzen duen hizkuntzaren arabera.

Beste zer azpimarratu nahiko zenuke?
Alderdi Popularrak pertsonak oinarri dituen proiektu bat aurkezten du. Askatasun indibiduala defendatzen du eta bizilagunen ongizatea eta udalerriaren garapenaren aldeko lana. Hernani guztientzat leku erosoa izatea nahi dugu. Bizitzeko leku atsegin bat, krispaziorik gabea, beldurrik gabe espresatzeko askatasuna emango duena.

Hernaniko zenbait gairi buruz galdezka

Kiroldegiko instalazioen egoera
´Uste dut denbora asko baino lehen kiroldegia lekuz aldatu beharko litzatekeela.`.


300 lagun baino gehiago hartuko dituen kultur aretorik eza
´Uste dut azkar konpondu beharreko gabezia bat dela. Baina ondo aztertutako proiektu bat beharko du oinarri, eta herriko benetako beharrak zeintzuk diren jakin. `.
Herriko trafikoa eta aparkalekuak

Garraio publikoak


arrisku haundiko enpresak.

´Onartu beharra dago oraingo Udal korporazioak benetako bultzada eman diela lau gai horiei. Hala ere, hautestontzietatik ateratzen den Udal berriak landu beharko dituen bete gabeko asignaturak dira`.