Bizikleta elektronikoak, Mugikortasun Astea hasteko

Kronika - Erredakzioa 2019ko ira. 18a, 02:00

Mugikortasunaren Eu­ro­pa­ko Astearekin bat eginez, Asti­ga­rraga eta Her­na­ni­ko Udalek eta herriko elkarteek hainbat ekin­tza antolatu dituzte, mu­gi­kortasun jasangarria praktikan jartzeko.

Hernanin ostiralerako an­to­latu dira aurreneko ekin­tzak, baina Astigarragan, gaur hasiko dira. Ingurumen Sai­lak sustatuta, Ibili gurekin le­lo­arekin, helburua da «mugi­tzeko era jasangarri eta osasuntsuak indartzea».


Bizikletak, gimnasia, patinak eta ibilaldia, Astigarragan

Mugikortasun Astearen bueltan antolatutako ekintzei ha­siera emango diena Astiga­rraga izango da. Gaur bertan, bizikleta elektronikoak probatzeko aukera izango da, 15:00etatik 18:00etara Joseba Barandiaran plazan, eta gero, 18:30etan, txokolatada izango da, bizkotxoekin.

Bihar jarraituko dute, Jo­se­ba Barandiaran plazan goizeko 11:00e­tatik 12:00etara egingo den gimnasia saio irekiarekin. 

Ostiralean, berriz, Martu­te­­nera ibilaldia egingo da bi­de­gorrian zehar, eta bueltakoan pikoteoa izango da udale­txean. Hitzordua 11:00etan jarri dute, Joseba Barandiaran plazan.

Bukatzeko, larunbatean pa­tinetan egingo da buelta he­rrian zehar, Joseba Baran­dia­ran plazatik abiatuta, eta gero jolasak izango dira aukeran, frontoian. Guztia, 11:00etatik 13:00etarako tartean egingo da. Patinetan ibiltzeko kaskoa eta babesak eraman beharko dira.


Koxka elkartearen ginkana etzi, Hernanin hasteko

Hernanin hiru egun hartuko ditu Mugikortasun Asteak, ostiralean hasita. Urtero bezala, kirol egokituen ginkana egin­go da, 17:30etatik 19:30e­tara, Atsegindegin. Besteen lekuan jartzeko asmoz antolatzen dute ginkana Ke­menek, Hernadesek, AGIk eta AGAEB­ek, Hernaniko Koxka Elkar­tearen laguntzaz.

Astearekin jarraitzeko, eta Karabel auzoko jaiekin bat eginez, patin festa egingo da larunbatean. Aurreneko hi­tzordua 10:00etan jarri da Ka­rabelen, eta 10:30etan abiatuko da ibilaldia Landare, Zu­bi­on­do, Ibaiondo, Akarregi eta Por­tun barrena, Karabelen bukatzeko. Gero, 11:30etan ginkana egingo da, eta 12:30etan erakustaldia egingo dute patinatzaile trebatu eta txapeldunek. Bukatzeko, hamaiketakoa emango zaie parte-hartzaile guztiei, 13:00ean.

Azkenik, igandean XIII. Bi­zi­kleta Festa egingo da, JOCC Zikuñakok ikastetxeekin el­karlanean antolatuta. Au­rre­na, ibilaldia egingo da 09:30e­tatik 12:00etara. Plaza Berrin hasi eta bukatuko da, Zin­ko­e­nea, Zubia, Karabel, Landare, Etxeberri, Sagas­tial­de eta Ur­bieta pasata. Era be­rean, Atse­gindegin bide heziketa zirkuitua egin ahal izango da 09:30etatik 12:00etara. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!