Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Igandea2019ko iralak 15

Hernani

2019/09/11, asteazkena

Jabetze Eskolei hasiera emateko Bihotxen kontzertua, Leokan

Bihotx taldeak txalaparta erabiltzen du kontzertuetan.
Bihotx taldeak txalaparta erabiltzen du kontzertuetan.

Ostiralean ekingo zaio emanaldiari, 22:00etan, eta euria eginez gero astebete atzeratuko litzateke hirukote hernaniarraren musika saioa.

Jabetze Eskolak ere martxan jarriko dira eta hasteko, urtero legez, kontzertu bat antolatu da ostiralean 22:00etatik aurrera. Emakumeentzako Jabetze Eskolei hasiera emateko, antzina emakumeen topaleku, lanleku eta hizketa-txoko izan zen espazioan bertan eman nahi zaie berriro ere protagonismoa emakumeei, Leokako labaderoan. 

Txoko hori emakumeen­tza­­ko berreskuratuta, urteetan haiek egindako lan ikusezina omentzeko aukera baliatu nahi dute.

Aurtengoan hernaniarrez osatutako hirukote bat izango da protagonista, Bihotx: Gema Ines Murillo, Lara Mitxelena Mar­­tín eta Ixiar Jauregi Loiar­tek osaturikoa. 


Txalaparta soinuak

Euretariko bakoitzak mu­si­kan ibilbide desberdina izan badu ere, hiruek musikarekiko zaletasuna konpar­titzen du­te. Txalaparta izango da emanaldi honetako protagonista na­gusia. Euskal Herriko musikaren oinarri den tresna honek, den­boran zehar izan duen ga­rapena azaltzea du helburu ema­naldiak. Beste instru­men­tu, dantza eta kantuekin uz­tar­tuz, umorea ardatz, gozotasun momentuak biziaraziko dizkiete hurbildutakoei.


Portu eta Elizatxora doan bidea moztuta bi orduz

Kontzertuak irauten duen bitar­tean Portu eta Elizatxora doan errepidea moztuta egongo da, gaueko 21:45etatik 23:30ak arte (kontzertua bukatu arte).

Euria eginez gero, hurrengo ostiralera arte, irailaren 20ra arte, atzeratuko da.

Jabetze Eskolen udazkeneko tailerrak, eskaladarekin hasi dira, eta urrian, azaroan eta abenduan jarraituko dute egitarau zabalarekin. Plaza feministan, 943 33 70 17 telefono zenbakian edo berdintasuna@berdintasuna.eus helbidean eman daiteke izena.