Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Ostirala2019ko iralak 20

Hernani

2019/06/12, asteazkena

«Beti bezain anitza eta aberatsa», aurtengo San Joan jaietako menua

Jaien antolakuntzan parte hartu duten taldeetako eta Udaleko ordezkariak, aurtengo kartela atzean dutela.
Jaien antolakuntzan parte hartu duten taldeetako eta Udaleko ordezkariak, aurtengo kartela atzean dutela.

Ostiraleko Preludio Txikiak eta larunbateko Preludioak egingo diete ongietorria, aurtengo San Joan jaiei. Atzo aurkeztu zuten festetako egitaraua, eta Ozenki abesbatzak botako du txupinazoa.

Bost eguneko festa, «beti be­zain anitza eta aberatsa» izan­go den egitarauarekin. Horrela aurkeztu zituen San Joan jaiak atzo, Koro Etxeberria kultura zinegotziak. Eta aditzera eman zuen, Ozenki abesbatza izango dela aurtengo omendua, jaiei hasiera emango diena, bere 25garren urteurrenean: «giro po­lita daukagu taldean», na­bar­mendu zuen Imanol Kamiok, «eta horregatik jarraitzen du­gu. Ez genuen halakorik es­pe­ro, baina oso pozik hartu dugu albistea», eskertu zuen.

Txupinazoaren aurretik, de­na den, bi Prelu­dioek egingo die­te ongietorria jaiei, egun haue­tan. Etzi izan­go da Pre­lu­dio Txikia, 19:00etan Atsegin­de­­gin, Hernani eta Kantuz mu­sika eskoletako ikasleekin, Inmaku­la­da, Lan­gi­le, Urumea eta Eli­za­txo eskole­ta­koekin, eta Ttar­la­ko dantzariekin. 

Preludio nagusia, berriz, la­runbat gauean izango da, Pla­zan, 22:30etan. Eta aur­ten, Alboka folk taldea izan­go da gon­bidatu berezia, bere 25ga­rren urtebetetzean: «beti bizitu dugu preludioa, eta oso esker­tuta gaude, aurten jotzeko au­kera izanda. Lau doinu eskai­ni­ko ditugu, eta bereziena da aurrenekoa, Fusi­la­tu zi­tuz­te­nei. Zoritxarrez, Allan Gri­ffinek ezingo du gurekin egon, eta Iker Lopez ariko da bere ordez», azaldu zuen Joxan Goikoetxeak.


Zenbait nobedade, eta berreskuratutako ekintzak

Ekainaren 23tik 27rako pro­gra­­mari dagokionez, zenbait ekin­tza nabarmendu zituzten, atzo­ko agerraldian. Kolore Guztiak elkarteko kideek, esaterako, azaldu zuten helduentzako tai­ler bat ere jarriko dutela 27an, haurren jolas eta tailerrekin ba­tera, elkarteko gazteekin «esperientziak elkarbanatu eta haien errealitatea ezagutzeko».

Agurtzane Aizpuru kultura zinegotziak, bestalde, aipatu zuen mariatxiak berreskuratu dituztela, «hainbestetan eskatu digutena»; eta ohiko txarangez gain, Koadrilen Egunerako Elek­trotxaranga antolatu due­la Kontrakantxa gaztetxeak.

Emanaldien artean, Leki­tto­ko Deabruak taldearen piro­tek­nia kale ikuskizuna nabar­mendu zuen Koro Etxeberriak; eta azaldu, parte hartu nahi dutenek arropa zaharrarekin joan behar dutela; ikusleek ez.

San Joan Konpartsak ere, jakinarazi zuen aurtengo kon­partsaren gaia: 1850-1960 urte­e­tako Hernani, demografia, ne­kazaritza, industria... atalak landuz. Karrozan, irudikatuko dituzte poxpolo fabrikak: «Her­nanin egon ziren, eta jendeak ez daki. Garai bateko etikete­kin, pox­­polo kaxak ere egingo ditugu, eta salgai jarri». Gai­ne­ra, Pla­za­ko ekitaldian, Iñaki Usandizaga omenduko dute.

Eta azkenik, Bilgune Femi­nistatik azaldu zuten, eraso se­xisten kontra prestatu dutena, Emagin elkarte feministarekin eta Udalarekin: haima bat jarriko dute 23an eta 25ean Pla­za Berrin, protokoloa eta infor­mazioa zabaltzeko; eta 24 orduko telefono arreta jarriko dute martxan, ekainaren 22ko gauerditik: 688 685 164. Eskatu dute, zerbait gertatu baina la­guntzarik ez behar izan arren ere deitzeko, «erregistratuta ge­ratu dadin, eta herriko errea­litatea ezagutu dezagun».


Jaien hasiera edo bukaera balkoitik ikusteko, 12 toki

Bestalde, aurten ere emango du aukera Udalak, jaien hasiera edo bukaera udaletxeko bal­koi­tik ikusteko. Hamabi toki dau­de guztira, sei jaien hasiera­ra­ko, eta beste sei bukaerarako. Eta horietatik, zortzi erreser­ba­tuko dituzte gurpildun aul­ki­an dabiltzan pertsonentzat.

Izenematea zabalik dago, ekainaren 18ra arte, udaletxe­ko Herritarren Harrera Zerbitzu­an. Zozketa hilaren 20an egingo dute, 12:00etan, parekidetasun irizpidea kontutan hartuz. Eta saritutako bakoitzak, beste per­tsona bat eraman dezake.