Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Astelehena2019ko abuztuak 19

Hernani

2019/05/14, asteartea

«Imajina ezina zen gauza bat zen transexualitatea»

Ander Elosegi Ansa, Aimarren anaia da, Kattalin Minerrek libururako elkarrizketatu duenetako bat.
Ander Elosegi Ansa, Aimarren anaia da, Kattalin Minerrek libururako elkarrizketatu duenetako bat.

Berdintasun Kontseiluak antolatutako Trans Zikloaren barruan, trans bertso-saioa izango da igandean Tilosetan, baina aurretik, bihar, Kattalin Miner kazetariak "Moio: gordetzea ezinezkoa zen" liburua aurkeztuko du.

Apirilaren 23a zen, 2007an; as­telehena. Aimar Elosegi Ansa Moio 21 urteko gazte hernaniarrak bere buruaz beste egin zu­en, «identitatearen kargak eraginda». Transexuala zen. Argi­ta­ra atera zuen. «Gordetzea ezinezkoa zen», idatzi zuen agur gutunean. Eta Hernaniko he­rri­ak ha­ren na­hiari jarraituta, eran­­tzun egin zuen. Plazan egin zi­­tzaion agur zibila, publikoa, ire­­kia. Baina, 10 urteren ondoren, zer geratu da? Gal­de­ra hori egin zion Kattalin Mi­ner idazle her­naniarrak, Ai­ma­­rren laguna ere bazenak, bere bu­ruari orain bi urte, eta liburu bat idazteari ekin zion, Tene Mujika beka jasota.

Aimarren lagun eta familia el­karrizketatu ditu; Ander Elo­se­gi, anaia. Medeak mu­gimen­duko kideak ere bai, eta Maialen Lujanbio bertsolaria edo­ta Iratxe Retolaza, EDO ar­gitaletxeko koordinatzaile izan­dakoa. Eta «guztia oso ondo bo­robiltzen duena», Brayan Al­ti­mas­beres, 12 urte geroago transexuala den hernaniarra. Bihar aurkeztuko da liburua, 19:30etan, Biteirn.

 

?Moio: gordetzea ezinezkoa zen? dio izenburuak. Baina sarreran aipatzen da memoria ariketa egiteaz gain, publikora salto egiteko beharra, pixkanaka esparru intimoan geratu delako gaia. Zergatik?

K.M.: Egia da hasieran galdera horiek banituela; zer pasa da? Ez dago erantzun bakarra. Uste dut doluak edo jazoera publiko traumatikoak, nahiz eta mo­mentu batean publikoki herri mailan ondo erantzun, dolurako tartea ere behar dutela. Dolu soziala eman zaio, baina ez du inork hartu tiratzen jarraitzeko ardura. Momen­tu­an izan ez zen tabua hala bilakatu da gero. Eta ?tabu? hitza ez zait gustatzen. Gogoratu da gaia, baina terreno pertsonaletan. Uste dut aurkezpenarekin jendea etorriko dela, eta gauza gehiago egin balira urte hauetan, egongo zela jendea.

A.E.: Jendeak ez ditu horrelako kasuak gertu, eta azkenean, urteak pasatzen dira, inguruko bizitzari erreparatzen diogu, eta ez badaukagu horrelako kasurik gertu, horixe gertatzen da; joaten dela ahazten.

«Transexualitatearen kargak hainbeste eragin baitzion, bere buruaz beste egiteraino». Tabuak aipatu dituzue, nahiz eta esaldi hori «epelkeriarik gabe» agertzen den liburuan. Horrela bizi izan dituzue?

A.E.: Ez dakit tabu izan diren. Gertatu zait, adibidez lanean, kasua urrunekoa zutenekin, azal­tzen saiatzean, agian ez zela ondo ulertzen, edo erantzunak ez zirela izan espero nituen bezalakoak, eta utzi nion hitz egiteari, errazagoa zelako, bestela, uneoro azalpenak eman behar dituzula ematen duelako.

K.M.: Uste dut gaur egungo eta orain 12 urteko jakintza eta ezagutza, transexualitatearen in­gu­rukoa, ikaragarria dela, eta hala ere, gaur egun oraindik ez da optimoa, inondik inora ere. Baina orduan ez zegoen erreferentziarik, elkarterik... Tran­sexua­lak oso berezituak ziren.

A.E.: Gaur egun ?transexual? hitza ulertu behintzat egiten da, eta hori pauso bat da.

K.M.: Horrek guztiak pisua du, tabua izatea baino gehiago: azal­du beharra, defendatu be­ha­rra izango bazenu bezala sentitzea. Gainera, elkarrizketetan, Ander hasten da ?politiko? deitzen erantzunari eta heriotzari berari, eta errepikatzen da elkarrizketa guztietan, batzuetan aho txikiarekin, besteetan oso militantei eta ardurarekin, baina hori ere bazen beldur bat: nola deitu suizidioari ?politiko?, transexualitatea bera politiko ez zen momentu batean? Nola ez utzi gaia, ?berak arazoak zituen? pentsaeran? Nola hartu ardura soziala?   


Hain zuzen, Aimarrek transparentzia ariketa egin zuen. Liburuarekin ere, gaia azaleratzea da helburua?

A.E.: Ez bada gaiaz hitz egiten, da jendeak inguruan ez daukalako. Liburuarekin memorian geratzen da, izan da, hor dago. Horretarako ikusten nuen oso positiboa, berriro ikusarazteko.

K.M.: Helburua zein zen baino argiago neukan zer ez nuen egin nahi. Adibidez, ez zen minaren erradiografia bat. Kontatzen zi­da­tenaren arabera gauza go­go­rrak ere jaso nahi nituen, baina distantzia batekin, ardura sozial horri erreparatzeko balio zezan. Hau da, zer bizitu ge­nuen, nola bizitu genuen, nola ikusten dugun gaur egun eta nola jaso behar den. Aimarren agur ekitaldian momentu batean esan zen: «tabu hauek desagertzen direnean gogoratu herri honetan aitzindari bat izan zela». Ez zen gogoratzen ari. Hasierako hel­buruak ez nekien zein zi­ren, baina memorian oinarritzen da. Anderrek, nik... gogoratuko dugu, baina 10 urteko saltoan jendeak ez daki nor den Aimar. Brayanek ezagutzen du, baina kasualitatez, eta kuriosoa da. Aipatazen du Face­bo­o­ken ikusi zuela, eta gertukoa da, baina 10 urte gazteago diren askok ez dute ezagutzen. Uste dut honek berriro jarrriko duela gaia mapan eta memorian.


Gaia gizarteratzeak kezka sortu zizuen momentuan, Aimarrek kontatu zizuenean. Orain ere bai?

A.E.: Orain errazagoa egiten zait, urteak pasa direlako eta distan­tzia batetik errazagoa zaitelako adieraztea. Eta baita ere, urte hauetan guztietan ez ditut hainbeste elkarrizketa izan, baina edukitako batzuetan ikasi dudalako esaten nuenetik zer egiten zen arraroa. Diskurtsoa fintzen joan naiz. Hainbeste azalpen ematen ez naiz hasten, eta beste patxada batekin hitz egiten dut.

K.M.: Estrategia batzuk dauz­ka­zu, ezta? Uste dut lotuta dijoala, baita ere, justifikatu behar ho­rrekin, jendeak ez dakielako zer den transexuala. Ahaztu, trans femenino edo maskulinoa zer den azaltzeaz. Tran­sexuala zelako bere buruaz beste egin zuen lagun bat dau­kadala esatean, uste da be­re arazoa zela. Baina ez, honen ardura soziala da. Karga asko zituen gaia zen, eta gai asko zituena barruan. Min fasean zaudenean nahi duzun azken gauza da tontakeriak en­tzun erantzunetan, nahiz eta ez diren txarrera esanak, baizik eta ezjakintasunetik. Baina borroka horrek, ni behintzat, eraman ninduen isiltzera. 

A.E.: Ez da edonorekin hitz egitekoa. Aimar hil eta gutxira hasi nintzen lanean, eta sartu berri, gertatua zegoena kontatzen has­tea ez nuen argi ikusten. Ba­rruan daramat, egunero pen­tsatzen dut honetan, baina nola aterako dut gaia. Ez neukan asimilatuta, eta zurrunbilo horretan ez dakizu nola esan ere.


Eta orain bai? Aimarrek transexual zela, gizona zela kontatzean asimilatu beharra zenutela aipatzen duzue. Nola ikasten da?

A.E.: Ahal den bezala. Etxean esan zuenean, denok argi genuen lagundu egin behar geniola,  nolabait. Berari gerta­tzen zitzaoin, eta beraz, nola esango nion ondo edo gaizki iruditzen zaitzaidan? Denbora­re­kin ikasi dut, oso mantso, egia esan. Hasieran pentsatu nuen ahal nuena egingo nuela bidea errazteko, baina ez da natural egiten, izenarekin hasi eta eguneroko mila gauzetan. Esan zuenetik bere buruaz beste egin zuen arte pare bat urte pasa ziren, eta asko ematen du, baina bizitza osoa daramazu modu batera ikusten. Pistak egongo ziren, baina ez nituen ikusten. Gerora pentsatu nuen nahiko agerikoak zirela... Asi­mi­latu genuen ahal genuen bezala, mantso. Joan zenean ere ez genuen guztiz asmilitaua, eta gerora ere horretan segi dugu, eta batzuetan oraindik ere falta zait. Oraindik etxean batzuetan na­hasten gara izenarekin. Etxeko esparruan orain dela gutxi arte Amaia esaten jarraitzen genuen.

K.M.: Lagun batek esaten zuen moduan, ez zen onarpen kontua. Imajina ezina zen gauza bat zen transexualitatea. Moio deitzen genion arrazoi argi bat medio: zirelako hiru anai; Paul, Ander eta beraz, Amoio behar zuelako. Esaten ari ginen gauza batzuk intuitiboki. Baina transexualitatea bera ez zen aukera bat. Pentsatzen duzu lesbiana izango dela, edo marimutila... Kontua ez da ohitura edo gertutasunagatik asimilatzea, baizik eta bu­ru­an ez dagoela kasilla bat leku horretarako, imajinarioan ez da­go; ez sozialean eta ez zuk eraikitakoan. Dituzu gizonak eta emakumeak. Horrela jaiotzen dira, eta kitto. Beste aukera bat badagoela? Uste dut pisu sozialak asko eragiten duela. Gaur egun, nahiz eta ez gertu eduki, dauden erreferente batzuekin, baten batek esaten badizu dena delakoa, badituzu kasilla posible ho­riek, erreferente horiek. Kostako zaizu gehiago edo gutxiago aldaketa batzuk egitea, baina orduan ez zegoen aukerarik.

TRANS ZIKLOA
Maiatzak 15, Moio: gordetzea ezinezkoa zen liburuaren aurkezpena, 19:30etan Biterin. Idazlea: Kattalin Miner. Aurkezlea: Danele Sarriugarte Mochales.
Maiatzak 19, trans bertso-saioa, 19:00etan Tilosetan (euria eginez gero, Sandiusterrin). Bertsolariak: Maialen Lujanbio Zugasti, Eli Pagola Apezetxea, Beñat Gaztelumendi Arandia, Miren Artetxe Sarasola, Nerea Ibarzabal Salegi, Geman Urteaga Garmendia. 

Gai jartzailea: Amaia Agirre Arrastoa.

Horrela agertzen da ?kulpa? sentimendua? «Gehiago egin ez izanarena»?

K.M.: Hori aipatzen dut sarreran, suizidioaren inguruko fa­mi­liarren bi elkarte orain bi urte sor­tu izana aipatzen duen artikuluari erreferentzia egitean. Suizidioa­re­kin batera doa kulpa sentsazioa, besteak beste, gizarte judeo-kristau batean hezi ga­re­lako. Eta gero dago eskuetatik ihes egin iza­naren sentsazioa. Ho­ri errepi­ka­tzen da liburuan, ge­hiago de­la­ko hori. Nik segitu­an gainditu nu­en heriotza au­rre­ko kulpa ho­ri, nahiz eta beti geratzen den sen­tsazioa orain da­kiguna jakin izan bagenu bes­te zerbait izan zi­te­keela. Nik per­tsonalki neukan bi­ga­rren kulpa, orain dela 12 urte azal­tzen dena, da me­mo­riarena, eta horregatik dator liburua. Kul­pa edo pisu hori emendagarria zen.

A.E.: Nik kulpa sentsaziorik ez dut bizi izan, baina eskuetatik alde egin izanaren sentsazioa bai. Ikusten nuen nere burua asimilatzen. Momentuan ez nuen jakin hobeto egiten.


Gizarteari trasladatzekoa da erantzukizun hori?

A.E.: Gertatu zenean, gizarte osoak bezala, nik ere ez neukan ideiarik ere transexualitatearen inguruan. Beraz, kul­pa... Gi­zar­teak aldatu behar luke pila bat horrelako kasuak ez gertatzeko, baina momentuan ez zen oso ezaguna. Orain bai, eta gizarteak ardura haundia dauka. Azke­nean, pertsona transexual batek sentitzen badu babesa, hainbeste azalpen eman behar ez balitu, errazago litzaioke bizitza, eta arazo gutxiago egongo lirateke.

«Aimarren agur ekitaldian esan zen: ?tabu hauek desagertzen direnean gogoratu herri honetan aitzindari bat izan zela?. Ez zen gogoratzen ari»

Hileta zibila eta publikoa egin zitzaion, plazan, Hernanin eta Euskal Herrian ondorio bat utzi zezakeena. Ondorioak aztertzea ere bazen liburuaren helburua. Zein izan dira?

K.M.: Uste dut Hernaniko he­rri­ak, nahiz eta ezjakintasunetik egin, lezio haundia eman zuela. Nahiz eta ez jakin ezer transexualitatearen inguruan, kalera atera, eta plazan eman zitzaion agurra, ez zen ezer isildu. Bada hor intentzio garbi bat. Baina ezin da hor geratu, ez da nahikoa, jantzi egin behar da. Bra­yanek oso ondo esplikatzen du: «intentzioa ona da bai, baina ez­ja­kintasuna... Nire bizitza azal­­pe­nak ematen pasatzen dut, pe­da­gogia egiten». Liburua egiteko be­ka eman zidatenean, oso go­go­rra izan zen niretzat jazoera bat. Nire galdera zen ea gaur egun transexualentzat bizigarria den gizarte bat eraikitzen ari ga­ren: gimnasiora joan eta aldageletan gatazkarik ez sortzea, bizi­tzako aspektu ?txikiagoetan? nola mol­datzen gi­nen ikustea. Eta ho­rre­tan ari nintzela, Ekai Ler­sun­di ondarruarrak bere buruaz bes­te egin zuen. Froga argia neukan esateko ezetz, gizarte hau ez dela bizigarria. Orain dela 12 urte egoera zen oso prekarioa, ezagutzari dagokionez. Orain eza­gu­tza eta ikusgarritasuna haundiagoa da, errekurtso gehi­a­go dago, baina transfobia hor da­go. Uste dut borondate eta prestutasun ona gauza bat dela, baina ezezagutzak oraindik kal­te haundia egiten duela, eta in­pli­kazio faltak, bai gizartearen eta baita instituzioen aldetik ere.


Mentalitatea gutxi aldatu da, hortaz. Zer daukagu ikasteko, txikitik hasita?

A.E.: Sexualitate bereizketa izu­garria daukagu. Umea edu­ki berri dut, eta haurdunaldi­an, lehendabiziko galdera beti zen neska edo mutila ote zen. Jaiotzerako marka bat daukazu, eta ez lirateke hain zurrunak izan behar.

K.M.: Badirudi arazoa pertsona transexualengan dagoela,  ma­ni­festatzen duenean egokitu zaion generoa ez dela berak aukeratzen duena. Baina hori da beste arazo baten emaitza, eta da, asignatzen ari garela genero batzuk jaiotzez, eta ez erabakiz. Buelta eman behar zaio. Arazoa ez dago norbanako horietan, ez dago burmuin edo gorputz akatsdun bat, baizik eta sistema hau da sailkatze oso zurrunak dauzkana, eta ezinbestean arrakalak egongo dira. Batzuk sutilagoak; ni lesbiana eta maskulinoa banaiz, arrakala bat naiz, baina urteekin onartu dena. Transexua­li­ta­tea oso drastikoa da, ukatzen ari zara a edo b, asignazio hori. Eta hor dago mezua: arazoa deszentralizatu behar da pertsona eta gorputz horietatik. 

A.E.: Uste dut Brayan dela esaten duena, esan izan duenean gizona dela, jasotzen dituela gizonaren generoari atxikitzen zaizkion gauzak. Eta ez luke horrela behar, zabalagoa da.

K.M.: Esaten du transa dela kontatzean uste dela mutilen arteko harremanak izan behar dituela, eta heterosexuala dela. Egun dagoen transexualitate modalitatea oso muturrekoa da. Ezin duzu tartean geratu. Ezin duzu izan trans maskulino sensible eta homosexuala. Pila bat daude, baina zein da eredua? Gizonetan gizonena izatea. Eta alderantziz: feminitatearen hiperbole bat. Kontuz ibili behar dugu transexualengan gizarte moduan proiekta­tzen dugunarekin. 

«Uste dut Hernaniko herriak, nahiz eta ezjakintasunetik egin, lezio handia eman zuela»

Mentalitate aldaketan ezagutzak laguntzen du, baina kontzeptu batzuk ere agian, ez ote dira zurrunegiak? Amaia-Aimar, Moio, nahasmenduaren berri ematen da liburuan.

A.E.: Izenarena uste dut gaizki  ulertua izan zela. Aimarrek bere buruaz beste egitean gauzak lo­tuta utzi zituen, eta idatzita utzi zuen eskelan nahi zuela Amaia-Aimar agertzea, Amaia izan ze­lako garai luze batean, eta gero, Aimar. Niretzat ez zuen horrelako garrantziarik. Baina gero ho­rrela geratu zen, eta nire ustez, ez zen naturala. Zen Amaia, edo Aimar, edo Moio.

K.M.: Anderrekin hitz egin arte ez nintzen horretaz konturatu, Amaia-Aimar erabiltzen nuen, eta artifiziala izateaz gain, ez da identitarioa. Brayanek, adibidez, sekulako haserrea erakusten du horrekin. Azaldu nion beste garai bat zela, eta beste modu batera bizitzen dela. Gaur egungo begiradatik, transa den pertsona batek erabakitzen duen izenez ez deitzea transfobia da zuzenean. Balio izan du oraindik ikasteko.


Nola hobetu, orduan?

A.E.: Koadrilan galdetu izan didate, adibidez, espero dugun umeak zakila edo alua duen... Ez dakit zein den formula. Beti ateratzen dudan gaia da Hazte Oir kanpainarena; defendatzen dute alua duena neska dela, eta zakila duena, mutila, eta badirudi, gure inguruan, behintzat, mundu guztiak dakiela ez dela zuzena. Baina hori garbi edukita ere, jarraitzen dugu galdera bera egiten: neska ala mutila? Sailkapen horretan sartzen jarraitzen dugu. Aldaketak ikusten dira, baina falta da fondoa aldatzea, eta zaila izango da, oso sartua baitaukagu. Pixka­na­ka, legeak aldatuz egin beharko dugu, azkenean mentalitatea aldatu arte.

K.M.: Mantra bat bezala ikasten dugu badaudela bulba duten mutilak eta alderantziz, baina errora jotzen badugu... Jendeari pentsarazi egin behar zaio. Ez bazaizu inguruan tokatu genero edo sexu identitatearen inguruko dilemarik, jarraituko duzu eroso, eta mugituko zara gizartearen ehuneko haundi batek onartzen dituen kodigoetan. Gizarteari dilemak eman behar dizkiozu. Nola konpondu arazoa? Nola hezi gure umeak? Liburuarekin memoria egitea espero dut, baina egungo diskurtso eguneratua ere jaso dut, eta Brayanek, adibidez, orain 10 urte Aimarren ikuspuntu bera izango luke: Aimarrek ez zuen lorgarri ikusten benetako gizon izatea. Baina Brayanek esaten du hori ez dela helburua, benetako gizona ez dela existitzen. Hamar urteren bueltan, adin bereko gazte baten pentsaera aldatu da, jendeak pentsatu egin duelako zer ote den benetako gizona edo emakumea. Debate publikoan jarri behar da gaia, jendeak bueltak emateko eta konponbideak bilatzeko, sozialki aldatzeko.