Elkarbizi taldeak Oreki Fundazioarekin batera antolatu du 2019ko programazioko aurreneko jardunaldia: Bizikidetzaren aldeko memoria izeneko foroa egingo da martxoaren 30ean, 10:30etan hasita, Andoaingo Urigain Kultura Etxean.
Izen-ematea irekita dago martxoaren 28ra arte, eta bazkaritara geratzeko asmorik dagoen ere zehaztu behar da: ganboiturri@gmail.com.
Bost talderen ikuspegiak
Foro honetan memoriaren gaia lantzen duten elkarte desberdinak elkartuko dituzte: Etiker, Gogoan, Foro Soziala, Argituz eta Zabaltzen. Eztabaida gidatzen, berriz, Baketik taldeko Inesa Ariztimuño ariko da.
«Memoriarik gabe ezin izango dugu euskal gizartearen bizikidetza demokratikoa indarberritu», Elkarbiziren esanetan, eta horregatik elkartu nahi izan dituzte ikuspegi desberdina duten elkarteak. «Etikerrek, berradiskidetzearen osagai oinarrizkoa bezala ikusten du Memoria. Gogoanek, Memoriaren balioa indarkeriaren deslegitimazioa dela nabarmentzen du. Foro Sozialak dio Memoriak inklusiboa izan behar duela. Argituz giza-eskubideen urraketen erregistroa egiten ari da. Eta Zabaltzen nafar kolektiboak, Memoria Historikoa eta azken urteetakoa bereizten ditu».