Bat egin dute Hernani eta Lasarte-Oriako Orain Presoak ekimenek, hainbat ekitaldi elkarrekin antolatzeko. «Presoen gaiari bultzada emateko» antolatu dituzte, mahai-ingurua, dokumental eta ipuin banaren aurkezpena eta kontzentrazio eta manifestazioak.
«Gaiak bere baitan hartzen dituen esparruei» heldu nahi izan diete, eta beraz, «helduak, umeeak eta larriki gaixorik dauden presoak» izango dituzte ardatz, martxoaren 26, 27 eta 29an eta apirilaren 5ean bi herrietan antolatuko diren ekitaldiek.
Hasteko, "Azken arnasa arte"
Martxoaren 26an, Lasarte-Oriako Antonio Mercero aretoan jarri dute aurreneko hitzordua, 19:00etan.
Bertan, Azken arnasa arte dokumentala jarriko dute, eta ondoren, mahai-ingurua egingo da Jabi Gallaga, Ibon Fernandez eta Aitzol Iriondo euskal preso lasartearren senideekin.
Maritxipi ipuina, hilaren 27an
Hurrengo egunean, martxoaren 27an, Hernaniko Biteri kultur etxean aurkeztuko da, 18:00etan, Maritxipi eta amatxo ipuina. Joxe Mari Karrerek egingo du kontaketa.
Gaixo dauden presoen alde, bi hitzordu
Azken bi hitzorduak larri gaixo dauden presoen aldekoak izango dira. Batetik, martxoaren 29an kontzentrazioa egingo da 20:00etan, Lasarte-Oriako udaletxe zaharraren parean, eta apirilaren 5ean Buruntzaldeako manifestazioa Hernanin, 20:00etan, Larriki gaixorik dauden presoak etxera lelopean.