Txotxaren ondorengo postrea, edozeri koplak jartzea!

Kronika - Erredakzioa 2019ko mar. 16a, 01:00

Makina bat bertso eder izango dira dagoeneko, sagardotegietako kaxetan jasota. Umore­tsu­ak gehienak, ziurrenik, sagardotegiko giroak lagunduta. Eta horietako batzuek, saria izango dute apirilean, Bota Bertsoa! le­hiaketako irabazleak aditzera ematen dituztenean, Dobera Euskara Elkarteak eta Iraulio Panttalone Bertso Kabiyak.

Baina oraindik ere, bertsotarako tartea zabalik daukate, kupel arteko bertsolariek! Mar­txoaren 25era arte dago epea, Bota Bertsoa! lehiaketan parte hartzeko, Astigarraga eta Her­na­­niko makina bat sagardotegitan: Akarregi, Alberro, Altzue­ta, Elutxeta, Goiko Lastola, Gu­ru­­tze­ta, Ipa­rra­girre, Ipintza, Itxas-Bu­ru, Larre Gain, Lizeaga, Oia­lu­me Zar, Oiar­­bide, Olaizola, Otsua-Enea, Pe­tritegi, Rezola, Roxario, Rufino, Zapiain eta Zelaia.

Horietan guztietan dago kaxa bana, bertsoa botatzera anima­tzen di­renek, bertan uzteko.

Lehiaketan parte hartzeko, Hernani eta Astigarragako 21 sagardotegitan daude kaxak.

Zer izango ote da aurten, iaz baino hobea?

Parte hartzeko, sagardotegiko bezeroek nahikoa dute kaxaren ondoan dagoen paper bat hartu, eta bururatzen zaien bertsorik onena idaztea. Baina bertsoaren gaia, aurrez zehaztu dute bertso eskolakoek: Aurten? Iaz baino hobea. Zer izango ote den, aurten hobea den hori, norberak erabakiko du!

Nahi den doinu eta neurrian idatzi daitezke bertsoak, eta izen-abizenak eta telefono zenbakia jarrita, kaxan sartu behar dira. Bertsoa hobeto pen­tsatu nahi duenak, hala ere, emailez ere bidali dezake gero, dobera@dobera.eus helbidera.


Sarien artean, otorduak, sagardoa, ipuinak...

Bertso onenak bakarrik ez, bestelakoek ere jasoko dute saria, urtero bezala. Aurreko edizioetan, bertso bereziena, originale­na, arraroena, letra onena zeu­kana, umoretsuena... ere saritu izan dute, Iraulio Panttaloneko epaimahaikideek. Horrelako sa­ri bitxirik ez da faltako edizio honetan ere... eta bertso bitxirik ere ez!

Horrela, makina bat sari banatuko dituzte, sagardotegiek eta Doberak jarritakoak: bi lagunentzako otorduak, kaxa sa­gardoak, Doberaren ipuin eta liburuak...

Bertso emanaldia eta sari banaketa, apirilaren 9an

Parte hartzeko epea martxoaren 25ean bukatuta, 15 eguneko epea izango dute epaimahaikideek, deliberatzeko zein izango diren sarituak. Eta apirilaren 9an, ekitaldia izango da Biterin: saritutako bertsoak kantatuko dituzte, irabazleek; eta bertan jasoko dute, merezitako saria.

Aurreko urteotan bezala, eki­taldi horretan ere ez da umorerik faltako! 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!