Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Larunbata2019ko martxoak 23

Hernani
Baietz Hernanik! Enara Eizagirre Arandia

2019/03/02, larunbata

«Erronkalarien ohituretan bakarrik ez, beraien inguruetan ere izan du eragina»

Enara Eizagirre Arandia ikertzailea, asteleheneko aurkezpenean, Biterin.
Enara Eizagirre Arandia ikertzailea, asteleheneko aurkezpenean, Biterin.

Astelehenean aurkeztu zituen, Aztikerreko Enara Eizagirre Arandiak, ‘Baietz Hernanik!’ egitasmoaren emaitzak. Jarraipen-inkestak egin zizkieten hilero-hilero, Euskara Ari Duren erronkan parte hartu zutenei.

1.000 erronkalari lortzea zuen helburu, Euskara Ari Du elkarteak bultzatutako Baietz Hernanik! egitasmoak; eta bete duela dirudi, ezta?
Bai, erraz bete dela esan de­za­ke­gu. Erronka zen urtebeteko epean 1.000 herritar baino ge­hiago aktibatzea beren egu­ne­ro­koan euskararen inguruko ohituraren bat aldatzeko, eta amaierako zifren arabera, guz­tira 1.117 pertsonak eman dute izena egitasmoan.

Kontuan izan behar da, bai­na, datu horiek nondik ate­ra­tzen ditugun. Hilero inkesta bat erabili dugu erronkaren mar­txa kontrolatzeko eta herritarrek zi­tuzten iritziak jasotzeko egi­tas­moaren inguruan. Inkesta ho­rren bidez jakin dugu hilero zenbat herritar berrik eman du­ten izena, eta aurretik da­to­ze­nei zer moduz joan zaien be­ren erronkarekin. Beraz, in­kes­tek ematen dizkiguten datuez gain, ezinezkoa zaigu proiek­tu­ak eduki ahal izan duen in­pak­tua ezagutzea. Posible da herri­tar batzuek hizkuntza ohiturak aldatu izana Baietz Hernanik! erronkak eraginda, eta inkes­tak ez bete izana. Kasu horretan, ez dugu pertsona horren berri.

«Partehartzaile gehienek, hasierako erronka mantendu dute; baina erronka gehiago hartu dituztenak ere badira. Zazpi aldaketa egin dituzte, bi erronkalarik»

Datu soziodemografiko ba­tzuk jaso ditugu inkestan. Ho­rien arabera, ondorio batzuk ate­ra daitezke. Hasteko, ele­bi­du­nak izan dira izena eman duten hamarretik ia bederatzi (%88,9), baina 131 elebidun har­tzaile aktibatzea ere lortu da. Bestetik, emakumeek nabar­men parte-hartze haundiagoa izan dute gizonek baino (ema­ku­me­ak %63,9 izan dira, eta gizo­nak %35,4). Horrez gain, adin-tarte batzuen aktibazioa askoz ere haun­diagoa izan da, beste ba­tzu­ena baino. Partehartzai­le­en ia erdiak (%44,8), 30 eta 44 urte bitartean dituzte. Arrazoi des­ber­dinak egon daitezke zifra altu horren atzean: guraso iza­teak eduki dezakeen eragina, eskola eremuan edo lan ere­mu­an egin den saiakera bere­zia Euskara Ari Du elkartetik... Aldiz, 65 urtetik gorako oso jen­de gutxik parte hartu du, konparaketa eginez: erron­ka­la­rien %3,8 izan dira. Egia da Hernaniko adin-talde heldue­nak direla era berean eleba­ka­rre­nak, eta beraz, egitasmo honetan ezingo zuketen parte hartu; eta posible da, baita ere, helduaroan ohiturak aldatzeko egitasmo bat ez izatea hain erakargarria.

Zein neurritan erantzun dute inkesta, erronkalariek? Fideltasuna mantendu da hilabetez hilabete?
Aniztasun haundia izan dugu inkesta erantzun kopuruetan. Erronkalarien erdiak baino ge­hiagok (%56,8k, 634 per­tso­nak) inkesta bakarra bete dute; hau da, erronkan izena eman. Ala­baina, datu horrek bestelako irakurketa bat izan dezake: erronkalarien ia erdiak modu ja­rraituan parte hartu du erron­kan, izena emateaz gain ja­rrai­­penen bat ere bete dutelako (%43,3k, 483 pertsonak guztira).

Fideltasuna neurtzeko gara­ian, kontuan hartzekoa da zein unetan izena eman zuten he­rri­tarrek, oso baldintza desber­dinak baitituzte. Esaterako, erra­zagoa zaio azaroan izena emandako norbaiti etorriko zaiz­kion jarraipen guztiak be­te­tzea, bakarra izango baita, urtarrilean izena eman zuen bati baino, hamaika izango baititu. Hala ere, egon badaude jarraipen hori bete dutenak: lau pertsonak hamabi inkestak bete dituzte, urtarriletik hasi eta abendura bitarteko guztiak.

Erronkak aldatu dituzte hilero? Zenbat erronka bete ditu bakoitzak bataz beste?
Esan dezakegu, oro har, erron­kei izan zaien fideltasuna haun­diagoa dela, egitasmoaren ja­rrai­penari izan zaiona baino. Hau da, nahiz eta jarraipenak bete eta erronkaz aldatzeko au­kera eduki, partehartzaile gehienek hasierako erronka mantendu dute: 948 pertsonak erronka bakarra ezarri diote beren buruari, egitasmo osoan zehar. Aldiz, erronka bat baino gehiago adierazi dituztenak 108 pertsona izan dira (%9,7). Ho­ri­en artean, gehienek bi erronka hartu dituzte, hiru erronka gu­txiagok, eta oso gutxi izan dira lau erronka edo gehiago hartu dituztenak. Erronka gehien har­tu dituzten pertsonek, zazpi alda­keta egin dituzte; bi per­tso­na daude egoera horretan.

Zein izan dira ohiko erronkak?
Herritar gehienak hiru mul­tzo­tan kokatu dira. Gainera, azter­keta desberdinak egin ditugu: erronkalari guztien datuak kon­tuan hartuta, izena eman soi­lik egin dutenenak, jarraipen in­kestak bete dituztenenak, erron­kaz aldatu dutenenak eta ez du­tenenak, elebidunenak eta elebidun hartzaileenak… Eta egoera guztietan errepikatzen den emaitza bat da. Hiru erron­ka talde nagusiak honakoak izan dira: aurrenekoa, euskeraz egitea «eremu guztietan, nire bi­­zitzako harreman posible guz­tietan», edota elebidun hartzai­leen kasuan «euskaraz dakiten guztiei eskatzea euskaraz egi­te­ko»; bigarrena, gertuko ha­rre­man sareetan euskaraz egitea, «familian», «bikotekidearekin» eta «lagunartean»; eta hiruga­rrena, «lankideekin».

Eta ohiko zailtasunak? Desberdin bizi izan dute erronka partehartzaile elebidunek eta elebidun hartzaileek?
Desberdintasunak izan dira pro­filaren arabera, profil ba­koi­­tzak ezaugarri propioak ditu­e­lako euskera-ohituren ingu­ru­an. Kuantitatiboki eta kualita­tiboki galdetu zaie zailtasunen inguruan. Datu kuantitatiboei begiratuta, badirudi elebi­du­nek euskeraz gehiago egin dutela, eta haiei ere euskeraz gehiago egin zaiela beren erronkako hartzaileen partetik. Elebidun hartzaileen kasuan, bi datuak apalagoak izan dira. 

Alabaina, erronka bete ez du­tenen ka­su­an, eduki izan di­tuzten zail­ta­su­­nez galdetu zaie modu ire­ki­an. Jaso diren balo­razio kualita­ti­bo horiek, nahi­ko egoera antze­ko­ak islatzen di­tuzte elebidunen eta elebi­dun hartzaileen kasu­an: arrazoi errepikatuenak dira, ohiturak aldatzeko ditugun zail­tasunak, eta erronkan identi­fi­katutako pertsona edo taldea­re­kin egon ez izana.

Erronkarako epea bukatuta, partehartzaileek sumatu dute aldaketarik haien hizkuntza ohituretan?
Ez digute erronkalari guztiek balio galdera horren inguruko informazioa eskuratzeko, bal­din­tza tekniko batzuk bete behar dituztelako; jarraipen in­kesta bat behintzat bete iza­tea, esaterako. 420 pertso­naren inguruko informazioa dauka­gu, ohitura aldaketez jardute­ra­ko­an. Beraz, galderari erantzunez, ditugun datuetan sumatu da era­gina, erronka hartu aurre­ko eta erronka egin ondorengo egoeraren artean. Euskeraren erabilerak gora egin du profil guztietan, elebidunetan eta ele­bidun hartzaileetan, nahiz eta apalagoa izan den, beste behin, bigarren horien artean. Baina ez hori bakarrik, erronkalariek adierazi dutenaren arabera, be­ren inguruan ere eragina izan du saiakera honek: erronkaren hartzaileek edo xede-taldeek ere, euskeraz gehiago egin die­te erronkalariei.