Mugi apirilaren 1etik aurrera erabili ahal izango da Renfen

Kronika - Erredakzioa 2019ko ots. 2a, 01:00

Nobedade garrantzitsuekin ha­si du urtea Gipuzkoako Ga­rraioaren Lurralde Agintari­tzak (GGLA). Batetik, Renfe ere batuko da Mugi txartelaren erabilerara. Eta bestetik, Gipuz­koako, Arabako eta Bizkaiko garraiobide guztietan erabili ahal izango dira bai Mugi, eta baita Bat eta Barik txartelak ere. 

Apirilaren 1etik aurrera, Renfen ere bai
Aurreko ostiralean egin zuen Mugi txartelaren 2018ko balan­tzea Marisol Garmendiak, Mu­gi­kortasuna eta Lurralde An­tolaketako diputatuak eta Gi­puz­koako Garraioaren Lurralde Agintaritzako (GGLA) lehendakariak. Eta bertan eman zuen berria: apirilaren 1etik aurrera, Renfen ere erabili ahal izango da Mugi txartela. 

Horri esker, gainontzeko ga­rraio publikoek dauzkaten tarifa eta beherapen berberak izango dituzte Renfeko aldiriko trenek. Eta hori lortu duen EAEko aurreneko lurraldea izan­go da Gipuz­koa, Garmen­diak nabarmendu zue­nez. 

Deskontuak, %46tik gorakoak
Gainontzeko garraio publikoetan bezalaxe, hots, LurraldeBus autobusetan edo EuskoTreneko aldiriko trenetan, deskontuen bidezko sistema aplikatuko dute Renfen ere. 

Horren arabera, Mugi txartelarekin %46eko deskontua izango du  hilean 20 bidaia egiten dituenak; %57ko deskontua, 21 baino gehiago eta 50 baino gutxiago egiten dituenak; eta azkenik, %90eko deskontua izango du 51 bidaietako gora egiten dituenak. 

Bat eta Barik txartelak ere, LurraldeBus zerbitzuetan
Hau ez da, ordea, 2019ko aldaketa bakarra izango, izan ere, urtarrilaren 14an eman zuen Euskadiko Garraio Agintaritzak  (EGA) beste nobedade baten be­rri: Mugi, Bat eta Barik txartelak Euskadiko garraiobide guztietan erabili ahal izango dira. Dagoeneko egiten denaz gain, Bizkaiak Bilboko Metroaren 1. eta 2. linean Mugi txartela erabiltzeko aukera emango du, eta Gipuzkoak Bat eta Barik txartelak Lurraldebuseko unitate guztietan erabiltzekoa.

Aurreikusitakoaren arabera, udaberrirako egongo da prest. Horrekin, «erabateko in­tero­pe­rabilitatea bermatuko da», eta azaldu dutenez, hu­rren­go jo­mu­gan jarriko dira buru-belarri: txartel bakarra lortzea, fisikoa edo birtuala. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!