Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Larunbata2019ko apirilak 20

Hernani
Giza eskubideen urraketak 1960-2018

2019/01/24, osteguna

«Sufrimenduz beteta dago txosten hau, baina tresna garrantzitsua izango da egia jakiteko»

Javier Bucesek aurkeztu zituen txosteneko datuak eta ikerketaren nondik norakoak.
Javier Bucesek aurkeztu zituen txosteneko datuak eta ikerketaren nondik norakoak.

Arrazoi politikoagatik, giza eskubideen 662 urraketa eta 416 biktima dokumentatu ditu Aranzadik Hernanin, 1960tik 2018ra. Atzo aurkeztu zuen txostena, udaletxean: «hernaniar askorentzat gogorra izango da, baina beharrezkoa da», nabarmendu zuen Javier Bucesek, ikerketaren arduradunak.

«Ezingo dugu gainditu gertatu zaigun ezer, aurrena ez badu­gu errekonozitzen», nabarmendu zuen Aranzadiko Paco Etxebe­rriak atzo, Her­naniko udale­txe­an, zientzia elkarteak osatu duen txostenaren aurkezpene­an: 1960-2018 urteen artean mo­tibo politikoz urratu diren giza eskubideak eta beste su­fri­mendu batzuk, Hernanin eta her­naniarrei gertatuak.

Errekonozimendurako bide horretan, «posizio objektibo ba­tetik eta gure artean dauden sen­tsibilitateak kontutan har­tuz», bildutakoa deskribatu nahi izan du Aranzadik, eza­guna izan dadin. «Ez da batere lan erraza, Javier Bucesek eta bere taldeak egin dutena», go­raipatu zuen Etxeberriak. 

662 urraketa eta 416 biktima
Bucesek berak hartu zuen hi­tza, ikerketaren nondik nora­koak azaltzeko, eta datuak adi­tzera emateko: «662 kasu doku­men­tatu ditugu, eta 416 bik­ti­ma. Horie­tatik, 305 dira gizo­nak, 70 ema­kumeak, eta beste 41en norta­sunik ez dugu ezagutzen».

Urraketa motaren arabera multzokatu dituzte gertatuta­koak: «15 kasutan, bizitzarako eskubidea urratu da; horie­ta­ko bat, Joseba Pagazaurtun­dua­ren hilketa, Andoainen izan zen. Her­naniko 14 hilketetatik, sei­ren egiletza ETAri dagokio, zaz­pirena eskuin muturreko tal­de­ei edo Estatuarekin lotura zu­ten talde parapolizialei, eta kasu baten egiletza argitu gabe dago, nahiz eta itxura guztien arabera eskuin muturreko GAAE taldekoak izan egileak».

Gainerako urraketak dira: 296 osotasun fisiko, psikiko eta moralaren kontra; 75 mehatxu larri; bost estortsio ekono­mi­ko herritarren kontra; 39 aten­tatu ondasun materialei; eta 97 bestelakoak. Beste 37 kasu­ak, ezin dira giza eskubideen urraketen atalean sartu: 20 heriotza motibazio politikoko biolentziak eraginda; eta 17 zauri eta lesio.

Bucesek nabarmendu zuen, «egia jakiteko tresna garran­tzitsua» izango dela txostena: «her­naniar askorentzat gogo­rra izango da, sufrimenduz be­­teta dagoelako; baina beha­rrezkoa da. Badakigu he­men jendea falta dela, eta horre­ga­tik, irekita gaude zuzenketa eta ekarpen guztietara».

«Gure errespetua eta dolumina, biktima guztiei»
Aranzadiko bi kideekin batera, aurkezpenean izan ziren bikti­metako hiru ere: Juanjo Uria alkate ohia, José Ramón Lasar­te EAJko zinegotzi izan zena, eta José Morcillo PSE-EEko zi­negotzi izandakoa. Hirurek ja­so zuten txostena, eta udal tal­de guztien esker ona eta bab­e­sa: «udal talde guztien izene­an, eskerrak eman nahi dizki­e­gu testigantza eman dutenei, eta gure errespetua eta do­lu­mi­na erakutsi, biktima guz­ti­ei», adie­razi zuen Luis In­txaus­pe alka­teak. Ekitaldian izan zi­­ren An­doni Amonarraiz (EAJ), Jaione Aristregi (Orain Her­nani) eta Ri­cardo Crespo (PSE-EE) ere, lau udal taldeek egin baitute bat ekimen hone­tan.

«2015eko azaroaren 10ean, Memoriaren Egunean, Ave Ma­ria parkean elkartu ginen, Me­mo­riaren Harria jartzeko. Ber­tan esan genuen, harri hori abia­puntua izango zela, me­mo­ria berreskuratzeko bide zail be­zain beharrezko honetan; eta hala izan da», nabarmendu zuen Intxauspek.

Aranzadiren esku utzi zuten lan hori, eta 2018ko apirilean ekin zion elkarteak: «artxiboak, argitalpenak, hemerotekak, el­karteen eta Jaurlaritzaren bik­tima zerrendak... arakatu di­tugu, eta 15 elkarrizketa egin», azaldu zuen Bucesek. Urrian eman zituzten aurreneko emai­tzak, eta zuzenketak egin­­da eta digitalizatuta, atzo aur­kez­tu zuten txosten mardula.

«Egia hemen daukagu, orain aurkitu behar dugu modua erreparazioa egiteko»
Alkateak azpimarratu zuen, el­karbizitzaren bidean, ezin­bes­tekoak direla egia, errepa­ra­zioa, justizia, eta ez errepi­ka­tzeko bermea: «egia hemen daukagu, txosten honetan; orain, guztion artean landu eta aurkitu behar dugu mo­dua, erreparazioa egiteko».