Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Igandea2019ko ekainak 16

Hernani
euskal jaiak

2018/09/13, osteguna

«Gure buruari barre egiten diogu, baina publikoari ere bai!»

Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai, aurreko saioetako batean.
Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai, aurreko saioetako batean.

Euskal Jaietako programaren barruan, ‘Bakean dagoena, bakean utzi’ antzerkia antolatu du Euskara Ari Du elkarteak gaurko. Arratsaldeko 20:30etan izango da, Biterin. Sarrera, debalde.

Bakean dagoena, bakean utzi antzerkia eskainiko dute gaur Mirari Martiarena eta Idoia Torregaraik, Euskal Jaietako programaren barruan, Euska­ra Ari Du elkarteak antolatuta. 20:30etan izan­go da, Biterin. Sa­­rrera debal­de izango da. «Haus­narketa eragiten saia­tzen gara, umo­rez», azaldu dio Mar­tia­renak, Kro­nika­ri.

Bakarrizketa bi ahotsetara da Bakean dagoena, bakean utzi. Zer esan nahi duzue horrekin?
Gai berdinaren inguruan ikus­­­puntu desberdinak ema­ten ditugu. Nahiz eta baka­rrizketak izan, elkarrekin interaktuatzen dugu. Alegia, beti ez dugu bakarrik hitz egi­ten, elkarrekin ere hitz egi­ten dugu. Zer zen defini­tzen ere ez genekien!

Idoia Torregarai eta zu zeu igoko zarete eszenatokira. Zein da zuen papera? Pertsonairik-edo ba al duzue?
Guk gure buruari buruz hitz egiten dugu, egunerokotasu­neko kontuei buruz. Egia edo gezurra izan, esajeratua edo ez. Ni Mirari naiz, eta Idoia, Idoia da. Guk beti esaten dugu ez garela aktoreak; gu garela, garen bezala. 

«Hau 15garren saioa izan­go da, Hernani izango da he­rri haundiena»

Eta horrek, zuen buruari buruz aritzeak, ez dizue beldurrik ematen?
Gu ohitu gara dagoeneko. Dena den, errespetua ema­ten du, bai. Gure buruari barre egiten diogu, baina publikoari ere egiten diogu. Azken finean, denok antzeko beldurrak dauzkagu-eta!

Generoa, emakumeak eta euskera. Horiek dira jorratuko dituzuen gaiak, ezta?
Euskeraren inguruan ari­tzen gara hainbat egoerari buruz. Emakume izateare­kin lotuta dauden beste hainbati buruz ere bai: amatasuna, hilerokoa... Ho­riek guztiak jorratzen ditugu gure ikuspuntutik;  Idoiak dioen bezala, «betau­rreko moreak jantzita», eta umo­rez. Hausnarketa eragi­ten saiatzen gara, umore­arekin.

Dagoeneko egin dituzue saio batzuk. Zer espero duzue hernaniarretaz?
Bai, hau 15garren saioa izan­go da, Hernani izango da he­rri haundiena. Eta urduri gaude, ez dakigulako ze jende mo­ta joango den... Era be­rean, gogotsu ere bagaude! 

 

Mikel Urdangarin eta pailazoak, bihar

‘Pirritx, Porrotx eta Marimotots’ pailazoak Atsegindegin izango dira bihar, 18:00etan.

Bihar jarraituko dute Euskal Jaiek, bi emanaldirekin. Arra­tsal­dean, txikienen txanda izan­go da. Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Borobilean ikus­­­kizuna aurkeztuko dute, ‘Hernani’ Musika Eskolako akordeoi taldeak gonbidatuta; 18:00etan, Atsegindegin. 
Mikel Urdangarinek eskainiko du bigarrena, gaueko 22:30etan hasita, Biterin. 

Portalondori omenaldia, larunbatean
Egun potenteena, ordea, la­run­­bata izango da. Urteroko jarduerei (abeltzaintza azoka, txakolin-dastatzea, Kalez kale Kantari...), omenaldi berezi bat gehituko zaie: Kaxko elkarteak Portalondori egingo diona, eguerdiko 12:00etan.

Horrez gain, Kaxko elkarteak berak azaldu du, jolasak arratsaldeko 17:30etan hasiko direla (eta ez 16:30etan, programak dioen bezala). 
Etzi izango da, baita ere, Musika Bandaren ikasturteko aurreneko kontzertua, 19:45e­tan, udaletxeko arkupeetan.