Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Larunbata2019ko apirilak 20

Hernani
PUBLIERREPORTAJEA Buruntzaldeako euskaltegiak

2018/09/08, larunbata

Euskara ikastea, apustu segurua

Euskaltegietako ikasleak, apunte artean, ikasturte amaierako azterketareako prestatzen.
Euskaltegietako ikasleak, apunte artean, ikasturte amaierako azterketareako prestatzen.

Buruntzaldeko udalek euskaltegietako matrikulak ordaintzeko diru laguntzak ematen dituzte, euskara ikastea bultzatzeko. Ikasleari ia dohainik atera dakioke ikastaroa. Gainera, eskaintza zabala dago eskualdean. Iaz 1.000 ikasle inguru izan zituzten.

Hizkuntza bat ikasteak ahalegin handia eskatzen du. Hiz­kuntza edozein dela ere, ikasleek dedikazio eta denbora eskaini behar diote zeregin horri. Baina ematen ditu gero bere fruituak. Batez ere, euskara bada ikasten den hizkuntza hori. Izan ere, Buruntzaldeko euskaltegiek euskara maila guztietan ikasteko eta praktikan jartzeko aukera eskain­tzen dute. Eskualdeko udalen helburua matrikulazioak bul­tza­tzea da, eta, horretarako, diru laguntza sortak eskain­tzen dituzte. Gainera, laguntza horiek HABEk ematen dituenekin bateragarriak dira. Ho­rren­bestez, Buruntzaldeako he­rritarrei ia doan atera da­kieke ikastaroa; apustu segurua da euskara ikastea. 

Ikasturtea hastera doa. Aurrekoan, 2016-2017koan, 946 ikasle aritu ziren euskara ikasten Buruntzaldeko euskaltegiren batean. Eskualdeko Eus­­kara Zerbitzuen helburua ikasle gehiago izatea da, eta joan den ikasturterako helburu argia jarri zuten: 1.000 ikasletara iristea. 

Oraindik ikasturtea itxi gabe da, eta, beraz, irail amaiera arte ezingo dira matrikulazi­oen behin-betiko datuak jakin. Edonola ere, orain arte bildutako datuei erreparatuta, baikor agertu dira eskualdeko euskara teknikariak. Udarako ikastaroen datuen faltan, matrikulazio gutxi batzuk behar dira muga hori gainditzeko. 

Andoain, Astigarraga, Her­nani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo udalek ematen di­tuz­te diru laguntzak euskara ikasteagatik. Halere, herri ba­koi­tzean laguntza horiek jaso­tze­ko baldintzak eta diruz lagundutako kopuruak desberdinak dira. Baina badira ezaugarri komun batzuk. Esa­tera­ko, gutxieneko asistentzia bete behar da, eta erroldatuta egon behar da herrian bertan. Lan­gabetuei are laguntza handiagoak ematen dizkiete; %100 kasu batzuetan, 664 euro arteko mugapean.

Horrez gainera, HABE Hel­du­en Alfabetatze eta Berreus­kalduntzerako Erakun­deak ere laguntzak ematen ditu. 2018. urtean 1.800.000 euro emango ditu, eskatzaileen artean bana­tzeko. Ondokoak dira baldin­tzak: batetik, 2017ko martxoaren 17tik 2018ko abuztuaren 31ra euskaltegi edo euskararen zentro homologatu batean ma­trikulatuta egon beharko da; bestetik, 2017/2018 ikasturtean HABEren maila bat edo baliokideren bat egiaztatu beharko da. Diru laguntza horiek egiteko eskabidea 2018ko irailetik aurrera egin daiteke. 

Ikasleek gustura amaitu dute ikastaroa: «kalean ikasitakoa osatu dugu ikasgelan»

Ikasleak 
Ikasle ugari animatu dituzte  laguntzek euskaltegietan izena ematera. Baina beste motibazio ugari ere badituzte ikasle horiek: lana bilatzea, galdutako hizkuntza berreskuratzea, jakin-mina... 

Esaterako, Edurne Arnaiz aurten ere animatu da euskaltegira. «Niregatik apuntatu nintzen; euskara ikasi nahi dut,  Euskal Herrian bizi naizelako». Badaki baliagarria izango zaiola lana bilatzerako orduan, administrazio publikoan, adibidez. 

Gainera, hasieran uste zuenaren kontra, ez du uste hizkuntza zaila denik. «Ulertzeko ez da batere zaila. Hitz egitea kostatzen da, beste hizkuntzetan bezala». 

Ez da zailagoa
Maialen Heras, berriz, hirugarren profilerako azterketa pres­tatzen ari da. Euskaraz badaki, euskaldun zaharra da, baina euskararen gaitasun agiria behar du lanerako. «Bai, euskaltegian asko ikasten da, baina nik hobetzeko gehiago irakurri beharko nuke». Haren ustez, euskara ez da beste hizkuntzak baino zailagoa. Inge­lesarekin alderatu du. «Niri in­gelesa egiten zait zailagoa». 

Ekaina bukaera izaten da azterketa garaia, eta uda iritsi ahala hasten dira ikasleak ikasitakoa errepasatzen. Almude­na Carvajal da horietako bat. «Betidanik izan dut ikasteko gogoa. Txikitan zerbait ikasi nuen, baina sakondu nahi dut». Helburu bikoitza du: batetik, txikitan ikasitakoa berreskuratzea. Baina oposaketak prestatzen ari da, eta, horrenbestez, ongi etortzen zaio euskararen ziurtagiria eskuratzea. Sonia Garcia harekin ibili da euskaltegian: «Oso gustura ikasi dugu, primeran molda­tzen gara irakaslearekin. Kale­an ikasten duguna osatzen dugu euskaltegian». 

Andoain
Baldintzak 
Andoainen erroldatuta egotea. Gutxieneko asistentzia: %85.

Diru laguntza
Matrikularen %85 guztiei; familia ugarikoak edo diru sarrera murriztuak dutenei, %100. Autoikaskuntza, %100. 664ko muga.

Astigarraga
Baldintzak 
Astigarragan erroldatuta egotea. Gutxieneko asistentzia: %85.

Diru laguntza
Kasu guztietan 600 euroko muga izango du laguntzak. Matrikularen %75. Langabetuei, merkatariei eta 12 urtetik beherako haurren bat dutenei: %100.

Hernani
Baldintzak 
Hernanin erroldatuta egotea. Gutxieneko asistentzia: %85.

Diru laguntza
Matrikularen %70. Langabeei, %90. 500 euroko muga.

Lasarte-Oria
Baldintzak 
Lasarte-Orian erroldatuta egotea. Gutxieneko asistentzia: %85.

Diru laguntza
Matrikularen %85.

Urnieta
Baldintzak 
Urnietan erroldatuta egotea. Gutxieneko asistentzia: %80.

Diru laguntza
Langabeei, %80. Besteei, %50. 500 euroko muga.

Usurbil
Baldintzak 
Usurbilen erroldatuta egotea. Gutxieneko asistentzia: %80.

Diru laguntza
Guztiei, matrikularen %100. 600 euroko muga.