Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Igandea2019ko ekainak 16

Hernani
euskal jaiak

2018/09/08, larunbata

Baserriko lanei aitortza, Euskal Jaien ardatz

Euskal Jaiak antolatu dituzten eragileak eta Udaleko ordezkariak, aurkezpen ekitaldian.
Euskal Jaiak antolatu dituzten eragileak eta Udaleko ordezkariak, aurkezpen ekitaldian.

Irailaren 13tik 16ra egingo dira Euskal Jaiak. Aurtengoak «borobilduagoak» izango dira. Behiak nola jetzi ikusi ahal izango da.

Hainbat taldek egin dute bat aurten ere, Udaleko Kultur Sailarekin, Euskal Jaiak anto­la­tzeko. Irailaren 13tik 16ra egingo dira, eta Koro Etxe­be­rria zinegotziak azaldu bezala, «aurten, borobilduagoak eta osatuagoak» izango dira, hain justu, lehengo urtean Euskal Jaietako egitaraura gehitutako ekitaldi batzuk mantendu, eta berriak ere gehitu baitira.

Animaliak goxo, baserriko lanen erakusgarri
Bereziki nabarmendu zuen Etxeberriak «baserrian, neka­za­ritzan eta abeltzaintzan aritu direnei aitorpena» egin nahi zaiela Euskal Jaietan. Horrela, joko eta jolasez gain, lanbide tradizionalak ezagu­tze­ra emateko aprobetxatu nahi da, eta behiak nola jetzi erakutsiko da.

Xabier Iradi albaitariak na­barmendu zuen «animaliak mimo guztiarekin eta bal­din­tza onenetan» tratatuko direla.

Umore antzerkia eta pailazoen umorea, hasteko
Aipatutako ekitaldi berria  os­tegunekoa izango da: Euska­ra Ari Du taldeak Berdintasun Sailarekin elkarlanean antola­tu­ta, umo­rezko emanaldia izan­­go da, doan, 20:30etan Bi­terin: Ba­ke­an dagoena, bakean utzi. Mi­ra­ri Martirena eta Idoia Torre­ga­rai izango dira ak­to­reak, eta umorea, generoa eta euskera izango dituzte hizpide.

Bestalde, urtero ‘Hernani’ Musika Eskola Publikoko akor­de­oi taildeak deituta, Herna­ni­ra etortzen dira Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak, eta aurten ere ez dute hutsik egin­go. Borobil ikuskizuna emango dute Biterin, hilaren 14an, 18:00e­tan, eta sarrerak salgai daude Ikusi-Makusi eta Leoka­dis­ti dendetan. Joxe Mari Agi­rre­txe, Porrotx pailazoak azal­du zuen «betaurreko moreak jantzita» ariko direla beraiek ere. Izan ere, Uxue Alberdik idatzitako lau ipuinetan oina­rri­tuta, botere harremanen in­gu­ruan ariko dira emanaldian: «Nork agintzen du eskolan, kalean, etxean, koadrilan? Ir­ten­bidea da borobilean jarri, elkarri begiratuz sentimen­du­ak partekatu eta adostea, nola gobernatu berdintasunean eta askatasunetik».

Musika eta dantza ikuskizunak, hiru egunetan
Musikari dagokionez, Herna­ni’n Musik programari dago­kion udazkeneko kontzertua irailaren 14an izango da, 22:30etan Biterin: Mikel Ur­dan­garinek Margolaria lana aurkeztuko du, Zinemaldian zinera ere eramana, eta sa­rre­rak salgai daude.

Bestalde, larunbatean Kalez kale kantarik hileko bigarren buelta egingo du, eta gazteei animatzeko dei egin zaie. Mu­sika gehiago ere izango da: erraldoi eta bu­ru­han­diak, Mu­si­ka Banda­, Iratzar talde­a­ren dan­­tzal­dia, txis­tu­larien dia­na, tri­kitixa txa­pel­ke­ta, dantza suel­to txapel­ke­tan eta Tio Te­ro­nen semeak taldeak emango duen Festa­mentua dantza eta umore ema­naldi berria. San Joan konpartsak anto­la­tuta Jeiki Hadirekin egingo den erromeria, berriz, eguraldiaren araberakoa izango da; 18:30etan Plaza Berrin, edo, 19:00etan Atsegindegin.

Burduntzi txapelketa, jakien artean
Gainontzean, Pablo Lasa ar­ti­sau azoka, talo eta txakolin dastaketak, abeltzain azokak eta joko eta jolasek ez dute hu­tsik egingo. Larunbatean eus­kal jantziekin janzteko deiari ere eusti diote.
Azken berrikuntza, Jakitea elkarteak antolatutako Euskal Herriko burduntzi txapelketa izango da. Gero arkume pintxoak salduko dira, eta dirua Etiopia-Utopia elkartea la­guntzeko bideratuko da.

EUSKAL JAIAK 2018

Irailak 13:
20:30, Umorezko emanaldia: Bake­an dagoena, bakean utzi. Aktoreak: Mirari Martirena eta Idoia Torregarai. Biterin, doan. Euskara Ari Du. 

Irailak 14:
18:00, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldia: Borbobilean. Atsegindegin. ‘Hernani’ Musika Es­kola Publikoko akordeoi taldea. Sa­rre­rak, Ikusi-Makusi eta Leokadistin.
22:30, Hernani'n Musik, Biterin: Mikel Urdangarinen kontzertua: Margolaria. Sarrerak salgai, 7 euroan, Biterin.

Irailak 15:
10:00, Abeltzain azoka, Tilosetan.
11:00, Talo-dastaketa Iturriaga kalean.
11:00, Baserriko lanbideen erakustaldia, Tilosetan: behiak jeztea.
11:30, Antzinako jokoak, Tilosetan.
12:00, Txakolin-dastaketa, Iturriagan.
12:00, Kalez kale kantari, Plaza Berritik.
12:00, Portalondokoei omenaldia. Antolatzailea: Kaxko Elkartea.
12:30, Erraldoi eta buruhandiak.
12:30, Herri kirolak, Tilosetan.
16:30, Haurrentzako tailerrak, jolasak eta txokolate-jatea, Tilosetan.
18:30, Erromeria Jaiki Hadi taldearekin Plaza Berrin (euria egiten badu, 19:00etan Atsegindegin). San Joan Konpartsa.
19:45, Musika Bandaren emanaldia, arkupetan.
20:00 eta 23:00, Iratzar taldearekin dantzaldia, Tilosetan.

Irailak 16:
09:00, Diana, Txistulari Bandarekin.
10:00, XXXIX Pablo Lasa Artisau Azoka Plaza Berrin.
11:00, Sagardo-dastaketa Plazan.
11:30, Euskal Herriko burduntzi txapelketa Plazan.
12:00, XXI. Trikitixa txapelketa Plazan.
12:00, Esku pelota eta pala txapelketa, Tilosetan. Euria eginez gero, frontoian.
18:00, XXIV. Gazteen dantza askatuko txapelketa Plaza Berrin. Euria eginez gero, Biterin.
19:30, Tio Teroen semeak dantza taldearen umore emanaldia, Tilosetan: Festamentua.