Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Ostirala2019ko urriak 18

Hernani
ELORRABIKO EZBEHARRAREN URTEURRENA

2018/06/24, igandea

Auzokoek auzokoentzat eraiki zuten Elorrabiko zubi eseki «historikoa»

Hernaniko arraunlariak 1978an; zubitik erori eta hil zen Karmelo Izeta  falta da.
Hernaniko arraunlariak 1978an; zubitik erori eta hil zen Karmelo Izeta falta da.

Elorrabin zubi esekirik ez da izango. Ez da eroriko. Ez du urak eramango. 2019 hasierarako zubi berri «modernoa» eraikiko dute. Hormigoizkoa. Zintzilikatutako zubia auzotarrek egin zuten 1943an eta auzotarrek berreraiki 1979an. Hernaniko historian sartu zen, zoritxarrez, duela 40 urte, 1978ko ekainaren 25ean: Gertaera latza izan zen, San Joanetako estropada jokatzen ari zirela, ikuslez gainezka zen zubia erori eta sei pertsona hil ziren. Gero, 2011ko azaroan, urak eraman zuen zubia.  

Famatua da Elorrabiko zubi esekia bi gertaerengatik. Komunikabide askok jaso zuten 1978ko ekainaren 25eko istripua. Gero milaka pertsonek ikusi zituzten 2011ko azaroaren 6an, urak zubia eraman zuenean, grabatutako irudiak. 19.000 ikustalditik gertu da bideoa YouTuben.

Elorrabiko Batista Goikoetxearen aitak eta auzoko hiruzpalau lagunek eraiki zuten zubia 1943an: “Auzo lanean egina da, gure aita zenak, haren lehengusu batek, beste bizitzako Iñaxiok, eta Elorrabi-Etxeberriko bizilagunak, besteak beste, nik 8 urte nituela, orain 75 urte. Auzotarrak auzokoentzako egin bazuten ere, herriarentzat oso ondo zetorren, asko erabiltzen zen; oinezkoak, paseatu nahi zuenak, pasoa zeukan; zubia egin zenetik asko eta asko ikusi ditugu presara bainatzera etorrita, ez zenuke sinistuko zenbat“.

“Zubia egin baino lehenago, txanela edo gabarra (txalupa handiagoa) erabiltzen zuen erreka gurutzatu behar zuenak, handik txistu egin eta hemendik joaten ziren bila” Elorrabiko Batista Goikoetxea berak kontatu digunez. Behin zubia egin eta gero, etortzen zen jende andanak haserrea ere eragin zuen bertakoengan: “oro har jendeak ez du errespeturik; gure txanela eta bi gabarrak puskatu egin zituzten; zubitik salto egin eta presara joaten ziren, alanbreak okertu ala puskatu; festa izaten zen, mila gauza ikusi genituen”. Esan bezala, auzokoek eurentzat eraiki zuten arren, herriari ematea erabaki zuten, herritarrek erabiltzen zuten zubian konponketa batzuk egin behar zirela eta.

40 urte ezbeharretik
Elorrabiko zubiaren inguruan antolatzen zuten Arraun elkartekoek Sanjuanetan Hernaniko bandera. 1971tik 1978ra izan zen herriko arraunlarien garairik onena. Zortzi urte horietan Kontxako estropadarako sailkatu ziren, 1974an ohorezko tandarako ere bai. 1978an izan zen azkena. Urte horretako sanjuanetan gertatu zen ezbeharra. Elorrabiko zubitik ateratzen ziren bi batel, bakoitza alde batera, eta bertan bukatzen zuten. San Pedro eta Hernani ari ziren lehian. 50 ikusle inguru ziren zubian. Bigarren tandan gertatu zen istripua. Hernaniko batela azpitik pasa eta ikusleak bestaldera itzuli zirenean, kablea laxatu eta okertu egin zen zubia. Ia denak erori ziren uretara.

Batis Larburu arraunlari ohia izan zen erortzen lehenengoetarikoa: “Zalaparta handia” sentitu zuen uretatik burua atera zuenean. Larri ibili zen. Behin eta berriro ur azpian. Igerian ez zekitenek albokoari eusten baitzioten eta biak hondoratu. Bizkarra harramazkaz beteta zuen atera zenean. Bi metro eta erdiko sakonera du hor ibaiak.

Aurretik aritutako batelak zubi ondoan ziren, Batis Larburuk deitu zien hurbiltzeko eta batelei helduta asko atera ziren bazterrerantz. Nahaspila handia izan zen arren, sei izan ezik beste denak atera zituzten, nola edo hala. Larburuk azaldu digunez, itota bakarra hil zen, besteak bihotzekoak jota, ur hotzak eragindako shockaren ondorioz, digestio etendura edo hidrokuzioa ere deitzen zaio horri.

Arraunlaria hil
Hildakoetako bi ziren Hernaniarrak, biak haurrak, Osinaga bertako Maria Pilar Arrieta, 8 urtekoa, eta Fernando Estrada, 12koa; Ergobikoa zen Sebastian Sagardia zaharrena, 44 urtekoa; San Pedrokoa Juan Inazio Zuloaga, 24 urtekoa, eta Urnietako bi anai ere hil ziren, Karmelo eta Juan Bautista Izeta, 22 eta 20 urtekoak. Anai zaharrena Hernaniko traineruko arraunlaria zen. Ezin izan zuen, noski, irailean Kontxan arraun egin. Batis Larburuk kontatu digunez, “gogorra izan zen, Kontxan sartu ginen azkena: Karmelo Izeta arraunlaria hil zen Elorrabin erorita, oso indartsua zen”.

Haren omenez traineruari Karmelo izena jarri zioten. Hala atera ziren Kontxan. Bera falta zuten ordea. Seigarren postuan heldu ziren, Kaiku, Sanjuan, Lasarte, Orio eta Astilleroren atzetik. Hondarribi eta Castroren aurretik.

Elorrabiko Batista Goikoetxea behiekin larrean zen istripua gertatu zenean. “Gu  beti lanean”. Semeak ere berarekin ziren, “bestela mutil koskor denak zubian izango ziren. Penagarria izan zen”. Herria zubi gabe zen gainera, eta, Batista Iruin alkatearengana joan zen, zubia berriro eraiki beharko litzakeela esatera, baina ezetz erantzun zion hark, ez zela egingo. Berak berriro, “zubi hori egin behar da”. Eta alkateak, “zubi hori egin behar bada egin ezazu zerorrek”.

Zubigintzaz zerbait bazekien gizona topatu zuen Batistak, herrikoa, Sarasola medikuaren seme Jose Mari, bide, portu eta ubide ingeniaria... eta hark burutu zuen konponketa: “ikasia zen baina gauza asko nik esanda bezala egin zituen.  Fabrikan lan egiten nuen orduan, 20 eguneko eszedentzia hartu eta egin genuen 1979ko udaberrian, aste santu inguruan. Osaba batek lagundu zidan gehien, semeak, Elorrabi inguruko baserritarrek, eta Iparragirre sagardotegikoek ere behin edo behin”.

Udalak ordaindu zuen. “Materiala erosi genuen, neronek ordaindu nituen fakturak, 483.000 pezeta”. Iruinena joan eta berriro ezetz, zubi hori ordaintzeko dirurik ez zela erantzun zion, “Konpontzeko nahi nuen bezala”. “Hurrena Juanjo Uria jarri zen alkate,  ez nuen ezagutzen, baina joan nintzen, azaldu nion, eta fakturak uzteko, hitz egingo zutela, deituko zidala, Uriak”. Handik gutxira deitu eta dena ordaindu zion Udalak. Zubia herriak erabiliko zuela ikusi eta ordaintzea erabaki zuten.

2011tik zubirik gabe
2011ko azaroaren 6an ur handiek Elorrabiko zubia hondatu zuten. Une horretan bertan ziren Hernaniko errugbi taldeko zenbait jokalariren grabaketa asko ikusi zen (https://www.youtube.com/watch?v=G65aD8YpLCs). Ikusgarria da uraren indarra eta Elorrabi aldeko eusgarriaren erorketa. Instante batean ur azpian desagertu zen. Alde batetik soilik lotuta geratu zen, erabat hondatuta. Ordutik zazpi urtean herritarrek ezin izan dute erabili. Luze joan bada ere, Luis Intxauspe alkateak ziurtatu digunez, egina da zubi berriaren proiektua eta 2019 hasierarako eraikita egotea espero du.

Zubi berria “modernoagoa” izango da, “ormigoizko plataformak bi bide izango ditu, bata oinezkoentzat eta bestea bizikletentzat. Lehengoak baino altura handiagoa izango du, goragotik joango da”. Jaurlaritzaren Ura agentziak eta CHN Kantauriko ur Konfederakundeak zer esana izan dute: “bi erakunde horiek finkatzen dituzte ibaian egiten diren egitasmoen baldintzak, esaterako ez dute onartu aurrekoa bezalako zubirik”. Horrek atzeratu du besteak beste, proiektua. “Aldundiarekin batera egin dugu, adjudikatu eta eraikitzea falta da... aurreikusten dugu uda partean adjudikatu, lanak hasi eta sei hilabetetan burutzea; beraz 2019ko lehen hilabetetarako egina egotea”.

Prozesu luzea eta konplikatua izan dela aitortu digu Luis Intxauspe alkateak. “Herritarrek, Elorrabi inguruko baserritarrek eta Arraun elkartekoek, urak zubi zaharra eraman zuenetik zazpi urte pasa eta gero, ez digute sinistu ere egingo eraikiko denik. Hasieran egindako zubi eseki berriaren proiektua Ur Konfederakundeak atzera bota zuen eta gero kokapenak ere atzeratu du... Ibaian gorago egitea proposatu zuen Urak, baina laginak aztertu ondoren ikusi zuten ez zela toki hain egokia eta sarbideak ere konplexuagoak zirela. Azkenean hobetsi zuten lehengo lekuan egitea baldintza berriekin”.

Elorrabiko Batista Goikoetxea ez dago erabat konforme proiektu berriarekin. “Ipurtzuloko galanta” hartu duela dio; Altura dauka zubi berriak, irisgarria izan behar du, urak hartzen dituen sailak dira, beraz urrutitik abiatzen da bidea eta sagastiaren parte bat galdu du. Elorrabiko aparkaleku ingururaino iritsiko da. Lehen ere, AHTak “harrapatu” dizkio terrenoak, eta badaki desjabetutako lurrengatik gutxi ordaintzen dutela.

Aurrekontua 500.000 eurokoa dela adierazi digu alkateak. “Erori zenean, zubi zintzilikaria berregiteko laguntza eskatu zitzaion Aldundiari, eta 75.000 eurokoa eman zigun. Atzera bota zutenez, gerora, hormigoizko egiturak, sarbideek, argiak eta abarrek garestitu egin dute egitasmoa milioi erdira arte... 75.000 horietatik aurrerakoa Udalak ordainduko du”. 

Mesedegarria
Ondo ezagutzen ditu Luis Intxauspe alkateak Urumea erreka bazterreko zubiak, bera Osinaga auzokoa izanik: “Elorrabiko presara joaten ginen bainatzera”.  Herri eta auzoarentzat gaur egun ere mesedegarria dela uste du Luis Intxauspek: “oinezko ibilbidea izan da betidanik, herritarrek ohitura izan dute hortik ibiltzeko. Bada, Osinagatik barrena Lastaola eta Ibarluze poligonoetara lanera bizikletaz joaten direnentzat pasoa ere. Eta sagardotegientzat ere mesedegarri da, Elorrabira doazenen busak eta autoak  Osinagatik sartu beharrean Poligonoan utzi daitezke. Oinez zubia pasa eta sagardotegian daude”.

Arraun elkartekoek ere eskertuko dute zubia, ez bakarrik euren egoitzara iristeko, “errepidetik joan beharrean Osinagatik barrena” esan digu Batis Larburuk; entrenamenduetarako ere erabiliko dute, arraunean ari direnen lana ikusi, aztertu eta aholkuak emateko.  Hernaniar askok erabili du zubia  paseatzeko, “orain poligonoraino joan behar dute, bide luzea, aldaparekin”.

Osinaga auzokoek kritikatu dute sagardotegi garaian bus eta autoekin sortzen den nahaspila. Javi Ormazabalek eskutitz baten bidez, publikoki salatu zuenez, aurten martxoan, larunbat batean, 14:30etan, sekulako traba topatu zuen etxera bidean, 300 metrotan, bi norabidetan 8 autobus ez aurrera eta ez atzera harrapatuta. Bere ustez, Altzueta, Iparragirre eta Elorrabira doazenek Ibarluzen aparkatu beharko lukete eta Itsasburu, Otsuenea eta Olaizolara doazenek Eziagon.

Meza sanjuanetan
Aurten ere egingo da urtero bezala meza, Elorrabin, 1978ko ekainaren 25ean hildakoen alde, hain juxtu euren omenez bertan den oroigarriaren ondoan. Batis Larburuk ez du 40 urtean kalerik egin. Gogoan dauka hala ere, 1978an ez zirela sanjuanak eten. Udalak dolu egun izendatu zuen eta jendetza bildu zen hileta elizkizunetan ekainaren 26an. Eliza eta Gudarien plaza jendez beteta izan ziren. Inguruko balkoietan ikurriñak ziren zapi beltzarekin.

Kolpe handia izan zen istripua.  Suhiltzaileak, Gurutze Gorrikoak, urpekariak, guardia zibil eta militarrak hurbildu ziren, besteak beste, istripua gertatu eta gero Urumea bazterrera. Horiek atera zituzten falta ziren gorpuak, ibaitik, zailtasun handirik gabe. 10 zauritu eraman zituzten erietxeetara. Kazetari eta argazkilariak ere ibili ziren, Egin egunkariko argazkilari Javier Gallegok, ehunka argazki atera zituen egun haietan, gaur egun, Kutxatekan bilduta daudenak eta interneten ikusi daitezkeenak.

Zazpigarren hildakoa
Hilabete batzutan oker oker egon zen zubia, 1979an Batista Goikoetxeak konpondu zuen arte. Elorrabiko aiton bat, Zikuñara joaten zen mezetara eroritako zubitik barrena. “Esaten zioten, zubia ez pasa eh? Baina egoskorra bera, eta kasurik ez. Goiko kableari eskuarekin helduta, behekotik pasatzen ari zela, zorabiatu eta bertan ito zen, istripua gertatu eta gutxira”.

Batista Goikoetxean gogoan dauzka hainbat herritar ito direla Urumean, “auzokoak ere bai” eta beste hainbat juxtu xamar atera zituztela. “etxeko morroi leitzarrak emakume bat atera zuen larri-larri, istripua baino lehenago...

Ibaian behera
1979an zubia konpondu zutenean, ibaiaren alde batera eta bestera ibili behar zutenez, “txalupa” prestatu zien auzokoak: txapazko lau bidoi lotu, barra batekin soldatu eta gainean oholak jarrita, soka batetik tiraka, batera eta bestera ibili ziren. Larri ere bai, behin, Añarbeko ura askatu zuten batean....

Batista Goikoetxeak kontatu digunez, baltsa hori kargatu, Batista, seme zaharrena eta osaba bestaldera pasatzen hasi, baina urak indarra zekarren, sokari ezin eutsi, askatu eta han joan ziren “ikaratuta” ibaian behera; oholetako bat erabiliz lortu zuten ibai bazterrera arrimatzea, “baltsa han lotu eta bazkaltzera”. Gero urak baretu zirenean eraman zuten gora berriro. 

Uholdeak
Uholde handiak ezagutu ditu Elorrabiko Batistak. Zaharrek aipatzen omen zuten 1932ko “Korpuseko ura”; dena den, 1953an izan zen berak ezagutu duen ur kolperik handiena, “orduan Goizuetatik 8 km gora dauden Olingo minetan pilatutako hondar pila ekarri zuen urak; hura hondamena utzi zuena erriberan; ez zen batere lur ona, baratzeko produktuak ez ziren ondo ateratzen. Gero 1983ko abuztuan, mendiko lurra ekarri zuen,  buztina finkatu zenean lurrak izugarrizko hobekuntza izan zuen, orduan garbitu zen lur hondartsu hura”.

1947ko abuztuan ere izan ziren uholdeak “hemen ez zuen euri tantarik ere egin; Goizueta eta Basakabi aldean egin zuen; gure etxera ez zen sartu, baina inguru dena hartu zuen. Karabelen pertsona bat ito zen”. 2011koa ere handia izan zela gogoratzen du; zentimetroa gora edo behera, 1983koa bezain handia. 40 zm. kanpoan, eta sukaldean 23.

Zubi esekiak
Gutxienez hiru zubi eseki baziren Urumean Osiñagakoa, Elorrabikoa eta Bastolakoa Ereñozun... “Paseoa jarrita dago erreka bazterretik, Fagollagako zubitik Bastolako zubi horretaraino. Abaño aldean ere badira beste pare bat zubi, baina aspaldi ez ditut ikusi. Han gutxi ibili naiz” kontatu digu Batista Goikoetxeak

Bi mila urte badira zubi esekiak eraikitzen direnetik, gaur egungo zubi horien jatorria XIX. mendekoa da eta Urumeakoak horren zaharrak ez badira ere, egurrezkoak eta esekitakoak izateak berezitasuna eta xarma eman die.

Elorrabi Etxeberriko baserritarrak, egunero joaten ziren esnea, fruta eta barazkiekin San Martin plazara. Txanelean pasatzen zuten ibaia garai batean, harik eta zubixka hori egin zen arte. Astoa ohituta zeukaten, bi saskiak kargaturik, poliki-poliki ibaiaren alde batetik bestera txanelaren gainean pasatzen. Eguraldi txarretan, eguraldiaz aparte, Osinagatik barna itzulia egin beharrak lanik aski ematen zien.

Batista Goikoetxea