Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Astelehena2019ko urriak 14

Hernani Goizueta Arano Ereñotzu Astigarraga
Bertsolari Txapelketa Nagusia - Eguneko Kronika

2017/12/18, astelehena

Maialen Lujanbio, Euskal Herriko txapeldun berriro

Hernaniko Bertso Eskolako ordezkariek erakustaldia eman zuten BECen. Aitor Mendi luze izan da bigarren. Unai Agirre finalaren animatzaile nagusietakoa eta Beñat Gaztelumendik ere ale bikainak utzi zituen. 

Maialen Lujanbiok jantzi zuen txapela atzo arratsaldean Ba­ra­kaldoko BECen, Euskal He­rri­ko 17garren Bertsolari Txapel­ke­ta Nagusian; goizean goi­ze­tik maixutasun handia era­ku­tsi zuen, alde handia atera zi­en finalean parte hartu zuten beste zazpi bertsolariei. Gero, Aitor Mendizluze Bertso Esko­la­ko kide eta lagunarekin jo­katu zuen buruz burukoa ere bikaina izan zen; oro har, final osoa ere bai. Beñat Gaztelu­men­di eta Unai Agirre zaz­pi­garren eta zortzigarren izan zi-ren maila oso altuko finalean, ale bikainak utzita. Batez ere Unaik piztu zuen zenbait une­tan BECeko giroa eta bere ber­tso­aldi baten ondoren ikusi zi­ren ikusleen lehen olatuak BECen. 
Sebastian Lizaso bertso­la­ri­ak jantzi zion Maialen Lujan­bio­ri Euskal Herriko 17garren  Txa­pela, BECen bildutako 14.500 ikusleak txaloka  zutik zi­rela.  Honek gero etorriko di­re­nei eskaini zien txapela. Se­bas­tian Lizaso 1986ko txapel­du­nak ere kantatu zuen bere bertsoa, eta gonbidapena lu­za­tu, Maialeni, txapelaz goza ze­zan ondorengo urteetan, «txa­pe­lak ere gozatu dezan, buru ahaltsu horretan».  Aurretik An­dres Urrutia euskaltzain bu­ru­ak eman zion oroigarria, bi­de batez, Elkarteak Euskal­tzain­diari eskertuz 1958tik 1982ra Txapelketa Nagusia an­tolatzen egindako lana.  Sari ba­naketan Maialenek bertso­la­ri guztiei emandako besar­ka­dak, estuak bezain hunkiga­rri­ak izan ziren, batez ere Amets aurreko txapeldunari, Aitor Mendiluzeri eta Se­bas­tian Lizasori berari eman­dakoak.
Buruz burukoan, bi ber­tso­la­riek erakutsi zuten daukaten maila altua. Elkarrekin parez pare ibili ziren ofizioan, izerdia hitzarekin bertso eder bana kan­tatu zuten, eta bien kart­ze­lako lana ere bikaina izan zen. Dena den, ordurako Maialenek abantaila handia zeukan biga­rrenarekiko, egun osoan zehar pilatuta.  Goizean eta arratsal­de­an erakustaldia eman zuen Maialen Lujanbiok. Guztira 72,5 puntuko aldea atera zion Aitor Mendiluze bigarren sail­ka­tuari; buruz burukoan 13 bes­terik ez. Goizeko saioa amaitu eta gero, jada biak ziren buruz burukoan sartzeko hautagai nagusiak.
Aipagarria da, dena den, arra­tsaldean ariketa bikainak burutu zituztela Sustrai Colina eta Amets Arzallusek, eta ozta-ozta sartu zela Mendiluze bu­ruz burukoan. Bi lapurtarrak oso hurbil izan zituen sail­ka­penean; Sustrai puntu erdira eta Amets bi puntura. 14 atera zizkion Igor Elortzari, eta 30, Aitor Sarriegiri. Amets Arzallus aurreko txapelduna, oso hotz hasi zen goizean, eta gerora asko hobetu bazuen ere, ez zuen lortu bere mailarik onena ematea.  

Bertso bikainak
Bertsolari guztiek erakutsi zu­ten daukaten maila eta ber­tso­aldi ederrak entzun ziren BECen, goizean zein arra­tsal­dean. Ikusleek gozatu handia hartu zuten. Bukaeran hauek behin eta berriro eskertu zuten bertsolarien lan ona, eta txalo zaparrada luzeak entzun ziren, batez ere, sari banaketako agurretan.  
Igor Elortza eta Aitor Sarriegi zuzenean agurtu ziren txapelketatik; agurrean esan zuten berriro ez dutela parte hartuko. Unai Agirrek, aldiz, agurrean aitortu zuenez, uztea pentsatua bazeukan ere, orain, behin BECekoa ezagutu eta gero, zalantzak ditu:. «Bertso Eskolan behin esan nuen azken txapelketa zana, baina aintza­ko­tzat ez da hartu behar be­ro­al­dian esandakoa dana», eta ikusleei beste bat arte esan ondoren, zera ‘leporatu’  zien «dudan neukana zalantzan jarri izana». Pozik egoteko moduan da Unai Agirre, lehen finalean bizi-bizi aritu baitzen ariketa gehienetan. Momentu batean baino gehiagotan piztu zuen BECeko giroa; esaterako, goizeko kartzelako lanean Puig­de­monten paperean Bru­se­latik kantatu ondoren, «Li­ber­tat» oihuka jarri zituen BECen ziren kataluniarrak au­rrena, eta ikusle gehienak ondoren. BECen ohikoak diren olatuen hasieraren aurrekaria izan zen une hori. 

Maialen Lujanbio:
Azken agurra
Herri hau herri
egin al dugu,
ze eman du bizikidetzak?
Zenbat eman du euskalduntzeak?
Ez behar beste guretzat.
Berrogei urte ta garaia da
egurasteko ametsak.
Akaso hortan bertsolaritza
ona da adibidetzat;
beti ez du goitik behera egiten
tranmisioaren trentzak.
Guk betik gora 
ikasi dugu
ta zabaldu 
muga ertzak.
Lehengoekin ta gaurkoengandik
txapela hau 
gerokoentzat.

Arratsaldeko agurrean, «odo­lan partez dauzkat erri­mak zainean, (...) azken txan­pa ematera olatu gainean»  esan ondoren berriro hasi ziren olatuak. 
Aitor Mendiluzek bere ‘kla­sea’ erakutsi zuen saio oso­an ze­har. ‘Eroso’ ari zela esan zu­en finalaren aurretik, eta horrela aritu zen saio osoan. Final oso borobila burutu zuen; puntu erdiarengatik izan ba­zen ere, merezimendu osoz sartu zen buruz burukoan, eta hor erakutsi zuen bere ber­tso­kera bikaina, eta iritsi den to­ki­ra iritsi bada, meritu haun­dia berea dela. 2013koa ez zela ka­sualitatea, alegia, eta 2017an hobetzeko gai izan dela, le­henengo aldiz buruz burukoan sartuta. 
Beñat Gaztelumendi, aldiz, ez zen berak nahi zuen bezain fresko ibili. Arratsaldeko agu­rra esanguratsua izan zen, «goi-zean tira, ez naiz espa­bi­la­tzen di-da, onenak orain eto­rri­ko dira». Bere onena ez zuen eman. Baina ale bikainak utzi zituen, gogoratzeko modu­ko­ak, batez ere bakarkako lanetan.
Maialen Lujanbiok polts­i­ko­an sartu zuen ikuslegoa. Be­ra aritu zen ‘bizi’, ‘eroso’ eta ‘fresko’. Momentu askotan ausart eta distiratsu ere bai. Ba­dakigu oso exijentea dela bere buruarekin, eta izango duela zer zalantzan jarri, baina ikus­leentzat, bertsoaldi boro­bilak osatu zituela ezin uka. 
Amesten zuen saioa atera zitzaion; batez ere bikaina izan zen zortziko haundian eta txi­ki­an egindako hasiera. Maia-len eta Unai elkarrekin hasi zi­ren zortziko handian; ofizioan lehenengo ariketa izan zen. Konplizitate handiarekin kan­ta­tu zuten eta edozein pu­bli­zitate eramatearen alde-aurka ziren kirolari profesionalen eztabaida eder horrek piztu zuen saioa eta BECeko giroa, hasiera-hasieratik. Txikian Igor Elortzarekin burutu zuena ere ikusgarria izan zen.
   Gero ariketa guztietan aritu zen ondo, eta bakarkakoetan jo zuen gailurra. Urte askoren on­doren Gabonetan etxera buel­tatzen den alaba yonki ar-di beltzaren paperean, ba­ka­rrik ama izandakoarenean, edo prostitutarenean ale bi­kai­nak kantatu zituen; «horre­la­koa da prostituton papera, ira­baz­ten dugula ere galtzen ate­ra­tzen gera». Bukaeran BECeko 14.500 ikusleak zutik zirela jaso zuen txalo zaparrada ikus­garria. Ez zen txikiagoa izan, finaleko zortzi bertsolariei emandakoa.  
Maialen Lujanbiok atzo lortutako txapela, Hernanira ekarritako hirugarrena da, 1936an beste Lujanbio batek, Txirritak jantzi zuen eta 2009an Maialenek berak. 

Sailkapena

-Maialen Lujanbio .......1.756
-Aitor Mendiluze .......1.680,5
-Sustrai Colina ..........1.137,5
-Amets Arzallus ............1.136
-Igor Elortza .................1.124
-Aitor Sarriegi ............1.107,5
-Beñat Gaztelumendi ..............1.076,5
-Unai Agirre ...............1.072,5