Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Igandea2019ko ekainak 16

Hernani
Euskeraren Eguna

2017/12/03, igandea

Euskerari eustea, urte osorako erronka

Taldeko argazkia atera zuten, erronkaren aurkezpenera hurbildu ziren herritarrek.
Taldeko argazkia atera zuten, erronkaren aurkezpenera hurbildu ziren herritarrek.

Euskeraren Eguna da gaur, eta bezperan, hernaniarrei erronka bota zien Euskara Ari Du elkarteak: konpromisoa hartzeko bizitzaren arlo batean euskeraz egitera aldatzeko, eta urtebetez eutsi.

Egun berezia da gaurkoa, Eus­keraren Eguna. Eta euskerak koxka bat gora egin dezan, gehiago erabili dadin, erronka bota zien atzo, Euskara Ari Du elkarteak, hernaniarrei; iazko indar probaren esperientziari eutsi, eta pauso bat gehiago ematea: euskeraz egiten ez du­ten bizitzaren esparru bat aukeratu behar dute, hiz­kun­tza ohitura aldatu, eta eus­ke­raz egin, urtebetez eutsiz horri.
Sei lagunek aurkeztu zuten egitasmoa, Tilosetan: «Herna­ni­ko mapa soziolinguistikoan eragin nahi dugu, nork bere saiakeratik, mingain eta bela­rri­etatik. Hernaniko kaleetan eus­­kera entzun nahi dugu, oso zaila baita entzuten ez den hizkuntza bat ikastea. Kon­tu­ra­tuko gara ohiturak aldatu dai­­tezkeela, badakigulako ohi­turak alda­tze­ko gakoa den­bo­ra dela», azaldu zuten.

2018arekin, martxan
Urte berriarekin batera hasiko da erronka, eta otsailean, 100 lagunek helduko diote desa­fio­ari; hortik aurrera, partehar­tzaileak gehituko dira hilero.
Bakoitzak aukeratuko dio neurria bere erronkari: «batzu­ek bizitzako eremu guztietan aldatuko dute hizkuntza ohi­tu­ra; beste batzuek, lagun baten harremanera mugatuko dute. Jolas izaera izango du, ondo pasa eta barre egin nahi dugu. Horixe da erronkaren tonua».
Inmakulada ikastetxeak, bere aldetik, jakinarazi du osti­ralean ospatu zuela Euske­ra­ren Eguna: euskeraren aldeko leloekin muralak, kanta eta dantzak, zine foruma...