Adinekoen Kontseilua sortzea eta Euskara Ari Du elkartearekin hitzarmena, aho batez onartuta

Kronika - Erredakzioa 2017ko aza. 30a, 01:00

Berezia izan zen astearteko plenoa, Hernaniko udaletxean. Pleno aretoa obretan dagoenez, areto nagusian elkartu ziren zinegotziak eta bertaratu ziren herritarrak, guztira hamalau puntu lantzeko: gai-ordenean jasota zeuden hamabiak, eta txertatu zituzten beste bi.
Horien artean, hainbat era­baki onartu zituen plenoak. Batetik, Euskara Ari Durekin hitzarmena sinatzea adostu zuten aho batez; eta bestetik, Adinekoen Kontseilua sortzea, guztien aldeko botoekin hori ere. Azaroaren 25eko bi mo­zi­o­ak ere onartu zituzten.

Inbertsioen %75, exekutatuta
Baina erabakien aurretik, eta iraileko eta urriko plenoen aktak ontzat eman ondoren, hainbat berri emate izan ziren. Aurreneko hiruak, Isa Sanchez Ogasun zinegotziak azaldu zituen. Batetik, 2017ko aurre­kontuaren exekuzioari buruz aritu zen. Nabarmendu zuen, kontutan hartu behar dela, urtean zehar %476 haunditu dela inbertsioei bideratutako partida, eta aurrekontu osoa­ren %26a hartzen duela: «hori nabaritzen da exekuzio maila mote­lean», azaldu zuen. Inber­tsioetara bide­ra­tutako kopu­ru­aren %75a exekutatu da.
Eta bestetik, kontuhar­tzai­learen txostenaren ondorioak ere jakinarazi zituen, Udalaren finantza iraunkortasunari bu­ruz. Txostenak dio, ez direla betetzen aurrekontu egonkor­ta­sunaren eta gastu arauaren helburuak, baina horren arra­zoia diruzaintzako gerakina­ren erabilera dela, eta beraz, aurrekontuak finantzen iraun­kortasuna erakusten duela ho­rrek, nahiz eta gertutik jarrai­tu behar den.
Azkeneko berri ematea, Her­nani Erabaki prozesuari bu­ruz­koa izan zen. Gogorarazi zuten, zein izan diren aukeratutako proposamenak, eta 2018ko au­rrekontuan txertatuko direnak. Prozesuarekin eta herritarren partehartzearekin «oso pozik» azaldu zen Esti Aldeiturriaga zinegotzia: «urtez urte aberas­ten doa, eta oso positiboa da».
Ricardo Crespo PSE-EEko bozeramailea ere pozik azaldu zen, prozesuaren emaitzekin, eta ados aukeratu direnekin; baina zehaztu zuen, badaudela proposamen batzuk, «Udalak berez txertatu beharko lituz­ke­enak aurrekontuan; atletismo pistarena da horietako bat». Luis Intxauspe alkateak eran­tzun zion, prozesuak ahalbi­de­tzen duela, «udalak hiru edo lau urte barru egingo lituzkeen lanak azkartzea».

Hirugarren larunbata ere, ezkontza zibilak egiteko
Bozkatu zuten aurreneko pun­tua, izan zen hilean egun bat gehiago jartzea, ezkontza zibi­lak egiteko. Aurrerantzean, hi­le­ko aurreneko eta hirugarren larunbatean izango da ezkon­tzeko aukera, aho batez onar­tuta; orain arte, aurrenekoan bakarrik izan zitekeen.

Euskara Ari Durekin, hitzarmena onartuta
Segidan, Euskara Ari Duren proposamenari heldu zioten. Koro Etxeberria Kultura eta Eus­kara zinegotziak azaldu zuen, iazko egitasmoaren par­te­hartzea ikusita, elkartea sor­tzea erabaki duela Euskara Ari Duk, eta 2018 osorako prestatu duten egitasmoa aurrera era­mateko, hitzarmena sinatzea proposatu diola Udalari. Ho­rren arabera, 40.000 euroko dirula­guntza emango dio Udalak. Aho batez onartu zuten proposa­me­na, eta gonbitea luzatu zie­ten herritarrei, larunbatean egin­go duten aurkezpenera.
Horren ondoren, gai orde­nean beste puntu bat sartzea proposatu zuten: herriko auto­busa, 6 urtetik beherakoentzat izatea doan; orain arte 5 urtetik beherakoentzat da. Aho batez onartu zen, puntua sartzea, eta aldaketa hori egitea.

Adinekoen Kontseilua sortzeko onarpena, txalotua
Hortik aurrera, mozioei egin zieten bidea. Adinekoen Kon­tseilua sortzea izan zen, landu zuten aurrenekoa, adinekoek beraiek proposatua. Otsailetik BiziPoz programan parte hartu duten boluntarioek, beharra ikusi dute, Hernanin Kontseilu hori sortzeko, kolektibo horri buruzko arazoak eztabaidatu eta irtenbideak bilatzeko. Ho­rre­tarako, herriko auzo elkartee­kin, elkarteekin, zerbitzu sozia­lekin eta Udaleko talde poli­ti­koekin bildu dira; eta gaia landu ondoren, Udalari eskatu diote, babestu eta lagunduko duen Adinekoen Kontseilu bat sortzea, Udalaren parte izango dena, edozein alderdi politikok gobernatzen duela ere. Eta es­ka­tu diote, baita ere, beha­rrez­ko baliabideak eskaini eta bile­ren bitartez jarraipena egitea.
Xabier Lertxundi Zerbitzu Sozialetako presidenteak eske­rrak eman zizkien, egin duten lanarengatik eta erakutsitako jarreragatik: «eskerrik asko, ani­mo, eta badakizue bidean elkarrekin egongo garela».
Txalo zaparrada batekin har­tu zuen aretoak propo­sa­me­na, eta aho batez onartu ondoren, beste txalo zaparrada bat eskaini zioten.

Azaroaren 25ari buruzko bi mozioak, onartuta
Onartu egin zituzten, baita ere, Emakumeenganako Indar­keri­a­ren Aurkako Nazioarteko Egu­nari buruzko bi mozioak; baina bietako bat ere ez, aho batez. EAJk aurkeztutako mozioa, EH Bilduren abstentzioarekin onar­tu zen, Koordinadora Feminis­ta­ren testuari eman nahi zio­te­lako indarra, EAJren testu­a­re­kin ados egon arren. Eta Koor­dinadora Feministaren mo­zio­an, EAJ abstenitu zen.
EAJren mozioak, errepara­ziorako eskubidea bermatzeari eman zion indarra, eta hori agenda politikoan txertatzea eskatu zuen. Koordinadora Fe­mi­­nistaren testuak, berriz, mi­kromatxismoei egin zien erre­ferentzia, «eguneroko bio­len­tzia txiki horiei». Gainera, zinego­tziei eskatu zieten hausnar­tzeko, Udalean ematen diren desberdintasunez. EAJko Maria Otaegik erantzun zuen, ez due­la uste gizonen iritziak indar gehiago daukanik udaletxean; EH Bilduko Esti Aldeiturriagak, aldiz, nabarmendu zuen, ema­kume eta gazte bezala, des­berdintasuna nabaritu duela Udalean: «lan eta esfortzu asko egin behar izan dut, nire iritzia entzuna izateko».
Azkenik, gai ordenetik kan­po zegoen mozio bat txertatu zuten: salatzea gehiegizkoa dela Amaia Agirregabiria Pasaiako alkate ohiari, eta orduan idaz­kari zen Iker Rokandiori, ezarri zaien bi urte eta erdiko kar­tze­la zigorra. Aho batez onartu zen mozioa. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!