KATTALIN Miner Perez hernaniarrak Martin Ugalde beka jaso du Daniele Sarriugarte eta Maddi Altunarekin batera. Euskaldunon Egunkariak eta Berriak genero gaietan izandako bilakaera aztertzeko da. Urte bete dute ikerketa egiteko, eta ikus-entzunezko dokumental bat egingo dute. Denera 8.000 euro jasoko dituzte irabazleek.
Berria fundazioak, Elkar fundazioak, Jakin-ek eta Martin Ugalde kultur parkeak egin zuten deialdia eta aurkeztu ziren bost proiektuetatik Miner, Altuna eta Sarriugarterenak irabazi zuen. Hala ere, azpimarratu bost lanek zutela maila altua antolatzaileen esanetan.
Beka jaso zuten pasa den astean eta bertan Minerrek azaldu zuenez, hiru ardatz izango ditu haien ikerketak: «Batetik, genero ikuspegiak egunkariotan izandako ibilbidea aztertuko dugu kazetaritza ikuspegitik eta genero gaien trataeragatik. Azpimarra berezia egingo dugu irakurleengan izan duen eraginean». Minerren iritziz, Berriak lan berezia egin du lanketa feminista gizarteratzen. «Halaber, mugimendu feministak eta beste hartzaile batzuek bilakaera hori nola ikusi duten aztertuko dugu». Dokumental bat egingo dute, hamaika elkarrizketez osatua.
Ekitaldian Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria egon zen eta «hurrengo erronka» komunikabideen artean sare bat sortzea dela nabarmendu du.