Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Astelehena2019ko urriak 14

Hernani
txantxillako jaiak

2017/10/28, larunbata

«Jendea erraztasun eta kariño haundiz etortzen zen Axalara”

Jeannette Juan Dominguez bere Axalako etxean.
Jeannette Juan Dominguez bere Axalako etxean.

Txantxillako auzotarren omenaldia jasoko du gaur Jeannette Juanek (Tarbes, 1933) jai batzordeak antolatutako ekitaldian. Gazte-gaztetan Okzitaniako Soues herritik Hernanira ezkondu eta geroztik Axala familiaren giltzarrietako bat izan da. 1958an eraiki zutenetik Axalan bizi izan da, urte askoan auzoko bilgune izan den tokia.

AXALA izena ezaguna dugu Hernanin: Mujika familiak arro eraman duen ezizena da eta Txantxillatik gertu bide bazterrean dagoen etxeak ere izen bera darama. Hor bizi izan da Jeannette Juan, eraiki zutenetik. Hernanira gaztetan etorritako 84 urteko emakume honek oso ondo ezagutzen ditu axalatarrek erbestean zein herrian bizitakoak; beste askotan bezala, historia honen atzean ama eta amonen zeregina ere ezinbestekoa izan baita. Horretaz guztiaz galdetu diogu auzotarren omenaldia jaso aurretik.

Jeannette, zu Tarbesen jaiotakoa zara, baina abizen horiek beste nonbaitetik datozkizu.
Tarbes hirian jaio nintzen bai, ospitalean, baina hazi Soues izeneko ondoko herritxoan. Aita eta ama espainiarrak nituen: aita mañoa zen, Zara­gozakoa, eta ama andaluza. Lehen mundu gerra eta gero Frantzian obreroak behar zituzten lanerako, aita lehen mailako ofiziala zen eta Pirinioetan ibili zen presa bat muntatzen, hala amaitu zuten Souesen. Ni hamalau seme-alabetan txikiena nintzen.

Espainolez ez zizuten eraku­tsi? 
Ez, gurekin ez zuten espainolez egiten, gainera, aita haurra nintzela hil zitzaigun. Gu eskola frantsesean hezi gintuzten eta hango bizimodua generaman. Herritik gertu Alstomen fabrika zegoen, oso indartsua, eta anaiek eta familia guztiak han egiten zuten lan. 

Urte gorabeheratsuak ziren, gerra pasa berritan jende asko hara eta hona...
Errefuxiatu asko zegoen orduan Tarbesen, ez bakarrik Euskal Herrikoak, toki guztietakoak. Gogoratzen dut oso ondo kantatzen zutela, eta hori asko maite zuten Frantzian; mezetara joaten ziren kantuan eta ardo upelak ematen zizkieten trukean. Eta gure etxea, ene... nola egoten zen! Anaia batek ama zenari haserre esaten zion: «Ezin naiz etorri bisitan, beti jendez beteta dago hau!». Nire arreba bati denak ematen zion pena, arropak eta janaria biltzen zituen, ez zitzaion gustatzen jendea gaizki ikustea, oso iraultzailea zen.

«Tarbes hirian jaio nintzen eta Dioni nere senarrarekin Hernanin jarri nintzen bizitzen 22 urtetik. Oso hartu nautela beti esan dut, asko zaindu eta maite naute»

Dioni Mujika zure senarra izango zena ere handik ibili zen erbesteraturik familiarekin batera. 
Haren aita Manuel Axalak liburu bat idazteko adina kontu zituen. Gerra Zibilan Hernaniko alkate izan zen Bilbon zegoela, Miguel Toledok ihes egin behar izan zuelako; jendea barkuetan sartzen laguntzen aritu zen han. Gero Hernanira etorri zen, baina hemen ez zioten bakean uzten. Meliton Manzanas, Irunen hil zuten famoso hori ere askotan etorri zitzaion tiroka bila: behin Olaranen etxeko bigarren pisuko balkoitik salto egin eta artasorotan barrena egin zuen ihes; ikuilu batean eduki zuten ezkutatuta. 
Horregatik joan zen mugaz beste aldera... eta senideak?
Emaztea, Margarita del Puerto, bakarrik geratu zen bi semeekin, Josetxo eta Dioni, eta denbora batez Pasaiako izeba batengana eraman zituen. Soldadutzarako arropak egiten aritzen zen lehen, baina ez zioten lanik ematen, eta azkenean etxeak garbitzen jarri zen. Asko sufritu zuen amona Marga­ritak. Gero Manuelen­gana joan ziren.

Zer da Manuelek Frantzian euskal errefuxiatuentzat eraberritu zuen gazteluaren kontu hori?
Loubersanen, Gers departamenduan, kapitain batek gaztelua erosi zuen eta Euskadiko gobernuaren bidez Manueli agindu zioten Euskal Herritik ihesi joandako jendearen kargu egin zedila toki horretan. Historia polita da. Lana behar zuten eta herrietan ur-kanaloiak jartzen aritzen ziren euskaldunak. Aitona oso abila zen horrelako gauzetarako.

Pertsona bizkorra, mugalari ere aritu zen.
Hernanitik oinez abiatu eta Donibane Lohizuneraino joaten zen. Mugalari lanetan Patxi Goiarekin aritzen zen eta egun batean, joan-etorri bat egina zutela, eskatu zieten Ramon Rubial pasatzeko. Baina Rubial horrek asma omen zuen eta ezin ibili. Azkenean bien artean jaso eta horrela eraman zuten... Patxik brometan: «Erriora botako diagu, bat gu­txiago!», eta Manuelek: «Isilik egon adi motel!».

Nola ezagutu zenituen axalatarrak?
Bigarren Mundu Gerratik urte batzuetara ezagutu nituen, Dioniren anaia Josetxok Alstomen egiten zuen lan eta haren bidez.

Baina ezkondu Hernanin egin zineten. Zergatik erabaki zenuten hona etortzea?
Manuelen anaia bat, Txomin, oso gaixo zegoen eta orduan hark muga pasa zuen ezkutuan bisitan etortzeko. Gabon gaua zen eta Hernanin errondarekin hasita zeuden berriz. Aitonari pare-parean tokatu zitzaion gabon kantak entzutea... hainbeste emozionatu zen hitz eman zuela bueltatu egingo zela.

Ez zuen erraza izango ordea.
Hernaniko udaletxean sekretario zebilen falangista batek lagundu zion, hura joan zi­tzaion mugara bila. Hamabost egunean behin komandantziara joan behar izaten zuen hala ere. Kontua da hemen bizitoki gabe aurkitu zirela, Kale Nagu­siko Korreos etxean zutena kendu egin baitzieten. Eskerrak Zubiria pataterak pisu bat utzi ziela... Gero, iloba Eugenioren [Arrigoiain-berri] baserriko lur batzuk erosita egin zuten etxe hau, Axala.

Zu ordurako hemen zinen. Gogoan duzu nola egin zen etxea?
Lan askorekin. Isidro Setien arkitektoak diseinatu zuen eta hasieran solairu bakarra jarri zen bizitzeko moduan, eta baratza ere bai. Etxean obratan ari zirela, Eibartik Manu Ro­bles-Arangiz eta ELAko beste buruzagi batzuk etorri ziren sindikatuko baten hiletara. «Jarri diozu izena etxeari?» galdetu zion honek, eta aitonak oraindik ezetz... «Ze jarriko diozu ba? Axala!». Eta horrela geratu zen.

Aizu, eta Axala ezizena nondik zetorkien?
Haien aitarengandik. Iñaki Mujika, oso pelotari ona zen. Behin amerikano bat etorri omen zen eta erronka bota zion. Gureak tako gabe jokatu zuen eta hala ere irabazi, gorra zen oso. Partiduan batek esan zuen: «Hau dek axala!», eta geroztik Axalarekin geratu zen. Bere semeei ere hola deitzen zieten.

Zer moduz moldatu zinen Hernaniko bizitzara?
22 urterekin ezkondu nintzen hona. Nik beti esan dut Herna­nin oso ondo hartu nautela, asko maite eta zaindu izan naute. 

«Axala izena pelota partidu batetik dator ‘Hau dek axala’ esan zioten Iñaki Mujikari»

Etxe hau jende askoren bilgune izaten zela esan didate.
Etxe honetan bizi ginen aitona, amona, Dioni eta biok, eta seme-alabak. Jende pila bat etortzen zen, kariño handiarekin, joera zegoen hemendik pasatakoan geratzeko. Gainera, telefonoa jarri genuen, pintore lanerako behar zuten, eta Alberrokoak eta beste bizilagunak etortzen ziren; korrika joaten ginen abisatzera deitzen zietenean. Auzokoak beti egon gara hor elkarri lagundu behar izan diogunean.
Bertsolariak ere izaten genituen. San Inazio egunean Santa Barbaran aritu eta gero gurean geratzen ziren lotan kanpotik etorritakoak: enbeitatarrak, Lopetegi... Axala etxea zen, baina barrukoa ere bai.

Lana franko egin behar izango zenuen orduan...
Asko. Pentsa, denei bazkaria jartzen bakarrik!

Eta euskaraz aritzen zineten. Nola ikasi zenuen?
Ez nekien ‘bai’ ere esaten, baina etxean entzunda hasi nintzen. Eta gero haurrak ikastolan hasi zirenean liburuak irakurrarazi behar izaten nizkien, eta klaro, nik ere jakin behar nuen zer irakurtzen zuten. Holaxe ikasi nuen, Martin Txilibitu-rekin.

Ordutik hona Txantxilla 
ingurua asko aldatu da, baina zuen etxeak hor segitzen du.
Lehen ez zegoen ezer hemen. Txantxillako kanpoaren eta oraingo mojen artean bidetxur bat besterik ez etxera etortzeko edo Santa Barbarara joateko. Aldaketak ondo bizi izan ditut; gustura nago, asko ateratzen naiz eta ahal dudana laguntzen dut.

 

Egitaraua

Atzo hartutako martxarekin, ez dira geldituko gaur!

Egun osoko festa izango da Txantxillan.

Atzo hasi ziren Txantxillako jaiak, baina gaurkoa izango dute egun haundia. Goizean haur eta helduen krosekin hasi, eta iluntzean Matraka elektrotxarangarekin buka­tu­ko dute, tartean paelladan indarrak berrituta. 

TXANTXILLAKO JAIAK 2017
GAUR, larunbata
10:00, Diana Hernani Musika Eskolako txistulariekin.
10:15, Haurren krossa.
10:30, Txantxilla-Santa Barbara-Txantxilla  V. Krossa (ermitaraino).
10:45, Haur jolasak.
12:00, Sagardo dastaketa eta pintxoak hernaniko eta inguruetako sagardotegiekin.
12:30, Txupinazoa eta omenaldia Jeannette Juan Dominguezi. Ondoren, bertsolariak ariko dira kantari.
14:30, Bazkaria: paella jatea.
17:00, Toka txapelketa (aurrena haurrak eta ondoren helduak).
17:00, Haurrentzako Bertsolharitza ikuskizuna eskainiko da.
18:00, Txokolatada goxoa, Txantxilla Kafetegiak egina.
19:00, Arimen kalejira Hernaniko dul­tzaina taldekoekin.
20:00, Pintxo-potea Matraka elektrotxarangak lagunduta.
23:45, Festen amaiera.

Txantxilla asko aldatu da urte batzutatik gaur egun arte argazki zahar honetan ikusi daitekeen bezala.
Txantxilla asko aldatu da urte batzutatik gaur egun arte argazki zahar honetan ikusi daitekeen bezala.