Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Astelehena2019ko iralak 23

Hernani
Etxepare Saria

2017/07/04, asteartea

Axpik Etxepare Saria irabazi du

Paula Estévez eta Ainara Azpiazu ‘Axpi’ saria jasotzen Atarrabian.
Paula Estévez eta Ainara Azpiazu ‘Axpi’ saria jasotzen Atarrabian.

Ilustratzaile hernaniarrak, Donostiako Paula Estevezekin elkarlanean, ‘Arraroa’ albumarekin
lortu du 5.000 euroko sari bakarra. «Oso pozik nago, ez nuen sekula testurik publikatu».

Ainara Azpiazu Aduriz Axpi ilustratzaile hernaniarrak  eta Paula Estévez del Diego donos­tiarrak egindako Arraroa albumak irabazi du aurtengo Etxepare saria. Sari bakarra eman da, 5.000 eurokoa, egile eskubideen aurrerapen mo­du­an, eta saritutako lana Pami­ela etxeak argitaratuko du, euskaraz, aurtengo udaz­ke­nean.
Haurrentzako albumak sa­ri­tzen dira Etxepare lehia­ketan. Nafarroako hogei toki entitatetako euskara zerbi­tzuek antolatutako ekimena da. 2006an jaio zen sariketa, eta harrez gero urtero egin da, 2012an izan ezik.
Lan irabazleak istorio hau kontatzen du: haur batek gaur­ko gizartearen aniz­ta­sunari erreparatzen dio bere etxeko leihotik. Neskatoak hamabi egoera bitxi aurkezten dizkigu eta modu sinple be­zain grafikoan egiten du auzokide bakoitzaren argaz­kia, biñeta gisa, topikoei ihesi, eta benetako errealitatea age­rian utziz.
«Lan ausarta eta grafikoki interesgarria da. Album ilus­tratuaren definizioari tre­be­ki heltzen dio, testua irudiaren bi­dez osatzen da, eta ba­­i­ta alderantziz ere. Tonua al­bum guztian mantentzea lor­tzen du, azkenean liburu ore­katua lortuz. Album ilus­tratu honek estereotipoak albo­­ra­tzeko pro­posamen umo­­­­retsua es­kain­tzen digu eta, aldi be­rean, irakurleoi go­goeta egi­teko aukera helarazten» adie­razi zuten epaimahai­kideek.
Axpik dioenez «azpima­rragarriena da, istorioa ez dela hitzen bidez bakarrik kontatzen, baizik eta testu eta irudiek osatzen duten jolasean sortzen dela. Irudiak narra­ti­boak izan ohi dira, eta ez dira testuak deskribatzen due­naren dekoratzaile hutsak, baizik eta beren kabuz zerbait kontatzen dute. Honela, al­bum baten irakurketan tes­tua eta irudia elkarren osa­garri dira eta irudiak ezin­besteko pisua hartzen du».

Lehendabizikoz BIKO-TEKA
Aurten, lehendabizikoz, BIKO-TEKA izeneko deialdi bat egin zuten Etxepare Sarira aur­kezteko moduko proiek­tuak lantzeko. Bertan, hiru egu­netako ikastaro batean parte hartzeko aukera eskaintzen zen eta Harkaitz Cano idazle eta Aitziber Alonso ilustra­tzailearen laguntzaz proiek­tuak bideratzen hasteko au­kera ematen zen.

«Idazle bezala aurkeztu naiz lehen aldiz»
«Deialdi honetan beharrezkoa zen idazle edo ilustratzaile aur­keztea, eta nik ilus­tra­zioaren alorra oso landua nuenez eta kajoiean neronek idatzitako proiektutxo batzuk ditudanez, idazle bezala aur­keztea bu­ruratu zitzaidan, ikas­ta­roari zuku gehiago aterako niolakoan. Honela, idazle bezala aurkeztu eta BIKO-TEKA deialdian helburua bikoteka lan egitea zenez, Paula Estevezekin jarri nin­duten lanean, ni testuen arduradun eta bera ilustra­zioena». Horrela sortu zen Arraroa liburua, «ikastaro horretan izandako elkar­trukeetan egi­tura orokorra fin­katu, eta gero etxean nor­berak gure lanak bukatu genituen, gero Sari­ketara aur­kezteko lana. Eta egia esan oso pozik nago, hamalau liburutik gora ilus­tratu ditu­dan arren sekula ez nuen tes­turik publikatu eta hau izango da nire lehen al­dia».
Axpiren esanetan «iruditzen zait ilustratzaile izateak lagundu duela testuari dagokion tokia ematen, eta oso deskriptiboa ez egiten, gero irudiak esango zituen gauzak ez errepikatzeko, eta jolasa sortzeko bi hizkuntza horien artean, istorioaren mesedetan».