«Gehienok ez gara hernaniarrak, baina hernaniar sentitzen gara»

Mikel Aginagalde Ugartemendia 2017ko eka. 24a, 02:00

Txipititxonian lagun taldea izango da, aurtengo San Joan jaietako koadrila egunean, brindisa egiteko ohorea izango duena. Hogei urte inguru daramatzate koadrila moduan, eta batzuk herna­nia­rrak diren arren, gehienak Euskal Herri­ko txoko askotatik etorritako lagunak dira; hala nola, Bizkaiakoak, Gipuz­koa­ko herri ugaritakoak eta Nafarroakoak. Orotara, hogei emakume zein gizon dira, eta oso pozik agertu dira ekainaren 25ean Gudarien Plazan egingo zaien omenaldi xumea dela eta. Amaia Vaz­quez deustuarrak eta Bego Ormazabal hernaniarrak, koadrilaren jatorriaren eta bilakaeraren inguruko nondik norakoak kontatu eta aurtengo jaietan dituzten planak azaldu dizkigute.
 
Koadrila eguneko brindisean zuek izango zarete protagonistak. Nola sentitzen zarete? Gauza berezirik egingo duzue?

Egingo diguten omenalditxoak asko pozten gaitu; hala ere, urduritasuna ezin kendu gabiltza. San Joan bereziak izango direla garbi dago, baina ez dugu beste edizioekin alderatuta ezer bere­zi­rik egiteko asmorik. Hori bai, festa egi­teko gogo handia daukagu; koadri­la­re­kin atera, Plaza Berriko txosnan afaldu, txarangen atzetik joan, dantzatu, ondo pasa eta hilaren 25eko koadrila egu­nean, nola ez, lagun artean bazkaldu.

«Agian gu izan gara aldatu garenak; izan ere, lehen gauez egiten genituen parrandarik gehienak, eta orain, zahartzen goazen heinean, egunean zehar disfrutatzen dugu»

Koadrila gisa ateratzen hasi zinetenetik zerbait aldatu al da, San Joan jaietan eta zuen parranda egiteko moduan?
Festen egitarauan ez da aldaketa han­diegirik izan. Agian gu izan gara aldatu garenak; izan ere, lehen gauez egiten genituen parrandarik gehienak eta orain, zahartzen goazen heinean, egunean zehar disfrutatzen dugu, nahiz eta oraindik ere gaupasak egiten dituen koadrilako kiderik badagoen. Koadrila eguneko brindisa, hala ere, berrikuntza bat da eta ekimen polita iruditzen zaigu. Gainera, urtetik urtera gero eta arra­kasta handiagoa dauka.
Urteak joan ahala bakoitzak bere bizitza egiten du. Zaila al da festetan koadrilako kide guztiak elkartzea?
Ba egia esateko, normalean lagun talde guztia elkartzen gara, salbuespenak salbuespen. Aurten, esaterako, kide bat izan ezik, beste guztiak egongo gara festetan. Gainera, urtean zehar ere ia astero elkartzen gara afaltzeko, eta gure bizitzetako kontuak eguneratzeko. Esan behar dugu, baita ere, gehienok ez garela hernaniarrak, baina hernaniar sentitzen garela.

Koadrilaren izena bitxia da. Zer esan nahi du eta non du jatorria?
Lehenik eta behin, azaldu behar dugu urte asko pasa genituela izena auke­ra­tzeko. Azkenean, gure koadrilako her­na­­­niar bati bururatu zitzaion ideia origi­nal bezain polita. Garai batean, Hernanin eta Ugaldetxo aldean asko erabiltzen zen txipititxonian hitza. Andre kaleko emakumeek erabiltzen zuten kontzeptu hori, txarangen atzetik abiatzen zire­ne­an. Gu oso txaranga zaleak garenez, ederki zetorkigun lagun taldearen izen mo­du­ra. Hala ere, izen bitxi eta luze samarra iza­nik, koa­dri­la­ko lagun askori, oraindik ere, kosta egiten zaie izena ikasi eta ondo esa­tea. Pentsa, orduan, lehen aldiz entzun duenak zenbat komeri eduki di­tzaken izena fundamentuz esateko! 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!