Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Astelehena2019ko iralak 23

Hernani
HERNANI // Musika eta emanaldiak

2017/06/23, ostirala

Txarangak kalez kale eta kontzertuak plazetan, kantu eta dantza denetan!

Atzieta kaleari eskainitako pieza estreinatuko du Incansables txarangak.
Atzieta kaleari eskainitako pieza estreinatuko du Incansables txarangak.

Urtero bezala, musikak hartuko ditu Hernaniko txoko guztiak, jaietan. Egunero aterako dira txarangak, kaleak alaitzera, eta nobedaderik ere izango da aurten: Atzieta kaleari eskainitako pieza estreinatuko du Incansables txarangak.

Belarriak mota guztietako doinuekin goxatu, eta gorputza astintzeko gogoa izaten du San Joanetan, urte guztian gel­dirik egoten denak ere! Eta horre­ta­rako aukera, ezin zabalagoa izaten da jaietan!
Kalez kale ibili nahi duenak, txa­ran­gari segitu besterik ez dauka, egunero aterako baitira, kaleak alaitzera. Uru­mea txaranga izango da aurrenekoa, gaur gauean, eta Xalapartakoa aterako da bihar, zezen suzkoarekin batera. Bukatzean, gainera, Onddi tabernara joango dira, Iñaki Apezetxea Txatxon txarangako kide zenari omenaldia egi­teko. Gu gira Euskadiko kantatuko dute, eta herritarrak gonbidatu eta animatu dituzte bertaratzera.

Atzieta kaleari eskainitako pieza aurrenekoz, Incansables txarangak
Igandean, berriz, Beti Ola txaranga aterako da goizean, Betikoak arra­tsal­de­an, eta Incansables txaranga gauer­dian... nobe­dade eta guzti!
Izan ere, pieza berri bat estreinatuko dute, Joaquin Ortega Canariok, txaran­ga 1971n sortu zenetik dagoen kide ba­ka­rrak, konposatutakoa: Atzieta kaleari eskainitako pieza sortu du, eta etzi joko dute aurrenekoz.
Santa Barbara eta Nekaezinak txa­rangen txanda izango da astelehenean, goizean bata eta gauerdian bestea. Eta astearte goiza Beti Egarriak txarangak alaitu ondoren, Incansables txaranga aterako da berriro, festak bukatuta­ko­an, azkeneko kalejirari erritmoa jartzera.

Kontzertu eta dantzaldiak, Plazan, Tilosetan eta Urbieta kalean
Eta kontzertuak ere, makina bat izango dira, jaietako egun guztietan. Hiru esze­natoki nagusi izango dituzte: Plaza, Tiloseta eta Urbieta kalea.
Aurrenekoa, jendez beteko dute aste­lehen gauean, Skakeitan eta Huntza taldeek. Tilosetan, berriz, dantzan jarriko dituzte denak, Laiotzek gaur, reggae kontzertuek bihar eta Gaubela taldeak etzi. Eta Urbieta kalean, asko izango dira emanaldiak: Kantuz eta Ozenkiren saioa gaur, aerorrunba eta Itziarren Semeak bihar, Fermin Valen­cia eta Patxi Saiz etzi, Baztandarrak taldea astelehenean...
Baina dantza egiteko bakarrik ez, dantza saio ederrak ikusteko aukera ere izango da. Bihar arratsaldean jokatuko da, batetik, dantza askatuen txapelketa, Plazan; eta arratsaldean ber­tan izango da kulturen arteko dantza emanaldia, Urbieta kalean. Eta astearte gauean, ikuskizun berezia eskainiko du GloCirco taldeak, festei bukaera eman aurretik: Entre cuatro tiempos dantza bertikalen ikuskizuna, Tilosetako fron­toiaren paretan.