Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Larunbata2019ko martxoak 23

Goizueta

2019/03/23, larunbata

«Gu gara uniformatuta goazenak, baina bada guk adina lan egiten duen jendea»

Iñaki Etxeberriak dronearekin grabatu duen bideoan, ondo ikusi daiteke bi suteetan erretako mendi zatia.
Iñaki eta Martin Etxeberria, Fernando Goia ?Pollo? eta Luis Elizegi, Goizuetako parkeko kamioietako baten barruan.
Iñaki eta Martin Etxeberria, Fernando Goia ?Pollo? eta Luis Elizegi, Goizuetako parkeko kamioietako baten barruan.

Goizuetan gertatutako «aspaldiko suterik haundienen» nondik norakoak, bizitako «inpotentzia eta urduritasun» momentuak, eta suhiltzaile boluntario izatearen arrazoiak kontatu dizkiote Kronikari, Goizuetako parkeko lau lagunek: Fernando Goia ?Pollo?k, Luis Elizegik, eta Martin eta Iñaki Etxeberria anaiek.

Euria bueltatu den egunetan, beste lasaitasun batekin egiten dute hitz, Goizuetako suhiltzaile boluntarioen parkean. Ez du­te berehalakoan ahaztuko, Goi­zuetan «aspaldi izandako suterik haundiena»; suhiltzaile gi­sa ari direnetik, bizi izan duten haun­diena: bai Iñaki eta Mar­tin Etxeberria anaiek, urte erdi baitaramaki aurrenekoak, eta laugarrena beteko baitu bigarrenak; bai Fernando Goia Po­llok, parkeko arduradun nagusiak, hasi zenetik 13 urte pasa badira ere; baina baita Luis Eli­zegik ere. «1996an parkea mar­txan ja­rri zenetik daramaki Luisek he­­men, bera da benetako nagusia», azaldu du Pollok.

Ez dute berehalakoan ahaztuko, nola ikusten zen sua he­rritik bertatik: «espektakularrak izan ziren. Gauez, sua oso es­kan­dalosoa da, eta izugarria zen nola ikusten ziren», diote.


«Terreno lehorra eta zegoen zikinkeria guztiarekin, sekulako konbustiblea zen»

Baina espektakuluaz gozatzeko denborarik galdu gabe, lanean jarri ziren Goizuetako suhiltzaile boluntarioak. Ohikoa zen abixua jasotzeko modua, mugikorrera iritsi zitzaien mezu batekin: Sutea Goizuetan, Burugorri­ko pistan; azaltzeko aukerarik baduzu, deitu 112 zenbakira. Otsailaren 27ko goizaldea zen, 04:30ak aldera. Etxetik atera bes­terik ez zuten izan, konturatzeko sutea ez zela ohikoa: «hiru suhiltzaile etorri ginen aurrena parkera, eta ikusi ge­nu­en larria zela. Jendeari dei­ka hasi, eta zortzi edo bederatzi elkartu ginen», azaldu du Mar­tinek. «Hor ikusi zen, nolako kon­promisoa duten batzuek eta zenbat bizitzen duten. Pare ba­tek, jaiegun bat hartu zuten be­raien lanean, hemen sua itzal­tzen laguntzeko», dio Pollok.

Tokira iristen aurrenekoak izan ziren, eta suaren hiru flankoetatik, ezkerrekoan hasi ziren lanean. Gero iritsi ziren suhiltzaile profesionalak, Cor­do­villako parkekoak: «aurreneko interbentzioa inportantea izaten da beti, bai­na kasu honetan, terrenoa lehorra zegoela, zai­la, eta zegoen zikinkeria guz­tiarekin, horrek aguro har­tu zuen su; sekulako konbustiblea zen», kontatu du Pollok.

Gaua zuten, beste oztopoa: «ez duzu ikusten, eta ez dakizu suak zein jugada egingo dizun. Ongi planeatzen duzu, edo gai­nerakoan, ezin duzu sura sar­tu.  Arriskua haundia da», azal­du du Martinek. Sura iristeko ere, ez zuten lan erraza izan, gainera: «ez da zonalde bat jende asko ibiltzen dena, eta pista ba­tzuk itxita zeuden», dio Iñakik.

«Pare batek, jaieguna hartu zuten beraien lanean, hemen sua itzaltzen laguntzeko. Hor ikusi zen, nolako konpromisoa duten eta zenbat bizitzen duten»

«Zure etxean ikusten duzunean sua, hiru aldiz gehiago harrapatzen zaitu»

Hori guztia, «inpotentziaz» eta «oso urduri» bizitu zuten, suhil­tzaile boluntarioek: «profesionalak lanera etortzen dira, eta poso haundia dute. Beste filoso­fia batekin etortzen dira. Bai­na zuk, zure etxea erretzen ikusten duzunean...», dio Martinek. «Zurean ikusten duzunean sua, hiru aldiz gehiago harrapatzen zaitu», nabarmendu du Pollok: «profesionalak etortzen dira su hori itzaltzera. Beraiei berdin zaie hemen itzali edo 100 me­tro harago. Baina zuk, herrikoa izanik, ikusten dituzunean erre­tzen plan­tazioak, gaztainondoak, ber­­tako haritza? Horrek mina ematen dizu. Herriko di­ru iturria da hori, eta izorratzera dijoa dena. Inpotentzia da».

Otsailaren 27ko goizaldean piztu zen sua, 28ko goizaldean eman zuten itzalitzat. «Horre­la­ko egunetan jendea eskas iza­ten da, eta guk jendea eta jendea behar... Eta azkenerako, la­nera eto­rrarazi zituzten jaieguna zeukaten suhiltzaile profesional ba­tzuk», azaldu dute. «Gu, berriz, indarrek eman zu­ten bitartean aritu ginen. Ni goi­zeko bostetan joan nintzen, eta arratsaldeko bostetan erretiratu nintzen, txikituta nengoelako», kontatu du Iñakik.

«Ibon, adibidez, goizeko bos­tetatik gaueko hamaiketara egon zen», gogoratu du Pollok: «baina zuk ikusten duzunean ezin duzula gehiago, handik alde egin behar duzu. Bestela, arrisku bat bihurtzen zara».


«Sua probokatzen duena, ez da kontziente zenbaterainoko mina egiten duen»

Sutea itzali bitartean, buruari buelta gutxi eman zizkioten goizuetarrek, kausen inguruan: «momentuan ez duzu pentsa­tzen; sua da, eta itzali egin be­har duzu. Baina gero, jakinda intentzionatua izan dela, pen­tsatzen duzu eta konturatzen zara, hemen badela jendea ez­berdin pentsatzen duena, gaiztoa edo intentzio txarrekoa», dio Martinek. «Eta beldurra sar­tzen zaizu, berriro gertatuko ote den», gehitu du Pollok.

Luisek uste du, sutea probokatzen duena ez dela kontura­tzen, eragin dezakeenaz: «min egiten dutela bai, baina uste dut ez direla kontziente, zenbaterainokoa den mina». Eta ezta  ere, «jendeak bere bizitza arris­ku­an jartzen duela su hori itzaltzeko», dio Iñakik.

Bazekien, ordea, zeri eman zion su: «intentzio guztiarekin egin zuen», nabarmendu du Iña­kik; «bestela mendiari ema­ten diozu su, zikinari, baina ez plantazioei», azaldu du Luisek. «Basozainak esan zuen, hau mina emateko egin dutela, izorratzeko. Plantazio horietan, 600.000 edo 700.000 euro inber­titu ziren, eta pikutara joan dira», salatu du Pollok.


Tokia eta baldintzak, kaxkarragoak bigarrenean: «euriak salbatu zuen»

Inauteriak «ondo eta lasai» iga­­ro zituzten, gehienek. Iro­nia­tik jo du Martinek, galderari eran­tzuteko: «primeran, bai; nik as­teartekoa nuen gau bakarra libre, eta kalera atera bezala, sua zela. Ez zen posible. Eta ikusten dituzu lagun guztiak nola dabiltzan, enbalatuta. De­nak parrandan, normala den bezala. Sutea ikusita, pentsatu nuen jendea beharko zela, eta jenderik ez zela; baldintza onenetan ez behintzat», kontatu du.

Inauteri astearteko gauerdi­an piztu zen bigarren sua: «abi­xua jaso genuenean, eta zebilen haizearekin, ikusi genuen ba­zela hor pastela. Bi lagun azaldu ginen, eta hortik pixka ba­tera hirugarrena. Ikusten du­zu­nean jende gutxi garela, urduri jartzen zara, gehiago elkartu eta ekipo bat bagarela ikusi arte. Baina norberaren arabera da hori. Luis, adibidez, ez duzu se­kula urduri ikusiko», nabarmendu du Martinek. «Bere ana­iak ere urte asko daramazki, baina urduri asko jartzen da!», zirikatu du Pollok. «Hasi berritan eta gaztea zarenean, normala da dena azkar egin nahi izatea», azaldu du Luisek: «bai­na azkenerako alperrik da. Hobe da parkean bost minutu gehiago pasatzea, zerbait ahaztu eta bueltan etorri behar izatea bai­no.?Denborarekin ikasten da».

Gau hartako baldintzek, hala ere, ez zuten laguntzen lasai egoteko: «toki txarragoa zen, eta baldintza metereologikoak ere bai. Sekulako haizea zebilen», azaldu du Pollok. «Eta aldakor, gainera», gehitu du Luisek: «oso arriskutsua da hori. Buel­ta eman dezake, eta suak zu harrapatu». Eta hala gertatu zi­tzaion, talde bati: «alde batean ari ginen itzaltzen, eta haizea aldatu zenean, minutu batean igo zen sua behetik gora. Bost lagun eta bi kamioi geratu zi­ren harrapatuta», kontatu du Pollok. Horien artean zen Mar­tin, eta baita agintean zegoen sarjentua ere: «hark esan zuen, kamioiak erre behar baziren, erre zitezela; baina guk salbu jarri behar genuela, pago tartean, sua pasa arte. Suertea izan genuen, eta kamioiak ez ziren erre azkenean».

Haize horrekin, hidroabio­iak eta helikopteroek ezin izan zuten lanik egin, aurrenekoan bezala. Baina laguntzaile bat, be­hin­tzat, izan zuten arra­tsal­de­an: «euriak salbatu zuen bi­ga­rrena», adierazi du Pollok.


«Jendea badago, gu parkean ikusi bezala laguntzera etortzen dena»

Beste laguntza bat ere izaten dute suhiltzaileek, horrelakoetan: herritarrena. «Gu gara uni­formatuta goazenak, baina ba­da guk adina lan egiten duen jendea; atzeko eta azpiko lana egiten duena, eta gu parkean ikusi bezala, laguntzera etor­tzen dena», nabarmendu du Mar­tinek. «Beti dago jendea la­gun­tzeko prest, edozertan: zerbait igo behar den, bokatak egin be­har diren, ura eraman... Goi­zuetan jendeak beti funtzionatu izan du horrela, eta berdin funtzionatzen du. Modu batera edo bestera, askok laguntzen dute», goraipatu du Pollok.

Edozein kasutan, azaldu dute, herritarrek «kontziente» izan behar dutela, suhiltzaileek protokolo bat jarraitu behar dutela horrelakoetan: «prestatu, bildu eta antolatu egin be­har dugu, gauzak oso ondo egiteko. Edozein aktuaziotan, gau­zak ondo eginda ere, gaizki ate­ra daitezke. Beraz, pazientzia izan behar dute», dio Mar­tinek. «Eta gertatzen da, laguntzeko saiakera horretan, gure lana oztopatu dezaketela, presaka aritu nahiagatik», azaldu du Luisek: «badakigu ez dutela intentzio txarrarekin egiten, baina traba egiten dute». Mar­tinek dio, sua denean, jendeak ura ikusi nahi duela berehala: «baina gauzak ez dira horrela. Iritsi, eta bost minutu hartu behar dira egoera aztertu eta antolatzeko».


«Orain arte itzaltzen aritu gara, eta orain su ematea tokatuko zaigu...»

Guztien artean itzali zituzten bi su haundi haiek, piztuta segiko dute denbora baterako, haien memorian. Baina espero dute, hurrengo sute haundia be­raiek eragindakoa izanen de­la: «badaukagu erreketa haun­di bat egin beharra, herriaren gaineko aldean. Madriletik eto­rriko dira, kema kontrolatuak egiten dituztenak, eta gurekin batera, Oronozeko suhiltzaileak ere egonen dira. Prestatzen ari gara, eta laster izanen da. Hori izanen da espektakularra, au­rre­­­ko bi suteak bezala. Orain arte itzaltzen aritu gara, eta orain su ematea tokatuko zai­gu...». 


«Goizuetan txikitatik ikasi dugu, elkar lagundu behar diogula»

31 lagunek osatzen dute Goizuetako suhiltzaileen parkea: «beti egon da jendea hemen, bizi egiten dute».

Zenbat suhiltzaile boluntario zarete?
Pollo: 31 lagun gara Goizuetako parkean. Garai batean ere joaten ziren suak itzaltzera, baina behin herriko emakume bat hil zen lanean, herriko erizaina zena. Eta ondo presta­tzeko be­­harra iku­si zen. 1996an jarri zen martxan parkea, printzipioz basoko suteetarako.
Luis: Udalak ikusi zuen ez zela posible, laguntzera joandakoak han geldi­tzea. Eta zerbait egin behar zen. Talde bat osatu zen, Altsasuko parkean kur­tso bat eman ziguten, eta horrela hasi ginen antolatzen.
Pollo: Eta beti egon da jendea hemen. Ez da inoiz egon parkea bost boluntario hutsekin. Jendeak erantzuten du. Joan den urtean ere, sartu ziren lau berri. Jendeak bizi egiten du hori.
Luis: Beste herri batzuetan ere badira suhiltzaile boluntarioak, baina ez da hemen bezalako prestutasunik. Hemen, ez bada zerbait oso larria, suhiltzaile profesionalak etortzerako konpondua dago. Beraiek esaten dute, haien lana egiten dugula guk.

Garrantzitsua da parke bat izatea herrian bertan, ezta?
Luis: Abantaila da, hemen ura badaukazula prest. Kotxe batek, etxe batek edo mendiak su hartzen duela, ura daukazu eta hemendik bertatik ka­mio­iarekin ateratzen zara. Bestela, itxa­ron behar duzu Donostiatik edo Iruñatik iritsi arte. Zure baliabideak dauzkazu eta urarekin abiatzen zara hemendik.
Pollo: Nafarroako Gobernuari ere interesatzen zaio, diru asko aurrezten dute. Guk ez dugu sosik kobratzen.
Martin: Eskatzen dugun guztia materialerako izaten da, parkearen egunerokoa mantentzeko. Ikusita non gauden, beraiei interesatzen zaie gu he­men egotea. Eta guri ere bai. Ama edo amona gaizki jartzen bazait, interesa­tzen zait anbulantzia hemen edukitzea.

Zuek zergatik zarete suhiltzaile boluntario?
Luis: Beharragatik edo. Hemen txikitatik ikasi dugu, elkar lagundu behar diogula. Auzolanean egiten da gehiena Goizuetan, eta ikusten duzunean beti dagoela jendea prest laguntzeko, zuk ere lagundu behar duzu.
Iñaki: Hala tokatzen bada zuri lagunduko dizute, eta bestela, zuk lagundu behar duzu.
Martin: Gustatu ere egin behar zaizu.
Pollo: Anbulantziak egiten du sekulako lana Goizuetan.
Martin: Bai, beharra dagoela erakusten du. Goizueta dagoen tokian dago, eta jende heldu asko.
Pollo: Edozer gertatuta, pentsa Lei­tza­tik etorri beharko balu anbulantziak. Eta deskuidoz Leitzakoa atera bada bes­te traslado bat egitera? Denbora asko da, eta minutuek asko balio dute.