Pedal kolpez pedal kolpe, taldea indartuz

Mikel Aginagalde Ugartemendia 2017ko mar. 11a, 01:00

Gaur egun 50 bat txirrindularik osatzen dute Donosti Berri Txi­rrindularitza Elkartea, lau maila ezberdinetan banatuta. Pis­tan, errepidean eta ziklo­kro­sean aritzen dira denboral­di­ak irauten duen bitartean. Jo­se Luis Castilla donostiarra ka­deteekin aritzen da entrenatzaile moduan, beste bi pres­tatzaileren laguntzarekin. Be­rak dionez, «txirrindulari­tza­ren bidez laguntasuna, el­kar­tasuna eta talde lana bul­tzatu nahi ditugu, gaur egungo gizartean balore horiek ezinbestekoak direlako». Bestalde, ziklismoa lagun berriak egiteko modu gisa ulertzen dute Donosti Berriko arduradunek, eta kirol horren bidez, jendearengana hurbiltzeko modu gisa ere bai.
Denboraldian zehar hainbat probatan lehiatzen dute euskal lurraldearen luze zabalean, eta horietara aurkezteko entrenamendu gogorrak egin behar izaten dituzte. Pistako probak prestatzeko Anoetako Belodromoan entrenatzen du­te, astean hiru egunetan. Den­bo­raldia neguan izan ohi da, egu­raldia kaskarra den sa­so­ian. Lehiaketei dagokienez, aur­ten Bioracer izeneko txa­pelketan hartu dute parte zenbait espezialitatetan, hala no­la; tenpoa, eliminaziozko pr­o­ba, puntuaketa eta scratch-a. Modalitate bakoitzean eta zor­tzi jardunalditan zehar, ahalik eta puntu gehien pilatzea eta puntuazio altuena eskuratzea da helburua.  Aurtengo edizi­o­an emaitza onak lortu dituzte Donosti Berri taldeko kideek; kadeteen mailan lehen postuan sailkatu dira eta junior mailan, aldiz, bigarren postu­an amaitu dute. «Pistan  ezin­bestekoa da proba guztietan zehar erregulartasuna man­tentzea» aitortu du Castillak.
Otsailetik aurrera eta abuztura bitarte, ordea, errepideko lasterketetan aritzen dira. Az­ken hauek prestatzeko entrenamenduak Goizuetako bidean edota Gipuzkoako kostaldean egiten dituzte, eta normalean, Zumaiarainoko joan-etorriak egiten dituzte. Entrenamendu saio espezifikoak ere izaten dituzte; esaterako, Aranoko igoeran serieak egiten dituzte abiadura leherkorra lantzeko. Hori guztia prestatzaile fisiko baten agindupean betetzen dute. «Esfortzu probak egiten dizkiegu ziklistei, eta neurri medikoak hartzen ditugu ezustekorik egon ez dadin» dio Castillak. Errepideko eta pistako modalitateez gain, ziklista gazteak ziklokrosean ere ari­tzen dira.

Babesleak, nahitaezko
Kirol gogorra izateaz gain, txi­rrin­dularitza nahiko kirol ga­res­tia dela esan daiteke. En­tre­natzeko eta lehiatzeko beharrezko arropa elkarteak ematen die kirolariei, baina, gainontzeko guztia eurek ordaindu behar izaten dute. Bizikleta da balio ekonomiko handiena duena, baina horrez gain, beste osagarri batzuk eskura­tzea ezinbestekoa dute ziklista gazteek. Castillaren arabera, «hori da gure lanaren handicap handienetakoa, zoritxarrez. Txirrindularitzaren mundua asko profesionalizatu da, eta laguntza ekonomikoa izatea derrigorrezkoa da, aurrera jarraitu nahi badugu». Gaur egun Donosti Berri Elkarteak hainbat babesleren dirula­gun­tza du eta beste hainbat enpresekin elkarlanean dihardu. «Gure babesle nagusia Victor Alvaro Construcciones den arren, Orbea enpresarekin ere elkarlan akordioa dugu eta horri esker bizikleten prezioan beherapenak izaten ditugu. Ziklismoaren munduan babesleak izatea ezinbestekoa da; baina horiek edukita ere, bizirautea ez da beti erraza izaten» dio Castillak.

«Txirrindularitzaren mundua asko profesionalizatu da, eta laguntza ekonomikoa izatea derrigorrezkoa da, aurrera jarraitu nahi badugu»

Zuzendari hernaniarra
Donosti Berri Elkarteak Her­na­ni­ko eta Astigarragako zenbait kide ditu bere lerroetan. Ho­rien artean dugu Axel Tranche. Jose Luis Castillarekin batera zuzendari lanetan dihardu, eta aurten bere bigarren urtea beteko du zeregin horretan. Dauzkan funtzio nagusiak dira prestatzaile fisikoak ezarritako entrenamenduak txirrindulariei transmititzea, teknika irakastea (tropelean non kokatu behar diren, besteen gurpilean jartzen…), eta lasterketetan taldea zuzentzea (non jarri arreta bereziki, ihesaldietan parte hartu edo ez, etab). «Hernaniko JOCC taldean ibili nintzen entrenatzaile modu­an, baina lehengo urtean akordio batera iritsi ginen, Her­na­ni­ko kadete mailako txirrindulariak Donosti Berrira pasatzeko, Hernanin infantil mailara arte bakarrik daukagulako txirrindulari taldea. Bestalde, ni entrenatzaile bezela pasako nintzen Donosti Berrira, ahal nuen neurrian lehendik zeuden entrenatzaileei laguntzeko», dio. Orain gutxi arte Tranche bera aritu izan da bizikleta gainean eta lasterke­te­tan lehiatzen. «Zazpi urtez ari­tu nintzen konpetitzen. Ha­sie­ran Hernaniko JOCC taldean 3 urtez, eta ondoren Urnietan, 4 urtez». Bere arabera, taldearen ezaugarri nagusia sortu den giro ona eta laguntasuna da: «Adin ezberdineko gazteen artean berehala sortzen da harremana eta konplizitatea. Txirrindularitzari esker ezagutu dute elkar eta beti daude besteari laguntzeko prest».
Tomas Oterminek hamasei urte ditu eta junior mailako ziklista gaztea da. Bere ustetan «sortu den laguntasuna da taldearen onena. Agian banaka ez gara indartsuenak, baina taldean edozer lortzeko gai garela erakutsi dugu». Jaime Romero ere Astigarragakoa da, lasterketetan lehiatzea gogoko du eta bere adinekoen artean onenetakoa dela dio. Ibai Ro­dri­guez eta Beñat Klemente, or­dea, hernaniarrak dira. Horie­ta­tik lehenak ere karreretan parte hartzea atsegin du, eta Donosti Berri taldean daraman urte eskasean gustura sentitu dela aitortu du. Klemente, bestalde, taldeko beteranoenetakoa da, eta hainbat aldiz igo da podiumera beste hainbat kategoriatan. Nork daki, agian nazioarteko itzuli handietan ikusiko ditugu hemendik denbora batera. Guztien aurpegian nabari da txirrindularitza maite dutela eta haien helburu nagusia, lan eginez, ondo pasa­tzea dela.

«Donosti Berri Txirrindularitza Elkartean aritzen diren mutilek elkartasuna, laguntasuna eta talde lana bezalako baloreak dituzte helmuga»

Profesionaletara jauzia
Zaila izan ohi da goi mailako txirrindularitzara saltoa egitea. Hori lortzeko trebetasuna eta zortea lagun izan behar dira. Donosti Berri taldetik, hala ere, profesional mailara iritsi direnak ere badira. Unai Intziarte da horietako bat; maila interkontinentaleko Al­dro Clycling Team taldean aritu zen iaz Manolo Saizen agin­duetara. Hala ere, sakrifizio handia behar da aurrera egiteko eta denbora asko har­tzen duenez, sarritan txirrindulari gazteek erabaki egin behar izaten dute lan egin, ikasi edo lehiatzearen artean. Intziar­tek, esaterako, txirrin­du­laritza profesionala utzi be­har izan du ikasketak direla me­dio. Cas­tillaren arabera, di­le­­ma handia izan ohi dute goi mai­lara iristea lortu duten zi­kli­sta askok. «Aukeratu egin be­har duzu lehentasunen artean. Txirrin­du­laritzatik bizitzeko aukerarik ez baduzu, prak­ti­ka profesionala uztea beste erre­mediorik ez daukazu». Izan ere, for­ma fisiko egokia iza­teko egunean lau ordu gu­txienez entrenatu behar dituzte, astean sei egunetan. Sakri­fizio asko es­ka­tzen duen kirola da ziklismoa, baina ordainetan gauza positibo asko es­kaintzen ditu. Donosti Berri Txirrindularitza Elkar­te­ak 25 urte daramatza kirolaren bidez gazteengan laguntasuna, el­kartasuna, enpatia eta talde lana bezalako baloreak landu eta sustatzen.  Castillak dioen mo­duan «garaikurrak irabaztea oso polita da, baina helburu horiek bigarren mailakoak dira; garrantzitsuena ondo pa­sa eta balio ezberdinak barneratu eta praktikara eramatea da».

Neskarik ez
Azken urteetan emakumezkoen txirrindularitzak indarra hartu badu ere, eta nazioarteko goi mailako txirrindulari­tzaren eszenatokian emakume ugari nabarmendu diren arren, gure inguruan ez du ­orain­dik eragin handiegirik izan. Castillaren arabera «Gi­puz­koako barnealdeko eskualdeetan nesken txirrindularitza talde gehiago daude, baina Do­nostia inguruan apenas daude elkarte ziklistak». Futbolean ez bezala, ziklismoaren aldeko apustu garbia egin duen talderik ez dago Donostialdean. Ha­la ere, itxaropena ez du galtzen eta, egun batean Donosti Berri taldean nesken arloa egotea gustatuko litzaioke. Zentzu horretan ikastoletan egiten ari diren lana fruitu emankorrak ematen ari da, eta neskak zi­klis­mora erakartzea izaten ari da erronka nagusia. «Astero-astero gure elkarteko bi kide joaten dira Hernaniko eta Astigarragako ikastoletara, eta han txirrindularitzaren inguruko tailerrak egiten dituzte, haurrei txirrindularitzarekiko zaletasuna pizteko xedez», azaldu du Castillak. Hau guztia aurrera eramateko Gipuzkoako Aldundiaren laguntza izaten dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!