- MIKEL AGINAGALDE - 

Asko dira gure artean bizi diren sorleku ugaritako etorkinak, errefuxiatuak edota iheslariak. Baina horien eta bertakoen arteko harremanak, ez dira beti estuak izaten. Bizi­la­gunak ekimenaren bultzatzaile den Txemi Apaolazaren iri­tziz, «xenofobiaren aurka egitea da Bizilagunak dinamikaren helburua, baita gizartean sortzen diren jarrera arrazistak salatzea ere». Hori lortzeko, Hernaniko familia bat eta bes­te jatorri bateko beste familia bat elkartuko dira, bi horietako baten etxean, bazkaldu, elkar ezagutu, eta ahal dela, harremana sortzeko. Eta ez hemen bakarrik, Euskal He­rriko eta Europako beste hainbat hiri eta herritan eta une berean ere egingo da ekimena.

Ekimenak, hernaniarren eta etorkinen arteko harremanak sendotzeko balio du. Bazkaria ospatu eta gerora, bi familien artean erlazio berezia sortu da zenbaitetan.

Bizilagunak ekitaldia ospatu zen lehenengo urtetik gaurdaino, parte hartzaileen kopuruak gora egin du etengabe. Lehen aldi hartan, 24 familiak eman zuten izena, eta pasa den urtean, aldiz, 88 izan ziren guztira. Amherreko kide den Aminata Diop senegaldarrak azaldu duenez, «partaideen kopuruak gora egin du esponentzialki, eta pozik gaude jendeak izan duen erantzunarekin». Bestalde, Apaolazak dio geroz eta pertsona gehiago ekimenera batzea seinale ona dela, baita urtez urte dinamika horrek jarraitzea ere.

Harremanak indartuz
Bizilagunak ekimenak, gainera, egun zehatz bat izatetik haratago, hernaniarren eta etorkinen arteko harremanak sendotzeko balio izan duela dio Diopek. Izan ere, bazkaria ospatu eta gerora, bi familien artean erlazio berezia sortu da zenbaitetan. Horien artean dago Juliet Larry nigeriarraren kasua. «Bizilagunen bazkaria estreinakoz egin genuenean, Hernaniko neska baten etxera joan ginen, eta oso esperien­tzia ona izan zela aitortu behar dut. Ondoren, berak bere gurasoak ekarri zituen gu ezagutu gintzaten. Haiek ez zuten sekula inmigranteekin harremanik izan, eta guztiontzat aberasgarria izan zela uste dut», kontatu du Larryk.
Lourdes Tranche ere Amher elkarteko kide da, eta bere esperientzia kontatu du: «nik parte hartu nuen lehen aldian, Mongoliako familia batekin bazkaltzea egokitu zitzaidan. Nik ez nuen mongoliar kulturari buruz deus ezagutzen, eta zinez aberasgarria izan zen pertsona horiek munduaren bestaldetik hona etortzeko egindako bidaia ezagutu eta haiei buruz gauza berriak ikastea. Ikusmira zabaltzeko aukera paregabea izan zen, eta asko eskertu dudan bizipena izan da, zalantzarik gabe», nabarmendu du Tranchek. 

«Etxeko sukaldea oso egokia iruditzen zaigu otordua egiteko, bertan intimitate eta konplizitatezko atmosfera sortzen delako», dio Ixiar Egiguren antolatzaileak.

Etxeko sukaldean
Etorkin ezberdinek gurera iristeko pasatako komeri eta bitxikeriak ezagutzeko, lekurik one­na etxeko sukaldeko mahaia dela adierazi du Ixiar Egigure­nek, Bizilagunak ekimeneko antolatzaileak: «Hernaniko el­kar­te gastronomikoetan egingo bagenitu bazkariak, agian in­mi­granteak ez lirateke eroso sentituko beren bizi esperien­tzia kontatzen. Horregatik, etxe­­ko sukaldea oso egokia irudi­tzen zaigu otordua egiteko, bertan intimitate eta konplizitatezko atmosfera sortzen de­la­ko, alegia. Alderdi horri ga­rrantzi haundia ematen diogu, komunikatzeko eta ezber­dina­ren­gana hurbiltzeko klima ego­kia sortzeak berebiziko ga­rrantzia duela uste baitugu».
Bestalde, gaur egun Her­na­nin 24 herrialde ezberdinetako etorkinak daude, eta horien egoera ez da kasu guztietan onena, lan baldintzei dagokienez. Diopen esanetan, langabezia tasa altuenak dituen giza taldea da inmigranteena, eta arazo kezkagarria dela uste du: «Lana aurkitzeko zailtasun haundiak dituzte kanpotik etortzen diren pertsonek, eta lan falta horrek bertakoengan aurreiritziak sortzen ditu. Jendeak etorkinak kalean edo tabernan ikusten ditu eta alfer etiketa jartzen die. Kontua ez da alferrak direla, baizik eta lan mundua itxia dagoela ho­rietako askoren­tzat», dio berak.

Aurtengo edizioan, antolatzaileek aprobetxatu nahi izan dute, kirolak pertsona ezberdinak hurbiltzeko daukan indarra.

Kirola, batasunerako tresna
Aurtengo edizioan, antola­tzaileek azpimarratu nahi izan dute, kirolak jatorri ezberdinetako familiak gerturatu eta batzeko duen ahalmena. Kiro­lak ez du arrazaz, koloreaz edo­ta jatorriaz bereizketarik egiten, eta zentzu horretan, pertsona ezberdinak hurbiltzeko duen indarra aprobetxatu nahi izan dute. 
Hernaniko kirol elkarte ge­hienek lan oparoa egiten dute etorkinen alde, eta ate­ak za­baltzen dizkiete beti edo ia beti. Mikel Von Wichmann atleta hernaniar eta Bizila­gu­nak ekimeneko par­taidearen iritziz, Club De­portivo Herna­ni edota Hernani Club Rugby Elkarteak, esaterako, lan haun­dia egiten dute etorkinek haien taldeetan par­te har dezaten. Hala ere, ai­tortu du oraindik lan haundia da­goela egiteko alor horretan. 

Hernaniko kirol talde gehienek, lan oparoa egin dute berdintasunaren alde, eta ateak zabaltzen dizkiete.

Oraingo edizioan, gainera, gazteei deia luzatu nahi izan diete, lotsak baztertu eta ekimenean parte hartzeko. Her­na­niko gazte talde bat lanean ari­tu da, herriko koadrilak parte hartzera bultzatuz. Guz­tiak bai­tira beharrezkoak arrazakeriaren mugak gainditzeko eta berdintasunean oinarritutako gizarte bat sor­tzeko. Kan­tu ezagunak dion bezala, «ko­lo­re guz­tiak arrazakeriaren kontra». 

 

Pape Sow

«Hemen, inon baino hobeto tratatu naute»

Senegaletik etorri zen Pape Sow, orain bederatzi urte, eta Hernanin bota ditu erraiak: bertan bizi da, bere familia berriarekin, eta CD Hernanin jokatzen du futbolean.

Pape Sow senegaldarra, duela bederatzi urte heldu zen Euskal Herrira, hamalau urte bes­terik ez zituela. Beste hain­bat etorkinen moduan, bere­ak eta bi jasan behar izan zituen gugana iristeko. Futbola pa­sio, Club Deportivo Hernanin jolasten hasi zen, eta handik gutxira, herriko familia batek semetzat hartu zuen. Gaur egun, hernaniar sentitzen du bere burua. Bizi­la­gunak eki­me­na dela eta, berarekin hitz egin nahi izan dugu, bere es­perientzia eza­gu­tu eta ulertu ahal izateko. Bere testigantza, beste etor­kin askorena beza­laxe, bizi­ki­detzaren inguruan haus­nar­tzeko baliagarria da za­lantzarik gabe.

Hernaniar askok ondo ezagutzen zaituzte. Zenbat denbora daramakizu Euskal Herrian?
Gipuzkoara 2007an etorri nin­tzen, nire osaba eta lehen­gusuarekin batera. Sene­ga­len familia utzi, itsasoa guru­tza­tu eta Kanariar irletatik pasa ondoren, Penintsulara aile­gatu ginen. Bizimodu hobe baten bila abiatu ginen, eza­gu­tzen ez genuen leku ba­tera, etorkizun itxaropentsu bat bilatzeko asmoz. Azken bederatzi urteetan nire bi­zi­tza erabat aldatu da zentzu guztietan. Orain, bi familia ditut, bat Afrikan eta bestea hemen.

«Hasiera ez zen batere erraza izan. Beharbada zailena izan zen, komunikatzeko zailtasuna»

Iritsi zinenean, zer aurkitu zenuen? Nolakoa izan zen harrera?
Hernanin inon baino hobeto tratatu naute beti, etxean bezala sentitu izan naiz. Gainera, hemen egin ditut koadrila eta lagunak, eta naizenaren parte dira. Behar izan dudan guztia eman didate; ikasteko aukera eta baita futbolean jolastekoa ere, beste gauza askoren artean. Gainerakoan ere oso eroso nago Euskal Herrian, eta nire etxea kontsideratzen dut. Aurrerantzean bertan eraiki nahiko nuke nire etor­kizuna.

Nola egokitu zinen bizimodu berrira. Zein izan zen zailtasunik haundiena?
Egia esan, hasiera ez zen ba­tere erraza izan. Behar­ba­da zailena komunikatzeko zail­ta­suna izan zen. Hizkuntza ez ezagutzeak muga asko jartzen zizkigun etorkinoi. Besteak zer esaten zuen ez jakiteak, ezintasuna sortzen zigun. Hala ere, berehala lor­tu nuen gauzak ulertzen has­tea, bertako lagunekin asko egoten bainintzen. Kirolak ere asko lagundu zidan egoera berrira ohitzen.

Futbola maite duzu. Nola lagundu dizu kirolak harremanak estutzen?
Kirolak orokorrean eta fut­bo­lak zehazki, asko lagundu di­da­te alderdi askotan. Futbo­laren bitartez, nire familia berria, lagunak eta jende piloa ezagutu dut. Futbolean jolastea ikaragarri gustatzen zait, eta talde batean jokatzea aukera bikaina izan da ni­re­tzat. Nire jaioterrian ere jo­lasten genuen, baina kalean eta lagunekin. Nire herrikide askori, gainera, kirolak asko lagundu die jendearekin erla­zioa hasteko garaian. Beraz, uste dut kirola oso balia­ga­rria dela gure bizitzetan. Fut­bolean jokatzeko aukera dau­kadan bitartean, horretan jarraituko dut, dudarik gabe.

Gaur egun CDHko bigarren taldean ari zara jolasten. Nola iritsi zinen Hernaniko futbol taldera?
Hernanira etorri baino lehen, Lezoko adin txikiko etor­ki­nen egoitza batean egon nin­tzen bizitzen, denbora batez. Handik Oreretara joaten gi­nen, Lanbide Heziketa ikas­te­ra. Hango jolas-garaian par­ti­datxoak jokatzen genituen gure artean, eta halako ba­te­an, CDHko kide batek ikusi gin­­tuen, eta Hernaniko talde­ra joan eta bertan probatu nahi ote genuen galdetu zi­gun. Bitan pentsatu gabe, ba­iezkoa eman genion eta ni eta beste bi lagun joan ginen. Ordutik aurrera, Hernaniko futbol taldean aritu naiz jo­lasten. Mutilen lehen taldean aritu izan naizen arren, egun bigarren taldean nabil. Nire beste bi lagun afrikarrak ere hemen bizi dira gaur egun, eta beraiekin egoten naiz noizean behin.

«Futbolaren bitartez, nire familia berria, lagunak eta jende piloa ezagutu dut»

Zure taldekideekin segituan egin zenuen erlazio ona, baina horietako batekin harreman berezia sortu zen. Nola izan zen?
Garai hartan nire taldekide zen Iñigo Esnaolak, egun ba­tean bere etxera bazkaltzera gonbidatu ninduen, eta mo­du horretan bere gurasoak eta arreba ezagutu nituen. Gure arteko harremana sen­do­tzen joan zen orduz gero, beraien etxean bizitzea pro­po­satu zidaten arte. Orain beraiekin bizi naiz, eta nire anai-arreba eta gurasotzat ditut. Haiek egin zidaten ha­rrera, beti eskertuko dudan zerbait da.

Zure Senegaleko familiarekin zein harreman duzu? Nola komunikatzen zara haiekin?
Posible dudanean hara joa­ten naiz bisitan, baina bes­tela internet edota Whatsapp bidez mintzatzen gara. Egia esateko, harreman oso ona daukat nire sendiarekin, eta lan egiten dudanean dirua bidaltzen diet. Hara joan nin­tzen azken aldian, gainera, neska bat ezagutu nuen eta orain sarearen bidez komu­nikatzen gara. Gustatuko li­tzaidake bera hona etortzea, eta hemen bizi ahal izatea, baina ez dakit hori noiz ger­tatuko den. Nik nire bizitza Hernanin egin nahi dut au­rre­rantzean, oso eroso na­go­elako hemen, eta maitatua sentitzen naizelako.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!