«Egoera fisiko onean iritsiko naiz Hawaiiko Ironmanera»

Mikel Aginagalde Ugartemendia 2016ko urr. 1a, 02:00


Hawaiiko Ironmanean lehiatuko den aurreneko hernaniarra izango zara. Zer sentitzen duzu?
Pozik sentitzen naiz eta aldi berean proba gogor hori buka­tzeko gogoa daukat. Izan ere, udan dezente entrenatu ohi dut, baina aurten inoiz baino gehiago ari naiz trebatzen, Hawaiira ahalik eta hobeto joateko; eta horrek nekeaz gain, estresa ere sortzen dit. Beraz, eguna iritsi eta lehiaketa ondo amaitu nahi dut. Triatloia ulertzen dut eguneroko bizitzako estresetik ateratzeko kirol gisa, eta erronka pertsonalak gainditzeko modu bezala ere bai; beraz, ez dut markak hausteko helburuarekin itsutu nahi.

«Apirilean hartu nuen parte Port Elizabeth hiriko triatloian. Bederatzi plaza zeuden Hawaiirako eta ni laugarren postuan sailkatu nintzen»

Hona iristeko zein proba gainditu behar izan dituzu?
Pasa den apirilean parte hartu nuen Hego Afri­kako Port Elizabeth hirian egin zen triatloian. Bederatzi plaza zeuden Hawaiirako txartela eskuratzeko eta nik laugarren postuan sailkatzea lortu nuen; horrela eskuratu dut Ozea­no Bareko irlara joateko aukera. Bestalde, esan behar dut adin tarte zehatz batean aritu naizela 45-49 urte tartean, hain zuzen ere.

«Aurten 45 urte beteko ditut eta nire erronken artean beti egon da Hawaiien parte hartzea. Buru belarri aritu naiz entrenatzen eta nire helburua bete dudala esan dezaket»

Nolakoa izan da Hego Afrikako esperientzia hori?
Oso aberasgarria izan da egonaldia. Hego Afrika oso herrialde polita da eta triatloia egiteaz gain turismoa eta safari bat egiteko aukera paregabea ere izan dut. Orain hiru urte ere izan nintzen han nire anaiarekin eta aurten ere asko gozatu dut. Klima itzela da eta bizimodua, guretzat behinik behin, nahiko merkea.

«Ez dut Hawaiien emaitza onak lor­tzeagatik ob­se­sio­na­tzeko asmo­rik. Proba hamar or­du­en azpitik bukatze­arekin nahikoa
dut. Espe­rientziaz gozatu eta ahalik eta emaitza
onena lortzen saiatuko naiz»


EGILEA: MIKEL AGINAGALDE

Aurreikuspenak bete al dituzu?
Egia esateko bai. Aurten 45 urte beteko ditut eta nire erronken artean beti egon da Hawaiin parte hartzea. Buru belarri aritu naiz entrenatzen eta nire helburua bete dudala esan dezaket. Gainera, azken hamar­kadan nire maila konpetitiboak ez duela behera egin nabaritu dut, eta horrek pozik egoteko arrazoiak ematen dizkit. Hala ere, ez dut Hawaiien emaitza onak lortzeagatik obsesionatzeko asmorik. Proba hamar orduren azpitik buka­tzearekin aski dut. Orain esperientziaz gozatu eta ahal den heinean emaitza ona lortzen saiatuko naiz.

«Probaren zaitasu­nik haundiena Hawaiiko klima da. Bero haundia egi­ten du eta hezeta­sunak ere ez du la­guntzen. Uraren ten­peratura ere altua izan ohi da. Bizikletan haize bor­titza izango da eragozpen nagusia...»

Zein berezitasun ditu probak?
Zailtasunik handiena Hawaiko klima da. Alde batetik, bero haundia egiten du eta hezetasunak ere ez du laguntzen. Bestalde, uraren tenperatura altua izan ohi da, eta 24 gradutik gora egonez gero neoprenorik gabe egin behar izango dugu igeri. Bizikletan, gainera, 180 km izango dira eta beste probetan ez bezala ibilbide bakarra izango da, hau da, ez da errepikatu egingo den zirkuitua izango. Haize bortitza izango da eragozpen nagusia. Aurkako egoera klimatiko ho­riei aurre egiteko tenperatura altuak dauden lekuetan ibili naiz entrenatzen, Guadalaja­ran esaterako.

Zein forman iritsiko zara probara?
Esan bezala udan inoiz baino gehiago entrenatu dut eta horrek beste gauzetarako denbora kendu dit. Egoera fisiko egokian iritsiko naizela uste dut, baina faktore klimatikoak kontuan izan behar dira, horrek emaitza baldintza dezakeelako. Azken hilabetean triatloi proba bat egin dut eta sentsazio onak izan ditudala aitortu behar dut. Hawaiira proba baino astebete lehenago helduko naiz, aklimatazioa oso garrantzitsua izango baita proba aurretik.

«Ironman bezelako proba gogorretan korrika aritzen naiz ondoen; baina beste lehiaketa motzagoetan nahiko ondo moldatzen naiz beste modalita­teetan ere»

Zenbat eta nola entrenatzen duzu?
Astean sei egunetan entrena­tzen dut, eta egun batean atseden hartzen dut. Bizpahiru aldiz korrika aritzen naiz, behin edo bi aldiz igeri eta beste horrenbeste bizikletan. Hala ere, ni ez naiz kirolari profesionala eta libre daukadan denbora aprobetxatzen dut hiru espezialitatetan trebatzeko. Nire entrenatzaileak markatzen dizkidan saioak egiten ditut, eta horrek asko laguntzen dit.

Dieta berezirik jarraitzen al duzu?
Nire akats handiena, beharbada, horixe izaten da. Nor­malean pisua jaitsi behar izaten dut eta asko kostatu ohi zait. Beraz, nahiz eta garbi jan eta ondo jateko aholkulari bat izan, ez dut dieta berezirik jarraitzen. Entrenamenduak egitea baino zailagoa egiten zait dieta zehatz bat jarraitzea. Hala ere, txapelketak iristen direnean gutxiago jaten saia­tzen, naiz forma fisiko egokian egon ahal izateko.

Zein espezialitatetan aritzen zara hoberen?
Orokorrean Ironman bezalako proba gogorretan korrika ari­tzen naiz ondoen, baina beste lehiaketa motzagoetan nahiko ondo moldatzen naiz beste bi modalitateetan ere. Esan bezala, azken hamar urteetan ibilbide luzeko probetan hiru espezialitateetan denbora oso antzekoak lortu izan ditut, eta horrek esan nahi du denborarekin ez dudala maila konpetitiboan apenas beherakadarik izan.

Nola finantzatzen zara? Babeslerik ba al duzu?
Kirolari afizionatua izaki ez dut inolako babesle edota finantziaziorik izaten eta ekipamendu eta bidaietarako gastuen dirua nire poltsikotik ateratzen dut. Egia da, gainera, triatloian aritzeko materiala ez dela merkea eta horrek gain esfortzua suposatzen du ni bezalako kirolari batentzat. Kontuan izan behar da hiru espezialitate direla eta bakoi­tzean material ezberdina eskuratu behar izaten dugula. Hiru diziplinetatik garestien atera­tzen dena, hala ere, txirrindularitza da. Izan ere, bizikletak soilik diru asko balio du.

Beste kirolari euskaldunik izango al da bertan?
Hawaiiko edizio honetan zortzi euskaldun izango gara parte hartzen, profesional eta ez profesionalen artean. Horietatik hoberen dabilena Eneko Lla­nos gasteiztarra da eta bere kategorian garaipena lortzeko aukera duela uste dut. Bestalde, Peru Alfaro herrikidea ere bertan izatekoa zen, baina azken momentuko ezbehar baten ondorioz, ezin izango du gure artean egon. Maila fisiko egokian zegoela eduki du lesioa eta hurrengo batera arte itxaron beharko du. Zorte onena opa diot.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!