EGILEA: MIKEL AGINAGALDE UGARTEMENDIA
Izen bitxia da Mantzak koadrilakoena, manzanillos deitzen baitzieten gaztetan. Azken hitz horren laburduratik dator deitura. Guztiak gizonezkoak dira eta 58 urteren bueltan daukate batez besteko adina.
Oarso kaleko bazterretan ibiltzen hasi ziren haur batzuk izan ziren gaur egungo koadrilaren muina. Pedro Pablo Garcia kidearen arabera «Ume nukleo hura mikrounibertso hartatik atera zen eta laster hasi ziren mundua ezagutu eta zaletasunak konpartitzen». Hainbat irteera egin zituzten Euskal Herriko mendietara eta futbolean eta errugbian ere aritu izan ziren. Hala ere, harreman sendoena saskibaloiarekin izan zuten, izan ere, haiek sortu zuten 1973an Hernanin izan den gizonen lehen saskibaloi taldea. «Herrian oraindik kiroldegirik ez zegoenean hasi ginen talde moduan; Goiz Eguzkin entrenatu eta jokatzen genituen Gipuzkoako txapelketako partidak baldintza kaskarretan. Horiek izan ziren gure hasierak» azaldu dute.
Parrandazaleak, gaztetatik
Parranda egiten ere gaztetatik ikasi zuten. Egun ez bezala, antzina goatekeak egiten zituzten ondo pasatzeko, eta asko egiten omen zituzten Garciak dionez: «orain gazteek ez dakite goatekea zer den ere, baina guretzat festa egiteko modu itzela zen, eta goateke zale ospea ere irabazi genuen».
Hilean behin elkartzeko konpromisoa
Gaztaroan, aitzitik, lagunen bizitzek norabide ezberdinak hartu zituzten. Garciaren hitzetan, «Unibertso koskor horretatik aldentzen joan ginen kanpo espaziora, mundu zabalera… Nerabezaroko homogeneotasunetik bizitzaren aniztasunera, hain zuzen ere. Lagun bakoitzak bere bizimodua zuen eta horrek gure arteko urrunketa ekarri zuen, diaspora bat, nolabait esateko». Dena dela, 40 urtetan zehar familia izaera mantendu du koadrilak eta hilean behin bederen elkartzen dira mahai baten inguruan: «hainbeste irauteko ezinbestekoa da konpromiso eta jokaera zehatz batzuk betetzea».
Bestetik, Garciaren ustez koadrilako kide den Patxi Lopezek taldearen trinkotasuna mantentzeko eginiko lana goraipatzekoa da; bere esfortzurik gabe koadrila ez litzatekeela den bezalakoa izango, alegia. Horregatik gaurko omenaldiak ekarpen hori sarituko duela deritzo, baita Ernesto Iturriza eta Miguel Martin Zarco hildakoak gogoratzeko balio izango duela ere.
Dozenaka pasadizo eta anekdota dituzte Mantzak koadrilakoek kontatzeko; harrotasunez kontatzekoak gainera. Gaurkoan, ordea, topa egiteko ohorea izango dute Gudarien plazako oholtzan. «Oso pozik gaude egingo zaigun aitortzarekin. Ilusio handia egiten digu» dio Garciak. Brindisaren ondoren eta beti bezalaxe Fagollaga jatetxera joango dira bazkaria egin eta festaz gozatzera.