Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Asteartea2019ko martxoak 19

Hernani
HITZALDIA CLARA ROSAS ETA JOSUNE IBARGOYEN

2016/03/01, asteartea

«Erditzea bera naturala dela uste dugu»

Clara Rosas eta Josune Ibargoyen dira Magaleko emaginak.
Clara Rosas eta Josune Ibargoyen dira Magaleko emaginak.

Gaur emango dute hitzaldia Magaleko Clara Rosas eta Josune Ibargoyen emaginek, etxean erditzeari buruz. Arratsaldeko 17:30etan izango da, Biterin. 

Erditzeari buruzko hitzal­dia emango duzue gaur, zein helbururekin?
Etxean erditzeko aukera eza­gutaraztea du helburu gaurko hitzaldiak. Hernaniko ema­kume haurdunek erdi­tzeko daukaten beste aukera bat da, ospitalekoaz aparte, baina oraindik ezezaguna dena. Az­terketa zientifikoek argitu dute aukera bat bestea bezain se­gurua dela, baina oraindik ezjakintasun haundia dago eta, ondorioz, beldur haundia.

Erditze naturalaren alde egin duen Gipuzkoako lehenengo enpresa osatzen duzuen bi neska zarete. Nolatan sortu zenuten?
Bakoitzak bere bidea egin du, duela urtebete baino gehiago topo egin genuen arte.  Ikastaro batean kointziditu genuen, eta lanerako batu ginen etxean lan egiten gusturago sentitzen gi­nela eta erditzearen proze­suari buruzko gure pentsakerek bat egiten zutela jakitean. Gainera, ikusi genuen aukera honen aldeko eskaria gero eta haun­diagoa zela, eta beharra zego­ela hori jakitera emateko eta aldarrikatzeko ospitaleko au­kera bezain balioduna dela.
Gure ametsa egi bihurtzeko eta Euskal Herrian aukera erreala izateko, sistemaren barruan emagin bezala genuen lan egonkorra uztea eta piszi­nara salto egitea erabaki ge­nuen. Eta horrela jaio zen Magale.

Zuen ustez, zein onura ditu erditze naturalak?
Osasunezko emakume baten bizitza sexualeko beste fase bat bezala ikusten dugu haur­du­naldiaren, erditzearen eta erditze ondorengo prozesua. Uste dugu gure gorputzak erditu ahal izateko ezinhobeto diseinatuta daudela. Horre­tarako, garran­tzitsua da gor­putzari bere errit­moa jarrai­tzen uztea. Er­di­tzea modu arine­nean garatu ahal iza­teko, garrantzitsua da emaku­mea lasai eta eroso sentitzea, giro goxoan; eta hori ema­kume batzuek etxean lortzen dute errazago, baina ez denek.
Erditze naturalari esker ema­kumea bere erditzearen proze­suaz kontziente izan dai­teke. Gainera, erditzearen on­do­ren­go sendatzea azkarra­goa da. 
Ez dugu uste erditze natu­ralak onurak dituenik, erdi­tzea bera naturala dela uste bai­tugu.

Europako beste zenbait herrialdetan etxean erditzea osasun publikoak eskaintzen du. Zein da EAEko egoera?
Gaur egun Euskal Herrian etxean erditzea aukera priba­tua da, hau da, hala erditu nahi duten familiek ordaindu egin behar dute. Era berean, badau­de emagin taldeak etxeko erdi­tzeetan laguntza eskain­tzen dutenak, baina, norma­lean, gizarte segurantzako lana­rekin konbinatuz. Hala ere, emagin kopurua oso bajua da, eta eskaria eskaintza baino altu­agoa izaten da, askotan. Modu esklusiboan horretara dedikatzen den aurreneko proiektua da Magale. 
2013an argitaratutako azke­ne­ko datuen arabera, batez­beste 60 erditze egiten dira urtean hemengo etxeetan. Hala ere, badirudi gero eta gehiago eskatzen den aukera dela eta Euskal Herrian etxeko erditzeen kopurua igotzen ari dela.

Zer eskatuko zeniokete osa­sun publikoari erditzeen gaia­ren harira?
Osakidetzak etxeko erditzeak beste aukera bat bezala es­kain­tzea, izan ere, emakume orok eskubidea izan beharko luke erabakitzeko non, nola eta norekin erditu nahi duen. Erditzeetako protagonistak emakumeak, haien bikoteak, baldin badaude, eta haurrak dira, eta profesionalok bera­ien eskarietara moldatu behar­ko ginateke.

Zuengana jotzen duten fami­lien artean antze­kotasunik ba al dago?
Etxeko erditzea aukera trans­bersala da, eta era guztietako jendea hartzen du bere baitan: futbolarietatik, gaztagileetara. Batzuetan uste da ‘hippiek’ bakarrik erditzen dutela etxe­an, baina errealitatea ideia honetatik oso urrun dago.

Zein kasutan gomendatzen duzue erditze naturala eta zeinetan ez?
Erditze naturala (edo esku­hartzerik gabekoa) era guz­tietako emakumeek izan de­zakete, betiere, arrisku fak­torerik gabekoak. 
Ospitalean ere erditzea na­turala izan daiteke. Baina etxe­an izateko zenbait bal­dintza bete behar dira: haur­du­naldian zehar zailtasunik ez edukitzea, haurra buruz kokatuta egotea, haur bakarra edu­kitzea, eta erditzea haur­dunaldiaren 37 eta 42garren astean izatea.

Zalantzetan dagoen fami­li­ari, zer gomendatuko zenio­kete?
Gure gomendioa da familiak irakurtzea, infor­mazioa esku­ra­tzea, galdetzea eta datu guztiak jasotzean, beraien beharren arabera moldatzen dena aukeratzea.