Orotara mila zuhaitz inguru landatuko dituzte

Mikel Aginagalde Ugartemendia 2016ko ots. 27a, 01:00

- MIKEL AGINAGALDE -

Indiar atsotitzak dioenez, ‘hil aurretik zuhaitz bat landatu duena, ez da alferrik bizi izan’.
Zentzu berezia hartzen du esa­era horrek gaurko egunean. Naturarekiko errespetua in­dar­tzea da xede nagusia. Bide batez, iniziatibaren antolatzaileek Joxe Legarreta zena omenduko dute, beste behin. Urte luzez ekimen hori bultzatu zuen gizona izan zen, baita zinegotzia ere, eta errekonozimendu modura egiten dutela aitortu du Mattin Aldaia Her­naniko Udaleko Ingurumen zinegotziak.
Gazteentzat bereziki zuzendutako jarduera izan arren, helduek ere parte har dezakete. «Eskola kirolaren arloan kokatzen dugu Zuhaitz Eguna, baina herritar oro dago gonbidatua», dio Aldaiak. Garai ba­te­an, hala ere, Zuhaitz Eguna bi egun ezberdinetan egiten zen. Bata gazteei begirakoa, eta bestea aldiz, helduei zuzendua. 

Xede nagusia
Bestalde, ekimenaren jomuga da ingurumenaren inguruko hainbat balio indartzea: «Ho­rrelako iniziatibek jendearen kontzientzian eta heziketan eragitea dute helburu. Alde batetik, mendien eta basoen ezagutza sustatu nahi dugu, modu horretan, naturaren eta gizakiaren arteko harremana sendotuz. Bestetik, gizabanakoen arteko kidetasuna in­dartzea  bilatzen dugu, hau da, herritarren arteko elkarlana eta elkartasuna».

«Mendien eta basoen ezagutza eta errespetua  sustatu nahi ditugu»

Aurtengoan  guztira 1000 zuhaitz berri inguru landatuko dira. Horien artean, 530 pago, 400 intxaurrondo eta beste 100 gaztainondo. Mattin Aldaia zinegotziaren arabera, «bertako zuhaitz espezieak landatzea eta babestea oso garrantzitsua da, oreka ekologikoa lortzeko».  
Ekimena 1974an hasiz geroztik milaka zuhaitz landatu dira. «Hernaniko udal go­bernuaren lehentasunen artean dago ingurumen zainketa eta babesa. Horregatik behar duen garrantzia ematen diogu gisa horretako jarduera bati. Gainera, natur guneak errespetatzearen garrantziaz ohartarazi nahi dugu, modu ludiko batean», adierazi du Aldaiak.


Landaketa eremua
Urtero Aparrain mendi inguruak izaten dira landaketa gune. Udalaren lursailak dira eta arrazoi hori dela eta, egiten da bertan. Herritik gertu egotea ere beste faktore bat da. Oinez joateko aukera ona da eta. «Eskola kirolaren barneko dinamika bat izanik, jarduera fisikoa bultzatzea ere garran­tzitsua dela uste dugu» dio Aldaiak.

Eguraldi iragarpenarengatik, atzeratuta
Gaurko dena prest zuten antolatzaileek, Zuhaitz Egunaren 43garren edizioa ospatzeko asmoz. Atzo ordea, azken orduan, eguraldi iragarpena medio, bertan behera uztea erabaki zuten. Alerta naranja emana dago prezipitazioengatik, eta beraz, gaurkoan ez da zuhaitzik landatuko. Datozen egunetan jakinaraziko da, fetxa berria.

LANDATUKO DIRA:
- 530 pago.
- 400 intxaurrondo.
- 100 gaztainondo.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!