Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Larunbata2019ko apirilak 20

Hernani
memoriaren eguna

2015/11/11, asteazkena

Harria jarri dute Ave Marian, «bakean eta elkarbizitzan oinarritutako etorkizuna islatuko duena»

Udaleko lau alderdietako ordezkariak atzo
Udaleko lau alderdietako ordezkariak atzo

Udaleko lau alderdi politikoetako ordezkariek ekitaldia egin zuten atzo Ave Marian, memoria eta bizikidetzaren alde. Bide horretan lan egiteko konpromisoa hartu zuten, «elkarrenganako errespetua eta aitortza» oinarri izanda. Herritarrei ere luzatu zieten gonbidapena elkarrekin jarduteko.

Memoriaren Eguna izan zen atzo eta ekitaldia egin zuten Udaleko lau alderdi politikoe­tako ordezkariek, elkarrekin. Ave Maria parkean elkartu ziren, herritarrekin batera. Harri bat jarri zuten parkean, «gure herriaren historian mugarri izatea nahi genukeen harria, bakean eta elkarbizi­tzan oinarritutako etorkizuna isla­tu­ko duen harria», azaldu zuten. Hain zuzen, adostutako testu bat irakurri zuten, honakoa dioena: «Herritar gisa ez ezik, ordezkari politiko gisa ere bizi izan dugu guk gertatutakoa, eta horrek pitzatu egin du gure arteko harremana eta konfiantza, eguneroko jardun politikoan eta, ziurrenik, jendartean ere arrasto sakona utzi duena».

Eta harriari erreferentzia eginez, jarraitu zuten: «Alde eta ertz ugariko  haitz honen aurrean, oroimenerako eskubidea aldarrikatu nahi dugu, horixe baita etorkizu­neko elkarbizitza eraikitzeko zimendua, elkarrenganako errespetuan eta aitortzan sustraitutako elkarbizitza. Arroka hau izango du euskarri biharko jendarte hernania­rrak. Gure arteko harremanak normaldu eta elkarrekin bizi izateak zera esan nahi du: elkar ezagutzea, partekatzea eta elkarlanean jardutea. Herritarron ordezkari garenez, hementxe gaude geure konpromisoak hartzeko prest. Udaleko ordezkarion arteko elkarlanetik sortu den ekitaldi honek konpromiso horren sinbolo eta ikur izan nahi du».

«Memoriak kolektiboa, anitza eta integratzailea izan behar du»
Egia guztiak ezagutzea ezinbestekoa dela gaineratu zuten: «Sinetsita gaude me­mo­riak kolektiboa, anitza eta integratzailea izan behar duela. Ezinbestekoa da egia guztiak ezagutzea, iraganak etorkizunari gaina hartu ez diezaion. Memoriak bezala, elkarbizitzak ere errespetuan izan behar du oinarri, duinta­sunarekiko errespe­tuan. Hori da gure aldarria».

«Denon ardura da  elkarrekin jardutea»
Atzo emandako urratsak aurre­rabidea izatea nahi dute eta horretan ahalegintzeko konpromisoa hartu zuten. Herritarrei ere luzatu zieten gonbidapena: «Gonbidatzen zaituztegu gurekin batera jardun dezazuen desberdinen arteko errespetuan oinarritu­tako elkarbizitzaren eraikun­tzan. Parke hau elkargune bihurtzea nahi genuke, jen­dart­e inklusibo eta partehar­tzai­learen  zutabeak zizelkatu eta lantzeko elkargune. Horixe da Udal hau osatzen dugun alderdi politikook egin nahi dugun bidea, zuekin batera ibili nahi duguna. Hauxe gaur oroimenari eta elkarbizitzari eskaini diogun tartea. Bihartik aurrera denon ardura izango da elkarrekin jardutea, begira­tzea, entzutea, hitz egitea,  eta gaur ireki dugun bidezidorre­tik aurrera jotzea». 

Lujanbioren bi bertso
Harriak Maialen Lujanbiok idatzitako bi bertso dauzka. Atzo bertan kantatu zituen ekitaldian eta halaxe dio azken bertsoko azken puntu­ak: «Ez du denborak dena egingo... bai, aldiz, boronda­teak».
Txalaparta doinuekin hasi eta bukatu zen ekitaldia.