Hasieran «zaila» zirudien txapela, Salaberria eta Apezetxearentzat

Kronika - Erredakzioa 2019ko ots. 2a, 01:00

Herri txikia, baina txapelez josia dagoena da Goizueta; az­kenak, Iker Salaberriak eta An­tton Apezetxeak aurreko asteburuan eskuratu zituztenak. Miguel Soroa Memorialaren zaz­pigarren edizioari dagozkionak dira; elite mailan gailendu zen Salaberria, Gorka Otaduirekin batera, eta promesen mailan, aldiz, Apezetxea, Julen Egigurenekin.

Tolosako Beotibar frontoian izan ziren hiru finalak: aurrena, jubenil mailakoena; ondoren, promesen mailakoena, hau da, Apezetxea-Egiguren eta Murua-Elizegiren artekoa; eta azkenik, Salaberria-Otadui eta Zubizarreta-Uriondo elite mailakoena.

«Pozik», lortutakoarekin
Bitik bi lortu zuen Goizuetak, beren ordezkariei esker. Aurre­na, Antton Apezetxea eta Julen Egigurenen garaipena etorri zen; 22-18 garaitu zituzten Murua eta Elizegi. Eta ondoren, gauza bera egin zuten Iker Salaberriak eta Gorka Otaduik; hauek ere 18-22 egin zuten Zubizarreta eta Uriondoren aurka.

Salaberria: «gurea baino bikote hobeak ikusten genituen, eta bagenekien zaila izanen zela»


Urrian txapelketa hasi zenean «zaila» ikusten zuten bukaera hura, errealitate bihurtua. Iker Salaberriaren­tzat, irabaztea ez zegoen hasierako aukeren artean: «gurea baino bikote hobeak ikusten genituen, eta bagenekien zaila izanen zela. Partiduz partidu joan gara eta irabazi egin dugu». Hori horrela, «pozik» agertu da goizuetarra.

Apezetxeak ere, sentimendu bera dauka: «txapelketa hasi zenean, bikote oso onarekin jarri zidaten, baina hala ere, oso zaila ikusten nuen [irabaztea]. Behin finalera ailegatuta, nik uste ongi jokatuz gero, bagenekiela bagenituela aukerak irabazteko». Eta halaxe izan zen.

Apezetxea: «partidu erditik aurrera, atzelari kontrarioak huts batzuk egin zituen, baita aurrelariak ere»

Hasieran galtzen, bi goizuetarrak

Ildo beretik joan ziren bi partiduak. Galtzen hasi ziren, eta partidari buelta emanda lortu zuten garaipena bi herritarrek.  «Hasieran, 6-1, 6-2 hasi ziren beraiek irabazten. Partidu erditik aurrera, atzelari kontrarioak huts batzuk egin zituen, baita aurrelariak ere. Sakee­tan, baita ere, pare bat tanto lateral egin genituen, eta buelta ematea lortu genuen», onar­tzen du Apezetxeak, promesen mailako finalaz.

Salaberriaren esanetan, be­raien partiduan ere izan ziren gako bihurtu ziren uneak: «hasieran 2-1 hasi ginen gal­tzen; pixkanaka partiduan sartzen joan ginen, pilota batekin asmatu genuen arte. Horrekin, dezenteko ‘tajada’ egin genu­en». Hori izan zen, Salaberria­ren ustez, gakoa: «asmatu genuen tanto klabeetan, eta txapela irabazi genuen, azkenean».

Eta horretan, Gorka Otadui ezagutzeak izan zuen eragina, seguraski: «Otaduirekin oso gustora aritu naiz. Beste txapelketa batzuk ere jokatu izan ditut berarekin, eta oso ongi moldatzen gara, bai kantxa barrenean, baita kanpoan ere». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!