Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Osteguna2019ko abuztuak 22

Goizueta

2019/04/06, larunbata

Iberoko dorrea, Goizueta "Erroma" zen garaiko zaindaria

Jose Javier Etxeberria, Iberoko zubian, dorrea atzean duela. Biak berritu dituzte, Nafarroako Gobernuak, eta Goizueta eta Leitzako Udalek.
Jose Javier Etxeberria, Iberoko zubian, dorrea atzean duela. Biak berritu dituzte, Nafarroako Gobernuak, eta Goizueta eta Leitzako Udalek.

«Orain apartatua geratzen da Goizueta, baina garai batean, Iruñatik Pasaiarako bidea zen; bide asko elkartzen ziren hemen, eta gerra garaietan, denak ibili dira inguru hauetan», dio Jose Javier Etxeberriak. Segurtasun sistema baten parte izan zen Iberoko dorrea, 1360 urtearen inguruan eraikitakoa, bidaiariak babesteko.

Ez da hainbeste, Iberoko burni­ola martxan izan zela; «aito­nak entzun ditut kontatzen haien aitak aritzen zirela ber­tan lanean». Oraindik gutxiago pasa da, olak teilatua zuenetik: «1968an, Ama Lur pelikularen zati bat grabatu zuten hemen, eta teilatua zeukan». Ez da hain aspaldikoa ere, Iberoko base­rri­an jendea bizi zen garaia ere, «nik ezagutu dut jendea ber­tan». Eta zer esanik ez, Iberoko dorrearen teilatua eta solai­ru­ak erori zirela, 2006 eta 2009 urteen artean.

Baina Nafarroako konkista­ren aurretik izan zuen bereziki garrantzia Iberok: «eta horre­ga­tik dauka garrantzia haun­dia­goa gaur egun, gauza gutxi baitaude ordukoak, Nafarroa independiente zenekoak, hain ondo kontserbatuta», dio Jose Javier Etxeberria goizuetarrak.

«Gauza gutxi daude konkistaren aurrekoak, Nafarroa independiente zen garaikoak, Iberoko dorrea eta burniola bezain ondo kontserbatuta»

Historiarako duen afizioak bultzatuta, ondo ezagutzen du Ibero: «konplejo bat da, dauz­ka­na burniola, dorretxea, zubia eta baserria. Nafarroan, beran­duenera arte iraun duen kon­ple­joetako bat da, orain dela ez hainbeste arte egon baita mar­txan, 1870era arte edo. Biz­ka­ia­ko labe garaiak konpe­ten­tzia haundiegia izan ziren, eta azke­neko urteetan, oso modu pre­karioan aritu ziren hemen. Pena da hondatu izana, baina urak urte gutxitan egiten duen kaltearekin, joan liteke dena pi­kutara, eta eman lezake he­men deus ez dela».


15-20 ola, Goizuetari buruzko aurreneko aipamenetan

Goizuetari buruzko aurreneko aipamen idatziekin batera, XIII. mendean, 1270 urtearen ingu­ruan, ageri dira Iberori buruz­koak ere: «15-20 ola aipatzen di­ra dagoeneko, denak martxan, bakoitza bere izenarekin». Ga­raiko jauntxoei lotuta azaltzen dira, Lopez de Haro, oñazinoak, ganboatarrak, guevaratarrak... Alduntzindarren esku geratu arte: «haiek kontrolatzen zuten dena, Errenteriatik hasi eta Lei­­tzaraino. Bazituzten olak Gali­zian ere, pentsa! Konkis­ta­ren ondoren ere, beraiek izan zi­ren hemengo jauntxoak. Ger­ta­tzen dena da, ezkontza eta he­­ren­tzi­ak tarteko, beste abi­zen ba­tzuk hartu zituztela on­do­­ren­go­­ek: Areizaga, Larreta, Ace­lain... Lur hauek, Iberore­nak, beti izan di­ra Leitzarenak; baina nagu­si­ak, alduntzinda­rrak, Goizue­takoak ziren. Eta haie­nak zi­ren, Lei­tzako bi etxe haundienak ere, udaletxe za­harra eta orain­­goa», dio Etxe­be­rriak.

Suaren kontrako Leitzako elkarte batek erosi zuen Ibero, gerora, bazkideentzako asegu­ru modura: etxe bat erretzen ba­zen, horrekin ordaintzeko. «In­bertsio bat zen, baina hemen inbertsio gutxi dago, gastua besterik ez zien ekarriko. Eta ikusita abandonatuta zegoela, Leitzako Udalak hartu zuen», kontatu du Etxeberriak.


Goizuetatik Pasaiara, «zuzen eta aldapa askorik gabe»

Ola baino beranduagokoa da Iberoko dorrea, «1360 urtearen ingurukoa edo». Defentsarako erai­kitako dorrea da, eta ga­ra­iak, kokalekuak eta testuin­gu­ruak azaltzen dute, bere zer­ga­tia: «orain oso aparte ikusten dugu Goizueta, baina garaian kokatu behar dugu. 1200-1300 urteen artean, kostako herriak sortzen eta indarra hartzen joan ziren, eta horrekin batera hasi zen komertzioa. Eta Goi­zu­etatik Pasaiara, aldapa asko­rik gabe joan liteke. Gainera, Iruñatik Pasaiara marra zuzen bat marraztuz gero, Goizue­ta­tik pasatzen da. Pasabide bat zen Goizueta», dio Etxeberriak; «garai hartan, ez zegoen garbi, bide azkarrena zein zen. Baina azkenean, Tolosako bidea fin­ka­­tu eta indartu zen, XVI. men­de­an, eta hau baztertuta geratu».

Baina pasabide bat bakarrik ez, bidegurutze bat ere bazen Goizueta: «Oiartzundik etortzen zen bide bat; Hernanitik beste bat, Ara­notik barrena; Lesaka­tik ere bai; eta hemendik, Lei­tza­ra, bi edo hiru bide ezber­di­ne­tatik», dio. Erromara bezala, Goizuetara eramaten zuten bide guztiek, garai batean.

Pasabidea zen Goizueta, eta jendea hemendik pasatzea in­te­resatzen zitzaien, olaren ja­beei. Segurtasuna eman behar zieten, horretarako, eta funtzio hori betetzen zuen dorreak: bidaiariak babesten zituen. «Men­di inguruetan, beti izan dira bandidoak; frontera de malhechores deitzen zioten in­guru honi», kontatu du.


«Kate baten parte», Iberokoa

Beste ezaugarri bat ere bazen, garai hartan: «1220 urte ingu­ru­an, mugak fin­katu zirenean, Goizueta muga zen Gazte­lare­kin, Gipuzkoarekin. Beraz, el­kar­tzen dira pasabidea zela, muga zela, interes ekonomikoak... Eta horregatik eraikitzen dute dorrea», dio Etxeberriak.

Baina Iberokoa, ez zen do­rre isolatu bat: «kate baten parte zen, segurtasuna bermatzeko ­sistema baten parte. Iruñatik kos­tarako bide horretan, bazi­ren gehiago. Horrelako dorre bat egitea gastu haundia zen garai hartan, baina bazeukan bere zergatia».

Dorre horietako hiru daude Goizuetan. Beste biak dira, he­rriaren sarrera banatan dau­de­nak: Alduntzindarren dorre­txea, Hernanitik eto­rrita; eta Zi­bolako dorretxea, Leitzatik eto­rrita. «Dorreak izaten ziren etxe altuak, pareta lodikoak; eta normalean, kadalso bat izaten zuten, andamio gisako irteera bat, behetik etortzen baziren, kontra egin ahal izateko. Al­dun­tzindarrena, jau­regi bihurtu zu­ten XVII. men­de­an, baina na­bari da dorre bat dela. Kontua da, konkista ga­ra­ian, derri­gor­tu zutela do­rre­ak moztea. Zibo­lakoa ere, erdia edo bota zuten, eta etxebizitzak egin zi­tuzten. Baina sekulako pa­retak dauz­ka, izugarria da».

Azalera karratukoak egiten ziren dorreak, eta altueran iza­ten zuten sarrera: «diote, atea behean dutenetan, geroagokoa izango dela atea». Hala dauka Iberokoak ere: «falta duena da kadalsoa, baina akaso izango zuen. Orain daukan itxura da azkeneko mendeetan zeukana, altuera eta tamaina berbe­ra­rekin. Baina noski, honek izan ditu hainbat konponketa, 700 urte baitauzka ia. Paretak ire­ki­erak zeuzkan, kanoientzako eta; baina armak erabiltzeari utzi ziotenean, funtzioa galdu zu­tenean, almazen gisa era­bil­tzen hasi ziren, eta irekierak tapatu zi­tuzten eskoriarekin; olan so­bra­tzen ziren puskekin. Guk horrela ezagutu dugu, eta horrela mantendu nahi izan dute orain, berritzean. Teilatua berritu dute, baina pareta utzi dute zegoen bezala», azaldu du Etxeberriak.


Santa Kruz apaiza Iberon, zaldi eta guzti uretara

Gerra garaietan, «mota guztie­ta­ko pertsonaiak» pasa ziren Goi­zuetatik, Etxeberriak kon­ta­tu duenez: «karlistak, liberalak, frantsesak, konbentzioko gerra­koak... Bakoitza bere kon­tue­kin. 1512an, Nafarroaren konkista hasi zutenean, Goizueta izan zen, hartu zuten aurreneko he­rria. 1936ko Gerra Zibila de­kla­ratu zenean, aurreneko gauza egin zuten, Iruñatik Goizuetara etorri, eta Artikutzara joan, urak moztera. Zortea izan zuen, gehienetan ez zutela txikizio haun­dirik egin. Horregatik, ikus­ten dituzu oso etxe zaha­rrak, oraindik zutik».

Ez zen beti horrela izan, ha­la ere: «1429an, beamontesen eta agramontesen arteko ge­rran, sartu ziren herrian eta txikitu egin zuten. Eta gero, Via­nako printzea hil eta 10 urtera edo, berriro txikitu zuten. Baina hortik aurrera, ez zuen sufritu horrelakorik, kenduta 1555ean herria ia osorik erre zela, sute baten erruz. 1429koaren harira, konkretuki, azaltzen dira Ibe­roko aipamenak; herri guztia­rekin batera, burdinola eta dorrea ere erre zituztela».

Goizuetatik pasa ziren per­tsonaien artean, «askotan» izan omen zen Santa Kruz apaiza: «badago haren anekdota bat ja­sota, bigarren gerra karlista­koa Iberoko zubian justu. Hel­du ze­la hona, zaldi gainean. Zal­di­ak aho delikatua omen zuen, eta zubia pasatzerakoan, tira ziola frenatzeko, eta zal­diak salto bat eman zuela. Biak erori zi­ren uretara. Esaten da, minik gabe atera zirela biak, eta ber­tan ze­goen bentara joan zirela lehor­tzera; Iberoko ba­se­rrira».

Zubiak, 1727 edo 1728an izan zuen berrikuntza haundia, eta orduko itxura dauka orain, be­rritu ondoren.


«Desagertzeko zorian egon da hau dena»

Dorreak eta zubiak bezala, «olak ere merezi du pix­ka bat za­har­berritzea», Etxe­berriaren ustez: «gorabehera haundiak izan di­tu, baina esan­go nuke 700 urtez funtzionatu zuela. Pena ema­ten dit orain ho­rrela ikusteak. Hau dena desagertzeko zorian egon da».

Goizuetarrak dio, «herriaren historiaren oinarria» ezagu­tze­ko aukera ematen duela, Iberora gerturatzeak: «ni esko­lara joaten nintzenean, ez ne­kien Goizuetan burniolak izan zirenik. Orain jendeak badaki hori. Eta bistan da, industria inportantea izan zela, burnia­ren komertzioa inportantea izan zelako. Seguruenik, Goizu­e­ta­ren­tzako garairik onena, olei esker, izango zen Amerika deskubritu edo konkistatu zen garaia. Or­du­­koak dira herriko etxe gehie­nak. Geroztik gutxi egin dira, eta zorionez, hautsi ere ez».

Iberoko burniolak, baditu berezitasunak; nagusia, ibaian dagoela, eta ez errekan, gehie­nak izaten ziren bezala. Horrek presa bat eskatzen zuen, eta orain­dik ikusi daitezke oinarri­ak. Nabarmenago ikus­ten dira, olaren gela ezberdinak, ba­­rru­ra sartuta: «haundia da, eta nahi­ko ondo kontserbatu da. Ikusi dai­teke mailuak non jotzen zuen, non berotzen zen burnia, ura nondik sartzen zen...». 


«Kanpotik ez du ematen, baina barrutik zoragarria da dorrea»

Ekainean aurkeztuko diete Ibero herritarrei, Unai Loiartek aurreratu duenez. Burniola auzolanean berreskuratzea, hurrengo pausoa.

Ibero berritzeko lanak bukatuta, dorreko giltzak jaso zi­tuz­ten modu sinbolikoan, Leitza eta Goizuetako Udalek, Nafa­rroako Gobernuaren eskutik, martxoaren 1eko ekitaldi ofizialean. Eta ekaina aldera, gil­tza horiekin ateak irekiko diz­kiete bi udalek, goizuetar eta leitzarrei: ekitaldi bat eginen dute, herritarrei aurkezteko zer izan zen Ibero, eta zein lan egin diren berreskuratzeko.

Hala jakinarazi du Unai Lo­iartek, Goizuetako alkateak; eta aurreratu du, «oso oso txu­kun» geratu dela: «kanpotik ez du ematen, baina barrutik zoragarria da dorrea. Hiru pisu dauzka, gela bakarrekoak denak, eta aukera ematen du, kontzertuak eskaintzeko, erakusketak jartzeko, hitzaldiak emateko, topaketak an­tolatzeko...», dio. Azaldu du, era berean, Iberoko dorrearen ezaugarri dela, burniolako hondakina edo eskoria erabili zela garai batean, elementu konstruktibo bezala, paretak goraino iristeko: «hori errespetatu nahi izan da orain. Eta barruko egitura egiteko, erabili diren bigek 300 bat urte dauzkate; beste obra batetik berreskuratu zituzten. Oso material noblea erabili da, beraz», nabarmendu du.

«Gertu daukagu Ibero, baina ez dakigu zein den toki horren edertasuna»
Dokumentazio lanetan orain, bi udalak
Obrak bukatuta, dokumentazio lanetan ari dira orain bi udalak, arkeologo baten bitar­tez, «ikusteko zein garrantzia izan zuen Iberoko konjuntoak, baina testuinguru bat emanez eta inguruan zeuden elementuekin erlazionatuz. Izan ere, ez zen gauza isolatu bat», dio Unai Loiartek. Eta azaldu du, oso informazio interesgarria ari direla biltzen: «zenbat egur behar zuen burniolak, zenbat jendek egiten zuen lan, do­rre­a­ren egitura defen­tsiboa...».

Dokumentazio horrekin, egin nahi dute unitate didaktiko bat, interpretazio panel ezberdinak, maketa bat...
Auzolana, burniola ere berreskuratzeko

Eta hurrengo pausoa izanen da, auzolana egitea, burniola berreskuratzeko. Izan ere, joan den maia­tzean sinatu zuten lan­kidetza hitzarmenaren bai­­­tan, dorrea eta zu­bia berreskuratu ditu Nafa­rroa­ko Gober­nuak, eta Leitza eta Goizue­ta­ko Udalei dagokie, «konjuntoa balorean jar­tzea, auzolanaren bitartez bur­nio­la berreskura­tzea, in­gu­­rua txu­kun manten­tzea, eta baserria mantentzeko lanak egitea».

Loiartek dio, Leitzako lu­rre­tan egon arren, Goizuetak jasoko dituela onu­ra zuzenenak, espazio hori be­­rres­ku­ra­tu­ta, gertutasunagatik: «ikus­puntu turistiko ba­te­tik, eta daukan balore kultural, historiko eta arkeologikoagatik». Era berean, uste du goizuetar eta leitzarren­tzat «ezezaguna» dela Ibero: «gertu daukagu, in­guruan pa­sa­tzen dugu uda­ra, ibaian, baina ez dakigu toki horren edertasuna zein den». Azke­nik, el­karlan hau, ikus­ten du lei­tzar eta goizue­tarren arteko «ha­rre­mantze edo se­ni­­detze puntu» bezala.