Biharko Atalen Egunari, Garagardo Festarekin emanen dio segida Umore Onak hil honen bukaeran

Kronika - Erredakzioa 2019ko urr. 12a, 02:00

Udazkenaren etorrerak tristetzen duenak badauka zerekin alaitu, Goizuetara gerturatuz gero. Atalen Eguna antolatu du biharko Umore Onak,  urtero bezala, eta horrez gain, hilaren bukaerarako Garagar­do Festa antolatzen ari da herritar talde bat, Umore Onak babestuta. 


Goizean hasita festa, biharko Atalen Egunean

Goizeko 11:00etan hasiko da bihar eguna, Irumaita txarangak jarriko duen musikarekin. Madalenatik aterako dira, Atalek lagunduta.

Segidan, Umore Onako pilotarien partiduak izanen dira frontoian, 11:30etan hasita. Hain zuzen, umeen mailako bina eta kimuen mailako bat jokatuko dira. Aurrena, Jon Larin eta Mañel Segesek osatutako bikotea ariko da, Haritz Aranberri eta Araitz Legarre­tak, erdi eta erdi, eta Beñat Nar­­bar­tek osatutako taldearen aurka. Segidan, Mattin Gar­men­dia eta Alize Sagardui ari­ko dira Josu Alsua eta Mikel Zu­rutuzaren kontra. Eta buka­tzeko, Xanet Apezetxeak eta Adur Sagarduik Axel Salaberria eta Anartz Lu­janbio izanen dituzte aurkari.

Haiek bukatuta, musika izanen da protagonista. Herri­an zehar hainbat emanaldi egi­nen dituzte Umore Ona Abesbatzak, Dantza Taldeak eta txarangak.

Buelta guztiak bukatuta, bazkaritarako elkartuko dira denak 14:00ak aldean, Umore Ona elkartean. Bazkalondo­re­nean dantzaldia izanen da Ganddegiko Luixen esutik, eta hortik aurrera, norberak jarriko dio bukaera festari. 

Garagardo Festako afari txartelak 10 euro balio ditu, eta afariak, garagardo dastaketa barne, 18 euro.

Garagardo Festa, hilaren 26an

Festa gogoz geratzeko beldurrez, hurrengo ekitaldia ere antolatu dute, dagoeneko. Herritar talde baten ekimenez, eta Umore Ona Elkartearen babesarekin, Garagardo Festa  prestatzen ari dira herrian, urriaren 26rako.

Iluntzean izanen da, afariarekin. Gaueko 21:30etatik au­rrera, elkartean afaldu ahal izanen da, eta tartean, hainbat ga­ragardo dastatu. Afariko me­nua zehaztuta dago: entsalada, saltxitxak patata purearekin, txerri sahieskia labean erreta, eta postrea, kafea eta kopak. Menu honek 10 euro balio ditu, eta garagardoak ez diren edariak elkartean bertan erosi ahal izanen dira: ura, sagardoa, ardoa...

Bestalde, menuarekin goza­tzeaz gain, Garagardo Festare­kin bat egin eta aukeran izanen diren bost garagardoak dastatu nahi dituenak, 18 euroko txartela erosi beharko du. Honi esker, aukeran izanen diren bost garagardoak edan ahal izanen dira: Otsaihen, Franziskaner, Leffe Blonde, Ago eta Oharas.

Afarian zehar, musika ere izanen dela aurreratu dute. Unai eta Enekoren trikitixa doinu eta pandero hotsak en­tzunen dira.


Txartelak, hilaren 22ra arte

Dagoeneko erosi daitezke txartelak; bai afaritarako bakarrik direnak, eta baita afaria eta garagardo dastaketarako direnak ere. Biak Amaia kafetegian izanen dira salgai, eta hilaren 22a, asteartea izanen da hauek erosteko azken eguna.

Antolatzaileek adierazi dute afaria Umore Ona elkartean eginen dela, eta beraz, lekuaren aldetik muga izanen dela. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!