Maiatzean izango dira aurten, Urumea bailarako bi mendi lasterketak: Goizutrail hilaren 11n, eta Ereñotzuko Mendi Lasterketa 19an. Beraz, hilabete falta da bietarako; hilabete daukate, bailarako eta inguruko korrikalariek, etxeko bi zitak prestatzeko.
Izenematea zabalik dago, Goizuetako zein Ereñotzuko probetan. Goizutrailen kasuan, www.herrikrosa.eus web orrian egin behar da, eta hiru modalitate daude aukeran. 10 kilometroko proba, batetik (15 euro, goizuetarrek 10 euro); 25 kilometrokoa, bestetik (20 euro, goizuetarrek 15 euro); eta bikoteka egitekoa, azkenik. Aurtengo nobedadea da bikotekakoa, eta bien artean osatu beharko dute 25 kilometroko ibilbidea: aurrenekoak 10 kilometro egin, herrian bigarrenari erreleboa eman, eta berak osatuko ditu gainerako 15 kilometroak, Mandoegin barrena.
Goizutraileko antolatzaileek, hain justu, aste honetan argitaratu dute, beraien sare sozialetan, lasterketari buruzko informazio guztia biltzen duen dokumentua.
Ereñotzuko probarako, ?www.rockthesport.com? web orrian
Ereñotzuko Mendi Lasterketak, berriz, distantzia bakarra izango du, aurreko urteetako ibilbide berarekin: 12 kilometro inguru, Urdaburu tontorrera igota.
Izenemateak, www.rockthesport.com web orrian egin behar dira, eta 10 euro dira.
Batean zein bestean, ez dira faltako korrikalari guztientzako opariak, zozketak, aurrenekoentzako sariak, bukaerako hamaiketako ederra...