Egun seinalatua da martxoaren 8a; baina Emakumeen Eguna bakarrik ez, Suhiltzaileen Eguna ere bada, eta hala ospatu zuten, aurreko ostiralean.
Urtero bezala, ekitaldia egin zuten Iruñan, Cordovilla suhiltzaile parkean; eta errekonozimendua egin zieten Nafarroako Suhiltzaileek, boluntario aritzen diren 133 nafarrei. Horien artean, noski, Goizuetako taldeari ere eskertu zioten, suhiltzaile lanetan zein anbulantziekin, egiten duen lana eta daukan konpromisoa. Oroigarri bana eman zieten, taldeko kideei.
«Egun gogor hauetan ikusi da, parkeko taldeaz gain, herritar guztiek duten konpromisoa»
Goizuetako suhiltzaile parketik adierazi dute, hala ere, errekonozimendu hori ez dela «gure taldearentzako bakarrik. Beti gu lagundu nahian zabiltzaten herritar guztientzat ere bada», nabarmendu dute.
Eta diote, azkeneko asteotako bi suteetan ikusi dela, herritarren konpromisoa: «atzeko egun gogor horietan ikusi da, Goizuetako parkeko taldekideez aparte, herritar guztiek daukaten konpromisoa herriarekiko, modu desinteresatuan bere laguntza osoa eskainiz».
Suhiltzaile boluntarioetako birekin egon da Kronika egun hauetan, eta datorren larunbatean irakurri ahal izango duzue erreportaje osoa, Kronikan.