Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Osteguna2019ko maiatzak 23

Goizueta

2019/03/09, larunbata

?Jendeak bazuen aldaketa beharra, gizon zein emakume zahagi bezala ateratzekoa?

Duela 25 urte atera ziren mozorroetan aurreneko emakumeak; aurten, zahagi.

Garazi Loiarte Villar izan da aurten, astearteko mozorroen egunean, zahagietako bat. Le­hen­dabiziko emakumezko za­hagia izan da. Aurreneko ha­zia jarri zuten duela 25 urte mozorroetan lehendabizikoz atera ziren 10 emakumeek, eta ondo gogoan izan dute ho­ri herrian: lepotik oroigarria zintzilikatu eta ma­kilekin za­hagi dantzaren au­rreneko sa­io­aren hasiera ema­teko aukera izan zuten Marian Ansa, Amaia Uitz, Bidetxo Uitzi, Mai­xe Aizpuru, Mila Loiarte, Maite Zugarramudi, Igaratza Apeze­txea, Maite Ortigosa, Rosa Olai­zola eta Rakel Yarzak.


Azken momentuko erabakia

Beti ospatu izan ditu Inau­te­ri­ak, Garazi Loiartek. «Goi­zu­e­ta­ko karnabalak beti izandu di­ra be­reziak neretzat. Ba­se­rriz ba­serri ibili puska biltzen, eta as­te­artean, berriz, herrian barrena, goizean. Arra­tsal­dean, be­rriz, zahagi dantza. Be­deratzi urte daramazkit Inauterietan mo­zorro bezala; horietatik zor­tzi, trikitilari, eta aurten, zahagi».

Pauso hori emateak, noski are bereziagoak egin ditu aurtengo karnabalak. «Beti izandu dut buruan urteren batean zahagi bezala ateratzearen kontua, baina orain arte gizonezko bat atera izan da, eta ez da erraza pauso hori ematea. Ikusten nuen behar bat zela, gehiago luzatu ezin zena, eta egia esan, azken momentuko erabakia izandu zen».


Babes haundia

Pausoa emateak izu pixka bat sortu arren, babesa eskertu du. 

«Hainbat herritarrekin ha­rre­manetan jarri nintzen ha­ien babesa lortu ahal izateko, beldur pixka bat ematen baitu historiako lehendabiziko za­ha­gi emakumea izateak. Baz­ter guztietan bezala, Goizue­tan ere ba­da tradizioaren ize­ne­an hitz egi­ten duenik. Esan­­go nieke tradizioak horrela gal­tzen direla; pertsona guztiei parte har­tzen uzten ez zaienean. Baina ar­gi ikusi zen astearte arra­tsaldean jendeak bazuela aldaketa beharra, gizon zein emakume zahagi bezala ateratzekoa. Ez dut gezurrik esanen: igan­dean afarian zahagi bezala ateratzeko zozketa egin ze­nean eta nire izena atera zen mo­men­tutik oso urduri egondu naiz. Hala ere, oso ongi pasatu dut. Dantzan hasteko ordua iris­ten ari zen heinean indar­tsuago sentitzen hasi nintzen mo­zorro taldekoei esker, ez bainintzen bakarrik sentitu borroka horretan; urte askotan zahagi atera diren gizonezkoen eta herritar askoren babesa ere jaso nuen. tartean, duela 25 urte mozorro atera ziren lehendabiziko 10 emakumeena. Nere al­de­tik, omenaldi ttiki bat egin nahi izan diet, emakume bezala zahagi aterata. Hau lehendabiziko urtea izndu da, baina ez azkena!».