Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Osteguna2019ko iralak 19

Ereñotzu

2019/05/18, larunbata

Unai Erroitzenea (Ereñotzu Ekinez): «Az­ken finean, auzotarrentzako auzo bizi eta atsegin bat bilatzen dugu»

Unai Erroitzenea Gamio izango da Ereñotzuko auzo alkatea.
Unai Erroitzenea Gamio izango da Ereñotzuko auzo alkatea.

Unai Erroitzenea Gamio ereñotzuarra izango da Auzo Udaleko alkate datozen lau urtetan, ?Ereñotzu Ekinez? hautagaitza izan baita maiatzaren 26ko hauteskundeetara aurkeztu den bakarra. Harekin batera lanean arituko dira: Juntan, Eider Lasarte Santa Cruz, Ane Lizeaga Parrizas, Olatz Juantorena Aizpurua eta Jon Susperregi Altuna; eta taldekide izango dira, baita ere, Amaia Otxotorena Gamio, Alazne Arotzena Oruezabala, Aitzol Zerain Miner, Lurdes Oskoz Zugarramurdi, Arkaitz Santa Cruz Otxotorena eta Maitane Santa Cruz Otxotorena. «Ereñotzua­rron bizi kalitatea hobetzen jarraitzea» dute helburu.

Bideoa: Unai Erroitzenea Gamio, Ereñotzuko Ereñotzu Ekinez taldeko alkategaia.

Hautagai berria zara, zerk bultzatu zaitu aurkeztera?

Arrazoi nagusia auzotarren nahia izan da. Olak auzo elkarteak antolatuta, mar­­txoaren 10ean, hautagaiak propo­satzeko bozketa burutu genuen eta zerrenda horretan bozka gehien lortu genituen 15 lagun bildu ginen datozen lau urtee­tarako auzo udala kudeatzeko lan-taldea osatzeko asmoz. Lan-taldea osatzearekin batera, auzo alkate iza­teko hautagaia ere adostu behar ge­nuen eta, bozka gehien jaso nituenez, ni izatea adostu genuen.


Baduzu eskarmentua erakunde publikoetako kudeaketan: Hernanin zinegotzi izan zara eta Foru Aldundian, aldiz, zuzendari. Esperientzia horrek lagunduko dizula uste duzu?

Diozun bezala, lau urte egin nituen Hernaniko Udaleko zinegotzi bezala eta beste lau urte Gipuzkoako Foru Aldun­diko Mugikortasun eta Garraio Publiko zuzendari bezala. Azken lau urte haue­tan, berriz, auzo udaleko lan taldean ari­tu naiz. Azken urteetako ibilbide hau, zalantzarik gabe, lagungarri izango da auzo udaleko egunerokoa ahalik eta hobekien eramateko.

«Auzo Udala sortuagatik ere Ereñotzuk eta ereñotzuarrek beti izango dute lotura Hernanirekin, azken finean, Hernaniko herritarrak ere bagara»

Zortzi urte dira Auzo Udala sortu zenetik. Zein aldaketa ekarri ditu? Ze onura?

Aldaketa nabarmena izan da; auzo­tarrek beraien erreferentziazko udale­txea au­zoan bertan dute, udala auzo­tarren­gandik gertuago dago eta honek bertako beharrei erantzun egokiagoa ematea dakar.

Guzti horren onurak ere agerikoak dira. Zortzi urtetan auzoan eman diren aldaketak nabariak izan dira; azpie­gitura berriak nahiz lehengoen hobe­kuntzak, haur, gazte, nahiz helduen­tzako zerbitzu ezberdinak, taberna, lais­ter denda ere bai, ondare kultu­ralaren nahiz natur ondarean arloan ere gauza interesgarriak izan dira...


Nahiz eta onura horiek ekarri dituen, izango da hobetzekorik, ezta? Zein dira Ereñotzuk dituen erronkak?

Beti izaten da zer hobetua, gauza asko ho­betu da baina aurrerantzean ere izan­go da zer hobetua. Ez nituzke erronka kon­kretuak aipatuko baina ereñotzua­rron bizi kalitatea hobetzen jarraitzea, zerbitzu ezberdinak auzota­rrei gertu­ratzea, kultur ekintzak sus­tatzea... Az­ken finean, auzotarrentzako auzo bizi eta atsegin bat bilatzen dugu.

Auzo udala erakunde bezala egon­kortzeko ere oinarriak sendotzen ja­rrai­tu nahiko genuke, izan ere, hainbat arlotan bada zer hobetua bere so­rreratik 8 urte igaro diren arren; adi­bidez, diru-laguntza batzuetarako au­ke­ra mugatu izan zaigu edo Hernaniko udalarekin dau­kagun koordinazioa eta funtziona­men­dua hobetu beharra daukagu.

«Txirrita Eskola osasuntsu eta indartsu batek auzoaren etorkizuna bermatzen duela esan genezake»

Zein lotura ditu egun Ereñotzuk Hernanirekin?

Auzo udala sortuagatik ere Ereñotzuk eta ereñotzuarrek beti izango dute lotura Hernanirekin, azken finean, Hernaniko herritarrak ere bagara.

Zerbitzu ugari jasotzeko Hernanira joan behar dugu, Txirrita ikastetxeko ikasleek hainbat ekintza Hernanin burutzen dituzte, hemengo haurrak DBH ikastera Hernanira joaten dira, gaz­teak Hernanin ibiltzen dira, eros­ketak egitera Hernanira joaten gara... 

Auzo Udala eta Hernaniko udalaren arteko harremana ere etengabekoa da. Hernaniren beharra daukagula esan liteke.


Taldea ia erabat aldatu duzue. Nola osatu da? Zer da bakoitzak ordezkatzen duena? 

Talde hau auzotarrek emandako boz­karen ondorioa da, orain dela lau urtekoa bezala. Martxoaren 10ean, bozka eman zuen auzotar bakoitzak, bost hautagai proposatzeko aukera izan zuen. Bozketa hartan bozkarik gehien lortu zuten hamabostak bildu ginen eta, ondoren, zerrendako hurrengo hirurekin hitz egin zen. Bilera horien emaitza da auzo udalerako aurkezten den taldea. Hiru, aurreko lau urtetan auzo udaleko lan-taldean aritu gara eta beste zortziak berriak gara.

Orain dela lau urte zonalde bakoitza ordezkatua zegoela esaten zen eta, oraingoa ere, Ereñotzuko zonalde bakoitza ordezkatua dagoela esango nuke. Taldean, Ereñotzuko auzunean bertan bizi garenok gaude, baina baita Epelen, landa eremuan edo Ereñotzu eta Pagoaga artean bizi diren hainbat taldekide ere.

«Dendaren kasuan, 20 urte badira auzoko azkeneko denda itxi zela eta hau irekitzen denean aldaketa nabar­mena izango da»

Nola antolatuko zarete zuen artean? Nola funtzionatuko du zuen Auzo Udalak?

Printzioz, lau arlotan banatuta antola­tuko gara:

- Alkatetza, Ogasuna, Ondarea, Per­tsonala, Kontratazioak eta Aseguruak lantaldea Lurdes Oskoz eta nik osa­tuko dugu.

- Zerbitzuak, Azpiegiturak, Obrak, Hirigintza eta Ingurumena lantaldea Alaz­ne Arotzena, Arkaitz Santa Cruz eta Jon Susperregik.

- Zerbitzu sozialak, Osasuna, Hez­kuntza, Aisialdia, Turismoa eta Merka­taritza lantaldea Ane Lizeaga, Olatz Juantorena eta Maitane Santa Cruzek.

- Kultura, Kirola eta Euskera lantaldea Eider Lasarte, Amaia Otxo­torena eta Aitzol Zerainek.

- Arlokako bilerak eta talde osoa­renak egingo ditugu baina, momentuz, erabat zehaztekoa daukagu taldekako bileren eta talde osoaren bileren maiz­tasunak.


Eskola izaten da erdigune moduko bat. Zer ematen dio Txirrita Eskolak Ereñotzuri?

Txirrita eskolak bizitza ematen dio Ere­ñotzuri eta auzo udalak oso kontutan hartzen du hau, lehentasunezkoa da guretzat Txirrita Eskolaren jarduera ahalik eta baldintza onenetan  buru­tzea.

Txirrita Eskola osasuntsu eta indartsu batek auzoaren etorkizuna bermatzen duela esan genezake.

«[Ereñotzu] Arnasgune bat izanik ere, komunitate txikia izanik, euskeraren sendotasun hori hauskorra da»

Herri txikiak, orohar, biztanlerian beherakada jasaten ari dira. Zein da Ereñotzuren egoera demografikoa?

Azken urteetako Ereñotzuren egoera bes­telakoa da. 2000. urte amaieran 639 biz­tan­le ginen Ereñotzun, eta 2007 urte amai­eran 569ra jeitsi ginen, gazte asko joan zen urte horietan auzotik etxe­bizi­tza aukerarik ez zelako. Azken urteetan aldiz, gora egin du biztanle kopuruak; 2011 amaieran 604 biztanle ginen eta orduz gero 600 biztanleren bueltan ga­biltza. Zehazki, 2018. urte amaieran 598 biztanle geunden auzoan erroldatuak..


Taberna ireki da, eta denda berria ere, irekitzear da. Zein helbururekin bultzatzen ditu halako zerbitzuak Auzo Udalak?

Batetik, helburu sozial bat badute, auzotarrak biltzeko eta harremantzeko gune bihurtzen diren heinean eta, bestetik, auzotarren beharrak asetzeko helburua ere badute.

Dendaren kasuan, 20 urte badira auzoko azkeneko denda itxi zela eta hau irekitzen denean aldaketa nabar­mena izango da.

Oso zaila da denda bat, adibidez, partikular batek bere kabuz irekitzea eta auzo udalak esfortzu ekonomiko haundia egin du denda hau martxan jartzeko.

 

Auzotarrak kezkatuta azaldu dira behin eta berriz ibar-ertzeko zaborra dela-eta, eta gai horren bueltan, proiektua egin zuen Auzo Udalak Easo Politeknikako ikasleekin. 


Zertan da gai hau?

Paperean egin zen proiektua baina bertan jasotako hainbat neurri garatzeko garaian zenbait arazorekin aurkitu gara; gainera, hauteskunde urtea izaki, honek ere ez du lagundu.

Orain, talde berriaren zereginetako bat izango da gai honen gaineko neurriak aztertu eta martxan jartzea. Udara gainean daukagu eta zaila izango da udara hontarako neurriren bat martxan jartzea.


Goienerrek hartu du Fagollagako zentralaren gaineko ardura. Nola hartu du auzoak?

Era honetako azpiegitura batek ibaian eta bertako faunan eragiten dituen albo-kalteak ezkutatu ezin diren arren, zentralak martxan egon behar badu, begi onez ikusten dugu Goiener bezalako irabazi asmorik gabeko kooperatiba batek zentralaren gaineko ardura hartzea, bere xedea energia berriztagarria sortu eta merkaturatzea den heinean.

Gainera, Goiener bezalako egitasmo sendo batek Fagollagako zentralaren kudeaketa bere gain hartzeak, zentrala eta bere ingurua baldintza egokitan mentenduko dela bermatzen du.


2019ko asmoen artean plazaren birmoldaketa aurkeztu zuen Auzo Udalak Batzarrean. Zer egin nahi da bertan?

Ereñotzuko plazako birmoldaketarako proiektu bat lantzeko asmoa aipatu zen baina orain artean ez da ezertxo ere landu. Aparkaleku erabilera eta oinez­koen erabilera partekatzen direla kon­tutan izanik, oinezkoen eta autoen arteko elkarbizitza erregulatu eta hobetzea litzateke asmoa baina, orain, auzo udaleko lan talde berriak egin beharko du egitasmo honen gaineko hausnarketa.


Atsolorra mantenduko al da?

Gure aldetik behintzat, mantentzeko asmoa dago. Beste gauza askotan bezala, auzotarrek erakutsi beharko diote babesa, auzotarren babesik gabe alferrikakoa baita auzo udalak ezer bultzatzea.


Euskeraren erabilera kontuan hartuta, arnasgunetzat dute adituek Ereñotzu. Zein erronka ditu, zure ustez?

Hernaniko egoera orokorrarekin edo beste hainbat tokirekin alderatzen badugu arnasgunetzat hartuko dute adituek baina Ereñotzu, euskerari dagokionez, komunitate ahula da. Esplikatuko naiz.

Portzentai zehatzak ezagutu gabe, Ere­ñotzun, bizilagunen ehuneko haun­di batek euskera dugu ama hizkuntza, euskeraz ulertzeko gai gara %99a, bai­na gazteleraz hitz egiteko joera haun­ditzen ari da; umeak gazteleraz hitz egi­ten topatu ditzakezu, lagunarte jakin batzuetan gazteleraz hitz egiten da, guraso batzuen artean ere bai... Egia esan, kezakatzen nauen gai bat da. Arnasgune bat izanik ere, komunitate txikia izanik, euskeraren sendotasun hori hauskorra da.