Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Osteguna2019ko ekainak 27

Ereñotzu

2019/06/08, larunbata

Lau eguneko festa, Ozenkik suziria botatzearekin batera

San Antonio egunez hasiko dira Ereñotzuko jaiak, ostegunean, eta ohiko ekintzak eta nobedadeak izango dira, igandera bitarte.

Gertu daude, Ereñotzuko San Antonio jaiak. Datorren ostegunean hasiko dira, San Anto­nio egunez hain justu; eta lau eguneko festa izango da, igandera arte. Ozenki abesbatzak emango die hasiera jaiei, txupinazoa botata, bere 25garren urteurrenean.

Lau egun horietan, ez dira faltako ohiko ekintzak: Ttarla­ko eta Ereñotzuko dantzarien saioa, Txirrita Eskolako ikasleen kurtso bukaerako jaialdia, herri afaria, bertsolariak, he­rri kirolak, bola eta toka, Laio­tze­kin dantzaldia, pelota partidu­ak, sagardo dastaketa... Baina izango da nobedaderik ere, tar­tean: ostegunean, esaterako, frontoian elkarrekin afaldu on­doren, Txikiren umorezko ba­ka­rrizketaz gozatu ahal izango dute, 40 urte ta aldapan behera niek!; eta larunbatean, freestyle bizikleta erakustaldia izan­go da, futbol zelaian.

Osteguneko afari hori, norberak etxetik eramandakoarekin izango da, edariak eta aul­ki eta mahaiak Jai Batzor­deak jarrita. Baina ostiralean, herri afaria antolatu dute, eta txartelak, bihar arte erosi daitezke, Irrintzi tabernan.

Igandean, maila haundiko bertso jaialdia izango da, Ma­ialen Lujanbio, Sustrai Colina, Miren Amuriza, Beñat Gazte­lumendi eta Unai Agirrerekin.

 San Antonio jaien egitarau osoa, informazio zabalagoa eta Txiki umoristari elkarrizketa, datorren as­teartean argitaratuko ditu Kronikak.