Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Larunbata2019ko uztailak 20

Ereñotzu
Auzo Udala

2019/02/23, larunbata

2019rako ohikoak diren egitasmoek jarraituko dute Auzo Udalean 679.555 euroko aurrekontuarekin

Auzotar ugari bildu ziren Auzo Etxean egitasmoak eta aurrekontua jakiteko.
Auzotar ugari bildu ziren Auzo Etxean egitasmoak eta aurrekontua jakiteko.

Ohikoak diren egitasmoek jarraituko dute eta aurrekontutik gehiena azpiegituren hobekuntza eta inbertsioetara bideratuko da. Ibai ertzeko egoera hobetzeko asmoa dago sentsibilizazioa eta garbiketarekin.

Auzo Batzarra egin zuten pasa den astean Ereñotzun, urte hasiera honetan egindakoak azaldu, eta 2019rako dauzkaten pro­iektu eta asmoen berri emanez. Auzo Etxeko kultur are­toan azaldu zituzten 2019­rako egitasmoak. Denerako aurrekontua 679.555 eurokoa da, eta gehiena azpiegituren hobekuntzan eta inbertsioetan erabiliko da.

Zerbitzuak, ia berdin
Ohikoak diren egitasmoak mar­­­txan mantenduko dira. Zer­­bitzuei dagokienez, den­da mar­txan jarriko da, lo­kala egokitu eta tresneria, hozkailuak eta abar instalatzean; Aste Santu in­gu­rurako prest egotea au­rrei­kusten da. Bestalde, ga­rraio publikoaren gabeziak es­taltzen ari da Auzo Udala, batik bat eskolako umeek Hernanin egiten dituzten jardueretako joan-etorriak. Erai­kun­tza, kale garbiketa eta lorezaintzari da­go­kionez, orain arteko zerbi­tzuekin jarraituko da, eta baita interneten hobekuntzekin ere. Bestalde, eskola garbiketako kontratua, abuztura artekoa dena, beste urte betez luzatu ahal izango da, eta kale garbiketarako kontratua egingo da Garbitaniarekin. 

Gizarte zerbitzuak, mantendu 
Aldaketa gutxi egingo da, baita ere, gizarte zerbitzuetan: gizarte laguntzailea asteartetan egongo da Auzo Etxean; me­dikuntza zerbitzua ematen jarraituko da gripearen aurkako txer­toarekin eta odol emateekin; desfibrigailuak mantenduko dira Epe­len, Ereñotzun eta Ugaldetxon; ‘Be­rriketan’ proiektuarekin se­giko da asteazkenetan; eta Gaz­te Txokoarekin, ostiraletan. 

Hezkuntza eta aisialdian, bultzada 
Beste atal batzuetan bezala, hezkuntza eta aisialdiari dagokionez orain artekoa mantentzeari bultzada eman nahi dio Auzo Udalak. Haurzaintza zerbitzuari dagokienez, ikasturte amaieran baloratuko da nola segi gero. Artetik, eskolako umeentzat ikastaro eta tailerrekin ere berdin egingo da.  Uda­lekuak, berriz, berriro egingo dira uztaileko astearte, ostegun eta ostiraletan. Era berean, Auzo Udala, Herna­niko Udala eta Txirrita es­kola­ren arteko lankidetzak jarraitu egingo du. 

Festen alorrean, San An­to­nio jaiak eta Udazken Kul­tu­rala an­tolatuko dira berriz, eta baita uz­taileko kontzertuak ere, Irrin­tzin. 

Ibai ertzarekin, arduratuta 
Ondarea, turismoa ­eta ingu­runearen alorrean, zehazki ibai ertzetako egoera hobetzeko asmoa agertu da, sentsibilizazioa eta garbiketaren bidez. Ho­rretarako, Her­na­niko Udalak za­bor on­tziak jarriko ditu iaz bezala; Easo Po­li­tekniko Ingurumen Hez­kuntza eta Kontrola Goi Mai­lako zikloko 2garren mailako ikasleen proposamenak au­rrera eramango dira; eta Bur­bunak eta Etsayak liburua argitarauko da. 

Azpiegiturak hobetzeko asmoa, lan eta inbertsioetan 
Azkenik, lan eta inbertsioetan azpiegiturak hobetuko dira: batetik, argiteria, Epele Torreko bidean eta beste hainbat tokitan; bestetik, herri bideak; eta era berean, Ereño­tzuko zentrala. Gainera, Ereñotzuko plazako birmoldaketarako proiektua landuko da, eta futbol zelai inguruko erabileren eta egoki­tzapenen proiektua lantzea ere aurreikusi da. yy